Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan. Hemendik aitzina, Santiago Capendeguyk ordezkatuko du 2.200 biztanleko herria Euskal Elkargoan.
Labat-Aramendik azaldu duenez, kontziente dira herritar ororen babesa ez dutela eta denak kontuan hartu beharko dituztela. Hezkuntzaren eta komunikazio instituzionalaren arloan, euskararen alde lan egiteko asmoa adierazi du eta ikastolaren geroa segurtatzeko lan eginen dute.
Erronka handienen artean ere etxebizitzaren problematikari aterabideak eskaintzea izanen da. Jakinez herriko etxetik "mirakuilurik ezin dela egin", Hirigune Elkargoan eragiten saiatuko dira.