Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.
Izan ere martxoaren 26an hasi eta apirilaren 14ra arte Dugunaren ibilbidea berrikusiko duen erakusketa zabalduko dugu Iruñeko Kondestablearen jauregian. Erakusketa aitzaki, hainbat jarduera ere antolatu ditugu hiru aste horietan zehar, gehientsuenak, Kondestableko jauregia bera izanen dute kokaleku.
Erakusketa
Lau ataletan antolatutako erakusketa atondu dugu. Lehenengo atala Kondestable jauregiko ezkaratzean kokatuko da eta dantza taldearen egungo jarduera izanen du hizpide. Toki horretan berean, taldeko belaunaldi ezberdinetako dantzari eta musikariak elkarrizketatuz apailatu dugun ikus-entzunezkoa egonen da ikusgai. Jauregiko patioan kokatuko dira gainontzeko hiru atalak. Lehenengoa, taldearen sorrerari buruzkoa. Bigarrena taldearen bilakaerari buruzkoa, ikuspegi ezberdinetatik begiratuta. Azkena, taldearen lana sozializatzeko manera eta lokalizazio ezberdinak izanen ditu hizpide. Informazio panel ilustratuek osatuko dute erakusketa, batez ere, baina taldearen ibilbidea azaltzen lagundu dezaketen bestelako material fisikoak ere erakutsiko dira. Hiru argazki proiekzioek eta jantzien erakusketa txiki batek borobilduko dute esposizioa. Aste tartez 9:00etatik 21:00etara egonen da ikusgai. Asteburuetan 9:00-14:00 eta 17:00-21:00ko ordutegietan. Festa egunetan itxita egonen da.
Soka-dantza eta Argia dantzari taldeari aitortza
Erakusketaren inaugurazioa martxoaren 26an izanen da, arratsaldeko 18:00etan. Soka-dantza xume baten bitartez gogoratuko dugu gure dantza taldearen 75 urteko soka-dantza luzea. Bertan, hainbat gonbidatuk hartuko dute parte, Iruñeko alkatea eta Argia dantzari taldeko dantza-maisuek besteak beste. Izan ere, ekitaldi hori bera probestu nahi izan dugu Argia dantzari taldeari gure esker ona adierazteko. Aurten beteko dira 20 urte talde bien arteko elkarlan zuzena abiatu zenetik. Baina Argiaren itzala hori baino dexente luzeagoa izan da gurean, eta azken 60 urteotan egin izan duten lanak eragin ezinbestekoa izan du Dugunan, baita lehenagotik ere. Horregatik, aitortza berezia egin nahi diogu Argiari, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi, gainontzeko partaide guztien izenean, Dugunako ohorezko bazkide izendatuz.
Egitarau oparoa erakusketa aitzaki
Erakusketa laguntzeko jarduera ezberdinak antolatu ditugu. Dantza tailer, dantza emanaldi, hitzaldi eta kontzertuak izanen dira.
Apirilak 6, larunbata, 11:00. Dantza tailerra Patxi Labordarekin: Amatxiren dantzak
Duela mende bat Iruñean zer dantza molde egiten ziren azalduko digu Patxi Labordak eta azaltzeaz gain, dantzan jarriko gaitu noski. Tailerra Kondestable jauregiko sala gotikoan izanen da eta edukiera mugatua izanen du. Izen-emate ordena errespetatuko dugu. Telefono zenbaki honetara deituz edo idatziz ematen ahalko duzue izena: 604123785
Apirilak 8, astelehena, 11:00. Koloreaga 0.2 margotzeko libruaren aurkezpena, Asisko Urmenetarekin
2010 urtean Nafarroako festagileak protagonista zituen Koloreaga, haurrek margotzeko liburua argitaratu genuen. Ordutik itzuli asko eman ditu fandangoak eta hartara, liburua eguneratzeko beharra sentitu dugu. Alde batetik, Euskal Herri osoko dantza ohiturak hartu ditugu aintzat, honako honetan. Bestetik, herri askotan egin dute genero bereizketarik egiten ez duen dantza ereduen alde, eta garapen horren lekukotza egin nahi izan dugu Asisko Urmenetak ilustratutako liburuxka berri honetan. Aurkezpena Kondestablearen jauregiko hitzaldi gelan izanen da.
Apirilak 12, ostirala, 18:00. Dantza-solas. Mintzaldiak
Izenburu orokor horren baitan hiru lagun ekarriko ditugu dantzaz solastera, hain zuzen.
Batetik, Jesus Ramos dantzari-ikertzaile iruindarra ariko zaigu 500 años de danza en Iruña. Los maestros de danza de Pamplona, función institucional y social izeneko mintzaldiarekin. Bigarrenik, Becky Siegel dantzari eta koreografo estatubatuarrak La danza, el folclore, lo sagrado y lo profano solasaldia eskainiko digu. Azkenik, Oier Araolaza dantzari eta antropologo eibartarrak entzuten baina dantzan jarriko gaitu Euskal dantza, euskaldunon gorputz hizkuntza hitzaldi praktikoarekin.
Mintzaldiak Kondestablearen jauregiko hitzaldi gelan izanen dira.
Apirilak 13, larunbata, 10:00. Dantza tailerra. Xristos Sidiropoulos dantza-maisu greziarrarekin: Taller de danzas tradicionales de Grecia I
Xristos Sidiripoulosek Greziako dantza moldeetarako hurbilpena eginen digu. Tailer honek bi parte izanen ditu, larunbat eta igandean, eta lau bat orduko iraupena egun bakoitzean. Telefono zenbaki honetara deituz edo idatziz ematen ahalko duzue izena: 604123785
Apirilak 13, larunbata, 18:00. Dantza eta bertso emanaldia. Mingain-dantzari
Zer zen lehenago bertso-doinua ala dantza-doinua? Dantza-doinua ala bertso-doinua? Gauza jakina da bertsolari eta dantzariok gure jardunerako baliatzen ditugun doinuetatik asko partekatzen ditugula. Berdin egiten ahal dela zortzikoa dantzatu ala kantatu. Eta hori horrela izanik, jolasean ez bada, elkarren ondoan jarri nahi izan ditugu bertsolari eta dantzariak, batzuk mingainez komunikatzen, besteak gorputzez. Eta ohiko doinuen osagarri, kobre banda berezi bat. Iurretako, Eibarko Kezkako eta Iruñeko Dugunako dantzariak ariko dira dantzan, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina bertsotan eta Zazpiko Handia Brass Band musikan bateko eta besteko txistulari eta gaiteroekin batera. Emanaldia Burguen plazan izanen da.
Apirilak 14, igandea, 10:00. Dantza tailerra. Xristos Sidiropoulos dantza-maisu greziarrarekin: Taller de danzas tradicionales de Grecia II
Apirilak 14, igandea, 19:00. Musika kontzertua. Euskal Barrokensemblerekin. Euskel Antiqva
Antzinako musika gaurkotu eta kalitate maila paregabez jotzen duen taldea da Euskal Barrokensemble. Euskel Antiqva bere lanean, aitzinako musika eta herri musikaren arteko hariak korapilatzen dituzte eta euskal musikaren oihartzunak, gurean haien aztarna utzi duen kultura arabiar, judu eta kristauen eraginez zipriztintzen dituzte. Iruñean joko duten lehen aldia izanen da gainera! Emanaldia Kondestablearen jauregiko patioan izanen da.
Eskerrak eman nahi dizkiegu erakusketa eta hari lotutako ekitaldi programa aurrera atera ahal izateko aletxoa jarri duten pertsona guztiei.
Erakusketako testuak: Sustrai Colina eta Aritz Ibañez
Panelen diseinua: Iñaki Tristan
Dokumentaltxoa: Elkarrizketak: Oier Santamaria eta Aritz Ibañez. Grabazioa: Jon Benito eta Iñaki Tristan. Gidoia: Aritz Ibañez. Muntaia: Jon Benito eta Iñaki Tristan, Soinua: Julen Leuza eta Ibai Indart.
Argazki proiekzioak: Luis Ardanaz
Intro enpresako Arrate Dominguez, Dokuzain enpresako Susana Leone eta Asier Catalan. Leticia Esain zaharberritzailea. Iruñeko Udal Artxibategiko zuzendari Beatriz Markotegi eta Kondestablearen jauregiko kudeaketa arduradun Angel Macías.
Urteurreneko lantaldeko kide, Angel Arana, Mikel Irazoz, Ainara Ibañez, Xabier Garin, Mikel Irure, Iñaki Dominguez eta Unai Martiartu.
Eta noski, atelier, hitzaldi, emanaldi eta kontzertu guztietan parte hartuko duten lagun guztiei!
Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]
Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]
Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.
Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]
Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]
Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]
Baztango herrietako festetan Mutil-dantza parekideak egitea “mugarri garrantzitsu bat gainditzea” dela adierazi du Plazara Dantzara taldeak. Hala ere, azpimarratu du dena ez dagoela “irabazita” eta oraindik “bide luzea” dutela egiteko.