Dueluak fartsa bat dira

  • Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei merezi duten tokia emango diete? Joxe Mendizabalek eta Paula Bujandak hartuko ote dute aideplanoaren kontrola, coach-ak ga(g)norarik ga(g)be dabiltzan honetan? Sikiera, Goienerreko bazkide bilkuran baleude bezala, energia aipatzeari utziko al diote?


2019ko apirilaren 27an - 16:25
Aitzane Arzamendi duelukidea, berriz nominatu dutela jakitean.

Ez halakorik, nonbait. Programazio aldaketez ari zitzaidan abisu emailea. Asteazken iluntzeak gutxitxo izan BaGo!az-eko apar guztia kabitzeko, eta euskal telebistako zuzendaritzak, ohi duen zolitasunez, erabaki du txiklea aste osora luzatzea: astelehenetik ostegunera lehiakideen entrenamendu saioak, eta ostiral iluntzean –Eguraldiaren ondoren eta ETB Kantxaren aurretik– gala handia, ordu betera murriztua. Keinu estimagarria, inondik ere, asteazkenero goizeko hiruretan oheratzera ohitutako kronikalarion partetik –jakinik kronikak ostegunean lehen ordurako argitaratu ezean, purrustan hasi ohi direla ARGIAko irakurle zazpikiak–. Orain, gure programa gustukoena ikusiz ospatuko dugu asteburuaren ailegaera, ostiral gaua kronikagintzan igaroaz. Ba ote da plan hoberik Kantauri Isurialdean?

Astebeteko atsedenaldiaren ondoren –orain arteko unerik onenekin osatu zuten azken emanaldia–, diziplinarteko saioa egin dute oraingoan. Zazpigarren arteari keinu eginez, pelikuletako abestiak berrinterpretatu dituzte, BaGo!az-en galbahe bereizgarritik igarota, noski: ingeles maila gorabeheratsua –Saldiasen kasuan, ezta hori ere– eta punta-puntako mozorroak. Baina jokoa hasi aurretik, duelua ikusi dugu: aurreko saioan nominatutako Aitzane Arzamendi batetik, eta Olatz San Buenaventura ollokia bestetik. Eta, zinez, merezi du pixka batean dueluan zer gertatu den aztertzea.

Ze, tentuz erreparatzen duenari dueluan agertuko zaio BaGo!az bere gordinean. Andoni Ollokiegik, tranpaldora atera eta, gitarra eskuan, eztarria bihurrituz, bi lehiakideak aurkezten ditu mikrotik, Tyson eta Holyfield bailiran. Horraino, dena ondo. Ikuslea preparatzen da Ollo-borroka baterako, ulertzen du hil ala biziko dema baten aurrean dagoela, bietako batek bizirik jarraituko duela eta bestea etxera doala zuzenean. Klaro, panorama horretan, joko zuzena espero du batek ring-ean, uppercut gaizto bat orain, ezusteko crochet bat gero, disimuluzko ostiko bat azkenik. Gogorrenerako prestatzen da ikuslea. Eta, orduan, han non jartzen duten Izaroren Koilarak abestia, eta bi demalariak, elkarren begiak bilatuz, hasten diren gozo-gozo kantuan. Arzamendik abesten du estrofa bat, San Buenaventurak hurrengoa, Ollokiegi bera batzen zaie hirugarrenean, eta amaitzen dute denek batera abesten, hiru ahotsetara, “etxe bat bezala balitz nire bizitzaren armairua”, bare, leun, hunkigarri, lehiaren antitesia oholtzaratuz. Hori gutxi ez eta, duelua amaitu bezain pronto, mikroa bi lehiakideei luzatuta, galdetzen diete Ur Handitan estiloan: nola sentitu zarete? Haiek, gajoak, gainera datorkien harriari ahal bezala iskin eginez, BECeko finalisten erantzunak ematen dituzte: tira, ni ondo pasatzera etorri naiz, sekulako gozatua da halako kideekin oholtza partekatzea, eta abar. Edonork esango luke bale edo kaleko duelu baten erdian daudenik. Baina esnatzean, Sarduik eta beste dinosauroek han jarraitzen dute, suspentsezko musika entzuten da sakonetik, eta, biokprimeraneginduzue, osozailaizandaerabakiahartzea, jobarkatubenetanbainabataukeratubeharradago, eta Olatz, kalera zoaz.

Amigo. Zer uste zenuten ba. Hara hor BaGo!azen alderik makabroena: odola ikusteko prest zen ikusleari eztia eskaini, eta behin eztira ohitutakoan, raka, labankada irribarre batekin, Bereziartuak aurrekoan esan bezala. Zerriari, lepoan gakoa sartu aurretik, ukuiluan Beethovenen sinfonia jartzea. Eta batek galdetzen du: nola arrano erabakitzen dute nor kanporatu, abestiaren hiru laurdenak batera kantatzen igaro badituzte, hiru ahotsak ia bereizezin direla?

Dena amainatuta dagoelako. Baina utz dezagun puntu hau amaierarako, eta azpimarra ditzagun azken saioak emandako hiruzpalau une:

- Maria Amolategiren eta Iker Gutierrezen arteko kimika gero eta nabarmenagoa da. Lehendik susmoa bazebilen, zer esan orain: “Ni ez naiz Richard Gere, baina nork nahi du Julia Roberts ondoan, Amolategi edukita?” bota du lehiakideak. Amolategiren neutraltasuna zalantzan da, eta gertutik segiko dugu.

- Coach batzuen argumentazio mailak zalantzak eragin ditu. Andrea Garciaren eta Ylenia Bagliettoren Cabareta iruzkintzean, Iholdi Beristain mugatu da esatera “super ondo, ez nuen espero gutxiago, oso guay”. Iker Villak gehixeago luzatu du iritzia, aliterazioa maisuki menperatzen duela erakutsiz: “Zorionak, zorionak, zorionak, eta zorionak eta zorionak, benetan”.

- Xabier Saldias defendatu dugu orain artean, baina hari ere antzeman diogu ahultasuna: Eider Etxeandiarentzat hitz onak besterik ez ditu, tarteka susmagarri izateraino. Goiko erregistroan ikarati ibili denean ere, haren defentsan atera da azpeitiarra. Gertutik jarraituko dugu afera hau ere.

Eta zer gertatu den saioaren amaieran? Gauza harrigarri bat. Aurrena Ollokiegik eta bere olloki bakarrak, Kimetz Renteriak, Quasimodoren abestia kantatu dute –“Amestu posible dela lortzea dena saiatuta”–. Eta horren segidan, inork gutxik espero zuen bat-bateko biraketa. Puntu gutxien Sandra Vargasek lortu du, baina aurreko saioa irabazita inmunitatea lortu zuenez, azken aurreko sailkatua joango da hurrengo duelura. Nor den hori? Aintzane Arzamendi, saio hasierako duelua irabazi duen berbera. Berriro ere zulora. To eta no. Une horretan, Arzamendiren malkoetan agertu da, inoiz baino gardenago, BaGo!az-en izate makurra. Dena amainatuta dago. Itxura batean, saio guztiak dirudi esfortzuaren kulturaren apologia bat, coaching motibazionala, saiatuz gero lortuko duzu, edozer izan zaitezke benetan nahi baduzu, eta abar. Baina hori azala besterik ez da. Sakonean, horren antipodetan dago, kontrako lezioa ematen die lehiakideei: “Posible da saiatuta ere garaipenik ez lortzea. Porrota aukera bat da. Gehiengoaren aukera”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]


Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


Nola sartu labankadak irribarre batekin

Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]


2019-04-04 | Kepa Matxain
Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]


Bago!az soka gehiegi tenkatzen ari da eta hau edozein unetan leher daiteke

Bosgarren Bago!az. Jägermeister botila eta txupito baso batekin jarri naiz programa ikusten: gaur ez nau Bagliettok renuntzioan harrapatuko “energia” aipatzen duen aldiro zintzurrera botatzeko ezer gabe. Arratsaldean feriatu dut auzoko likorerian eta, nire... [+]


2019-03-21 | Kepa Matxain
Saldiasek bakarrik ez, guztiek egiten dute tranpa hemen

Leporatuko didazue kukuak nondik jotzen didan antzematen zaidala, disimulurik gabeko kutunkerian nabilela, baina ez daukat isilik geratzeko asmorik. Bai, nik ere entzun dut zer dabilen kalean ahoz aho –larunbat gauean Hernanin zimaur eginda zegoen batek bota zidan azken... [+]


Madonna ulertuko duen coach baten bila

Arazoren bat dagoela susmatzeko motiboak eman dizkidate sofan eseri eta ETB1 jarri dudanean: “Aste honetan ere Bago!az? Joder, zoaz pikutara behingoz”. Gogorra da talent show honen jarraitzaileon bizitza, kasik beganoek baino jazarpen handiagoa pairatzen dugu; kasik... [+]


2019-03-07 | Kepa Matxain
Saldiasen faltan, coach-ak hankamotz

Azken mudantzan telebista bidean gelditu zitzaigunez, Bar Jose Miguelera jaitsi behar izan dut Bago!azen bigarren atala ikustera, hortzak izerditan, lehengo astean Gorka Bereziartuak idatzitako kronika leitu ondotik. Bazen garaia norbaitek kontuari bete-betean heltzeko, ze,... [+]


Injustizia nabarmen bat, Bago!az lehiaketaren estreinaldian

Egunak neramatzan Bago!az talent showaren denboraldi berriaren iragarkiak ikusten ETB1en eta pentsatu nuen: “Hainbesteko txaranga ematen badiote, zerbait izango du ba programa horrek”. Asteazken gaueko konpetentzia ez zen beste mundukoa –bateko Conquis eta... [+]


Eguneraketa berriak daude