Duela 130 urteko Gamazadako biktimak oroitu dituzte Donostian

  • Gutxienez sei pertsona hil zituen Guardia Zibilak, Gamazada erreboltaren baitan duela 130 urte izandako istiluetan. Kantu bat askatasunari izeneko omenaldia izan da.

Martin Anso / Donostitik

2023ko abuztuaren 28an - 12:00
Azken eguneraketa: 13:02

Nafarroan zabaldu zen Gamazadaren herri errebolta 1893ko maiatzean, eta 1894ko maiatzera arte iraun zuen. Espainian krisi garai gogorrak ziren, eta Germán Gamazo Ogasun ministroak hainbat neurri murriztaile ezarri zituen, besteren artean Nafarroako foru-erregimena erabat deuseztatzea, azken ukituekin. Hargatik, foruak galdu ostean, atzera ere foruen balioa publikoki eta indartsuki aldarrikatu ziren lehenbizikoetako situazioetako bat izan zen herri-errebolta hura Euskal Herrian, Xabier Irujo historialariak Gamazada. Batasunaren indarra (Txalaparta, 2023) liburuan azaltzen duenez. Honela kontatzen du Iñaki López Luzuriagak hitzaurrean: "Gamazadaren epelean ernaldu, umotu edo zabaldu ziren gaur egun hain ezagun zaizkigun euskal pizkundeko hainbat sinbolo eta oroitarri: Ikurriña, Gernikako Arbola ereserkia, Iruñeko Foruen monumentua, Zazpiak Bat armarria eta, geroxeago, Nafarroako armarri ofizial modernoa".

Iruñean, ekainean 15.000 lagun inguruk manifestazioa egin zuten, eta lehen istilu larriak Gasteizen izan ziren, abuztuaren hasieran; egun batzuetara, Gernikan, Sanrokada ekintza entzutetsua egin zen, zeinean Espainiako banderak erre zituzten agintari espainiarren aurrean; eta ondoren heldu zen Donostiakoa, abuztuaren 27an.

Práxedes Mateo Sagasta ministroa Donostian zegoen oporretan. Udako giroa zegoen egun hartan, zezenketak, Kasinoa jendez lepo eta Bulebarreko kioskoan udal banda ari zen jotzen. Kontzertua bukatu zenean, herritar batek Gernikako Arbola jotzeko eskatu zion bandako zuzendariari, hori zelako Gamazadaren soinu banda, baina zuzendariak ezetz esan zion, alkateak espresuki agindu ziolako. Baina herritarrak ez ziren isilik geratu: a capella kantatu zuten kantua, eta "Gora Foruak!" esanda, "Goazen Sagastaren etxera" egin zuten oihu. Londres Hotelera abiatu ziren matxinadan, bertan zegoelako ministroa. Guardia Zibilak tiroka uxatu zuen jendea, historialarien arabera gutxienez 30 tiro egin zituen, eta zauritu anitz gertatu ziren istiluetan. Hasiera batean hiru pertsona hil zirela uste bazen ere, gutxienez sei izan zirela argitu du Iñaki Egaña historialariak. Horrez gain, 60 pertsona baino gehiago hartu zituen atxilo.

Istiluak jazo eta hurrengo urteko otsailean Gamazo ministroak atzera bota zuen Nafarroako foru-erregimena deuseztatzeko neurria.

Udalari eskaera, biktimak aitortzeko

Gamazada Donostian herri ekimenak plaka bat jarri du Donostiako Boulevardeko kioskoan, biktimei omenaldi gisa. Udalari eskatu diote omenaldia "beregain hartu eta ofizial egiteko".

Kantuan egin dute omenaldia, honela baitzuen izenburua ekitaldiak: "Kantu bat askatasunari". Besteren artean, Gernikako Arbola abestu dute, eta Beñat Gaztelumendik doinu horretan abestu du bertsoa. Honela eman dio amaiera, Naizek jaso duenez: " Gaur 130/ urtetara batuz/ omendu nahi ditugu/ ahotsak goratuz/ matxinatu zirenak/ harriz eta kantuz".

Plaka jarri dute kioskoan. Argazkia: Lander Arbelaitz / ARGIA CC BY SA

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gamazada
2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Gamazadako sei biktimei omenaldia egingo diete igandean Donostian

Abuztuaren 27an Gernikako Arbola kantatuko dute Donostiako Boulebarrean Gamazada Donostian Herri Ekimenak aurkeztutako omenaldian, “Kantu bat askatasunari” lelopean.


Eguneraketa berriak daude