Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Udalak donostiarrei ematen zizkien ondorengo zerbitzuak udaletxearen eraikinetik atera dituzte: programazio, azterlan eta aurrekontuen saila; ondare zerbitzua; kontratazio zerbitzua; ogasun zerbitzua eta diruzaintza atala. Gaur egun, horiek udaletxe ondoan dagoen Goikoa eraikinean daude. Sail horiek utzitako lekuan, Boulevardetik zuzeneko sarbidea izango duen turismo bulegoa egiten ari da Goia buru duen udala.
"Udaletxean turismo ofizina berria irekitzeko lanak egiten ari dira. Donostiarrak udaletxetik geroz eta kanpoago sentitzen diren honetan, turismo bulegoa jarriko dute bisitariak bertara sar daitezen", adierazi du EH Bilduko Markel Ormazabalek bideo batean. "Ez dago indarrean dagoen hiri ereduaz eta gobernantzaz metafora hoberik".
Turismoak eta etxebizitzarako sarbide faltak hiriko hauteskunde giroa markatu dute. Orain gutxi Donostiako Udalak eginiko inkesta baten arabera, herritarren %65ak uste du ez dela turista gehiago erakarri behar hirira.
Lanak atzeratuta, gainkostuak bidean?
2022ko azaroaren 8an onartu zuen Udal Gobernuak udaletxe barruraino sartzea turismo bulegoa. 1,88 milioi euroko aurrekontua izango zuen eta Altuna y Uria enpresari esleitu zizkioten lanak. 2023ko urtarrilaren 23an onartu ziren zuinketaren frogatze aktak, eta beraz, obrak egiteko gehienez zortzi hilabeteko epea ireki zen. Hainbat hedabidek eman zuten horren berri, baita fotomuntaiak zabaldu ere.
Ez da publikoki jakinarazi, ordea, irailaren 23rako amaituta egon behar luketen lanak, itxura guztien arabera, ez direla hala izango. Izan ere, apirilaren 13an, kontratua eteteko eskatu zuten proiektu eta obretako idazkari tekniko Monika Barok, proiektu eta obretako zuzendari Alfonso Vázquezek eta obrak eta hiri proiektuetako zinegotzi ordezkari Duñike Agirrezabalagak, etendako eraztun perimetrala gauzatzeko lanetan izan duten arazo baten harira. Atzerapenaz gain, gainkostuak ere egon daitezke, beraz.