Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren zenbait datu ekarri dituzte hizpidera, Donostiako Udaleko, Eusko Jaurlaritzako, Eustateko eta INEko datuak aintzat hartuta. Egunotan, halako argitalpenak egiten jarraituko du Bizilagunekinek, askotariko datuekin, turistifikazioaren inguruko eztabaida piztuta mantentzeko.
Alde batetik, bisitarien datu orokorra: 2023ko irailetik 2024ko abuztura, 1.279.000 bisitari izan ditu Donostiak, ohiko bizitokia Gipuzkoako beste udalerriren batean duten bisitariak kontuan hartu gabe. Datu adierazgarria da, izan ere, gogoratu behar da Donostiak 190.000 biztanle baino gutxiago dituela.
Ostatu turistikoei dagokienez, hauek dira datuak: 1.381 etxebizitza turistiko daude Donostian, 144 logela turistiko, 167 hotel —126 izar batekoak edo bikoak eta 41 hiru izarretik gorakoak— eta 27 aterpetxe eta bestelako ostatu turistiko.
Hotelen eta aterpetxeen kasuan, alderaketa adierazgarriak egin ditu plataformak. Alde batetik, 2014tik 2024ra, %56 igo da hotelen kopurua hirian: %42 izar bat eta bi artean dituztenen kasuan eta %128 hiru izarretik gora dituztenen kasuan. Bestetik %69 igo da aterpetxeen kopurua, denbora tarte berean.