BiziLagunEkin elkarteak eman du gutunaren berri, bera ere sinatzaileen artean baita. Hauek dira beste bostak: Parte Zaharrean Bizi, Intxaurrondo Zaharreko Auzo Elkartea (IZBE), Heriz plataforma (Antigua), Egia Bizirik, Herripe Auzo Elkartea (Herrera) eta Uliako Auzo Elkartea.
Donostia "turistifikazio prozesu basati bat" bizitzen ari dela salatu dute elkarteek, "azken hamarkadan nabarmen azeleratu dena eta bertako bizilagunei kalte larriak eragiten ari dena". Argumentua datuetan oinarritu dute: "2015 eta 2024 urteen artean, hiriko hotel kopurua %40,3 hazi da, eskaintzen diren ostatu plazen kopurua %69,2 eta hirira iritsi diren turisten sarrerak %77,8 handitu dira". Halaber, urte horietan etxebizitzaren erosketa prezioa %47,36 hazi dela eta alokairuaren prezioa %44,54 igo dela adierazi dute.
Horren guztiaren ondorioz, salatu dute elkarteek "bertako" herritarrak hiritik "kanporatuak" izaten ari direla, "espazio publikoa interes komertzialen arabera eraldatua" izaten ari dela, "azpiegiturak turismo-industriaren beharren arabera" diseinatzen direla eta "bertako hizkuntza eta kultura marketing helburuetarako fetitxizatzen" direla.
FIFA ere "kolapsoaz" mintzo
"Kolapsoa" aurreikusita dagoela ere salatu dute. FIFAk berak Maroko, Portugal eta Espainiaren hautagaitza aztertu zituen txostenean zera zehazten zuen: "Donostian dagoen ostatu-plaza kopurua ez da nahikoa izango Munduko Futbol Txapelketak erakartzea aurreikusten den bisitari kopuruari ostatu emateko". Alegia, bestela ere, opor sasoian, Donostiaren alojamendu gaitasuna muturreraino eramaten dela, eta zer esanik ez mundu mailako futbol txapelketa bat antolatuta. Dena dela, FIFAk hori aitortzen badu ere, iradokitzen du "arrisku arina" dela. Izan ere, "Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko" Biarritz edo Baiona gertu daudela adierazten du txostenak.
Elkarteek salatu dute "mundiala Donostian jokatuz gero ekitaldiak hiriaren turistifikazioa areagotuko" duela eta "erakunde publikoek turismo industriaren mesedetan jokatzen jarraituko" dutela. Ondorioz, hartutako erabakia atzera botatzeko eskatu diote FIFAri eta "turismoaren hazkundearen kalteei erantzuteko modu bakarra desazkunde turistikoaren bideari ekitea" dela adierazi diote.
"Erreferente" izatearen "harrotasuna"
Donostiako Alkate Eneko Goiak auzo elkarteei erantzun die asteartean. "Ezezkoaren klubaren" parte izatea egotzi die, eta haien jarrera "tristea" dela adierazi du, kirol erakundeetan "erreferentziazko hiria" izateko egiten den lana "lausotzen" dutelako. "Haiengatik balitz, ez legoke ez Behobiarik, ez Klasikoarik, ez Donosti Cupik, ezta Zinemaldiarik ere ez", gehitu du.
Hiri harrotasuna aldarrikatzeko, 2023ko Frantziako Tourrean Donostian amaitu zen etapa izan du hizpide: "Kirol erakundeetan erreferente izateak harro sentiarazi beharko gintuzke". Orduko etapa amaiera "gertakari handi" gisa kalifikatu du. Mundialari dagokionez, bere posizioa berretsi eta "ilusiorako arrazoi" izan beharko litzatekeela esan du. "Jarrera horiekin ez dakit zer nazioarteko proiekzio izango lukeen hiri honek", amaitu du.