“Horixe gara Donostiako Piratak: dena iraultzeko bulkada eta erokeriarekin jaiotako olatu geldiezina”, adierazi dute kolektiboko kideek, asteazkenean Donostiako kaian egin duten agerraldian.
Festaz gain, beraien baloreekin bat egiten duten aldarrikapenak egiteko nahia azaldu dute. Hainbat eragilerekin aritu dira lanketa egiten, hala nola etxe kaleratzeen aurkako kolektiboarekin, abortu eskubidearen aldeko mugimenduarekin, Altsasuako Gurasoekin, merkatari txikiekin, Naizen elkartearekin edota Euskal Herriko Bilgune Feministarekin.
Pirata Lantalde Feminista aurten ere martxan dagoela adierazi dute, jaietan erasorik gabeko festa eta herria nahi dutela aldarrikatu dute. Egunero eguerdiko 13:00etatik goizeko 10:00ak arte Bulebarrean artatze gunea jarriko dute. Horrekin batera, abuztuaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, erasoak salatzeko ekimena egingo dute.
Jaietako zortzi egunetan, gauetako kontzertuekin batera, beste hainbat ekintza egingo dituzte, hala nola bertso saioak, kalejirak, kuadrillentzako jolasak eta abar. Ikur bilakatu den abordaia hilaren 14an izango da.
Kontzertuak Flamenkan eta Trinitate plazan izango dira.