Plan Orokorra behin-behinean onartu zenetik, bi urteko epea zegoen behin betiko onartzeko, eta ia bi urteak pasa dira onarpena eman diotenean. PSE-EEko eta PPko bozeramaileek bat egin dute Plan Orokorraren aldaketak “Parte Zaharreko izaera propioa” mantentzearen alde egiten duela nabarmentzerakoan. Bestalde, EH Bilduk sei emakida aurkeztu ditu, eta horietako bost onartu dira udalbatzarrean. Azkenean, plana onartu egin dute.
Beste erabaki batzuk
Aldatxeta eta Kantanbide hiri eremuei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa izan da bigarren erabakia; aho batez onartu dute, eta ez da eztabaidarik izan. Era berean, Loiolako Lorategi Hiria hirigintza esparruaren HAPO hiri-antolamendurako Plan Bereziaren aldaketa ere aho batez eta eztabaidarik gabe onartu dute.
Bestalde, Ondarretako Lorategi Hiria zonako Don Juan Infantearen kaleko 553 metro karratuko lursail baten inguruko xehetasun azterketa egitea onartu dute, haren eraikigarritasuna aztertzeko. Lursaileko eraikinetako batzuek D kategoriako babesa dutenez, Elkarrekin Donostia eta EH Bildu udal taldeek azaldu dute Hiri Ondasun Eraikiak Babesteko Plan Berezia (HOEBPB) berrikusi beharra dagoela eta, beraz, ez dute aldeko botoa eman –Elkarrekin Donostiak aurka bozkatu du eta EH Bildu abstenitu egin da–. Hala ere, onartu egin da EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin.
Miramongo Hiri Antolamenduaren Plan Bereziari ere onarpena eman diote, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dute, planaren beraren helburua kritikatuz.