Hamar urte dira Donostiako Herrera auzoko emakumeen pala txapelketa abiatu zutenetik. Mozkor Frentekideok txapelketa 1987. urtean sortu zen, baina 2014an emakumeek harmailak utzi eta frontoiaren erdigunea hartu zuten.
1987ko ekainean Donostiako Herrera auzoko hainbat gizonek asteburuetan kirol apur bat egiteari ekin zioten, nola edo hala, baina asteburuetako poteoari uko egin gabe. Hortik dator Mozkor Frentekideok pala txapelketaren izena. 2014ra arte, ordea, gizonezkoek soilik hartu zuten parte, baina 2014an lehen aldiz eskaini zuten emakumeek lehen erakustaldia eta 2015ean jokatu zen Mozkor Frentekideko emakumezkoen lehen pala txapelketa. “Hasiera batean lauzpabost zororen harrikada zenak, berehala lortu zituen herreratarren artean onarpena eta miresmena”, diote sustatzaileek. Ekainean 10 urte beteko dira lehen erakustaldi horretatik.
Amaia Jorge Elorz eta Naike Azurza Carnes aldaketa prozesu horren protagonistetako batzuk dira eta beraiekin egon da ARGIA. Beraien bikotekidek, auzokideek... txapelketan parte hartzen zutela ikusirik, proposamena egin zieten antolatzaileei. “Egin ezazue”, erantzun zieten eta teniseko pilotarekin jolasten hasi ziren. 2014ko gizonezkoen finalean erakustaldi bat egiteko aukera eskaini zitzaien, eta hurrengo urtean ekimena formalki sortu zuten.
Hasierako esperientzia ez zen erraza izan, ordea, Amaia Jorgek aitortu duenez: “Hasieran arrotza egin zitzaidan, ezagutzen ez dudan jendearekin ez naiz oso irekia, eta bi urte horietan txapelketa osatzeko ezagutzen ez genuen jendearengana jotzen genuen”. Azken bost urteetan, emakumezkoen palaren inguruan interesa eta parte-hartzea handitu direla azpimarratu dute.
Lorpen handienetako bat, urteak pasa ahala, ekimena mantendu izana dela diote. Hasierako urteetan ekimenak aurrera jarraituko ote zuen zalantza airean zegoen, beste ekimen batzuen antzeko saiakerek porrot egin zutela ikusten baitzuten. “Aurten jokalari kopuru aldetik oso pozik gaude, ordezkoak ere baditugu eta hori oso garrantzitsua da”, adierazi du Naike Azurzak. Maiztasunez jokatzeko eta entrenatzeko, amatasunak eta haurren zaintzak baldintzatzen dituztela onartu badute ere, etenaldi horietarako ordezkoak izatea garrantzitsua dela diote.
Emakume gisa, hainbat erronkarekin egin dute topo. Gizonezkoen txapelketak 37 urte daramatza, eta urtero gehienez hamar bikote izan dituzte. Emakumezkoen kasuan, hamar urte hauetan lau bikote izan dira, eta aurten zazpi izatera iritsi dira. “Gure erronka nagusia bikote kopuru berdinera iristea da, hamar bikote, eta mantentzeko aukera izatea”.
Helburu hori lortu ahal izateko, orain arte egin bezala, ingurukoak eta ezagutzen duten jende guztia parte hartzera animatzen jarraitzen dute. Askotariko adinetako jendeak hartzen du parte, gazteenak 24 urte ingurukoak dira eta helduenak 45 urte bitartekoak.
Baliabide eta instalazioei dagokienez, ez dute oztopo handirik izan, gizonezkoen txapelketan txertatu baitira. “Huts-hutsean hasiz gero, zailagoa izango zen tokiko komunitatean eragin berdina izatea”.
Epe laburreko helburuei dagokienez, hurrengo txapelketara bikote bat gehiagorekin joatea gustatuko litzaieke. Epe luzera begira, “hamar urte egin ditugun bezala, ea 30 urtetara ere heltzen garen eta belaunaldi aldaketa hori egoten den eta pala zaletasunak bizirik irauten duen”.
Erakunde publikoekin harremana dute, baina euren ekintzak modu independentean antolatzen dituzte.
10. urteurrena, ekainaren 8an
Ekainaren 8an 10. urteurrena ospatuko dute Herrerako jaietan. Hori ospatzeko, final egunean ekitaldi berezia antolatu dute. Urte hauetan parte hartu duten emakume guztiak gonbidatu dituzte. Gizonezkoen zein emakumezkoen finalak izango dira ikusgai, eta herri bazkari baten bitartez euren lorpenak ospatu eta komunitatea indartu nahi dute.
Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]
Artean neska koxkorra zela, zesta punta unibertsitatera eraman zuen aitaitak Markinan. Joko ikusgarria ikusi orduko argitu zitzaizkion begiak, egin zioten ñir-ñir. Aukera sortu zitzaiolarik hasi zen frontoian, bizi erdia darama Durangoko Ezkurdin, esku batean... [+]
“Ados Pilota” emakumezko eskuzko pilotari profesionalen lehen kluba aurkeztu dute Leitzan. Lan baldintzak hobetzea eta txapelketa gehiago jokatzea dituzte helburu. Lehen txapelketa antolatu dute Ekainaren 4rako.
Bat-batean frontoian eta telebistan emakumeak esku-pilotan jokatzen ikusten hasi gara. Emakume pilotariak oso pozik daude lehen lerrora jauzi egin dutelako, nahiz eta gogorarazi nahi duten itzalean makina bat urtez jokatu dutela, bai eskuz bai palaz. Munduko txapeldunak ere... [+]
22-21 irabazi zieten Jaka eta Ruiz de Larramendiri eta hemezortzi urtez beheitikoan, Agorreta eta Bergara nagusitu ziren. Sekulako ikuskizuna eta giroa bizitu zuten larunbatean Labriten, Laboral Kutxa Emakume Master Cupen San Ferminetako finalekin.
Hainbat modalitatetako 80 pilotari baino gehiago barnebiltzen ditu elkarteak, eta haien helburu nagusia emakumeen pilota bultzatzea, egituratzea eta arautzea da. Azkoitiko Oteiza pilotalekuan egin dute aurkezpena larunbatean.