Donostia 2016: hegemonia eta simulazioa

  • Kultur hiriburua: Denborak esango digu egitasmoaren hegemonia kultural berria eta simulazioa arrakastatsuak izan zirenetz.


2015eko otsailaren 23an - 10:10
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Joseba Larratxe
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Donostiako Europako kultur hiriburutzaz gauza asko hasi dira entzuten eta esaten, eta ez da zaila irudikatzea zer eragin izango duen hirian eta hiritarren bizitzan. Nolanahi ere, ez dugu esperantza galdu behar, laster hasiko baitira heltzen adituen azalpenak, mezuak eta leloak geure hiritar energia eta animoa mobilizatzeko asmoarekin. Zailtasunak zailtasun eta polemikak polemika ikusezina den makinaria martxan dago jadanik eta aurkeztuko diren amaigabeko ekintzetako zerrendak ezkutatuko digu estrategikoa dena: hiri espazioan kultur hegemoniaren mesedetan egindako apustua. Edo beste era batera esanda, hegemonia sinbolikoaren aldeko apustua.

Ezin da ukatu parte hartuko duten hiritar, artista, aktibista eta kultur sortzaileen fede ona. Eta are gutxiago instituzioen betebeharra eta engaiamendua euskal kulturaren alde. Nolanahi ere, ekintza global honengatik egindako apustua beste helburu batzuekin jaio zen, plazaratzen ez diren helburuekin hain zuzen ere. Hirigintza liberalak eta bere teorikoek erabaki zutenetik kultura eta ezagutza kapitalismo globaleko merkatu-zoko berriak izango zirela, martxan jarritako estrategiak saiatu dira hiria berrantolatzen, hots hirian espazio publikoaren ideologia materializatzen. Bertzalde, politikaren ekonomizazioak eta ekonomiak berak lehentasuna hartu izanak argi frogatzen du kapitalaren domeinu praktiko eta sinbolikoa. Hiri espazioa berrantolatzean, herritarren bizimoduak aldatzen dira eredu ekonomiko eta politiko baten alde. Kultur adierazpen monopolioak eta biopolitikak osatzen dute egungo gobernantzaren modeloa.

Hori da azken finean Donostiako hiriburutzarekin bilatutakoa: merkantziak eta gorputzak mugiaraztea simulazio erraldoi batean, baina simulazioko mekanismoak ikusezin bilakatuz. Zeintzuk dira mekanismo biopolitiko horiek? Adostasuna eta kulturaren merkantilizazioa, alde batetik, eta hiri kulturarekiko paternalismo politikoa bestaldetik. Kultura autonomoaren adierazpenak desagerrarazteko eta hirian sortzen diren eremu antipolitikoak eta erresistentziak isilarazteko hiritarrengan jarri dute jomuga: hiritarrentzat eskaintza kultural osoa sortzea, hiria modu baketsuan kontsumitzeko. Horrela hiriko erakusleiho erraldoiean kale eta leku guztiek erakutsiko dute posiblea dela eliteen amets teknopolitikoa: herritarren nahiak zuzentzea modu demokratikoan.

Gobernu teknokratiko mota honek adostasunaren truke ematen duena soberan ezagutzen da: ikuskizuna. Baina nori zuzenduta? Gozatu ahal duten hiritarrei, hau da, hiri berria edo berritua disfrutatu ahal dutenak beren kontsumo gaitasunari esker. Hiritarra turista eta turista hiritar paradigmatikoa. At geratuko direnak, ikusezinak, pobreak, emakumeak eta beste batzuk ikuskizunetik baztertuak izanen dira.

Ezin da ulertu Donostian gertatuko dena estetizazio eta pribatizazio prozesuak aipatu barik. Hirietan egondako aldaketa espazial, arkitektonikoak, estetizazioa dela medio, saiatzen dira hegemonia eta desberdintasun sozialak ezkutatzen. Horretan datza hirigintzako ideologia neoliberala. Donostia edertasunaren ikurra izan da betidanik Euskal Herrian. Baina, hasieran edertasuna ez zen donostiarren kezka, aristokrazia eta burgesiarena baino. Donostiako hiriak paregabeko aukera eman zien espazio publikoan boterea erakusteko eta berresteko. Geroxeago irudi eta kontakizun horiek mitifikatuak izan dira hiriaren irudiari erromantizismo-ukitua emateko, arkitektura garaikideak sortzen dituen irudiekin egiten duen bezalaxe.

Aspalditik jakina denez, europar hiritartasuna simulazioa besterik ez da, Europar Batasuna bera bezalakoa. Nolanahi ere, hybrisa gobernatzen dutenek simulazioa mantendu behar dute ekonomiaren mesedetan, statu quoa gehiegi ez dadin aldatu. Esan bezala kultura estrategiko bilakatu da hiriko merkantilizazio prozesuan. Zentzu horretan, Europako kultur hiriburutza guztiak, baita Donostiakoa ere, Mcguffinak balira bezala uler daitezke. EBko proiektu sozial eta kulturalaren porrot ikarragarrien aurrean, hirigintza (neo)liberalak lehentasuna hartu du eta hiri espazioa negozio huts bihurtu nahi du. Kapitalizazio prozesu honi hertsiki lotuta despolitizazioa heldu da eta kultura autonomoaren desagerpena eremu publikotik.

Despolitizaziotik hegemoniarantz gauden bide honetan marketina eta propaganda hiri imaginario berriak hasi dira ekoizten. Erraz kontsumitzen diren imaginarioak, hain zuzen ere. Publizitatean eta marketinean sartzen ez diren hiri imaginarioak eta dagozkien ondare antropologikoak desagertuz joan dira abiadura handiko hiritartasuna sortzen den heinean. Hiriko kaleetan bizitakoak irudikariak sortzen ditu: sinboloak eta esanahiak, nortasunak, desioak. Hirigintza neoliberalak eragindako kaltea neurtezina da baina helburua argia izan da hasieratik: hegemonia ekonomiko eta politikoari hegemonia kulturala lotzea, hiriari diskurtso eta praktika uniformatzailea ezartzeko asmoarekin. Baina ez indarrez, adostutako isiltasunaz baizik.

Hegemonia berri honetarako erabiltzen diren irudi estereotipatuek, kontaketek eta arkitekturak hiriari buruzko adostasuna sortu nahi dute. Hiriaren konplexutasun eta aberastaun sozial eta antropologikoa ez dira sartzen narratiba honetan, aipu bezala ez badira. Hiria, eta gorputzak hirian, normalizatuta, hots, despolitizatuta. Tolerantzia, kontsumoa eta bakea. Errepikatzen diren goiburuak. Hiria normalizatzen saiatzen da ezinezkoa den arren. Gaurdaino, bederen.

Denborak esango digu hegemonia kultural berria eta simulazioa arrakastatsuak izan zirenetz. Donostian ikusiko duguna beste esperimentu bat izanen da katastrofearen garaietan: geure huskeriak estaltzen diren simulazio alaitsua kapitalaren mesedetan. Gure esku dago sarrera ez erostea. Gure esku dago hegemonia kultural horren kontra hiriaren aberastasuna berreskuratzea eta lehentasuna ematea ere. Biopolitikaren kontrako borrokan gorputzek jarraitzen dute izaten tresna nagusiak. Gorputzak hirian. Hiri gorputza(k).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Urtekaria 2014
2015-02-24 | Gotzon Elizburu
Informazioaren kudeaketa gardena jendartearen demokratizaziorako bide

Hedabideak:  Sare sozialen garaian ere, boterea etengabe saiatuko da informazioaren monopolioa mantentzen. Espainiako Gobernuaren "Hiritarren Segurtasunerako Legea" da horren erakusgarri.


Liburuak baino askoz gehiago

Kulturguneak: Kulturarako espazioen labealdi berri bat sortzen ari da: liburu-dendak dira, baina kulturgune gisa ulertuta.


Eguneraketa berriak daude