Paloma Orlandini (Buenos Aires, 1996) zine zuzendaria eta muntatzailea da. Donostia Zinemaldiko Nest sailean aurkeztu du Ob scena lana, eta berekin izateko aukera izan dugu, Argentinako zinemaz, bertako mugimendu transfeministaz, eta pornografiaz aritzeko. Urguleko Polboriñera iritsi gara, portuko kalexketatik igo ondoren.
Buenos Airesen jaio zinen, eta bertan bizi eta lan egiten duzu gaur egun egun. Nolakoa izan da zinemarekin izan duzun harremana? Zeintzuk izan ziren zure lehen hurbilketak, eta zein momentutan erabaki zenuen zinea egitea?
Txikitatik izan dute gurasoek film asko ikusteko joera, baina urte horietan guztietan ez nuen sentitzen bereziki zinezalea nintzenik, edo horrek motibatuko nindukeenik. Zer ikasi pentsatzen hasi nintzenean, antropologiari begiratzen nion asko, baina iruditzen zitzaidan urrunegi egongo zela jendearengandik zerbait espresatzeari dagokionez. Buenos Aireseko kanpoaldean dagoen unibertsitate batean zinema dokumentalari zegokion karrera aurkitu nuen, oso espezifikoa zena; fikzioa egitetik urruti ikusten nuen nire burua, baina zinema dokumentalaren bitartez filmak egitera gerturatu nintzen; gainera, ez zegoen antropologiatik hain urruti, baina beste tresna batzuk irekitzen zizkidan ikerketarako. Uste dut dokumentalgintzak narraziorako potentzia itzela eskaintzen duela, eta, era berean, esperimentaziorako tartea berariazkoa duela. Lan asko errealitatearekiko harremanaz baliatzen dira benetakoak ez diren istorioak kontatzeko, eta hori ere oso interesgarria da.
Argentinako zinema eskolak eta unibertsitateak, zer pisu dute gizartean? Nola harremantzen dira mundu mailako zinema jaialdiekin, zinema industriarekin?
Argentinan dena hiriburuan zentralizatua dago, eta unibertsitate publikoari dagokionez, ENERC litzateke zinemari zuzendutako bakarra. Bestalde, eskola pribatuak ere badaude, azpiegitura hobea dutenak, eta industriarekin eta jaialdiekin harreman estua dutenak. Gero badira beste eskola batzuk, beste zirkuito batzuetan mugitzen direnak, zailagoa dutenak industriaren mundura salto egitea, baina agian ikerketa zehatzagoak ahalbidetzen dituztenak, gurea kasu. Finantziazioari dagokionez, INCAAtik kanpo ere badira beste finantziazio modu batzuk, Fondo Nacional de las Arteseko bekak, adibidez; horrenbesteko esperientzia ez dugunontzat errazagoak dira lortzeko. Diru kantitateari dagokionez ez da horrenbeste, baina diru-laguntza asko ematen dituzte. Horretaz gain, dokumentalgintzari dagokionean, askoz ere finantziazio gutxiago eskaintzen da kasu honetan, eta oso bereiziak daude fikziorako eta dokumentaletarako laguntzak.
Aurten Ob scena izeneko film laburra zuzendu duzu, eta BAFICI jaialdian saritua izateaz gain, Donostia Zinemaldiko Nest sailean ere hautatua izan da. Nola ari zara bizitzen hau guztia?
Diru-laguntzarako prestatu nuen proiektutik gaur egun bukatuta dagoen filmera, eskailera moduko batetatik igotzen joan naizela sentitzen dut. Hasieran eskolako ariketa batetik abiatu nintzen, eta ezinezko bezala ikusten nuen honen gauzatzea. Finantziazioa lortu nuenean, egingo nuela ohartu nintzen, eta posible izango zela ulertu nuen. Unibertsitatean garatzen hasi nintzen, nahiz eta uste dudan zentroa ez zegoela prest sexualitateari eta pornoari dagozkion gai hauetan sakontzeko. Ez dauka batere ikuspegi feministarik, nahiz eta pixkanaka aldatzen ari den. BAFICI jaialdian hartu zutenean nituen espektatiba guztiak gainditu nituen, uste nuelako toki horietara FUC edo ENERCko lanak soilik iristen zirela. Eta gero, hemen egotea... handia da. Halere, uste dut izandako arrakastak ez duela filmaren intentzioan eragin negatiborik; esan nahi dut gehiago hurbiltzen duela jendearengana, eta hori da lorpenik handiena.
Zure lana sexualitatearen, pornoaren eta sexu-heziketaren inguruan mintzo da. Zein zen zure beharra proiektu hau egiterako orduan? Zein izan ziren lehen pausoak? Eta nolako harremana du filmak Argentinan ematen ari den mugimendu transfeministaren gorenarekin?
Mugimendu horiekin guztiz lotuta dago, noski. Pornografiari gerturatzean, gertatzen zitzaidana zen beste gauza batzuk ikusteko gogoa nuela. Pultsio feministagatik eta bizi-beharrengatik, oso distantzia handia sentitzen nuen ikusten nuenaren eta egiten nuenaren artean. Orduan, pornografia filmatzen saiatu nintzen. Ez zitzaidan gustatu filmatutakoa, eta horrek artxibo mainstreametara itzularazi ninduen, problemaren bila, edo agian, horren ondorioen bila. Sexu-heziketarako duen potentzialean ere sakondu nahi izan nuen, ez zentzu moral batean, baizik eta beste modu bateko sexu harremanak irudikatzera bidean. Aurrera joan ahala, familian izan nituen aurrekarietara hurbiltzen hasi nintzen, medikuntza munduko senitarteko asko baititut, sexologian adituak. Iruditu zitzaidan horrek testuinguru moduko bat ematen ziola dokuporno honi. Aitonaren idatzietan, eman dezagun 30-40 urte atzera, honen inguruan pentsatzen ari ziren, eta egun zaharkitu eta iraungitu modura irakurri ditzakegu, baina ez ziren horrela ikusten garai horretan. Egungo porno mainstreamak ere egitura oso itxiak erabiltzen ditu. Filmaren bidez egiten dudan galdera da ea horrek, nolabait, ez gaituen sailkatzen eta mugatzen kategoria jakin batzuetan. Ikuspuntu transfeministak ere hori zalantzan jarri nahi du, eta uste dut etengabekoa izan behar lukeela zalantzan jartze horrek, ez toki batera iristeko, baina bai norantza bat emateko.
Filmaren gailuari erreparatuz, modu oso zehatza landu duzu pornografiara gerturatzeko, artxiboak, marrazketa, eta off ahotsa medio. Nolakoa izan da prozesu hori?
Film laburraren gailurako elementu asko nituen: arte plastikoetatik zetozenak, informe medikoak, irudi pornografikoak... Eta niretzako oso garrantzitsua izan zen afektuaren bitartez egitea elkarren arteko loturak, nigan sortzen zituzten inpresio subjektiboen bitartez gerturatzea, azken batean denonak izan daitezkeenak. Bizipen kontraesankorrak dira askotan. Pornografiatik zetozen jatorrizko artxibo horiek zeharkatzeko gailua sortu nuen, eta modua lortu nuen hauek eraiki edo deseraikitzeko. Esan nahi dut: era bat bilatu nahi nuen iradokitzeko gorputzak modu batean konbinatzen direlako, ez duela esan nahi horrela bakarrik egin dezaketenik, edo beste modu batera eginda zer gertatuko litzatekeen galdetzeko. Giza-gorputzarekin lan egitea ezinezkoa litzateke, segur asko, modu honetan. Agian, helburu bat izan liteke, halere. Nire esplorazioak sorkuntza prozesuak emandako gailuari erantzuten diola uste dut. Ekintzak isolatu nahi nituen, izenak, identitateak kendu, eta era batean, abstrakziotik abiatu. Ez da gauza bera porno argentinarra egitea, edo beste toki bateko sexu eszenak filmatzea. Aurrekoan lagun batek esaten zidan: nola egon daiteke finantziazioa pornoaren inguruan ikertzeko, baina ez pornoa egiteko? Uste dut horren inguruan pentsatu beharko genukeela.
Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.
Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]
Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.
Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]
Zahar etxeeetako langileak Zinemaldiaren alfonbra gorrian sartzen saiatu dira (irailak 25), baina Poliziak geldiarazi egin ditu.
Betirako gelditzeko itxura lukeen arren, amaitzen ari da Donostia Zinemaldia. Estreinatu dira dagoeneko film guztiak, eta hasia da epaimahaia sarien berri ematen. Batzuetan bat gatoz, besteetan ez horren beste; hor dago iritziaren koska. Agian homologazio eta lehia ez litzateke... [+]
Giro itogarria ezin jasanez alde egin eta Mexikon luzaz egon den gizon bat Donostiara itzuli da. Bertan aurkituko duenak ez du zerikusirik bere gaztaroan ezagutu zuenarekin. Gatazkaren presentzia egunerokoa den hirian ezin egokituz dabil, bakarti, eta alkoholarekin arazoak... [+]
Azken egunetara iristen ari garela, film gutxi gelditzen dira estreinatzeke. Banaka-banaka ikusi ditugu areto eta oholtzatik pasa diren zuzendari, ekoizle nahiz aktoreak, apur bat hurbiltzen gaituelarik horrek sortze eta eratze prozesura. Egileen zuzeneko ahotsa entzutea izaten... [+]
Emanuel Carrere idazle eta zinegilearen Ouistreham filmaren sinopsia irakurri nuenean, Günter Walraff kazetari alemaniarrak 1985ean argitaratu zuen Ganz unten (Azpi-azpian) liburua etorri zitzaidan gogora. Walraffek bi urte igaro zituen lan egiteko baimenik gabeko langile... [+]
Sarrerak lortzeko egon diren zailtasunak izan dira hizpide hainbat mediotan. "Aurten ez dut ezer lortu" edo "datorren urtean akreditazioa, fijo" bezalako komentarioak entzun ditut han eta hemen; nik, seigarren egunez, alarma 6:45etan jarrita eman diot hasiera... [+]
Emakumeek zineman ikusgaitasun nahikorik ez duten arren, izan badirela gogoratu dute Donostiako Zinemaldian, duten lekua aldarrikatuz, “emakumerik gabe ez baitago zinemarik”. Elkarrekin indartsuagoak direla-eta, elkarte berri bat ere aurkeztu dute: MIA Animazio... [+]