“Langileak nahi genituen, eta pertsonak heldu ziren”: pobretuen migrazioak eta gure arrazakeriak


2019ko uztailaren 03an - 09:35
Arrazakeriaren aurkako manifestazioa bat, Bilbon. Argazkia: Uriola.eus.

Herritartasuna ulertzeko herri mugimenduek eta Estatuek duten ikuspuntu kontrajarria nabarmenduz hasi zuen bere mintzaldia Iker Iraola Arretxe EHUko irakasleak. Herritartasunaren eta naziotasunaren arteko harremanaren bilakaera historiko laburra egin zuen lehenik Iraolak. Naziotasunaren kontzeptu modernoaren sorrera Frantziar Iraultzan kokatu zuen. Ordutik, naziotasuna betebehar batzuei lotuta legoke. Herritartasunak, aldiz, eskubideen eremura garamatza, eskubide zibil eta politikoak lirateke funtsean. Praktikan, elkarren eskutik joan izan dira biak: herritartasuna lortzeko, naziotasuna eskuratu behar da. Estatuek naziotasuna lortzeko migratutako pertsonei egiten dizkieten azterketak jarri zituen horren adibide. Teorian, herritartasun nahiz naziotasun kontzeptuek komunitate bat gorpuzten dute, “gu” bat: “irudikatua”, ez gaituelako lotura fisiko edo eguneroko batek egiten; “mugatua”, ez delako guztientzakoa; “burujabea” eta “horizontala”, ustez baina ez zinez.

Herritartasun motak ezberdindu zituen Iraolak, bi aldagai erabiliz. Batetik, herritartasun objektiboa edo subjektiboa daude. Lehenak paperei egiten die erreferentzia. Estatuaren eskumena denez, Euskal Herri mailako herritartasun objektiborik ez da. Subjektiboa identitatearekin dago lotuta. "Nongoa naiz ni?" galderari erantzuten dio. Bestetik, herritartasun pasiboa eta aktiboa daude. Parte hartze sozial eta politikoak sortuko luke herritartasun aktiboak.

Migratuen alde eta arrazakeriaren aurka lan egiten duten mugimenduetako kideen ekarpenak laburbildu zituen EHUko irakasleak. Horien irudiko, jendartean nagusi da herritartasun eskubidearen zentzu utilitarista. Max Frisch idazle suitzarraren aipua erabili zuen ideia azaltzeko: “Langileak nahi genituen, eta pertsonak heldu ziren”. Elkarrizketatuek identitatearekin lotu dute herritartasuna, askotan trantsizioan daudenak (nongoa naiz?). Euskal Herrian horrek inplikazio berezitua luke, nazio identitate ezberdinak baitaude gurean, baina haien arteko harreman asimetrikoan. Elkarbizitza helburu bai, baina hori birdefinitu beharra dago. Zeintzuk dira elkarbizitzarako minimoak? Bizitze hutsaz gain, ba al dago besterik? Eta galdera horri tiraka: exijitu beharreko minimoez aritzean, zergatik begiratzen diegu soilik minorizatutako pertsona eta taldeei?

Jendartean herritartasun “ona” kontsumo gaitasunarekin lotzen dela uste dute ikerketarako elkarrizketatuek, Iraolaren esanetan. Parte hartze soziopolitikoari lotzearen aldekoak dira, ordea. Paperek ematen duten herritartasun objektiboa ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. “Herritartasun praktikoa” garatu behar da, ezinbestean maila mikroan, subjektiboan eta aktiboan eraiki behar dena. Erakundeekiko mesfidantza handia da migratuen eskubideen alde borrokan daudenen artean.

Afera honetan euskara azaleratu da kezka iturri nagusietakoa bezala. (Egun subjektiboa izatera kondenatua dagoen) Euskal naziotasunaren iruditerian euskara zentrala da, baina praktikan errealitatea bestelakoa da.

Ondorioen atalean herri mugimenduen kritika eta autokritika sakonak mahai gaineratu zituen Iraolak. Errealitatea gordina bada ere, egunerokoan ez da arrazismoaz edo migratzaileen bizipenez hitz egiten: “besteen” arazoa izaten jarraitzen dute. Herritartasunaren dimentsio subjektiboa lantzerakoan, gatazkak ekiditeko arazo eta desadostasun asko ezkutatzen dira. Euskararekin hori egitea zailagoa da, ordea. Kulturartekotasunaren aldeko diskurtso politak egiten ditugu, baina gure praktikak asimilazionistak dira.

 

 

Iker Iraola eta Heldy Sorayaren mintzaldiaren une bat.

 

 

Buru propioak deskolonitzatzen

Heldy Soraya Ronquillok Bidez Biden egiten du lan. Gizarte Sustapenerako Kultur Arteko Elkartea da 2009an sortutako hori. Perun eginiko ikasketa unibertsitarioak homologatzeko izan zituen arazoek bultzatu zuten elkartea sortzera: “Zaintza lanak hemen egon ahal izateko bidesaria dira”. Hasiera batean elkarteak bi xede nagusi zituen: emakume migratuei ikasketen homologazioan laguntzea –"goi mailakoak edo ez, gehienek baitituzte"–, eta emakume horiek emakumeen etxeetara hurbiltzea.

Behin oinarrizko egonkortasuna lortuta ere egiteko asko zegoela ikusi zuten gerora. Zorra ordaintzea, ikasketak homologatzea edo erresidentzia lortzea ez da nahikoa Sorayaren irudiko. “Han militantziarik ez zuten eta hemen sare sozialik ez duten” emakumeak dira gehiengoa migratuen artean. Baldintza horietan, elizak dituzte topagune nagusi. Bereziki etxeeko lanetan dabiltzan emakumeekin egiten dute lan, eta horietariko askok “haien burua nagusien jabetzatzat” dutela esan zuen Sorayak. Hori guztia dela eta, deskolonizatze prozesuak bultzatzen dituzte herri hezkuntza oinarri. “Europa onena da” totema gorputzen barrenetatik erauzteko, besteak beste. Gipuzkoako eskualde ezberdinetan formazio eta hausnarketa espazioak eraiki dituzte, emakumeen etxeekin aliantzak sortu eta Lanbide edo Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeekin koordinatzen dira hainbat eginbeharretarako.

Ondorioak eta klownklusioak

Jasotakoaren inguruan taldean hausnartu eta eztabaidatzea bilatu zuten EHUko irakasle eta Joxemi Zumalabe fundazioko kide diren Marta Luxán Serranok, Andere Ormazabal Gastonek eta Jokin Azpiazu Carballok amaierako tailerrean. Talde txikietan aritu ostean, bakoitzean hitz egindakoak denon artean konpartitu genituen ikastaroko parte hartzaileek. Hainbat interes eta kezka azaleratu ziren.

Batzuk esparru jakin bati lotuta zeuden. Esaterako: euskalgintzan dagoen herri mugimenduen beharra; hizkuntzaren arazoa migrazioan zentratzeko dagoen joera, euskara ez dakiten edo jakinik ere ez darabilten “euskal herritarren” kopurua askozaz handiagoa denean; borroka bezala euskarak duen estatus asimetrikoa (beste hiruretan “justizia” parametroetan kokatzen garen bitartean euskararenean “hautua” edo “borondatea” bezalakoetan kokatzera jotzen dugulako); eraiki nahi dugun herritartasun motaz hausnartzearen garrantzia; arrazakeria instituzional zein soziala borrokatzeko elkar ezagutzaren eta afektibitatearen garrantzia; ekoalternatibismoan kontrakotasunetik proposamen alternatibo eraikitzaileetara egiten ari den igarobidearen interesgarria, biak uztartuz; emakumeen etxeen autogestioa ezinezkoa dela eta horrek militantzia ereduan izan dezakeen eragina (“lehen diru gutxiago eta autonomia gehiago zegoen” bota zuen talde batek).

Kezka orokorragoak ere atera ziren. Borroka esparru eta ikuspuntu ezberdinen arteko lur komuna eraikitzeko beharra: “sekzionalizatzeko garaia baino gehiago, intersekzionalizatzeko garaia da”. Bide horretan batasunaren eta aniztasunaren arteko oreka egokiak eraikitzea, eta horretarako azken hori birpentsatzea. Kultura aktibistan eta militantzian zaintzak hartu duen garrantzia, baina zaintza hori batzuetan nitasunetik gehiegi eraikitzeko arriskua, gutasunarekin uztartzen den nitasunera baino gehiago, nikeriara.

 

 

Arbelean jasotzen joan ziren taldeek partekatzen zituzten hausnarketak.

 

 

Edonola dela, bi egunetako ondorio eta hausnarketa sakonenak agian Beatriz Egizabal Ollokiegi klownak ikastaroa ixteko bota zituenen artean aurkituko ditugu. Barrea eragiten zigun aldi berean, gure erosotasun, kontraesan eta gabezietara apuntatuz egin zigun tiro orratz ederki zorroztuekin. Labanarik ere egon zen orratz artean. Gutxi batzuk berreskuratuko ditugu:

“Teoria bizitzarekin konektatu beharko dugu. Ze klaro, bi egunotan, hainbeste ezagutza, hainbeste gauza sakon... zer hemendik irtengo zarete eta ‘listo, dena konponduta?’”.

“Hemen denak gaude aniztasunaren alde. Argi eta garbi, denak. Horregatik dago hemen hainbesteko aniztasuna. Buf! Buf buf! Adibidez emakume askoz gehiago gaude gizonak baino. Igual ez duzue nabarituko hartu diren hitzengatik, zeren eta ahots grabe askorik ez dago hemen baina entzun dira piloa. Kolorea ere, impresionante: a ze txuri-aniztasuna! Batzuk eguzkia hartuta besteak gutxiago... Ze ondo jendeaz hitz egitea jendea egon gabe, aizu”.

“Zer gara gu? Ezkertiarrak! Epa! Eskuindarrak hor, jendartean, baina hemen? Mesedez. Jende hori, bizi dira eta aguantatu beharko. Baina elkarrekin bizi gara, e? Hor flekoren bat geratzen zaizue, e? Hori kudeatu behar da nolabait. Gero goaz hortik ‘oi ze ezkertiarrak garen’ baina gertatzen da guk ere ditugula oso pentsaera eta praktika eskuindarrak. Orduan dena nahastu eta geratzen zaizu jendarte bat, zentrokoa... edo harago”.

Ausentziak eta galderak

Herri mugimendu eta ekimenen atakak, norabideak, ezaugarriak, argi-itzalak ezagutzeko baliagarria izan da Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik ikastaroa, nik uste. Batzuk herrigintzarenak dira oro har, beste batzuk borroka esparru batenak edo lurralde mugatuago bati lotuagoak. Horiek denak identifikatzea eta birpentsatzea beti bada garrantzitsua, eraldaketen sakontasunak ezaugarritutako garai honetan are gehiago. Gauza interesgarri eta mamitsu asko entzun ditugu. Eta kontutan izanik hurrengo bi urteetan ikerketa Euskal Herri osora eta herrigintzaren espresio gehiagora zabaltzeko asmoa dagoela, horietan sakontzeko aukera baliatu beharko dugu.

Inor eta ezer ez da sobran egon ikastaroan, baina bada faltan bota dudanik. Hizlarien mahaietan esaterako, herrigintzaren espresio autonomoek presentzia urria izan dute: instituzioekin lankidetza, kokudeaketa edo subentzio harremanik bilatzen ez duten ekimen edo taldeak; edo euren jardun herrigilea enpleguarekin lotuta ez duten pertsonak. Parte hartzaileon artean, akademikoak eta instituzio eta elkarteetako alor ezberdinetako teknikariak nagusi. Herri mugimenduetako kideak edo herri mugimenduen militantziatik bertaratutakoak urri, aniztasun gutxi jatorriari edo egoera sozioekonomikoari dagokionez. Eztabaidarako tartea labur geratu da, eskerrak tailerrari, baina gehiagoren beharra zegoen. Betiko arazoa, bestalde.

Mahai gaineratu diren zenbait kezka eta mahaian eta publikoan nagusi izan den soslaia kontuan hartuta, hausnartzeke ditugun hamaika gakoetatik bereziki jakin batzuk bertan eztabaidatzeko gogoz geratu naiz. Hainbat mugimenduetan eta erakundeetan ematen ari den profesional, liberatu eta teknikarien biderkatzearen ondorioak herrigintzarako, edo erakundeak mugitu araztearen eta autonomia mantentzearen arteko tentsioa, besteak beste. Kezka horiei lotuta, galdera bat piztu zait tarteka: zer da herri mugimendu bat herri mugimendu egiten duena?

 

 

Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik ikastaroaren talde argazkia.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


2024-09-02 | ARGIA
Eraso arrazista bat salatu dute Zestoako jaietan

Zestoako Gazte Asanbladak ohar bidez gaitzetsi du erasoa: "Garbi gera dadila gure espazioetan ez dugula inolako erasorik onartzen".


2024-09-02 | Jon Torner Zabala
Cascanteko apaizaren adierazpen xenofoboek eliztarren kexak eragin dituzte

"Ez dut ezer musulmanen kontra"... baina mezetara gero eta fededun gutxiago joatea immigrazioarekin lotu du Cascanteko apaiz Jesús Planillo Bartosek, herriko festetan emandako sermoian. Esandakoek eliztarren artean marmarra eragin du, eta abadeak barkamena... [+]


2024-08-21 | ARGIA
Udaltzaingoak kaleko saltzaileekin duen “jarrera oldarkor eta bortitza” salatu dute Bilboko konpartsakideek

Udaltzaingoaren azken egunotako "gehiegikerien" aurrean, Bilboko Konpartsen Federazioak elkartasuna adierazi die manteroen kolektiboko lagunei, Areatzan egindako elkarretaratzean.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Eskuin muturraren oldarraldia Erresuma Batuan migratzaileen aurka

Protestak uztailaren 29an Southport-en izandako erailketen ondorioz piztu ziren, hilketa leporatu dioten gazteaz informazio faltsua zabaldu ondoren. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmer-ek “krimen antolatua” izan dela salatu du, eta atxilotutakoek... [+]


Pistola faltsu batekin Donostian atxilotu duten pertsona migratzaile talde bat ari zen mehatxatzen

“Haiengana zuzendu eta haiei apuntatzen die”, informatu du Irutxuloko Hitzak. Astearte gaueko 21:30etan atxilotu zuten gizona, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Corellako karriketan ikur frankistak azaldu direla salatu du Zurekin Nafarroak

Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.


“Buruan tiro puta bat” emateko eskatuz, Donostiako Martutenen herritar talde batek biolentziarako deia egin du

Martutene auzoan lapurretak ugaritu direla aitzakia hartuta, iaztik, hainbat dira Martutene auzoan eztabaida eta polemikak. Segurtasun talde bat sortu zuten hainbat bizilagunek, “Ertzaintzak ezer egiten ez zuela iritzita”. Pauso bat urrunago joan dira orain, eta... [+]


281 gorroto delitu erregistratu ziren iaz EAEn, eta %64 izaera arrazista edo xenofoboagatik

Gorroto-gertakarien kopurua 2022. urtearekin alderatuta %35 txikiagoa izan zen, baina bigarren kopururik handiena da azken zortzi urteetan. Tipologiari dagokionez, lesioak (%32) eta mehatxuak (%24) nabarmendu ziren. Delituak jasan zituztenen erdia baino gehiago migratutako... [+]


2024-06-12 | June Fernández
‘justizia doribelentzat’
Indarkeria matxista intersekzionalaren kasu paradigmatikoa

Gizon bilbotar zuri bat epaitua izan da bere bikotekidea (emakume migratua) bizirik erre izana leporatuta. Feminizidio frustratu horrek agerian uzten du biktimek bizi duten babesgabetasuna, indarkeria matxista arrazakeriarekin uztartzen denean.


2024-05-03 | Antxeta Irratia
Hendaiako erretentzio zentroan %34 pertsona gehiago atxilotu zuten iaz

Cimade elkarteak emandako datuen arabera, %55a aske geratu bazen ere, 2023an 351 pertsona atxilotu zituzten paperik gabekoak atxikitzeko zentroan. Gehienak Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorria zuten.


Eguneraketa berriak daude