Aitor Iturregi intsumisoa eta ekintzailea izan zen eta behin intsumisioaren uholdea igarota, etengabe salatu du Ertzaintzaren izaera militarizatua. Bestelako polizia eredua aldarrikatzen du.
Zein da ertzainen protesten atzean dagoen benetako arrazoia?
Argi eta garbi dirua da, orain arte izandako zenbait pribilegio kenduko dizkiete eta. Alegia, murriztuko dizkiete dietak eta osagarriak.
300 euroko dieta jasotzen zuten ETA existitzen zenean. Azken hamabi urteetan egoera politikoa aldatu da. baina halere osagarri hori eurek exijitzen duten 1.100 euroko soldata igoeraren barruan dago.
Egia da Rodolfo Ares Barne Kontseilaria zenetik ez dutela lan hitzarmena sinatu eta urte hauetan Erreskate Taldeari murrizketak eta aldaketak egin dizkiotela. Orain Brigada Mugikorrari ere egiten saiatzen ari dira eta unitate horrek indarra dauka.
Brigada Mugikorraren ezinegona, gainera, aurretik dator, 2018ko otsailean euren kide bat San Mamesen egondako istiluetan hil zenetik. Galdera da, baldintza fisikoak betetzen ez zituen ertzain batek zer egiten zuen unitate horretan? Zergatik ez zituen bere txosten medikuak pasa? Ahalegin fisikoagatik bihotzekoa izan zuen eta data garrantzitsua da gatazka honen kronologian.
SIPE sindikatua dago talde Brigada Mugikorrari lotuta eta erakunde horretako kide ohiek hasi zuten Ertzainak Indarbidez mugimendua.
Zer da SIPE?
UGTtik banandutako sindikatua da. Asko aipatzen da Jusapol-ekin daukala elkartasun harremana, baina ez da horrenbeste adierazten klase sindikaturik ez dagoela Ertzaintzan, bakarrik korporatiboak. Soilik geratzen da ELA eta gutxiengoa da, lau ordezkari baino ez ditu eta horregatik ez dago negoziazio mahaian. ELAtik atera ziren ESAN, egungo bigarren indar sindikala Ertzaintzan 20 ordezkarirekin eta EUSPEL, 10 ordezkari dituenak eta irabazle izan zena Brigada Mugikorraren egoitzetan, Arkauten eta Iurretan. Dena den, Berrozietara lotutako erakundea da.
Bi sindikatu hauek, ESAN eta EUSPEL, Lizarra-Garaziko akordioaren garaian ELAtik zatitu ziren, sindikatuak akordio politiko hori sinatu zuelako. CCOO ere desagertu da eta indar nagusia, 22 ordezkarirekin, ERNE, sindikatu abertzale eta kritiko gisa abiatu zen eta orain erakunde erabat korporatiboa da.
Zein da Brigada Mugikorraren eginkizuna Ertzaintzan?
Istiluen kontrako unitatea da. Berroziak ez bezala, ez dira elitekoak, baina indar handiko unitatea da Ertzaintzan. Poliziaren atal garrantzitsua da. Esaterako, ertzain bat Arkauteko akademiatik ateratzen denean, 18 hilabete igarotzen ditu trebakuntza jasotzen. Horietako hiru Brigada Mugikorrean dira. 584 agente dira, baina Erreskate unitatea atal horren barruan dago.
Beste unitateek baino gehiago kobratzen dute eta lan egutegi ezberdina daukate. Hori da gatazkaren arrazoi nagusietako bat. Izan ere, lan egutegia aldatu nahi diete.
Orain hamasei asteko zikloetan egiten dute lan; bederatzi aste eta erdiko librantza dute eta gero sei aste eta erdi daude kuartelean. Unitate erabat militarizatua da. Hori ezin da zalantzan jarri.
Berrozien kasua antzekoa da, horregatik EUSPEL da Ertzainak Indarbidez babesten duen sindikatu bakarra. EUSPEL Berrozietara dago lotuta eta sumatu dute Brigada Mugikorrean aldaketak eginez gero, eurak izango direla hurrengoak.
Eusko Jaurlaritza urduri dago aldarrikapen materialek polizia eredura igaro daitezkeelako?
Ertzaintzarekin arazoren bat egon den bakoitzean, Jaurlaritzak konpondu du prebendak emanda. Ertzainek pribilegioak dituzte hasieratik. Adibidez, edozein lan publiko izateko, goi mailako titulazioa exijitzen diote hautagaiari oposizioa egin baino lehen, baina ertzain izateko ez. Are gehiago, euskarazko hizkuntza eskakizuna ez da beharrezkoa. Oposizioa gaindituta, C1 edo C2 mailako funtzionario bilakatzen dira. Horrez gain, 60 urterekin erretiratzeko eskubidea dute, gainerakook ez duguna.
Aparteko ordu arruntak egiteagatik kobratzen dituzte 21 eta 26 euro artean, gaueko aparteko lan orduak 23 eta 28 euro artean, jai eguneko orduak 24 eta 29 euro artean eta aparteko gaueko eta jai eguneko orduak 25 eta 30 euro artean. Hori da batezbestekoa, maila handiagoa izanik, diru gehiago jasotzen dute.
Pribilegio horiek heldu ziren gatazka politikoari lotutako Polizia sortu zutelako, baina hori amaitu da. Orain egoera politikoa aldatu dela, zenbait osagarri eta dieta ezin dituzte kobratu eta ez diote horri uko egin nahi. Gaueko txandak edo aparteko orduen truke ez dute kopuru bera kobratuko eta bizkartzain direnei ez diete dieta emango arropa erosteko, adibidez.
Hori guztia kentzen ari dira. Hezkuntzan eta Osakidetzan murrizketak egin ondoren, koroaren harribitxiaren unea heldu da, Ertzaintzan, alegia.
Zenbait armen erabilera ere ez al zegoen pribilegioen artean?
Bai, lehen “istilutsua” zen jendea kontrolatzeko ertzain guztiek erabili ahal zituzten gomazko pilotak. Ertzaintzaren doktrina zen segurtasunezko distantzia mantentzea manifestariekiko eta horretarako baliatzen zituzten pilotak. Horrek, aldi berean, ahalbidetzen zien protesta jendetsuei aurre egitea agente gutxirekin, bortizkeria handia erabilita.
Aldaketa hori ez zen egin Iñigo Cabacasen heriotza gertatu arte, eta hala ere, ertzainek protesta egin zuten ez zutelako nahi gomazko pilotak jaurtitzeko debekua. Egia esanda, piloten debekurik ez da egon, zenbait unitatera dago mugatuta material horren erabilera –Brigada Mugikorra, adibidez–, baina, hala ere, Ertzaintza aurka zegoen. Eta ez da ahaztu behar oraindik aukera hori dutela buruzagi baten agindu zuzena jasoz gero. Kontua da Iñigo Cabacasen erailketa baino lehen, edozein ertzainak eskumena zuela gomazko pilotak jaurtitzeko.
Edonola ere, ez Segurtasun Sailak, ez bere Sailburuak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez EAJk ezta EAJ boterean babesten duen edozein alderdik ez dute nahi eztabaidatzea zein da EAEn behar den segurtasun eredua. Eztabaida horretan sartzeak suposatuko luke onartzea sortu zutela atzean geratu den erakunde bat, eta hori gertatu dela erabakiak ez direlako zuzenak eta egokiak izan.
Bestalde, Europar Batasunaren aholkua da polizia bat egotea 500 biztanleko eta hemen polizia kopuruak hori gainditzen du, soilik Ertzaintzarekin. Gehitu beharko genituzke udaltzaingoa, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia.
Eusko Jaurlaritzak zabaldu du eskuin espainiarren zenbait indar daudela protesten atzean, zein da zure iritzia?
Arreta desbideratzeko ahalegina da. Muinean, dirua da gatazka. Ertzainek diote udaltzaingoarekin parekatu nahi dituztela euren lan baldintzak, baina zein udaltzaingorekin? Ertzain batek, akademiatik atera berritan, 2.700 euro gordin kobratzen ditu hilero. Kenkariak izango dira 500 edo 600 euro, baina gehitu behar dira dietak eta abarrak. 38.000 euro urtero oinarrizko eskalako ertzain baten kasuan. Gero, hortik gora.
Adibidez, Javier Balza Barne Kontseilaria zenean aipatu zuen Ertzaintza zela gehien kobratzen zuen Polizia, eta 2018an Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilek manifestazioa egin zuten Donostian ertzainek baino 600 euro gutxiago kobratzen zituztelako hilero.
Zeintzuk dira zure aburuz polizia ereduari buruzko eztabaidaren ardatzek?
Lehenik eta behin, polizia eredua ezin da oinarritu soilik polizia irizpidetan, baizik eta gatazken prebentzioan, elkartasun harremanetan eta justizia sozialean. Gero, Poliziaren jarduera fiskalizatzeko barne eta kanpo mekanismoak ezartzeko beharra dago, Ertzaintzan ez baitago horrelakorik. Iñigo Cabacasen hilketan erakutsi zuten ez dagoela. Dena geratu zen Ertzaintzaren esku eta ikusi genuen Deustuko polizia-etxean ez zutela egiten armen erabileraren jarraipenik eta ez zela egon kanpo batzorderik gertatutakoa aztertzeko. Barne batzordea zegoen, baina kasua epaitegira heldu zenez, bere jarduera eten zuen, Fiskaltzari ardura guztia utzita.
Kanpo eta barne batzordeak egon behar dira, bestela Iñigo Cabacasekin jazotakoa errepikatuko da; arma luze horiek ez ziren norbanakoenak, baizik eta talde edo unitate armak, baina erregistro liburuan ez zuten jaso zein agentek erabili zituen armak, munizioak baliatu ziren ala ez... Dena garbitu zuten eta ez zen inoiz ezer jakin. Kontrol neurri horiek ez dira errealak.
Beste ardatz bat teknika eta taktikak aldatzea da, hau da, oinarri akademikoa eraldatzea, eta azkenik, Polizia antolakundea aldatu.
Zer esan nahi duzu teknika eta taktikarekin?
Beste herrialde batzuetan, aurreratuagoak esparru honetan, polizien trebakuntzak irauten ditu bi edo hiru urte, hemen bederatzi hilabete. Horrek zer esan nahi du? Ertzaintzaren polizia eredua dela Espainiako Poliziaren kopia, hori baita Ávilako polizia akademiaren ikastaroaren iraupena. Kanadan, esaterako, hiru urte eta zazpi hilabeteko trebakuntza jaso baino lehen, goi batxilergoko segurtasun gradua gainditu beharra dago, hiru urtekoa.
EAEn oinarrizko ikasketak duen edonork prestatzen ahal du oposizioa eta hori gaindituta, Arkauten sartzen da.
Polizia eredu asko dago?
Batzuk ezagutzen ditugu. Tolerantzia zerokoa Guardia Zibilarena da. Eredu tradizionala Espainiako Poliziarena eta Ertzaintzarena da, nahiz eta Ertzaintzak jokatzen duen beste eredu batekin, arazoen konponketarako ereduarekin. Izan ere, batzuetan herri txikien udaltzainak izango balira bezala jokatzen dute. Horretaz gain badago gertutasuneko eredua, Erresuma Batuan baliatzen dutena, eta Quebeceko eredu komunitarioa.
Bide batez, nabarmendu nahi dut Euskal Poliziaren Legearekin orain udaltzain guztiek jasotzen dutela trebakuntza Arkauten eta kexek gora egin dutela. Lehen udaltzaingoa independenteagoa zen, udalen esku zegoelako.
Aldaketa hori gertatu da Eusko Jaurlaritzak eraldatu nahi duelako Arkaute; polizia fabrikatik, segurtasun akademiara. Horregatik suhiltzaileen oposizioa ere egin dute –hautsak harrotuta– eta anbulantzien gidarien trebakuntza ere hartu nahi dute.
Zuk garrantzia handia ematen diozu Arkauteko akademiari.
Argi dago polizia eredua eraldatzeko oinarri akademikoa aldatu behar dela. Arkauteren oinarria da duela 40 urteko eredua eta nahiz eta eguneratzen joan, erroak ez dira aldatu.
Adibidez, Quebecen dagoen eredu komunitarioa garatzeko erroz aldatu beharko litzateke, baina ez hori bakarrik. Izan ere, komunitateak Poliziaren kontrola izateko bere jarduera fiskalizatzeko tresnen beharra dauka. Ez da gobernuaren edo kontseilariaren ardura hori egitea, baizik eta batzorde independente batena.
Eredu komunitarioak esan nahi du agenteek ezagutzen dituztela gizartea eta komunitatea. Gizarte zibilarekin bildu beharko lirateke. Izan ere, segurtasuna ez da poliziaren eskumena, edo ez soilik; osasuna, ongizate gizarteko zerbitzuak eta abar daude barruan. Hori guztia landu beharra dago, bestela poliziak soilik erantzungo die delituei, errozko arazoei erreparatu gabe.
Eredu hori jarraiki, zer aldatu beharko luke Ertzaintzak?
Lehenik eta behin, ez dela batere hurbila. Ezinezkoa da, komunitatea ezagutu behar baituzu horretarako eta horrek ekartzen du auzo, gizarte edo hezkuntza eragileekin biltzea eta harremana izatea. Ertzaintzan dagoen kulturan badirudi horiek direla etsaiak, hori baita jasotzen duten trebakuntza akademikoaren emaitza.
Ertzainentzat herritarrok zibilak gara eta eurak beste kategoria batean daude. Uste dute gainetik daudela, baina okerrena da pribilegioen bitartez erakusten dietela badaudela gizartearen gainetik. Adibidez, bi orduz utzi diete tranbiaren trafikoa eteten Gasteizen, beste edonori ahalbidetu ez diotena. Beste kasta bat da, herritarron gainetik dagoena, zenbait pribilegio dituzte eta ahazten dute herritarrok ordaintzen diegula.
Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.
Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidenteak azaldu du gertaturikoa “argitzeko” eskatu diola Polizia autonomikoari. Zauritutako Amaia Zabarteren familiak klubari egotzi dio publikoki ez gaitzestea erasoa.
Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.
2018ko maiatzean Getxoko Ertzaintzaren komisarian jipoitu zuten Silvia emakume migratu eta arrazializatua, bidegabeki atxilotu ostean. Epaiketan zigor arinak ezarri zizkioten ertzain bati, baina emakumea ere zigortu zuten desobedientzia leporatuta. Silviak Espainiako Epaitegi... [+]
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.
Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak asteazkenean jakinarazi zuen: azarotik aurrera, bideo-kamerak eramango dituzte soinean ertzainek. Ohikoa da poliziek, inolako disimulurik gabe, kamerak eskuan hartu eta interbentzioren batean gertatzen ari dena grabatzea;... [+]
Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.
Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.
2021eko urtarrilaren 20eko istiluetan atxilotutako sei gazteek epailearen aurretik pasatu beharko dute urriaren 22an.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak orain arteko bertsioari eutsi dio. Bestalde, esan du Amaya Zabartek, martxoan PSGren kontrako futbol partiduan Anoetan larri zauritutako Realeko zaleak, ez zuela bere deklarazioan aipatu ertzain batek ostikoa jo zionik.