Lucia Martinez nutrizionistarekin solastu da Edurne Elizondo kazetaria eta Nor talde antiespezistako kidea dieta begetarianoen inguruko hainbat gakoren inguruan.
“Begano izateak, halere, ez du erran nahi ergel ez izatea”. Hori da gakoa gizakiz bertzeko animaliarik gabeko dietak zalantzan jarri nahi izaten dituzten albisteek kontatzen dituzten istorioetan. Horixe nabarmendu du Lucia Martinez dietista eta nutrizionistak. dimequecomes.com izeneko bloga zuzentzen du, eta hainbat libururen eta artikuluren egilea ere bada (Vegetarianos con Ciencia eta Vegetariaos Concienciados, bertzeak bertze). Elkarrizketa egin diogu, eta, hasteko, erran du beganismoari bertze ezerk baino on handiagoa egiten diola ekintzaile osasuntsuak izateak. B12 bitamina hartzen ez ahazteko eskatu die.
-Ez dago arazorik barazkijale izateko?
Ez dago inolako arazorik. Barazkijale izan gaitezke, eta hori ez da iritzi bat. Hamaika erakundek hartu dute dieta begetarianoen aldeko jarrera. Hamaika erakundek egindako ikerketek babesten dituzte dieta horiek. Garrantzitsua da argi uztea B12 bitamina hartu behar dutela barazkijale diren edo arrautzak eta esnekiak ere jaten dituztenek. Behar bereziak dituztenei edo gaixotasun zehatz bat dutenei bertze gisa bateko aholkuak eman beharko dizkiegu, baina, oro har, nahikoa da B12 bitamina hartzearekin.
-Osasuntsuak dira dieta begetarianoak?
Izan daitezke. Izan daitezke osasuntsuak edo guztiz kaltegarriak gure osasunarentzat. Patatak eta Coca Cola bertzerik ez baditugu hartzen, dieta txarra izanen da gurea. Baina hori gertatzen da edozein dietaren kasuan. Dieta tradizionaletan ere bai. Horregatik ditugu gaur egun ditugun bigarren motako diabetes kasuak eta gaitz kardiobaskularrak, bertzeak bertze. Argi utzi behar dugu begetariano edo begano etiketak ez duela zertan erran behar zerbait osasuntsua denik; gure dieta osasuntsua izanen da egiten dugun plangintzaren eta egiten ditugun hautuen arabera.
-Bultzatu beharreko dietak dira begetarianoak?
Nik argi dut beti izanen dela onena ez zuri ez bertze inori min ematen ez dion elikatzeko modu baten alde egitea. Dieta begetarianoak gizakioi eta bertze animaliei egiten digu mesede, planetari egiten dio mesede, eta laguntzen du mundu etikoago bat eta justizia sozial gehiago lortzeko bidean urratsak egiten. Uste dut inork ezin duela erran hori guztia lortzea ona ez denik.
-Begetariano edo begano dena ez da derrigorrez ona; ezta txarra ere, ezta? Ideia hori zabaltzen dute anitzek, ordea.
Bai, bi mutur horiek ditugu. Begano hilezkorraren ideia zabaltzen duten beganoak, batetik; eta, bertzetik, beganoei gorroto dietenak; horiek zabaltzen dute indarrik gabe eta arrastaka mugitu behar duen beganoaren ideia. Arazoa sortzen da gisa horretako ideiak osasunaren arloko profesional batek bultzatzen dituenean. Begano ahul eta gaixoaren ideia horrekin bat egiten duen profesionalak erakusten du, batetik, bere formakuntza hutsaren hurrengoa dela, eta erraten duenak ez duela bat egiten, inondik inora, gaur dakigunarekin. Gisa horretako profesional bat aurkituz gero, onena litzateke bertze bat bilatzea.
-Zer dakigu gaur lehen ez genekiena?
Lehen mundu deituriko horretan bizi eta elikagaiak eskura dituzten herritarrez ari garela kontuan hartu behar dugu. Gaur badakigu begetarianoek ez dutela ez direnek baino anemia gehiago; badakigu ez dutela proteina falta gehiago. Badakigu, ordea, begetarianoen artean gehiago direla B12 bitamina gutxi dutenak, eta, ondorioz, hartzeko aholkatzen dugu. Duela gutxira arte, uste zen arrautzak eta esnekiak hartzen zituzten begetarianoek ez zutela bitamina hori hartzeko beharrik, baina 2013tik egindako ikerketek agerian utzi dute baietz, eta horiek ere hartu behar dutela B12 bitamina.
-Animaliak jaten dituzten gizakiek bertze animalia horiei emandako B12 bitamina hartzen dute?
Kasu gehienetan bai. Industriak hazten dituen animaliek jaten duten pentsuak badu B12 bitamina. Hegaztien kasuan, B12 bitamina bera botatzen diote pentsuari. Behien kasuan, berriz, kobaltoa ematen diete. Kontua da animaliok beren B12 propioa sor dezatela beren digestio sisteman, baina hori egiteko kobaltoaren gisako substratu bat behar dute. Haztegietatik at harrapatutako arrainak dira B12 bitamina berez dutenak. Arrain-haztegietan pentsua jaten dute, eta pentsuari botatzen diote B12 bitamina.
-Kontsumitzaile kritikoa aldarrikatu izan duzu zuk. Zaila da hori lortzea?
Zaila da kontsumitzaile kritiko bat izatea, industriak diru eta botere handia duelako. Eta diru eta botere hori erabiltzen du bere produktua saltzeko, eta bere produktuaren onurak saltzeko ere bai. Industriak nahi dituen ikerketak ordaintzen ditu, bere produktuen aldeko mezuak zabaltzeko. Ikerketa batek agerian utzi zuen, duela gutxi, haur batek janariarekin lotutako 25 iragarki jasotzen dituela egunean, bide ezberdinetatik. Horren kontra borroka egitea zaila da, ez baitugu baliabiderik. Nik ezin dut iragarki bat jarri telebistan, baina Nestle etxeak bai. Marketin kanpaina hagitz onak egiten dituzte, onenak kontratatzen dituztelako horretarako. Hori egiteko dirua badute. Hori ikusita, hagitz zaila da kontsumitzaile kritikoak lortzea, beren ondorio propioak ateratzeko gai izanen direnak.
-Nutrizionistak ez du horretan laguntzeko aukerarik?
Hemen nutrizionistak ez daude osasun sisteman txertatuta, eta Europako bertze herrietan bai. Oinarrizko arretan nutrizionistarik ez da, eta ospitaleetan, berriz, gutxi. Ondorioz, nutrizionistarengana jo nahi duen herritarrak ordaindu egin behar du. Ikasketek ere bide motza egin dute hemen; duela hogei urte baino gutxiago sortutakoak dira. Hego Amerikan, adibidez, anitzez ere bide luzeagoa egin du nutrizionistaren figurak, eta badu osasun arloko gainerako profesionalen errespetua. Hemen ez da hori gertatzen. Han formakuntza hobea da, eta anitzez ere gehiago egiten dute lan ospitaleetan. Osasun sisteman txertatuta daude.
-Profesionalen aholkua jasotzeko aukerarik gabe, errazagoa da dieta begetarianoen inguruko mitoak zabaltzea?
Haurren kasuan piztu ohi da eztabaida gehien. Haurrak begetarianoak badira, gurasoek beren dieta inposatzen dutela erraten dute. Gainerakoek erreferenduma egiten dute umeei zer eman erabakitzeko? Argi dago haur bati dena inposatu egiten diotela gurasoek, ez baitu bere kabuz erabakitzeko gaitasunik. Badira beren haurrak gaizki elikatzen dituzten guraso beganoak? Bai, badira. Eta badira, noski, beren haurrak gaizki elikatzen dituzten eta beganoak ez diren gurasoak ere, dieta tradizionalaren aldekoak. Kontua da bigarren kasu horretan inork ez duela inolako eztabaidarik pizten.
-Beganoen inguruko berriek mugimendua ezbaian jartzea bilatzen dutelako?
Albiste horiek tratatzeko modua ez da batere egokia. Eta argi utzi behar dugu halako kasuetan haurra ez dela gaixotzen beganoa delako, gurasoak ergelak direlako baizik. Baina dieta tradizionala duten gurasoen kasuan ere gertatzen da hori. Horiek ez dira hedabideetan ateratzen; aterako balira, egun osoa emanen genuke haiei buruz hitz egiten. Ohikoa da dieta tradizionala duten eta umeak gaizki elikatzen dituzten gurasoen kasua. Horregatik ez da albiste.
-Zer erranen zenuke zalantzak bazter uzteko?
Nik uste dut zalantzak bazter uzteko behar den gauza bakarra dela aurreiritzirik gabe entzun nahi izatea. Osasun arloko profesionalei buruz ari bagara, nahikoa da pertsona horrek trebatu nahi izatea zalantzak bazter utzi ahal izateko. Herritarren kasuan, uste dut arazo nagusia gure erabakiak zamatzen dituen aurreiritzia dela. Informazioa egon badago, eta argia da; entzun nahi izatea da kontua. Aurreiritzirik gabe.
-Gauzak aldatzen hasi direla uste duzu?
Uste dut baietz. Oraindik ere gaizki ematen dira beganismoari buruzko berri anitz, baina orain hedabide nagusietan dago gaia, eta, kasu anitzetan, modu egoki batean jorratuta. Uste dut garrantzitsua dela gauzak aldatzea ere osasun sisteman, osasun arloko profesionalen artean, eta esparru horretan ere urratsak egiten ari garela uste dut. Ezinbertzekoa da profesional horiek trebatzea, barazkijaleak behar bezala artatu ahal izateko.
Elkarrizketa hau Nor talde antiespezistak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.
Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Udaberrian orain dela egun gutxi sartu gara eta intxaurrondoa dut maisu. Lasai sentitzen dut, konfiantzaz, bere prozesuan, ziklo berria hasten. Plan eta ohitura berriak hartu ditut apirilean, sasoitu naiz, bizitzan proiektu berriei heltzeko konfiantzaz, indarrez, sormen eta... [+]
“Hondakinik ez platerean!”. Hori zen kontsigna gure txikitako otorduetan. Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte, lodiarazten zuelakoan... [+]
Bizkaigane elkarteak elikadura burujabetzan oinarritutako proiektua du Errigoitin (Bizkaia), 1983tik. Instalazioak dauden lur eremutik aterarazi nahi du lur jabeak elkartea. EHNE Bizkaia sindikatuak adierazi duenez, instalazioek lege eta administrazio eskakizun guztiak betetzen... [+]
Martxoaren 10etik 26ra izango da udaberriko kanpaina. 'Beste modura, denona de onura' lelopean arituko dira gertuko ekoizpena, banaketa eta kontsumoa babestu eta sustatzeko, ager zonaldean euskara hauspotzen duten bitartean. Apirila amaieratik aurrera jasoko dira... [+]
Euskal Herriko bi muturretatik datoz Itziar (Bilbo, 1982) eta Ekaitz (Erriberri, 2002), sortzen ari den Burujabetzaren Aldeko Mugimenduaren berri ematera. Euskal Herrian diren burujabetza prozesu ugariak arloz arlo bultzatu eta indartu nahi ditu BAMek. Lan horretan hasteko,... [+]
Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin nahasi izana... kontsumitzaileen osagarria bigarren mailan jarri eta bere interes... [+]
Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.
Zuhaitza esnatzear dago, kimuak ageri dira adarretan. Gutxi falta da loraldirako, laster aro berria hasiko du, indarberrituta.
Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin estrategikoetako 210 mila tona merkaturatzeko agindua eman du,... [+]
Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]
Pandemiaren ondorengo testuinguruan, elikadura –ustez oinarrizko eskubide den hori– lantzeko mugitzen hasi zen talde bat Gasteizen. “Militantzia esparruan beste gaiak jorratzen ari ziren ordurako, etxebizitzarena kasu, baina elikadura ardatz hartuta ez zegoen... [+]
Errezilera bizitzera joan eta sagarrondoak landatu zituen Satxa Zeberiok, Bio-K proiektuaren bultzatzaileak, duela zenbait urte. “Iritsi zen sagarrekin zerbait egiteko momentua, eta sagar zukua eta sagardoa ekoizteari ekin genion orduan”, azaldu du. 2015ean sortu... [+]