Hego Euskal Herriko zenbait sektore ekonomikotan argi izpiren bat ikusten hasi dela dirudi: geroz eta jarduera gehiago daude baimenduta kalean, pixkanaka hasi ahalko dira irekitzen martxoaren erdialdetik itxita egon diren tabernak eta dendak, baina distantziamendu soziala bermatzeko ezarri diren edukiera mugak eta bestelako neurriak ikusita, gauzak ez daude batere argi krisi honetatik oso kaltetuta atera daitekeen lokal mota batentzat: kontzertu aretoak.
“Itxita gaude eta pertsonal guztia aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean”, azaldu du Iruñeko Zentral aretoko Michel Labatek. “Erabateko ziurgabetasuna da une honetako egoera”, dio Donostiako Dabadaba aretoko Alex López Allendek. “Premisa da ahalik eta gehien eustea eta gastuen gurpiletik ahal den guztia izoztea. Honen irteera irudikatzen saiatzen ari gara, baina momentuz itsumustuan ari gara”, gaineratu du. Antzeko panorama Bilboko Kafe Antzokian ere: martxoak 20 ekitaldi galdu dituzte eta apirilean 26, “horrek gure etxearentzako, langileentzako, hornitzaileentzako, talde eta elkarteentzako zein bezeroentzako dakarren galerarekin”, esplikatu dutenez.
Kasurik onenean maiatzaren 25ean ireki ahal izango dira kontzertu-aretoak eta joan den asteartean Espainiako Gobernuak iragarritako lau faseko deskonfinamenduan zuzeneko emanaldientzat ezarri diren mugak kontuan izanda –lokal itxietan gehienez 50 lagun elkartu ahalko dira–, aretoen etorkizuna kolokan dago. Kafe Antzokiak hedabide honi garbi adierazi dio, tunelaren amaiera gertu ote dagoen galdetzean: “Iragarritako neurriekin gertuago egon daitekeena hondamendia da. Iragarri diren neurriek, ez dute gure lana bideragarri egiten duen kontesturik ezartzen”. Diru-galerak izango dituzte ezarritako edukiera-mugen erruz, eta ez bakarrik programazio kulturalean; baita hau bermatzeko ezinbestekoak diren ostalaritza-zerbitzuetan ere.
“Egiturari eusten dion hanka faltako litzaiguke”, azaldu du Dabadabako López Allendek. “Dabak dagoeneko egiten ditu 100 lagun baino gutxiagorentzat kontzertu asko, baita 50 lagunentzako ere. Eszena minoritarioagoen isla dira, genero arriskatuagoenak, oraindik ezezagunak diren talentu berriak... Kontzertu horiek denak defizitarioak dira beti, eta horiek egitea posible da aretoa topera betetzen duten kontzertuei esker”. Alegia: areto batek dauzkan gastuak berdinak dira eta ia ezin daiteke ezer aldatu, kontzertua 50 lagunentzat izan edo 300entzat. “Beraz, ez da bideragarria”.
Zentralek ere ez daki noiz eta nola ireki ahal izango duten Iruñeko Burguen plazako aretoa: “Ez gara hasiko poliziarena egiten. Honek erretzeko debekuarekin gertatzen dena ekartzen dit gogora: norbait barruan erretzen ikusten dute eta isuna niri sartzen didate”, azaldu du Labatek. “Eta orain jendea kutsatzearen erruduna ni izango naiz? Ez daukagu adorerik, ezta gogorik ere, horretan sartzeko”.
Normaltasun berriko isiltasuna
Egoera hori izanda, zaila da baldintzapenak betez kontzertuak antolatzea galera ekonomiko handiak izan gabe. Formula berriak probatzeaz hitz egin du Zentral aretoko Labatek, adibidez, saio bikoitzak egitea. Bere ustez, artistek mota horretako ahaleginak egingo lituzkete, izan ere, mundu guztia dago egoera larrian une honetan eta elkar laguntzeko joera sumatu du. “Baina ez daukagu horrelako zerbait egin ahal izateko markorik”.
“Eutsi ezina den egoera batean egokitzeari buruzko ariketak egitea zaila da. Lehenik, denontzako (areto, talde, bezeroentzako...) jasangarria den egoera bat egon beharko da, eta hortik abiatuta beharrezkoak diren neurriak hartuko dira”, esplikatu dute Kafe Antzokiko arduradunek ere.
Publiko murritzeko kontzertuetan balantze ekonomikoa orekatzeko sarreren prezioak igotzeko arriskurik bat ote dagoen galdetuta, aukera hori baztertu du López Allendek: “Hau ez da gure sektorearen krisia bakarrik, gizarte osoaren eros-ahalmena gutxituko da eta beraz, beste mota bateko soluzioak bilatu beharko ditugu”.
Hori bai, Kafe Antzokiak eta Zentralek bezala, Dabadabak ere konjeturatzat dauka une honetan egoera berrira moldatzeko aukerez jardutea. Informazioa ere falta zaie: tantaka eta hedabideon erretransmisioen bidez jasotzen ari dira euren lanerako ezinbestekoa izango den informazioa. Ez da modurik aproposena erabakiak hartzen hasteko.
Eszena lokala indartuko da?
Egoera den bezain gorria izanda, etorkizun hurbilean zerbait positiboa ikusi ote daitekeen ere galdetu diegu hiru areto hauetako ordezkariei. Adibidez, Espainiako Gobernuak ezarri dituen mugitzeko baldintzen eraginez –probintzia bihurtu da erreferentziazko unitatea– eszena lokala indartu ote daitekeen, atzerritik puska batean behintzat musikaririk ez dela etorriko kontuan izanda.
“Publikoak horrelako programazio baten aurrean nola erantzungo lukeen ikusteko jakin-mina daukat”, azaldu du López Allendek. “Normalean, gutxienez Donostialdean, bertako artistari kosta egiten zaio jendea tiratzea. Baina gustatuko litzaidake ikustea nola garatzen den eszena bat derrigorrez intimoagoa izango dena. Artista eta publikoaren artean konplizitateak sor daitezke, normalean gertatzeko zailak direnak”.
Baina probintzia muga bihurtze horrek handicap handiak ditu, baita bertako eszenari begira ere Kafe Antzokikoen ustez: “Saiatuta ere, ezinezkoa egiten zaigu egoera latz honi alderdi positiborik aurkitzea, eta ez gure arloan bakarrik. Taldeak eta ikus entzuleak libre mugi daitezkeen egoera batekin konparatuta, beste edozer galera tamalgarri bat da. Bestetik, gutarrak diren nafar, lapurtar eta zuberotarrak gerturatu ahalko dira?”.
Musika kutsakorra
“Asko aldatu behar dugu rockaren mundukook baldintza hauetan kontzertu bat segurua izan dadin”, gaineratu du Labatek. Bere esanetan, psikosi puntu bat daukagu denok barruan koronabirusaren hedapen azkarragatik eta, beraz, tentuz ibili behar da. “Hasten baldin bagara aretoetan jendea sartzen edozein modutan, irudi txarra eman dezakegu”. Horrek epe luzera begira beste zalantza bat ere jartzen du mahai gainean: kontzertuak estigmatizatuta geratuko dira kutsadura-foku potentzial gisa? Ezetz uste du Labatek: “Jendeak ez du metroa estigmatizatzen, bertan jende asko pilatzen den arren”, adierazi du. Baina, hori bai, “beldurraren bidez” sartu gaituztela etxean deitoratu du.
López Allendek zalantza dauka estigmatizazio posible horri buruz, “eta ez bakarrik musikarekin, baizik eta gertutasun handiagoa eskatzen duten beste edozein jarduerarekin. Ez dakit zer nolako beldurrak hartu ahal izan ditugun, eta denak izango dira ulergarriak”.
Baina Kafe Antzokitik esan diguten moduan, “musika, dantza, antzerkia, bertsolaritza... beti izan dira kutsakorrak pentsamendu librean, askatasun aireetan... Beste motako estigmak jendearen zentzu onak uxatuko ditu, darabilkigun gaitzarekin gertatuko den bezala”.
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.
---------------------------------------------------------
Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.
Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere... [+]
22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]
Bidea da helmuga
Kokein
Balaunka, 2024
--------------------------------------------------
Eibarko rock talde beterano hau familia oso desberdinetako lagunek osatu zuten aspaldi eta ia fisurarik gabe hamarkadatan eutsi dio. Izan ditu atsedenak, gorputzak hala eskatu... [+]
Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen.
Duela 150 urte, 1875eko martxoaren 7an jaio zen Maurice Ravel musikagile eta konpositorea, Ziburun. Mundu mailan ospetsu dira haren lanak, bereziki Boleroa. Sarri aipatzen da Parisen bizi izan zela, kontserbatorioan ikasi zuela aro berri bateko irakasleekin, munduko txoko... [+]
Zuloa
Merina gris
Sonido Muchacho, 2025
-------------------------------------------------------
Euskal Herrian ez da orain arte horrelako musika elektronikorik egin. Esango nuke Merina Grisek historian euskaraz egin den elektronika eta hyperpop diskorik landuena egin... [+]
Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean, Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]
Bidai on bat
Braulio
Autoekoizpena, 2024
-----------------------------------------------------
Nik ez nioke talde bati Braulio izena jarriko; eta seguruenik inork gutxik hasiko luke lan bat sei minutuko iraupena duen kanta batekin. Baina hauei parra die eta horri esker... [+]