Jorge Loza monologistaren eskoletara joaten hasi zen Gasteizera eta Bilboko La Tallerren egin zuen lehenengo saioa, eta gustua hartu dio; artista egoiliar da harrezkero. Tamalez, beste hainbati bezala, hitzartutako azken hitzorduak bertan behera laga arazi dizkio koronabirusak.
Bakarrizketan hasi berri zara. Zelan orain artekoa?
Oso pozik! Tira, barrenean daramazun hori guztia, nerbio guztiak eszenatokian, hori ez daroat ondo, baina errodajea egindakoan lasaituko naiz! Bestela, orokorrean, pozik. Erronka potolo bati heltzen, zeren barre eragitea oso oso zaila da, baina pozik barre apurtxo bat eragiten banabilelako.
La Tallarreko artista egoiliarra zara. Hori aurkezpenerako bada zerbait.
Bai, benetan! Han egin nuen debuta eta jada bi estreinaldi egin ditut bertan hiru hilabetean. Dena ari da etortzen opari polit moduan. Lehenengo hau egiteko erabakia hartzea izan zen, eta eskerrak eman behar dizkiet xaxatzen aritu ziren ingurukoei. Apurka-apurka egiten ari den gauza bat da. Jendeak zugan sinesten du, konfiantza adierazten dizu, ondo pasatzen du... Eta halako batean eskaintzen dizute artista egoiliarra izatea, eta, aurrera! Era horretan ez zaude hain bakarrik zeren bakarrizketatzailea beti dago bakarrik.
Nola antolatzen zara? Alegia, denak balio al du bakarrizketara ekartzeko?
Ikastaroa egiten aritu nintzenean gai batzuk jorratzeko aukera eskaini zuen irakasleak. Horri tiraka zure gertukoena den gaia hartzen duzu, atera gura duzun hori. Inspirazioa askotan ez da behar izaten, gaia pare-parean izaten baitugu. Nik, esaterako, nire lanaren inguruan ekin nion. Artistak eta kazetariak, 1.0 sortu nuen lehenengo; 1.0 ipini diot gaiak askorako ematen baitu: bizitza osoa daramat irrati-esatari. Martxoko estreinaldian, aldiz, Ama txinpartak izenekoa eskaini nuen. Kasu horretan, ama ere banaizen aldetik, horixe erabili dut bakarrizketan. Hor ama sorginak hitz egiten du, ez kazetariak; askorako ematen du horrek ere!
Errigoitiko bakarrizketan irratiko kazetariaren lanaz aritu zinen. Iruditu zitzaidan terapia modura ere badarabilzula.
Guztioi pasatzen zaigun zerbait dela uste dut: kontatzen duzun horretaz barre egiten duzunean korapiloa askatu egiten dela. Sarritan esan izan didate nirekin barre asko egiten dutela eta zein ona den hori. Nire bira honetan ezagutu dudan jendeak ere esaten dit "zeinen terapia ona zaren". Beraz, ni pozik eta eurak ere pozik. Hau opari bat da. Erabaki dut dudan onena oparitzea; deitu terapia nahi baduzu, baina oso oso komenigarria da denontzako ingurukoekin gustura non zauden topatzea eta horri tira egitea.
Diozu ez dela erraza barre eragitea, baina umorea zuretzako gogo-aldartea dela esango nuke.
Bai, hor dago koska. Kontua da niri guztiak ematen didala barregura, baina horrek ez du esan nahi gainerakoei barregarria iruditzen zaienik. Hortxe dago egin beharreko lana; horregatik diot ez dela erraza. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko zer hori topatzea ez da erraza. Lortu behar duzu denok ulertzeko moduko zer bat sortzea, mezua guztiei helaraztea, iristea.
Eta umorearen mugak? Baditu mugak umoreak? Zuk zeuk mugarik jarri diozu zure sormen umoristikoari?
Tira, denok dakigu zein den gainditu behar ez dena; alegia, norbait mintzea saihestu behar duzu. Baina printzipioz ez dago mugarik. Beti minduko da norbait, hartzen duzun gaia edozein dela ere; beraz, min hori ahalik eta txikiena izaten saiatzen zara, tirita batekin konpontzekoa. Desatsegina ez izatea lortu behar duzu; bizitzan bezalaxe. Denaz berba egiteko eta denaz barre egiteko asmoa daukat, denaz egin daitekeelako barre, beti ere zure buruaz barre egiten baldin badakizu. Horixe da lehendabiziko ikasgaia. Behin zure buruaz barre egiten ikasten duzunean… hortik aurrera, edozer.
Ingurukoek zer esan dizute?
Denek esan didate gauza bera: "Banekien horretarako balio zenuela, horrelakoa zara!". Are gehiago, eszenatokian ikusten nautenean esaten didate nirekin daudenean bezalaxe ikusten nautela. Baina niretzako ez da horrela. Nik, berez, ez ditut izaten kirioak dantzan, baina eszenatokian... Beraz, sorpresa izan da pausua eman dudalako, baina aldi berean ez dira harritu. Hala ere, eskertuta nago bultzaka ibili diren ingurukoei eta baita La Tallerreko Tania eta Maiteri. Lehenengo eta behin norberak sinetsi behar du, baina ingurukoek zugan sinesten badute eta aukera ematen badizute asko laguntzen du.
Lehenengo bakarrizketa euskaraz izan zen, baina gaztelaniaz ere aritu zara. Erosoen nola?
Lehenengoa zein azkenekoa izan dira euskaraz; biak La Tallerren eta biak estreinaldiak. Oso pozik nago erantzunarekin. Baina zortzi saio egin ditut eta guztiak izan dira desberdinak: gaztelaniaz aritu nintzen herri txiki batean, hala eskatu zidatelako; beste batean inaugurazio berezi bat zelako elebidun egiteko eskatu zidaten. Beraz, ikusteko dago zein izango den aurrerantzean ibilbidea.
Batean zein bestean, jendeak barre egin duela sumatu duzu; helburua lortuta.
Bai, hizkuntza ez da arazo izan. Errigoitikoa aipatu duzunez, esango dizut atzerritar batzuk egon zirela han –baita La Tallerren ere– eta emanaldi amaieran batek "wonderful" eta besteak "excellent" esan zidatela. Egin kontu! Beraz, pentsatu nahi dut zerbait iristen dela, heltzen naizela.
Umorea bizi-poz
Arrasatearra sortzez, irrati esataria lanbidez eta orain bakarrizketa-egile. Dioenez, "umorea da bizitzako bizi-poza; hori da nire amak oparitu didana. Berari ere omenaldia egin gura diot; izan ere, berak orain duen gaixotasunagatik ezin du berba egin. Zoriontasuna oparitzea, eta poztasuna lau haizetara zabaltzea hartu dut erronka legez".
Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.
Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.
Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]