Irailean ekingo diote berriz asanbladari.
Debagoiena Zutik izan zen altxa zen lehenengotako bailara. Ekainaren 20an hasita 3 eguneko kanpaldia egin zuten: Donostian, Gipuzkoa Zutiken kanpaldiaren azken egunak ziren. Hurrengo fasera pasatzeko, herrietan erreleboa hartzen lehenetarikoak izan ziren.
Debagoiena bailarako 7 herri batzen ditu ekimenak eta ekaineko hura oso jendetsua izan zen: Goienak artikulu honetan kontatu zuenez, 400 herritar batu ziren 19:00etako kontzentrazioan, Mankomunitatearen parean. 100 bat lagun geratu ziren ondorengo asanbladan, eta 40 bat lotan.
Debagoienako kide batek horrela kontatu digu egin zuten lanketa:
"Bi asanblada egin genituen. Lehenengoan, Donostian gauzatzen ari zen Gipuzkoa Zutiken muinaz aritu ginen, erraustegia sinboloa zela eta horren bueltan bizitza eredua lantzea zela gakoa, eta hori gure bailaran nola planteatu aztertu genuen. Bigarren asanbladan aurrera begira zer egin pentsatzen aritu ginen, bailaran diskurtsoa nondik eraiki eta zer ekintza egin. Hor ikusi genuen erraustegia bailaratik urrun geratzen zitzaigula, eta dagoeneko zabalduta zegoela herritarren artean diskurtsoa, denek Debagoienaren moduan egingo balute ez litzatekeela Gipuzkoan erraustegirik behar izango. Baina erraustegi proiektuaren zati den Epeleko zabortegiaren gaia gure bailaran bero bero dagoela ikusi genuen, eta horregatik, zabortegi horren gaiari pisua ematea adostu genuen".
Udan herri bakoitzak bere festak
Udari begira, herriko festak direla eta jendea oporretara doala, funtzionamendua baldintza horietara egokitzea erabaki zuten: bailarako asanbladak deitu beharrean, herri bakoitzak bere festetan presentzia bere modura landuko du.
Hurrengo hitzorduak: irailak 3an asanblada
Udazkenari ekiteko, irailak 3an, larunbata, batuko da hurrena Debagoiena Zutik. Aurreko aldian bezala Mankomunitate aurrean, goizeko 10:00etan.
Zubietako errauskailuak 1.200.000.000 euroko kostua izango du eta gipuzkoarron poltsikoetatik ordainduko dugu. Debagoienean lortu dugun %80 inguruko birziklapen maila Gipuzkoa osora hedatuz gero, ordea, ez genuke zabortegi kutsakor eta erraustegi toxikoen beharrik.