Egunotan dantza-talde, eskola, akademia eta elkarte gehienak zoratuta ditu dantza jarduera berrartu ahal izateko prestatu beharreko protokoloak. Kirolean eta beste hainbat jardueratan ereduak dauden bitartean, dantzari ez diote begiratu oraingoz osasun-arduradunek, eta ez dago ez jarraibiderik, ez jarduera berrartzeko protokolo eredurik ere.
Kirola bailitzan hartu behar dugu? Kultura jarduera moduan? Eskolei ezarritako irizpideak aplikatu behar dira? Inork ez du erantzunik eta bakoitza ahal bezala moldatzen ari da. Edo ez. Izan ere, asko dira geldi jarraitzen dutenak, dantzarik gabe daudenak, baldintza berriak bete ezinak gertatzen zaizkielako edo horiek bete beharrak dantzak eskaintzen zion bizipoza kamusten dioenez, baldintza horietan dantzatzeak ez duela merezi iritzi diotelako.
Dantzak pandemia garaiotan dagoen egoera larriari begiratzen hasi ginen aurrekoan "Dantza kinka larrian jarri du pandemiak" sarreran. Euskal dantzaren alorreko hainbat ekarpen interesgarri izan dira bertan, hurrenez hurren Patxi Montero, Iker Tubia, Oier Araolaza, Aritz Ibañez eta Mikel Sarriegiren eskutik. Gehienek norantz jo erabakitzeko ezintasuna eta babesgabetasun egoera salatu dute. Dantza zein ataletan kokatu behar den erabakitzeko zailtasunari erreparatu dio Patxi Monterok. EAEko araubidean honako aukerak eta baldintzak identifikatu ditu:
Jarduera fisikoari dagokion atalean jarduera fisiko biziari buruz dagoen aipamena dela eta askok egunotan buruan duen galdera egin du Patxi Monterok: "dantza jarduera fisiko bizitzat har daiteke?". Nafarroako araubideari begiratu dio Iker Tubiak eta bertan dantzari dagokionez aipamen hau aurkitu du:
- Dantzaren irakaskuntza edo praktikarako aretoetan, pertsonako 5 metro karratuko irizpidearen arabera kalkulatuko da aforoa. Gainera, 1,5 metroko tartea ezin bada ziurtatu musukoak erabili beharko dira.
Protokoloak prestatzeko lehen arazo handia dantzarako espazioak eragiten du. Dantzariak beti izan gara kexu ez dela dantzarako azpiegitura publiko egokirik. Orain urte gutxi arte apenas zegoen dantza-gelarik gure herrietan eta azken urteotan ugaritu badira ere, gehienetan ez dituzte ez tamainari ez instalazioei dagokienez (lurra, tapiza, zutabeak, ispiluak, argiztapena, aireztapena, aldagelak, e.a.) gutxieneko premiak betetzen. Abiapuntua hori bazen, covid19aren kutsatzeak saihesteko ezarritako distantzia eta edukiera mugekin dantza-gela gehienak erabiltezin geratu dira. Eibarko Kezka dantza taldearen kasua kontatu du Oier Araolazak:
Gure taldearen, Kezkaren, ohiko entsegu-tokiak, kultur etxe batean dagoen dantza-gelak, 135 m2 ditu eta aforoa mugatzerakoan bertan gehienez 14 laguneko sartzeko muga du orain. Martxa normalean izaten dira egunak 14 baino gutxiago elkartzen garenak, baina hortik gorako egunak izaten dira gehienak.
Nafarroako araubidean pertsonako 5 metro karratuko espazioa aurreikusten bada, Eibarko Portalea Kultur Etxeko dantza-gelan 9,6 m karratu aurreikusi dituzte dantzari bakoitzeko. Orain arteko jardueran hainbat talde eta saiotan 14 dantzari baino gehiago biltzen zirenez, beste espazio bat bilatzera behartuta aurkitu dira Kezka dantza taldeko kideak. 135 m2-ko gelan pertsonako 5 m2 aurreikusiz gero 27 pertsona sartu ahal izango lirateke bertan. Gauza bat sartzea da eta bakoitza zutik egotea bere tokian. Baina dantza egiteko, espazioan mugitzeko, zaila dirudi dantzari bakoitzari 5 m2 egokituz gero 1,5 metroko distantzia gorde ahal izatea dantzan.
Covid19-aren kontajio takada handienak, %97a, gela itxietan gertatzen dira. Beraz, aire librea da gomendagarriena, eta gela itxiak berriz, kutsatzeko arriskutsuenak. Baina aire-libreetarako zein itxietarako, hainbat herritan ohikoak izan diren espazioak, eskoletako instalakuntzak, bat-batean ezinezko bihurtu dira EAEn eta Nafarroan. Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak debekatu egin du ikasturte honetan eskolari ez dagozkion jardueretarako erabiltzea eskolak. Nafarroan ere debekatu dute eskola azpiegiturak horrelakoetarako zabaltzea, eskolaz kanpoko jarduera guztiak bertan behera utzi baitituzte eta eskolatik kanpoko jendea eskoletan sartzea debekatu baita.
Bestalde, gela itxietan, aireztatzea, kalekoa, naturala eta etengabea izan dadila gomendatzen da. Alegia, ez daitezela izan gela guztiz itxiak. Jarduera egin bitartean leihoak eta ateak parez pare irekita izatea lehentasuntzat jotzen da, izan ere, aireztatze naturalik gabeko geletan gertatzen ari dira kutsatze gehienak. Lehen zaila ba zen dantza-gela egokiak aurkitzea, azken baldintza hau betetzea gehienontzat ezinezkoa den itzuli osoko jira galdua bihur dakiguke dantzaren alorrean.
Kalean eztabaida larriak ekarri baditu, dantzan ez da laburragoa musukoen auziak ekarri duen soka. Dantza gimnasio bateko jarduera fisikoarekin parekatuz gero Eusko Jaurlaritzak argi du erantzuna:
Gimnasio baten barruan, jarduera fisikoa egin behar al dut maskararekin? Bai, nahitaezkoa da, erabilera publikoko espazio itxiak direlako eta jendearentzat irekita daudelako.
Horrez gain, apur bat aurrerago hauxe dio:
21/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera maskararen erabilera bateraezina den jarduera fisiko biziko uneetan soilik ez da derrigorrezkoa izango hura erabiltzea. Kasu horietan, ezinbestekoa izango da 2 metro baino gehiagoko segurtasun-distantzia ziurtatzea elkarrekin bizi ez diren pertsonen artean, bai eta aireztapen-baldintza onak ere, eta instalazio bakoitzaren protokoloetan ezarritakoa uneoro betetzea.
Jarduera fisiko "bizia" zer den eta dantzan horrelakorik egiten den eztabaidatu daiteke, baina dantza, arnasketa eta izerditzearen bidez birusa zabaltzen duen jarduera dela kontuan hartuta, eta gainera, gehienetan dantza gela itxietan ―alegia, kutsatzeko testuingururik arriskutsuenean― egiten dela kontuan hartuta, arauak betetzeaz gainera kutsatzeak saihestu nahi badira, musukoak oinarrizko babes neurritzat jo beharko dira. Musukorik gabeko dantza eta kantu jardueretan covid19a arin hedatzen da. Hona bi adibide: Espainiako Ballet Nazionalak bere dantza jarduera berrartu eta aste batzuetara bere egoitza itxi eta 107 dantzari konfinatu behar izan ditu dantza entseguetan gertatu diren kutsatzeen ondorioz. Manresan, abesbatza batean 26 kutsatze izan dira, musukorik gabe entsegu bat egin ondoren.
Kezka dantza taldeko Oier Araolazak honela laburbildu du momentua:
Denok ohartzen gara honek faktura handia ekarriko diola dantzari. Kontaktuak saihestu eta distantziak zaindu behar badira ezin normalki egiten ditugun hainbat dantza egin. Musukoak erabili behar badira hainbat dantzarik nahiago du oraingoz dantzara ez etortzea, egun osoan eskolan edo lanean musukoarekin nekatuta, nork bere gozamenerako tartean deserosotasun hori ez baita erraz digeritzekoa. Konfinamendua hasi zenetik, online saiakera gorabeheratsuak eta bideo-grabazio maskaratuak izan dira jarduera bakarrak, eta orain entsegu erregularrak berrartzerik ez baditugu taldea desagertze bidean jarri liteke. Beraz, hemen gaude, entseguetarako gela handiago bat alokatzen, dantzatu dezakegun errepertorioa aztertzen eta hautatzen, eta musukoekin dantza egitea posible dela gure buruak konbentzitzen.
Ziurgabetasunez betetako etorkizuna labur bezain gordin marraztu du Aurtzakako Mikel Sarriegik:
Etorkizuna, erabat zalantzazkoa. Ez gara ia ezertxo ere planifikatzera ausartzen. Datorrenaren zain momentuz.
"Eusten asmatzea", erronka hori sumatzen du Dugunako Aritz Ibañezek:
Heldu diren hilabeteotarako gure helburu bakarra da dantza taldearen jarraikortasunari eusten asmatzea.
Jarraitasuna jo du Oberenako Iker Tubiak ere lehentasuntzat.
Taldea batuta mantentzea izan da gure erronka nagusia
Alegia, dantzaren sugarra piztuta mantentzea aspaldiko baldintza okerrenetan, horixe dela orain esku artean daukagun Dantzarako protokoloaren erronka.
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
MOOR KRAD
Nork: Ertza konpainiak.
Noiz: urriaren 3an.
Non: Getxoko Muxikebarri aretoan.
---------------------------------------------
Bi urte atzera izan nuen Moor Krad obraren berri; hain zuzen, Ertza konpainiako kideek dantza pieza sortu eta estreinatu zuten... [+]
Ausartuko gara esaten Otsagabiko (Nafarroa) eta Eltziegoko (Araba) dantzak direla irailak 8 bueltako dantzarik ezagunenak. Ibilbide eta historia luzea dute eta azken hamarkadetan Euskal Herriko dantza talde askoren errepertorioetan jasoak izan dira.
Sei urte ditu. Gustura ari zen da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak,... [+]
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]
"Guri bizitza joan zaigu espaloitik begira". 80 urteko emakumearen arrangura iltzatuta geratu zitzaion Josune Zubeldiari. Hainbat belaunalditako bost emakumek hartu dute hitza emakumeek dantzetan, herriko taldeetan eta errituetan izan dituzten borroka, aldaketa eta... [+]