Sei urte ditu. Gustura ari zen da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak, pedagogoak, komunikabideak, ordezkari politikoak, kirol begiraleak eta teknikariak, berdintasun teknikariak, kazetariak... nora begira gaude?
Dantza emanaldi batean hiruzpalau mutil bazterretik ari dira dantzarien inguruan imintzioka, saltoka, dantzan hasi eta korrika ihes, dantzan direnak zirikatzen,... Iruditu zait mutil horiei dantza gustatzen zaiela, baina ezin dutela aitortu, sozialki gaizki ikusia dagoelako, eta hor dabiltza, barne-borrokan, bihotzak dantzan jartzen dizkie hankak, baina buruak agintzen die hankei ez dutela halakorik egin behar. Dantza irakasleak azaldu dit egoera: "Mutil horietako batzuk dantzan dabiltza. Dantza eskoletara etortzen dira, baina ondoren kalean ez dute dantzatu nahi. Lotsa ematen die lagunen aurrean dantzan dabiltzala erakusteak".
Eskolan dantzan aritzeagatik iraindu dutena horietako bat ote den galdetu dut. "Ez, beste bat da irainengatik utziko duena, baina berdin dio, plazan nahi eta ezinean zebiltzanek ere utzi dute dantza". Sei, zazpi, zortzi urte... Dagoeneko ikasi dute mutila izatea egokitu zaiela eta beraz ez zaiela dantza egitea gustatu behar. Musika eta dantza giroan hankak bere kasa aktibatzen zaizkie, baina hori kontrolatzen ikasten hasi dira, arrisku horietatik aldenduko dira datozen urteotan, baloiaren erritmora lotu dituzte oinak eta lortuko dute beraien maskulinitatea kolokan jartzen duen irrika erridikulu hori desagerraraztea beraien gorputzetatik.
Dantzan mutil gutxi dagoela esaten didaten bakoitzean asaldatu egiten naiz. "Gutxi? Bakarra ere asko da. Dantzan ari den mutil bakoitza milagro bat da. Gizartearen kontra ari da, ez dugu babesten, ez balioesten; kontrara, gutxietsi eta iraindu egiten dira dantzan ari diren mutilak". Irainak jasotzea oso larria da; baina oso gutxi iristen dira irainak jasotzeko puntura. Horra iritsi aurretik uzten diote mutil gehienek dantzatzeari. Berehala ikasten dute mutila izanez gero ez zaiela dantza gustatu behar.
Kokoteraino nago gurasoengandik "nire semeari ez zaio dantza gustatzen" entzuteaz. Ume guztiei gustatzen zaie dantza. GUZ-TI-E-I! DE-NE-I! Gizakiak genetikoki gaude programatuta dantza gustatzeko. Dantza egiteak plus ebolutiboa eskaini dio gizakiari, eta beraz, musika entzun orduko plazer sentipenak eragiten dituzten hormonak jariatzen ditu gorputzak: dopamina, serotonina, endorfina... Eta horri erantzunez gorputza dantzan hasten da hormonen jariatzea oraindik gehiago bultzatuz. Sexua eta drogekin parekatzen da musikak eta dantzak gizakiongan duen eragina.
Historiako aro guztietan dantza egin dute gizakiek eta gaur egun munduan diren kultura guztietan ere egiten da dantza. Dantza egitea gizaki espeziearen ezaugarrietako bat da. Ume guztiak dantzatzen dira lehen urteetan, eta beraz, bai, mutilak ere dantzatzen dira eta mutilei ere gustatzen zaie dantza egitea. Koskortu ahala hasten dira mutilak dantzatik aldentzen. Identitatearen kontzientzia hartzeak hainbat emozio ekartzen dizkio umeari, lotsa, tartean. Maskulinitate eredu murritza bere egin ahala dantza ez zaiela gustatu behar ikasten dute mutil-koskorrek.
Izan ere, ume txikiek ez dituzte ezagutzen ez lotsa, ez genero-rolak. Sozializazio prozesuan joaten dira ikasten, eta beraz, horien kontzientzia hartu ahala beraien ordura arteko jokabideak zuzentzen dituzte. Nagusiagoen eta helduen jokabideak ikusita, eta nola tratatuak diren neurtuta ikasten dute umeek zein genero-rol ?neska ala mutil? egokitu zaien, eta eredu bakoitzari zein jokabide zaion lotsagarria eta zein harrotzekoa. Beste ume, guraso, irakasle, heldu eta komunikabideetako ereduei begira ikasten dute dantza egitea nesken kontua dela, mutilek ez dutela dantza egin behar, mutilek dantza egitea lotsagarria dela eta dantza gustatzen zaiela antzematen badiete haien maskulinitatea auzitan geratuko dela.
Dantza historikoki bai emakumeek, bai gizonezkoek egin dute. Are gehiago, hainbat momentu historikotan gizonezkoek beraien maskulinitatea eta boterea dantzaren bidez agertu izan dute. Mendebaldeko gizarte garaikideetan maskulinitate eredutik erauzten joan da dantza eta gero eta gehiago lotzen joan da feminitatearekin. Ez da gauza bera gertatzen hortik kanpo, Afrikan adibidez dantza ez da genero bati lotzen zaio jarduera.
Balio sozialari dagokionez, gizonezkoen jardueratzat jotzen direnak, kirolak adibidez, garrantzi handikotzat jotzen dira. Ostera, emakume jardueratzat kategorizatzen direnei ez zaie batere garrantzirik aitortzen. Orain gutxi Mariasun Landa idazleak oso ongi laburbildu zuen ideia hori: "gizonezkoek gantxilloa egingo balute gaur egun gantxilo museoak leudeke". Maskulinotzat jotzen diren jarduerak gizarte osoak egin beharrekoak dira. Emakume jardueratzat jotzen direnak baliorik gabeko denbora-pasatzat jotzen dira.
Genero berdintasunaren aitzakian bultzatzen diren gorputz politikak norabide bakarrekoak dira. Gorputz ariketari dagozkion sustapen politikek emakumeak kirola egitera bultzatzen dituzte. Ez dago ahalegin txikiena ere gizonezkoak dantza egitera bultzatzeko. Kirolaren sustapena hezkuntza eta osasun sistemen parte garrantzitsua da. Dantza, hezkuntzaren eta osasunaren ikuspuntutik edozein kirol praktika bezain onuragarria izan arren, ez da bultzatzen. Zergatik? Ba maskulinitateak ez duelako dantza bere jardueratzat hartzen.
Lotsa eta erridikuluarekin lotzen du dantza maskulinitateak. Gure gorputza da lotsa eragile nagusietakoa eta zer esanik ez gorputza mugimenduan jartzen dugunean. Bai kirolean, bai dantzan, gure gorputza jende aurrean mugimenduan jartzeak autokonfiantza handia eskatzen du. Jarduera fisiko batean trakets moldatuz gero berehala agertzen da lotsa. Kirolean, autoestimuan galera handia izaten dute emakume gehienek eta gizonekiko gutxitasun-konplexua garatzen dute. Kontrara, gizonezko gehienen autoestimua sendotzen doa kirolean emakumeekiko sentitzen duten nagusitasunak lagunduta.
Dantzak kontrako bidea egiteko aukera eman lezake, emakume askoren autokonfidantza sendotzen lagundu lezake eta gorputza autokonfiantzaz mugitzeak autoestimua igotzea ekarriko lieke. Baina ez dago horretarako arriskurik, gizonezkoak nagusi eta eroso sentitzen diren gorputz-jarduerak baitira bultzatzen direnak nagusiki. Gainera, behin edo behin gizonezkoak ere dantzan arituz gero, salbuespentzat, jardun femeninotzat eta balio gabekotzat jotzen direnez, horietan trakets moldatzeak maskulinitatea sendotzeko baliagarri zaie.
Kirola maskulinitatearen babesleku bihurtuta dago. Emakumeekiko nagusitasunari eusteko azken gotorlekua. Mutil batek dantza egiteak kolokan jartzen du antolaketa. Dantza ez bada nesken kontua bakarrik eta mutilek ere egin badezakete, banaketa hankaz gora doa. Eta hori eragoztea du helburu eraikitzen ari den maskulinitateak. Sei urterekin dantzara joaten den mutila mehatxu bihurtzen da prozesu horretan diren lagunentzat. Antolaketa zalantzan jartzen ari da. Dantza nesken kontua dela! Ez al da enteratu? Orain enteratuko da, enteratuko denez.
Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
MOOR KRAD
Nork: Ertza konpainiak.
Noiz: urriaren 3an.
Non: Getxoko Muxikebarri aretoan.
---------------------------------------------
Bi urte atzera izan nuen Moor Krad obraren berri; hain zuzen, Ertza konpainiako kideek dantza pieza sortu eta estreinatu zuten... [+]
Ausartuko gara esaten Otsagabiko (Nafarroa) eta Eltziegoko (Araba) dantzak direla irailak 8 bueltako dantzarik ezagunenak. Ibilbide eta historia luzea dute eta azken hamarkadetan Euskal Herriko dantza talde askoren errepertorioetan jasoak izan dira.
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]