Astelehen honetan prentsaurrekoa eskaiini dute Ahal Duguko Arabako Batzar Nagusietako kide gehienek. Euren artean egon da Dani Trujillano amurrioarra. Adierazi dutenez, batzarkideek egindako guztia legezkoa izan da eta prozedurak egoki bete dituzte.
Zentzu berean, Dani Trujillanok azaldu du notarioak babestu zuela bera izatea Arabako Batzar Nagusietako taldearen kontu korronteko titularra eta besteak kentzea. "Gu ez gara batzarkide 'diskoloak'. Izan ere, gu gara gehiengoa eta besteak hiru besterik ez dira, eta kontuaren titulartasuna zuten". Aldi berean, nabarmendu du ez dutela euren kontrako frogarik.
Aiara ahotsik gabe
Dani Trujillanoren ustez, Iñigo Errejonen aldekoak –Lander Martinez, Eduardo Maura eta Nagua Alba, hain zuzen– alderdian purga egiten saiatzen ari dira, eta horregatik jo dute euren aurka. Amurrioarrak aipatu du EAEn bakarrik gelditu direla zuzendaritzan Errejonen ildo berekoak.
Arabako batzarkideei presioa egiteko "taldean zeuden bi liberatuak kendu dituzte eta batzordeetatik ere baztertu dituzte" erantsi du amurrioarrak. Gainera, azpimarratu du aiararrak isiltzen ari direla. "Hau ez da gure aurkako kanpaina, bozkatu gaituzten 2.500 pertsonen aurkakoa baizik. Egindakoa Amurrioko eta Laudioko zirkuluen oniritziarekin izan da".
Salaketa Lander Martinez eta beste kideren aurka
Batzarkide arabarrek zabaldu dute Lander Martinez eta Ahal Duguko beste kide batzuk salatu dituztela epaitegian. Zehazki, Lander Martinezi leporatu diote kalumnia. "Lander Martinezek esan zuen guk notario-akta faltsutu genuela, eta hori delitua da".
Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra