Koronabirusaren Ordiziako agerraldiak 1,8an jarri du erreprodukzio tasa hori, Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak deitu zituenean baino bi aldiz gehiago.
Jadanik 58 dira Ordiziako agerraldiarekin loturik PCR froga eginik koronabirusagatik positiboa eman duten herritarrak. Iñigo Urkullu lehendakariak, hala ere, igandean hauteskundeak egiteko baldintzak ematen direla azpimarratu du, Ordiziakoak “kasu puntualak” eta “identifikatutakoak” direla adieraziz.
Aldiz, Eusko Jaurlaritzako buruek aurretik esandakoari eta Covid-19aren erreprodukzio tasari errepararatuz gero (Rt), ez dirudi hauteskunde horiek egin ahal izango liratekeenik, edo gutxienez zalantzagarria litzateke. Izan ere, erreprodukzio tasa 1,8an dago.
Espainiako Gobernuak deskonfindamendurako baldintza bezala jarri zuen tasa hori 1etik behera egotea, eta hain justu, lehen fasera pasatzeko Nekane Murga Osasun sailburuak emandako arrazoietako bat hori izan zen. Rt=1 denean, pandemia egonkortu egin dela adierazi nahi du, kutsatutako pertsona bakoitzak beste bat baino ez baitu kutsatzen.
Maiatzaren 18an Iñigo Urkulluk agerraldia egin zuen, larrialdi egoera bertan behera utzi eta hauteskundeak deitzeko; horretarako osasunaren arloko hiru dokumentu izan zituen kontuan, besteak beste. Horietako bat Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak sinaturik dago, ez-ohiko neurriekin amaitzeko erresoluzioa.
Bertan azaltzen denez, “euste eta gutxitze” fasean sartuta geunden, eta ez zegoen arriskurik “kurba epidemiologikoak goranzko joera batera itzultzeko”. Izan ere, apirilaren 17an Eusko Jaurlaritzak Covid-19ari aurre egiteko zuzendaritza batzordea sortu zuenean, erreprodukzio tasa 1,75ean bazegoen, hortik hilabetera tasa 0,75era jaitsi zen oso azkar.
Urkulluk, kazetariek galdetuta, agerraldi horretan azaldu zuen uztailaren 12ko aukeraren alde egin zuela, baldintza epidemiologikoek eta “modelizazio matematikoetan oinarrituriko aurreikuspen txostenek” horretarako bidea uzten ziotelako. Baina egoera okertuz gero hauteskundeak irailean egiteko aukera ere hor zegoela argi utzi zuen: “Bi datak aprobetxatzen ditut”.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren egoera epidemiologikoaz kaleratzen duen eguneroko txostenean ageri denez (pdf), ia hiru hilabete egin dugu atzera: Covid-19ari aurre egiteko zuzendaritza batzordea sortu zenean baino altuagoa da Rt delakoa gaur, uztailaren 9an, eta lehendakariak hauteskundeak deitu zituenean zegoen tasa bikoiztu egiten du.
“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]
Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.
[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]