Ehunka langile bildu ziren atzo goizean Corrugados Azpeitia enpresa barruan nagusiarekin bilera bat egiteko eskatuz. Etorkizunean enpresarekin zer egingo duten jakin nahi dute langileek eta azalpen eske itxialdia hasi dute. 67 egun daramatzate langileek greban. Corrugadosen jabeari, Alfonso Gallardo taldeari “enpresa hiltzen uzten ari direla” leporatzen diete langileek eta enpresa itxi nahi badute esan diezaietela eskatzen dute.
Itxialdiarekin bilera bat lortzea da helburua beren etorkizuna argitzeko, enpresako gerentearekin edota giza baliabideen saileko arduradunarekin. Langileek adierazi dute enpresak zuzeneko finantziazioa eskuratu zuela instituzio publikoetatik bideragarritasun planari aurre egiteko, zehazki EAEko Industria Kontseilaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren eskutik. Ondorioz, uste dute enpresak erantzun bat zor diela langileei diru hori zertan inbertitu duten jakinarazteko.
Urtarrilean izan ziren enpresako lehen kaleratzeak, 100 langile guztira. ELA sindikatuak honakoa salatu zuen: “Benetan larria da Administrazioak 100 langile kaleratzea baimendu izana, sindikatuen txostenei jaramonik egin gabe”. Ekainean kaleratze gehiago etorri ziren, beste 60 eta gainontzeko langileei soldata %35 jaistea eta urteko lanaldia 49 ordu luzatzea proposatu zien zuzendaritzak. Hori salatzeko uztailean Donostiako BBVAren egoitza aurrean kanpatu ziren “jasaten ari diren egoera larriari irtenbidea” exijitzeko.