Calvoren heriotzagatik kondenatutako ertzainen inguruko informazioa eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari legebiltzarrean

  • Informazio eskaera erregistratu zuen EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak iragan ostiralean, ARGIAk jakin duenez. Juan Calvoren heriotzagatik auzipetutako ertzainen barne mailako diziplinazko espedienteak eta Ertzaintzan izan duten ibilbide profesionala eskatu dizkio Segurtasun Sailari.

Juan Mari Atutxa zen Ertzaintzaren buru Calvo komisarian hil zutenean. Kondenatutako ertzainei irekitako balizko diziplinazko espedienteak eta bakoitzaren ibilbide profesionala eskatu dizkio EH Bilduk Segurtasun Sailari. Argazkia: irekia.eus.

2023ko uztailaren 12an - 07:06
Azken eguneraketa: 08:13

Arzuagaren eskaerak aipamena egiten dio iragan astean ARGIAk argitaratu zuen eta zenbait komunikabidek jaso zuten informazioari. Gogoratzen du zazpi ertzain auzipetu eta zigortu zituztela Calvoren heriotzan ardura ezberdinak egotzita, baina gaineratzen du epaiak berak ertzainen “hainbat huts-egite profesional” jaso zituela. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritzian huts egite horiek “diziplinako espedienteen oinarri” izango lirateke.

Hori dela eta, informazio eskaeran Arzuagak eskatu dizkio Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuari “zazpi ertzain hauen kontra zabaldutako diziplinako espediente osoak”. EH Bilduk eskatu du ere jakitea polizia horiek Calvoren heriotzaz geroztik Ertzaintzaren barruan izan duten bilakaera profesionala. Erantzuna uda ostean helduko litzateke jada.

Juan Calvo, Ertzaintzaren Arkautiko komisarian hila

Juan Calvo Azabal bilbotarra Ertzaintzaren Gasteizko Arkautiko komisarian hil zuten 30 urte direla. Autopsiaren arabera ertzaintzaren gas negar eragileak sortu zion biriketako edema akutuaren ondorioz hil zen, baina gorpuak tratu txar eta torturen beste hamaika arrasto ere bazituen: borrakadak, ubeldurak, barrabil handituak, lotuta egon izanaren markak eskumuturretan, edo ebakiak buruan. Uztailaren 4an ARGIAk kasuaren inguruko informazio eta testigantza berriak argitaratu zituen, frogatzen dutenak, besteak beste, Calvo torturatu egin zutela eta Ertzaintzak trabak jarri zituela gertatu zena ezagutu ez zedin.

Behean, ARGIAk eskuratu duen autopsia ofizialak ematen dituen datuekin osatutako bideoa, Calvoren gorpuaren egoera irudikatuz:

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian hila
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Ertzainak eta Segurtasun Saila
Gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak

Calvo hil eta ordu batzuetara, abuztuaren 20ko goizean, heriotzaren gauean berarekin kontaktua izan zuten zortzi ertzainek deklaratu zuten gertatutakoaz, komisarian bertan. Bigarren aldiz hartu zieten deklarazioa abuztuaren 23 eta 24 artean. ARGIAk deklarazio horiek eskuratu... [+]


2023-07-04
30 urtez ezkutatutakoa, argitara: torturaren frogak

1993ko abuztuaren 20an, goizaldeko 5:00ak aldera, Santiago Ospitaleko larrialdietako osasun langileen talde bat Juan Calvo biziberritzen saiatu zen, alferrik: Arkauteko komisariatik hilotz irten zen bilbotarra. Medikuetako batek egindakoa aurpegiratu zien haserre poliziei,... [+]


Patxi Bezares, Juan Calvo artatu zuen Santiago ospitaleko langilea:
“Gorpu hura masakratuta zegoen”

1993ko abuztuaren 19ko arratsaldean Ertzaintzak Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuen Juan Calvo, atxilotze unean eginiko zauriak artatzeko. Patxi Bezares Díaz de Tejada erizain laguntzaileak (egun zeladorea da) sendatu zizkion zauri arinak. Bera izan zen Calvo... [+]


Heriotzaren 30. urteurrenean
Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian?

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo Azabal hil zuten Arkauteko komisarian, Gasteizen. Gorpuak biolentzia arrastoak zituen, eta gasa zerion ahotik. 1995ean zortzi ertzain zigortu zituzten zuhurtziagabekeria delituagatik, inork ez zuen lanpostua galdu ez espetxea zapaldu, inor ez... [+]


Eguneraketa berriak daude