Buruz burukoan lehertu dute saioa bi txapeldunek eta lehengo burutik txapela

  • Goizeko eta arratsaldeko saioetan zortzi finalistak aritu ostean, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio pasatu dira buruz burukora. Saioa buruz burukoan lehertu da, eta bi txapeldunek lazo gorriz biribildutako saioaren ostean... Maialen Lujanbio Zugasti da berriz ere txapelduna. Hemen ikus-entzun daitezke finaleko bertsoaldi guztiak.

Argazkia: Dani Blanco.

2022ko abenduaren 18an - 19:10
Azken eguneraketa: 2022-12-19 12:05

Buruz burukoak biribildu duen saio osoari spoiler eginez, honela definitu du epaimahaiak finaleko sailkapen taula:

Maialen Lujanbio 2.240 puntu

Amets Arzallus 2.166 puntu

(Hemendik aurrerakoek 10 bertso gutxiago kantatu dituzte eta puntuetako aldea ez da parekagarria, ez baitira buruz burukoan aritu)

Aitor Mendiluze Gonzalez 1.507 punturekin

Sustrai Colina Acordarrementeria 1.495 punturekin

Alaia Martin Etxebeste 1.493,5 punturekin

Beñat Gaztelumendi Arandia 1.443,5 punturekin

Nerea Ibarzabal Salegi 1.435,5 punturekin

Joanes Illarregi Marzol 1.421,5 punturekin

* Artikulu honen bukaeran daude finalisten bukaerako agurrak.

Buruz burukoak lehertu duen saioa

Iparragirre abila dela doinuan hasi dute buruz-buruko azken txanpa. 14.000 lagunen eltzea borborka jarri dute lotsa galtzeko terapian elkar ezagutu dutenen gaian. Saioa lehertu da. Eta bertsoaldiaren ostean marmar ozena zabaldu da publiko artean.

Lehertutako saioaren olatuan egin dute bigarren ofiziokako lana ere, umore kolpeka. Maialen Lujanbioren pelikula egiteko Amets Arzallus aktore hautatu izana jarri diete gai gisa, eta aski ezagunak diren bi pertsonen nolakotasunetan aritu dira elkarri zirika.

Azkenik, ganbarako lanaren txanda iritsi da. Amets Arzallus izan da egiten lehena eta honek saio osoa bukatu duenean etorri da Maialen Lujanbiok. Hemen, ganbarako ariketa bakoitzean parez pare jarri ditugu bi artisten lanak:

Argazkia: Dani Blanco.
"Oreka" hitzari, bederatzi puntukoa

Amets Arzallusek euskararen egoera deskribatu du:

Hizkuntzetan badira
hemen zenbait talde
ta batetik bestera
pentsa ze alde!
Diglosiaz egingo
bagenuke galde
erdera ta euskera
noizko parez pare?
Gu beti erabe
mutu eta grabe
sarri hitzik gabe
ta besteak jabe
orekatikan oso
urruti gaude!

 

Maialen Lujanbiok elipsian gorde du "oreka" hitza:

Desorekatik bada
hamaika genero
prentsan ikusten dugu
hori egunero
landun ta langabetu
Ipar eta Hego
etxedun ta etxegabe
hamaika endredo
zaudenean bero
ongizatez-edo
dena bertan bego
gerokoak gero...
zail da berreskuratzen
galdu ezkero.

 

Ganbarako gaia: “Ez dago B planik”.

Amets Arzallusek biribildu duen lana:

Behin alabak esan zidan
Hikilimiliklik
aita ni, mutiko bat naiz,
ta aita isilik.
Ez zen mugitu ezpainik,
eulirik, aulkirik.
Ia bi ordu pasatu
nituen geldirik.
Geroztik ez da izutzen
ez nauen zubirik
ederra dela dionak
ez dio egirik
erreza dela dionak
ez dauka begirik

 

Normalaren esanahiak
gauzka beste puntan
zorionaren planaren
bilaketa huntan
alaba bat zen seme bat
baikenuen ukan
edo alderantziz, hitzekin
hor gabiltz burrukan
zertan ukatu malkotan
urtzen naiz batzutan
gero gaizki sentitzeko
neronen putzutan
negarraren iturria
nork dauka eskutan?

 

Duda argitzeko berriz
hitzak zirri-zarra
“ez aita, ezta B planik
hautsi lege zaharra”
zer da neska, zer mutila
zer eme, zer arra?
Nor demontrek ekarri du
zehaztu beharra
gurasoa ohi da haurren
lehen hezkuntz adarra
baina guk Hegoaldean
daukagu Iparra
harengandik ikastea
da bide bakarra.

 

Maialen Lujanbiok ondutako lana:

Ez dago planik, ezta B planik
dagon plan bakarra A da
geure buruak ezagutzeko
garaia genuke jada
gure ustetan ondo bizi ohi
ai, COVIDak ze zartada!
Errezelotsu jarri genion
auzoari begirada
ta galdu dugu lehengo arnasa
eta balizko patxada
eta ez gara saretu eta
protestan irten plazara
hobeak irten behar genuen
ta lehengo berberak gara.

 

Orain dena da pribatizatze
ezker-eskuin dinbi-danba
osasungintza adibide bat
nola jaitsi duten langa
hezkuntzak ere latza pasa du
ta ai, gazteen demanda
bi urte luzez musuko hori
klaseetan eramanda
egin genuen elkar zaintza ta
auzo-zaintzen propaganda
baina aukera heldu denean
edo ekiteko txanda:
komuna izan zitekeen dena
komun zulotik joan da.

 

Ez nago ziur agintaritzan
dagon jende arlotea
ez dakit zer den, gauza hobea
Santxo ala Kixotea
ze amestea, garai batzutan
ez da hain gauza torpea
mentalitate excell honekin
galdu baitugu zortea
eta aurrera begira dugu
apustu handikotea
etorkizuna gure eskutan
dago, bai hala ote’a?
Beldurgarria da etorkizuna
gure esku egotea.

Argazkia: Dani Blanco.
Txapeldunaren agurra:

Iñaki Murua bertsolari eta Bertsozale Elkartean urte askoan eragile aritu denak jantzi dio txapela Maialen Lujanbiori.

Maialen Lujanbio txapeldunaren agurra:

Herriak ta hizkuntzak
zuten norantzari
gai gehio lotu zaio
lehengo ardatzari
ta munduak hartu dun
itxura latzari
aurre egiteko beraz
laguna altza hi
bultza hainbat borroka
ederren martxari
kontrapisu eginez
eskuin balantzari
txapela bete indar
mingaina dantzari
borroka irabazteko
desesperantzari.

Argazkia: Dani Blanco.
Gainerako finalisten agurrak:

Joanes Illarregi:

Zorionak Amets, Maialen
berriz ere goi-goikotan
hori entzungo zenuten
beste norbaiten ahotan
lehenik besarkada bat
daudenei ziega zulotan
berdin euskara zabaltzen
dutenei nafar txokotan
zer garen, nondik gatozen
ahaztu arren askotan,
gaur hau dena bete dugu
birgogoratu asmotan
aurrera ere luzaro
segi nahi nuke bertsotan
haundi arazi senti ohi
gaitun mundu txiki hontan.

 

Nerea Ibarzabal:

Maialen badakin zer den
historia irutea
merezi dun Olinpora
sorbaldetan erutea
eskertzen dut pentsalari
feministen bertutea
militante euskaltzaleek
nekaezin jardutea
denontzat edertasuna,
duintasuna ta arkupea
erretako mundu honek
sarri saltzen digu kea
guztia denean bortxa,
presa ta diru-trukea
ekintza iraultzaile bat
da elkarri entzutea.

 

Beñat Gaztelumendi:

Mila zorion zuri, Maialen
ezetz eraman ahanzturak
gaur berriz ere sortu dituzun
kilimak eta hazkurak
eta behin hiri buruzagian
hautsi dugunez mugak
pentsa dezagun hemen zer leku
merezi duen kulturak
eta irauli nahi dituenak
gure arteko egiturak
elkarrizketan eraiki bere
ziurtasun eta dudak
arrakalatu fosildutako
inertziak ta ohiturak
bertsolaritzan aurki dezala
eragiteko leku bat.

 

Alaia Martin:

Maialen maite zaitugu
zorionak eta xapo!
Argazki berri honentzat
zu izan zaitugu marko
beste muxu bat hor zehar
nire hiru amonentzako
Getxotik hona bidea
plazer bat zen niretzako
zuen babesean egin
dit bihotzak gorantz salto
baina eskertu nahi nuke
beste zenbait norbanako
ahizpei eta konplizeei
bihotzez eskerrik asko
gu ahalduntzeko sare bat
josi diguzuelako.

 

Sustrai Colina:

Lehen topa gure dekadentziaren
onenean gaudenentzat
gorantz erori eta josteko
justiziaren larru beltzak
baina garenez jendez eginak
gora Maialen ta lagun-minak
segi auspotzen ametsak
etorkizun bat nahi dut zuentzat
Ekainentzat, Aiurrentzat,
emakumezko asterisko ta
gizon berrikasientzat
hitzek ekintza eskatzen dute
baina gaurkoak izan nahi luke
bihotz taupada bat behintzat
gutasun berri batentzat.

 

Aitor Mendiluze:

Zorionak mito pare
orain mitoago are
ta zuei gure zutabe
milesker, zorretan gaude
baina ez nuke joan nahi ama
zutaz gogoratu gabe
inoiz ez degu euskaraz egin
ez zara hizkuntzaren jabe
bertso eskolara zure eskutik
iritsi nintzen halare
ta gaur ez zaude Arenan baina
oholtzan nerekin zaude.

 

Amets Arzallus:

Zorionak Maialen maite
denok gaituzu goratzen
ez dut terapia beharrik
postuaz ez naiz lotsatzen
euskaldun bat sor liteke
Zumaian edo Goiatzen
euskalduna sor liteke
Conacryn edo La Pazen
euskara da beltzik beltzen
euskara da transik transen
gorputz onartu gabe bat
mundu berriak asmatzen
ta ibili gabe inori
pasaporterik eskatzen
euskaratik has gaitezen
bizitza oro askatzen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-22 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
“Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen”

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


2022-12-19 | Eli Pagola
Alaia Martin Etxebeste
“Ilusio handia nuen eta leku egin diot emozio horri”

Ezin ekidin Nafarroa Arena BEC-ekin alderatzea. Publikoa otzanago antzeman da, olatuak ez dira berehala altxa eta burrunbatik ere, amaiera arte, gutxi. Behin lehertutakoan, ordea, uhin expantsiboa hedatu da plazan. Egun lantsua izan dela nabarmendu dute eguneko protagonistek... [+]


2022-12-18 | Estitxu Eizagirre
Arratsaldeko saioan sutan jarri da eltzea eta Arzallus eta Lujanbio buruz burukora

Goizeko saioaren ostean, eguerdia hankak luzatzeko eta  indarrak hartzeko baliatu dute entzuleek. Bati eta besteari entzunaz, buruz bururako izen ugari jasoko ditu galdetzen duenak, eta Ametsek bi bider botatako "parte" hitzen interpretazio anitzak ere bai... [+]


2022-12-18 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA
Finaleko flashak

Hona egun osoan zehar Dani Blancok harrapatu dituen hainbat momentu:


2022-12-18 | ARGIA
Puntu erantzun guztiak

Hona Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean goizeko saioan kantatu dituzten puntu-erantzun guztiak.


2022-12-18 | Estitxu Eizagirre
Entzuleen irribarre konplizearekin bukatu da goizeko saioa

Iruñea bertsoaren hiriburu bihurtu da egun oso batez. Lehen aldiz bertan aritu dira jokatzen Txapelketa Nagusiko finala. Maialen Lujanbiok bere txapeldungoa jokatu du honako bertsolariekin: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzalllus, Beñat Gaztelumendi, Joanes... [+]


2022-12-16 | Bertsoa.eus
Ikusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala zuzenean

Orain dela hiru hilabete abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia eta gaur amaituko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Ibilbide honetan finalean abesteko txartela honako bertsolari hauek lortu dute: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia,... [+]


2022-12-15 | ARGIA
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako sarrerek badituzte irabazleak

BTN bideo-podkastean martxan jarri genuen #BTNaturala lehiaketa Nafarroa Arenako finalerako sarrerak eskuratzeko. Astero legez, jogurta janez sare sozialetara argazkiak igotzea zen gakoa, oraingoan, jogurta beste zerbaitekin nahastuta janez. Bi aste hauetan argazki... [+]


2022-12-13 | Estitxu Eizagirre
Zortzi finalistak kantxari zeharka begira

Nafarroa Arenan elkartu dira gaur zortzi finalistak, abenduaren 18rako motorrak berotzeko. Lehen aldiz Iruñean egingo den Txapelketa Nagusiko finala handia izango da: 13.000 ikusle elkartuko dira, nazioartetik 30 gonbidatu izango dira eta 350 lagun arituko dira antolaketa... [+]


2022-12-12 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Bertso finala


Eguneraketa berriak daude