Apirilaren 14an egin zen Bartzelonan lehen Ekonomia Errepublikarreko Laborategia, Altxa Dezagun Errepublika prozesuaren baitan. La Lleialtat Santsenca kooperatiba obrero zaharrean, ehundik gora aktibista elkartu ziren, errepublika gauzatzeko 155 neurri ekonomiko proposatzeko.
Kataluniar Errepublika jaio dadin, ez da nahikoa aldarrikatzea: beharrezkoa da eraikitzea. Are gehiago: Espainiako Monarkiaren sistema politiko, enpresarial, mediatiko eta juridikoak altxatu duen eszenategi errepresibo eta antidemokratikoaren aurrean, ezinbestekoa da prozesu konstituziogile errepublikarrak ez dezala helburutzat soilik ekintza formal bat izan –mantra errepublikar liberalak zin egiten zuen bezala, “legetik legera”–, eta ez dadila ere desobedientziara deitzera soilik mugatu –mantra errepublikar erradikala–. Formalismoaren eta ezinbesteko erresistentziaren artean, beharrezkoa da prozesu konstituziogile bat, bestelako erakundetza politiko, sozial eta ekonomiko bat sendotuko duena, herri boterea pilatuko duena modu esanguratsuan, materialean, eta gai izango dena eusteko haustura demokratikoaren eta entitate soziopolitiko berri bat sortzearen erronkari.
Prozesu konstituziogilea ez bada prozedura juridiko hutsa, baizik eta batez ere harreman materiala bada, agenda ekonomiko errepublikarra ezartzeak hartu behar du zentraltasun nagusia debatean
Ulertzen badugu prozesu konstituziogilea ez dela prozedura juridiko hutsa, baizik eta batez ere harreman materiala dela, agenda ekonomiko errepublikarra ezartzeak hartu behar du zentraltasun nagusia independentziari buruzko debatean. Kapitalismo katalan eta espainiarreko korporazioek (CaixaBank, Sabadell, Gas Natural, Abertis, Cellnex, Colonial, Molins, Planeta, Agbar, Torraspapel) 2017ko udazken errepublikarrean jokatutako paperak, gehiengo sozialaren apustu demokratikoari xantaia egiteko gaitasunarekin, ohartarazi behar gaitu katalan egitura produktiboaren ahultasunez eta burujabetza ekonomikoan zentratutako estrategia indartu behar du. Honela ulertu du mugimendu errepublikarraren zati batek, eta azken hilabeteetan bere energietatik asko bideratu ditu alternatiba ekonomikoak erakustera monopolio katalanistei, finantzen eremuan, energiarenean, telekomunikazioetan edo elikaduran.
2018ko apirilaren 14an Bartzelonan lehen Ekonomiako Laborategi Errepublikarra egin zen, Altxa dezagun Errepublika prozesuaren baitan. La Lleialtat Santsenca kooperatiba obrero zaharrean, ehundik gora aktibista elkartu ziren, errepublika gauzatzeko 155 neurri ekonomiko proposatzeko. Ekonomialariak; ekonomia solidarioko edo agroekologiako langileak; sindikalistak; ekonomia feministako militanteak; udal karguak, banka publikoaren, multinazionalen edo zorraren ikertzaileak... horiek denek planteatu zituzten ekonomia errepublikar berri bat altxatzeko oinarri inspiratzaile eta politiko zehatzak.
Garcia Janék ekonomiaren demokratizazioa hiru norabidetan oinarritzen du: langileen parte-hartzea enpresa ertain eta handiak gobernatzerakoan; langileek eta erabiltzaileek diseinatu eta kudeatutako zerbitzu publikoak; eta herritarren parte-hartzea aurrekontu publikoetan
Jordi Garcia Jané kooperatibistarentzat, eredu ekonomiko errepublikarrak guztion onura izan behar du ipar, horretarako oinarri izanik ekonomia ekitatibo, jasangarri, demokratiko eta autozentratua, gauzatuko duena eta egituratuko duena ekonomia plural eraldatzailea. Eredu ekonomiko honek uztartu beharko ditu ekonomia produktiboa eta erreproduktiboa; orekatu beharko ditu jabetza modu ezberdinak –publiko-estatala, sozial-komunala, kooperatiboa, pribatua–; trukea egingo du txanponekin eta gabe; eta ez da merkatuak soilik araututakoa izango, baizik, plangintza parte-hartzailearekin eta elkarreragiteko moduekin; hauspotuko ditu dinamika kolektiboak; murriztuko ditu eremu merkantilizatuak; eta zaintzak sozializatzera jo beharko du. Garcia Janérentzat, ekonomia errepublikarrak bermatu behar du “bizitzeko bitartekoetarako eskubidea” –ura, mugikortasuna, etxebizitza, osasuna, errenta–, hauek operatibo eta defendagarri bihurtuz epaitegien aurrean, urratzen diren kasuetan. Horretarako, beharrezkoa da produkzio eredua eraldatzea, erabakiz zein sektore sustatu behar diren eta zein bultzatzeari utzi, kontuan hartuz eragiten duen okupazioa –kantitatean eta kalitatean–, ingurumenaren jasangarritasuna eta burujabetza, herri moduan. Bukatzeko, Garcia Janék ekonomiaren demokratizazioa hiru norabidetan oinarritzen du: langileen parte-hartzea enpresa ertain eta handiak gobernatzerakoan; langileek eta erabiltzaileek diseinatu eta kudeatutako zerbitzu publikoak; eta herritarren parte-hartzea aurrekontu publikoetan.
Josep Manel Busqueta ekonomialariarentzat, ekonomia ez da zentratu behar balioaren produkzioan, baizik bizitzaren produkzioan
Josep Manel Busqueta ekonomialariarentzat, burujabetza erreproduktiboaren nozioak ekonomia errepublikarra artikulatu behar du: ekonomia ez dadila zentratu balioaren produkzioan, baizik bizitzaren produkzioan. Helburua baldin bada erreprodukzio sozialerako beharrezkoak diren baldintzak bermatzea, ez dira merkantilizatu behar osasuna, etxebizitza, energia edo kultura, baizik, mekanismo publiko, munizipal eta komunalen bidez planifikatu behar da modu parte-hartzailean hauen eskuratze unibertsala. Kontrol demokratikoa beharrezkoa da, bereziki finantzetan: Busquetarentzat, diruak komunitatearen zerbitzura egon behar du, banka publikoa edo oinarrizko errenta unibertsala bezalako erremintekin. Trantsakzio espekulatiboak debekatu behar dira, kapitalaren errenten mesederako den eredu fiskalari buelta eman behar zaio, eztabaidatu behar da atzerriko zein inbertsio mota den positiboa eta ea Europar Batasunarekiko eta euroarekiko harremanak burujabetza ekonomikoa gehitu edo gutxitu egiten duen.
Ana Muñoz legelariaren arabera, bereziki eragin behar da lan ordaindu feminizatuan, batez ere migratutako emakumeek eskaintzen dituzten zaintza lanetan. Askotan egoera irregularrean eta eskubiderik gabe daude, eta zaurgarritasun hau politika migratorio arrazistek eragindakoa da
Ana Muñoz legelariak ekonomia errepublikarra aberastu zuen ekonomia feministen ekarpenekin, zeinak sortu ziren etxeko lan ordainduak aldarrikatzeko eta zaintza lanak ikusarazteko. Muñozentzat, ekonomia errepublikarra da ekonomia produktiboa eta erreproduktiboa modu orekatuan eta ekitatiboan uztartzen dituen hura, sexuaren araberako lan bereizketa gainditzen duena, pobreziaren feminizazioa amaitzen duena eta zaintzak demokratizatzen dituena erantzukidetasunaren paradigmatik. Helburu hauetarako, beharrezkoa da eremu produktiboan esku-hartzea, lanaldiak birplanteatuz zaintza bermatzeko, haurren hazkuntzarako baimen zabal, partekatu eta derrigorrezkoekin. Bereziki eragin behar da lan ordaindu feminizatuan, hauetan kontzentratzen baitira zapalkuntza tasa handienak, batez ere migratutako emakumeek eskaintzen dituzten zaintza lanetan, askotan egoera irregularrean eta eskubiderik gabe egonik, eta zaurgarritasun hau politika migratorio arrazistek eragindakoa da. Eremu erreproduktiboan, bermatu behar da heziketarako eta osasunerako eskubide unibertsala, ikusarazi behar dira zaintza lanak, eta hauek demokratizatu egin behar dira, eremu pribatutik atera eta berrantolatu egin behar dira kooperatibismoaren eta kolektibizazioaren bidez.
Carrión ikerlariaren aburuz, internazionalizatutako enpresentzat Giza Eskubideak errespetatzeko kode loteslea garatu behar da, zigor erregimen bat eta justizia unibertsaleko auzitegiak izango dituena
Posible al da burujabetza ekonomikoa, enpresa transnazionalen sistema globalizatuan? Jesús Carrión RETSeko –transnazionalek urratzen dituzten eskubideak ikertzen dituen sarea– ikerlari eta Col-lectiu Rondako koordinatzailearentzat, ekonomia errepublikarrak transnazionalen kontrol soziala planteatu behar du, hauek eredu soziala hegemonizatzen baitute. Ondare komunen desjabetzea, lan eta ingurumen eskubideen urraketa, zorrei ihes egitea, deslokalizazioa, adin txikikoen lana, antidemokratikoak diren erregimenak babestea edo sindikatuei errepresioa egitea ez dira bateragarriak guztion onura lehenesten duen ekonomiarekin. Estatu askok baino Barne Produktu Gordin handiagoa izanik, Carriónen ustez transnazionalen zigorgabetasuna txikitu behar da, eta giza eskubideek lex mercatoriak baino gutxiago balio duten piramide juridikoari buelta eman behar zaio. Horretarako, internazionalizatutako enpresentzat Giza Eskubideak errespetatzeko kode loteslea garatu behar da, zigor erregimen bat eta justizia unibertsaleko auzitegiak izango dituena. Nazio mailan, sistema fiskala berbideratu behar da kapitalaren errentak izan daitezen ekarpenik handiena egiten dutenak; erosketa publikoa garatu behar da klausula sozialekin eta “ate birakariak” debekatu behar dira. Carriónentzat, sarean antolatutako egitura produktiboak saihestu behar ditu botere ekonomikoaren kontzentrazio handiak.
Fresnillo auditorearen arabera, ekonomia errepublikarrak utzi behar dio Nazioarteko Diru Funtsa edo Europar Inbertsio Bankua bezalako hartzekodunen menpeko izateari eta finantzazio sistema bat behar du banka publikoa eta fiskalitate justua nagusi izango direna
Zorraren bidezko indar harreman globalek ere eragina dute burujabetza ekonomikoan. Iolanda Fresnillo soziologo eta auditorearentzat, Espainiako Konstituzioaren 2011ko aldaketak, zorra ordaintzea bermatzen duenak, erakusten du nola hartzekodun globalak erabakitzeko gaitasun handiagoa duen mekanismo demokratikoek baino. Fresnillorentzat, aldiz, dependentzia hautsi daiteke publikotasunaren finantzazioa birpentsatzen bada. Ekonomia errepublikarrak (“res publica”) utzi behar dio Nazioarteko Diru Funtsa edo Europar Inbertsio Bankua bezalako hartzekodunen menpeko izateari eta izan behar du finantzazio sistema bat banka publikoa eta fiskalitate justua nagusi izango direna. Erabaki ahal izan behar dugu zertarako, norekin eta zein baldintzetan zorpetzen garen, zeren Espainiako Estatuan ohikoak dira sozialki beharrezkoak ez diren inbertsioak, merkatukoa baino interes tipo handiagokoak eta banka pribatuarekin adostasunean. Ekonomia errepublikarrak zor ez-legitimoa diagnostikatu behar du eta zorraren ez-ordaintze feminista planteatu behar du, helburu izanik beste eredu produktibo bat sustatzea eta trantsizio sozioekologikoa. Beharrezkoa da kudeaketa publikoa auditatzea, politika ekonomikoa modu parte-hartzailean planifikatzea, eta gizartea hiperbankarizatzeak sustatu duen zorraren kultura haustea.
Reguant finantza etikoetan adituarentzat, behar dena banku ereduak apostu egin behar du ondare komunaren alde eta lurraldean sustraitutako ekonomia produktiboaren alde
Zer sistema bankario sustatu behar du ekonomia errepublikarrak? Eulàlia Reguant matematikari eta finantza etikoetan adituarentzat, burujabetza ekonomikoak beste banku eredu bat behar du. Honek sustatu behar du sektore estrategikoen finantzazioa, apostu egin behar du ondare komunaren alde eta lurraldean sustraitutako ekonomia produktiboaren alde. Kanalizatu behar ditu familien aurrezkiak eta hauen ongizatean onura ekarri behar du. Kreditu falta leundu behar du rezesio garaietan, bermatu behar du zerbitzuen eta enpresa publikoen finantzazioa eta murrizketa sozialak saihestu behar ditu. Reguantentzat, sistema finantziero errepublikar batean, banka publikoak rol nagusia izan behar du. Banku etikoaren oinarriek zuzendua eta bizitza kalitatera bideratua, kapitala ekarri behar die enpresa publikoei eta etxebizitza publikoan inbertitu behar du. Banka publikoa eta bere helburuak birplanteatu behar dira: banku errepublikarrak kooperatibismoaren eta finantza etiko eta solidarioen balioak txertatu behar ditu. Horrela, bere gobernantzan parte hartu behar dute administrazioak, langileek eta aurrezleen eta herritarren komunitateek. Gainera, beharrezkoa da kredituak ebaluatzea finantza errentagarritasunetik harago. Reguantentzat, ekonomia errepublikarraren ardatza bokazio sozial argia duen banka publikoa izan behar du, interes orokorraren eta eraikuntza kolektiboaren menpe egonik, eta sistema finantziero etiko eta kooperatibo sendo batek koordinatuta.
Térrez Badalonako teniente alkatearentzat, errepublika kataluniarrak munizipalismoa izan behar du oinarri. Baina udalak azpi-finantzatuak daude
José Térrez, Badalonako teniente alkatearentzat, errepublika kataluniarrak munizipalismoa izan behar du oinarri. Baina udalak gai badira ere demokrazia zuzeneko politikak egiteko eta herriarekiko gertukoenak izanik ere, azpi-finantzatuak daude. Frankismoan, aurrekontuen %87 Estatuarentzako eta %13 alkatetzetarako banatzen ziren; gaur, %53 zentralizatu egiten da, %33 autonomia erkidegoetara doa eta %14 udaletara. Udalak ekonomia errepublikarreko laborategi izan ahal daitezen, diru partidak orekatu behar dira eta gertuko politikak sustatu. Erakunde katalanek biltzen duten zerga nagusia Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) da, zeinak ez duen hobaririk langabetuentzat, familia gurasobakarrentzat, ezta errenta edo lurraldearen araberakorik ere. Téllezentzat, udalek ahala izan behar dute birbanatzeko, baita espekulazioa zigortzeko eta parte-hartzea izateko errenta eta kontsumo zergetan (PFEZ eta BEZ). Gainera, udalek alternatibak behar dituzte banku sistema pribatuarentzako: banka publikoa, funtsa munizipalak, aurrezki eta tokiko crowfundingak. Téllezentzat, erakundetza errepublikarrak txertatu behar du tokiko mundua goi ganbara batean, hau litzateke kontrolerako erreminta eta errepublikaren apostu munizipalista gauzatzeko modua.
Herrera sindikalistarentzat, errepublika sozial batek lan eskubideak konstituzionalizatu behar ditu, pentsio publikoak blindatu, soldaten arrakala eta genero diskriminazioa gainditu...
Ekonomia errepublikarrak lan prekarietatea saihestu behar du. Mireia Herrera, Intersindical Alternativa de Catalunyako kidearen aburuz, produkzio eredu espainiarrak hiru prekarietate aldi sustatu ditu: XX. mende bukaerakoa (Aldi Baterako Lanerako Enpresak, tenporalitatea); egungo enpresa zerbitzu-anitzak, hauek hitzarmen kolektiboak suntsitzen dituzte; eta lan harremanak gainditzen dituztenak: ekonomia kolaboratibo kapitalistako sasi autonomoak (Deliveroo, eta abar) edo hoteletako eta etxeetako langileak. Herrerarentzat, errepublika sozial batek lan eskubideak konstituzionalizatu behar ditu, pentsio publikoak blindatu, soldaten arrakala eta genero diskriminazioa gainditu, pertsona migratuen arautzea erraztu, externalizazioei buelta eman, laneko prestamismoa debekatu eta laneko bajak sistema publikoaren bidez antolatu. Herreraren iritziz, sindikalgintzak paper garrantzitsua jokatu behar du ekonomia errepublikarrean. Askatasun sindikalerako lege organiko bat izan behar du ezagutuko duena aniztasun sindikala, lantokietan autoeraketa sustatuko duena, lan gatazketarako kuota sindikalak berbideratuko dituena eta enpresak ez duena ahalik izango liberatuak hautatzeko. Herreraren aburuz, ekonomia kolaboratiboa eskubidedun kooperatibismo bihurtu behar da: kooperatibismo sindikal berri bat sortu behar da.
Sastre ingurumen adituaren aburuz, beharrezkoa da apustu errepublikarra elikadura burujabetzan pausatzea
Annaïs Sastre ingurumen aditu eta agroekologiako aktibistarentzat, elikadura burujabetza beste pieza nagusietako bat da ekonomia burujabetzan. Sistema global agroalimentarioa ingurumena zapaltzean eta jatorrizko esku lanean oinarritzen da, eta horren aurrean apustu errepublikarra elikadura burujabetzan pausatu behar da, herriek bere elikadura eta ekoizpen sistema erabakitzeko duten eskubidean. Agroekologiaren paradigmak gidatuta, ekonomia errepublikarraren elikaduraren eremuko neurriek indar egin behar dute ekoizpenean, produktuen eraldaketan, banaketan, kontsumoan eta autokontsumoan. Ekoizpen agroekologikorantz trantsizioa egin behar da eta honen helburu izan behar da ekonomia ekologiko eta autozentratua indartzea. Hori lortzeko, neurri hauek proposatzen ditu Sastrek: bertako ekoizpenez hornitu; nekazaritza eta arrantzaren jasangarritasun ekonomiko, ekologiko eta soziala landu, ekoizpen bitarteko publiko, kooperatibo eta komunalak mankomunatuz; nekazari berriak gehitu eta lurra eskuratzeko sarbidea sustatu lur bankuekin eta inbertsioa egiten dutenentzako laguntzekin; kontsumo agroekologikoaren mailaketa sustatu; Ikerketa eta Garapena eta hezkuntza agroekologikoa bultza; eta nekazarien parte-hartzea bermatu elikadura politiketan.
Estivill soziologoaren arabera, egungo ekonomia errepublikarrak ikasi beharra dauka Katalunian trantsizioko ekonomia garatu zenekoaz
Jordi Estivill soziologo eta Ekonomia Sozialeko Sareko (katalanez XES) militantearentzat, egungo ekonomia errepublikarrak ikasi beharra dauka Katalunian trantsizioko ekonomia garatu zenekoaz: publikoa, munizipala, kolektiboa, kooperatiboa, komunitarioa. 1936an, iraultzaren eta ekonomia berriaren beroan, industria kolektibizatu zen, baita ur zerbitzua, garraioa eta energia ere, lurra munizipalizatu zen, familia lansaria plantan jarri zen eta banaketa kooperatibizatu zen. Estivillentzat, egungo ekonomia errepublikarrak pluraltasun ekonomikoan pausatu behar du, molde kolektibistak lehenetsiz, komunaren zerbitzura. Estivillen arabera, trantsizioan dagoen ekonomia aktibatzeko, beharrezkoa da, lehenik, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko Legea ezartzea, ekonomia sozial eraldatzailea sustatzera eta gainerako ekonomia eraldatzera bideratuta egongo dena. Bigarrenik, beharrezkoa da Ateneus Cooperatius politika indartzea, tokiko sozioekonomia indartzen duten erakunde publiko-kooperatiboak sustatuz, eta sektore produktiboak kooperatibizatzera eta trantsizio sozioekologikora bultzaz. Hirugarrenik, beharrezkoa da udaletan Tokiko Demokrazia Ekonomikorako Neurriak ezartzen eta ebaluatzen jarraitzea, tokiko ekonomia plangintzek izaera publiko-kooperatibo-komunitarioa izan dezaten. Eta laugarrenez, beharrezkoa da ekonomia errepublikarreko estrategia abian jartzea erakunde publikoekin, mugimenduekin eta erakunde politiko, sindikal eta herritarrekin, kooperatibismoarekin eta Errepublikaren Defentsarako Komiteak (katalanez CDR) erakunde berriekin.
Bide-orri ekonomiko errepublikar eta konstituziogile bat osatzeari ekitean, egiteke daude ekonomia errepublikarrerako beste laborategi batzuk, neurriak proposatuko dituztenak turismo, energia, mugikortasun, industriaren rekonbertsio ekologiko eta kidetasun digital gaietan. Kontua ez da Errepublika iritsi arte itxarotea burujabetza ekonomiko handiagoa lortzeko, baizik, martxan jartzea errepublika materialki posible egingo duen agenda ekonomiko errepublikarra. Jakinik burujabetza ekonomikorik gabe ez dagoela burujabetza politikorik, ekonomia errepublikarrerako neurriek ez dute soilik Kataluniako Errepublikaren ekonomia eredua irudikatzen: dagoeneko berau eraikitzen dute.
Zu zer zara, langile klasekoa? Prekarioa? Klase ertainekoa? Ertain-baxukoa agian? Gure baliabide ekonomikoak mailakatzeko erabiltzen diren kontzeptu horiek hedabide nagusietan agertzen dira oraindik tarteka, baina azken boladan sailkapen horien gainetik beste fenomeno batzuk... [+]
Agintariek herritarrei “etorkizunaren” izenean hitz emandako Abiadura Handiko Trenbide sarearen hiru laurden amaitu gabe dago, lehen proiektuak hasi eta ia hiru hamarkada ondoren. Oraindik urteak beharko dituzte zati gehienak amaitzeko eta batzuk seguruenik ez dira... [+]
Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.
Eman dezagun zigor sistema ez zaigula baliagarria iruditzen, kartzelarik ez dugula nahi. Orduan, zein da alternatiba? Zer egingo dugu eraso matxista egin duen horrekin? Mugimendu feministek askoz gehiago landu dute erasoa jasan duenaren gaia, erasotzaileaz gutxiago gogoetatu da... [+]
Katarsia 2011ko urriaren 20an bizi izan genuen, baina orain ere ez da makala idaztea gaur ETA desagertu dela. Ohartzean horrek esan nahi duen guztiarekin, goitik behera sumatzen da zirrara bizkar-hezurrean. Gertaera, sentipen eta sufrimendu gehiegi bildu da 60 urtean zehar... [+]
Frankismoaren ondoren, auzo elkarteen eskutik, jai herrikoiek eztanda egin zuten Euskal Herrian. Hortik garatu da txosna gunea oinarri duen eredua, herri mugimendu eta ezker abertzaleko antolakundeek sustatuta. 40 urtetan asko aldatu da egoera politiko eta soziala, baina hein... [+]
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia da (Donostia, 1979). Kanboko ekitaldiaren biharamunean elkarrizketatu genuen, Donostiako Haizearen Orrazian Ezker Abertzaleko zuzendaritzako dozenaka kide ohik ETAren amaierari sostengua agertu ondoren. Sortuk du orain Ezker... [+]
Izan duen gorakadak hauspotuta, asko idatzi da bazterrotan turismo masiboaz eta haren ondorioez. Asko egin eta idatziko da oraindik; baina komeni da, jasaten den horretan fokoa jartzeaz gain, eragiten den horretan ere jartzea. Noiz gara gu eta gure bizilagunak inguru bat... [+]
Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]
Genevan irakurri zuten ETAren amaiera iragartzen duen agiria, erakunde armatuaren ia 60 urteko ibilbidea bukatutzat emanda. Kanbon berriz, euskal gatazkaren konponbide osorantz pausoak emateko deia egin zuten nazioarteko eragileek. Aro bat bukatu da behin betiko eta beste bat... [+]
Txema Montero (Bilbo, 1954). HBko europarlamentari ohia, ETAko presoen abokatu lanetan aritutakoa, HBtik kanporatua, Sabino Arana Fundazioko kide urte luzez eta analista zorrotza, besteak beste.
Antzinako hainbat sinesmenen arabera, bizitza eta heriotza hasiera zein bukaerarik gabeko zikloak dira, unibertsoaren mugimendu errepikakorren katebegiak, beste materia eta energia guztiekin interakzioan eta dependentzian.
Azken hamarkada honetan, proportzioan, Euskal Herriko jendartea zahartu dena baino askoz ere gehiago zahartu da ezker abertzalearen oinarri soziala. Ile urdina nagusitzen ari da antolatzen dituen ekitaldi eta mobilizazioetan. Hamarkadetan, beste espazio politikoak baino... [+]