Deskolonizazio prozesu bat urriaren 12an abiatzea kontra-esankorra bezain ahalduntzailea izan daiteke, are gehiago ibilbidea Donostian hasten baduzu; herritarrek berreskuratzeko eta aldarrikatzeko hainbeste duten turistek hartutako hirian. Mendeurren festa bat ere ez da aitzakia txarra beste mundu posible bat irudikatu eta bizitza bizigarriagoak izatea posible dela amesteko. Donostiako Trinitate Plazan gorpuztu ziren helburuok pasa den larunbatean, Argiaren mendeurren festaren aitzakian, eta bertaratutakoen harrera beroa ikusita, badirudi kolonizazioa gainetik kentzeko bideari hasiera ona eman zaiola.
Goizeko 11:00etan bildu dira Trinitate Plazan Argia Jende goiztiarrenak, Urgull mendira joateko. Han narrasti eta anfibioak ikusi eta biltzea dute asmo. Iñaki Sanz biologoaren eta Eñaut Aiartzaguena marrazkigilearen gidaritzapean, gozatu ederra hartu dute etxeko txikienek gure inguruan bizi diren espezien inguruko azalpenak entzuten. Ikertzailearen koadernoa banatu diete bertaratutakoei, ikusi eta entzundakoak bertan apuntatu ditzaten. Ibilbidearen amaiera aldera iritsi da ezustekoa: zirauna txiki bat ikusi eta eskuetan hartu du biologoak; Angis Fragilis bat, hori baita izen zientifikoa. Hala idatzi du Anek koadernoan, beste hainbat bitxikeria eta azalpen interesgarriren ondoan.
Urgulletik jaitsi eta egunari beste usain bat dario: jende andana dago bilduta Trinitate Plazako sarreran, Donostiako udal txistulariek ibilbide historikoa noiz hasiko zain. Aspaldiko ezagunak agurtu, eta elkarrekin egun paregabe bat igarotzeko asmotan bildutakoen gogoa nabari da, urriaren 12a izanagatik ere ospatzeko asko dagoela adierazten dutenak. Ibilbidea hasi aurretik, Argiako erredaktorea eta historialaria den Urko Apaolaza arduratu da ongi-etorria emateaz, eta mezu argia bota du: “Arlo asko ditugu deskolonizatzeko: gure gorputzak, gure hizkuntza, baita gure egunerokotasuna ere. Kolonizatzea lurra esplotatzea baino askoz gehiago da: Telecinco pizten dugun bakoitzean Colon txiki bat sartzen dugu gure baitan. Metropoliaren kateetatik askatzeko, informazio burujabetza aldarrikatzen dugu”. Txalo zaparra erdian hasi dira txistulariak Jose Ignazio Ansorenaren gidaritzapean jotzen, Alde Zaharreko txokoak alaitasunez deskolonizatzeari ekiteko prest.
Deskolonizatu nahi badugu, ezer baino lehen bakoitzari berea aitortuz hasi behar gara. Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek bertsoz erantzun dituzte geraleku bakoitzean Urko Apaolazak emandako azalpenak. Jende asko batu da ibilbide historikora. Valle Lersundi plazatxoan izan da lehen geldialdia, 1813ko abuztuaren 31n gertatutako sarraskia gogoratuz. Handik Santa Maria elizarantz, eraikina esklaboek behartuta egindako lanaren emaitza dela nabarmentzeko. Kale Nagusian barrena jarraitu du ibilbideak, eta euskaraz hitz egitea nahiz euskaraz izatea debekatuta zegoen garaira eraman gaitu Apaolazak. Txillardegi edo Elvira Zipitria bezalako figura inportanteak aipatu ditu, euskara putzu sakon eta ilunetik ateratzeko izan izan zuten garrantziagatik.
Ibilaldi historikoa atzean utzi eta Plaza Berrirantz abiatu dira txistulariak; iraultzaren lehen pausoa kaleei herritarrek aukeratutako izena jartzea izango baita, eta donostiarrek hala izendatu zuten, nahiz eta Konstituzio Plaza goitizenak protagonismo osoa kendu dion azkenaldian. Soka-dantza egiteko unea iritsi da. Urduri nabari dira Argiako langileak, mendeurren festaren bezperetan erredakzioan dantza entseatu izanak ez baitie arrakasta ziurtatzen publiko zabalaren aurrean. Jendetza bildu da dantzari amateurren bueltan, eta argazkietan ikusi daitekeenez, ilusioa aise gailendu zaio esperientzia faltari: Argiaren lan-taldekoak eta dantzatzera animatutako ausart koadrila txistularien erritmora hankak astintzen, Aiert Beobide eta Amaiur Luluaga dantzari profesionalek gidatuta, herritarrez osatutako soka irudikatuz. Elixabete Garmendia eta Pello Zubiria omentzeko parada ere izan da, lehena Zeruko Argiako azken belaunaldiko kidea eta bigarrena Argiaren lehen urteetatik gaur arte hedabide honetan kazetari diharduena.
Trinitate Plazara bueltan, bazkaltzeko ordua iritsi zaigu oharkabean. Saizar sagardo upela eta aulki eta mahaiak prest dira eta plaza bazkaltiarrez bete da. Askok etxetik eraman dute jatekoa eta inguruan dituztenen artean partekatu dute. Beste askok, G7ko goi bileraren aurkako ekintzaileek prestatutako bokadiloak hartu dituzte, horrela ordaintzen laguntzeko isun eta epaiketetan metatu zaien zorra.
Bazkalostean Pobresiak emanaldia zaporeatu dute helduenek, kafea eta uxuala eskutan. Uribesalgo anaiek gai sozial eta politikoak astindu dituzte umore zorrotzez. Haietako bat kaputxinoz jantzita eta propio ilea fraideen modura moztuta aritu da. Inor ez du epel utzi emanaldiak.
Txikienak eskulan txokoan aritu dira eta ondoren Zuloaga plazan Txirri, Mirri eta Txiribitonen emanaldiarekin gozatu dute. Hirurehun ume eta gurasok korro ederra osatu dute pailazoen inguruan.
Arratsaldean dagoeneko klasiko bihurtu den Nazio Agiri Arrotzen Jaurtiketa Txapelketa hasi da. Gainditu beharreko marka ez da nolanahikoa, Ondarroan 2016an egindako Argia Egunean 40 metroko jaurtiketa historikoa egin baitzuen Oier lekeitiarrak. Aramaioko Jokinek serio hartu du erronka, eta aho bete hortz utzi du Donostian publiko osoa: frontoiko horma gainetik pasaz 43,35 metroraino bota du nortasun askorik adierazten ez dion agiria. Marka berria!
Kurdistango Rojavan Turkiak martxan jarri duen inbasioa salatu eta herri kurduari elkartasuna adierazteko argazkia atera dugu elkarrekin, jarrera internazionalistarik gabe nekez deskolonizatuko baikara ezerengandik. Jarraian Alkorta anai-arrebek trikiti eta panderoz kalejira abiatu dute Alde Zaharreko kaleetan barrena, eta horrela hartu du kalea Argia Jendeak, turistifikatutako hirian. Dantzan eta kantuan koadrila giroa sortu da gaur elkar ezagutu duen jendearen artean.
Iluntzen hasi du, eta kontzertuekin batera gazte jende mordoa bildu da eszenatoki aurrean, musikaz gozatzeko prest. Amaren Alabek, Mursegok, Balerdi-Balerdik eta Niña Coyote eta Chico Tornadok plazaren barrenak astindu dituzte, espero bezain indartsu eta gogobete. Eguna borobiltzeko eta Argiaren mezuak ilargipean ere entzun daitezen, astez aste eta egunik egun Argia kaleratzea posible egiten duten hainbat langile eszenatokira igo dira. Albiste-manipulazioaren eta gezur borobilen aurrean, Argiaren aldarria informazio burujabetza dela gogorarazi genuen, eta horri tinko eutsita jarraituko dugula ahal dela beste ehun urtez, kazetaritza independentea eta konprometitua egiten. Txikitik eragiten aiseago deskolonizatuko baikara, eta zer esanik ez urriaren 12an erakutsitako ilusio, maitasun eta poz berberarekin egiten badugu. Milesker gerturatu zineten guztioi.
2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]
Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]
Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?