“Buruan kritiko bat sortzen zaigun unetik, barruan dugun sortzailea egurtzen dugu”

  • Idazteak eta erretorikak zer ikusi handia du pertsuasioarekin. Hori nahikoa ez balitz, Irati Jimenezek Aiztoa eta arkatza liburuan David Ogilvyren gomendioak ere bildu izanak aitzakia paregabea eman dit harekin izandako solasaldia hona ekartzeko.


2013ko azaroaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Idazteaz hitz egitean, burura etortzen zaigun lehenengo gauza literatura da. Baina liburu honek balio dezake kazetari, gidoilari edo publizista batentzat ere.

Ogilviyren aipuak badaude eta baita gidoi-idazlea zen Billy Wilderrenak ere. Orwellenak ere jasotzen dira eta askok idazle baino gehiago kazetaria izan zela esango dute. Idazle esaten dugunean oso zentzu hertsian hartzen dugu, eta badirudi poetak edo fikziozko lanen idazleak soilik direla. Nik esango nuke, Harkaitz Canok hitzaurrean egiten duen ariketa kopiatuta, uste duguna baino zabalagoa dela idazlearen esanahia, baita irakurlearena ere. Denok garela idazkurleak. Jakina, kazetariek eta publizistek idazketa oso  tresna garrantzitsua dute haien lanean. Baina enpresatan ere zenbat gauza idazten dira? Eta askotan beste talde batzuei edo langile guztiei transmititzeko izaten da, baita milaka pertsonari ere. Beraz, idazketak garrantzia du milaka jardunetan, ez bakarrik fikziozko idazketan. Jarriko bagenitu egun bakarrean idazten ditugun e-mail, whatsapp eta antzekoak zerrenda batean…

Sareko idazkuntza horretan, beste ezaugarri bat laburtasuna da. Liburuan bildutako aipu askotan ere, aipatzen da soberakina kendu eta testua doitzearen garrantzia. Aldi berean, iruditu zait liburuak ere baduela oso egitura garaikidea.  Atal laburretan dago banatua, eta bukaeran gaika bildutako esaldiek aldiz, txio baterako neurria dute.

Nik, kazetari bezala, beti izan dut joera hori. Gero eta gutxiago egiten dugu eseri eta tarte luze batez irakurri. Kazetaritzak askotan erakusten digu informazio bloke koherenteak sortu eta horiek ematen, irratian titularrak adibidez, edo fitxa bat… Informazio asko dugu inguruan, eta sintesia beharrezkoa zaigu anabas horretan geure burua antolatzeko. Pilula txikiekin soilik ezin gara bizi, baina titularretara jotzen dugu, bestela informazio masa hau goberna ezina delako. Badaukat joera pilula konprimitu laburrak egitekoa, eta liburua ere horrelakoa da. Fitxak dira azken finean, eta ez du hasieratik bukaerara irakurtzea eskatzen. Pentsatzen dut irakurleak, nahiz eta irakurtzea asko maite, ez duela nahi este denbora. Niri ere gauza bera gertatzen zait.  Hortaz, unitate txiki koherente batzuk ematen badizkiozu, komunerako edo metrorako ere balio dezake.

Ez dago euskal idazleen aipurik liburuan. Nahita egindako hautua da edo euskal idazleek ez dute haien sekretuak saltzeko joerarik?

Hasieran, egia esan, nire berezko joera idazle anglosaxoietara jotzea izan zen. Baina horrek pixka bat beldurtzen ninduen. Ez da antologia entziklopediko bat eta ez nuen dena biltzeko asmorik, nahi nuen zerbait zabala eta erakargarria egin. Hortik aurrera, ardura bat baino gehiago nituen. Jaso nituen lehenengoak gizonezkoenak ziren, eta hautu kontzientea  izan da genero aniztasuna bilatzea. Gero herrialdeka ere aberasten saiatu nintzen, nahiz eta niretzat frantsesak edo errusiarrak identifikatzea zailagoa izan. Nire sentipena da halako aholkuak eman eta literatura tailer edo ofizio moduan hartzearena gehiago dela joera anglosaxoia europarra baino. Europan gehiago jotzen dugu idaztearen mistikara. Euskaldunen kasuan ez dut dekalogorik ezagutzen. Egin nuen inkesta txiki bat euskal editore eta idazle batzuen artean galdetuz ea ezagutzen zuten sartzeko moduko ezer esanguratsurik, baina ez zidaten ezer esan. Zerbait baldin badago, hurrengo ediziorako, eta bestela lan polita litzateke kazetarientzat: euskal idazleei galdetzea.

Berriz ere euskal kasura etorrita, liburuan bildu dituzun autore gehienak idazle profesionalak dira. Baina Euskal Herrian, salbuespenak salbuespen, idazleak beste ogibide bat ere behar du.

Askotan nabaritzen da, Stephen Kingek ematen dituen aholkuetan adibidez, gomendioak  merkatu anglosaxoian idazten duen norbaiti zuzenduta daudela, inkontzienteki bada ere. Normala da, norberak ingelesez idazterakoan arrakasta badu publiko baten artean, horrek miloika kopia saltzea esan nahi du. Adibidez Kingek zientzia fikzioarekin egiten duen bezala. Euskal Herrian,  fantasia generoan arrakasta duen norbaitek pentsa zein publiko txikia duen. Kualitatiboki gauza asko berdinak dira, ofizioarenak, eta hori da politena; baina kuantitatiboki asko aldatzen dira. Duela gutxi irakurri nion bati, idazle profesionala izateko lehenengo bi urteetan aurrera egiteko aurrezki batzuk izan behar dituzula. Euskal idazle bat balitz esango nioke: beno eta zein lan gehiago egingo duzu? Euskal literaturak oso irakurle gutxi ditu. Baina euskaldun guztiak irakurle eta erosle amorratuak  bagina ere, oso merkatu txikia litzateke. Zentzu horretan, liburuan dauden gauza asko euskal idazle batek esango balitu, oso modu ezberdinean esango lituzke.

Norentzat idatzi behar du idazleak? Norberarentzat? Irakurleentzat?

Idazle bat baino gehiagok esaten du, eta polita da hori, pertsona bat imaginatzen duela idazten duenean. Stephen Kingen adibidiearekin jarraituz, idazten duenean buruan duena da bere emazteak zer pentsatuko duen irakurtzean. Beste batzuk ere esaten dute buruan dutela irakurle ideal bat, eta horrek erraztu egiten duela komunikazioaren lana. Pertsona hori nor da? Normalean zure antzeko norbait. Izan ere, honakoa da idaztearen arauetariko bat Gabriel Marquezen arabera: ez zure burua aspertu, bestela besteak aspertuko dituzu. Saiatu zure burua dibertitzen eta horrela, akaso, lortuko duzu magia. Nik esango nuke irakurle masa imaginatzea gehiegi dela. Askotan ez dago beste erremediorik zuretzat idaztea baino. Norentzat bestela?

Idazleak mitifikatuta daudela aipatzen da maiz. Nor da horren errudun, errudunik bada?

Ez dakit mitifikazio hori nondik datorren, baina ziur asko idazleongandik. Nik miresten ditut idazle batzuk, negarrera mugitu nautenak, eta bereziki, gaitasuna dutenak nire pentsamendua artikulatzeko. Askotan gertatzen zait: “hau pentsatzen nuen baina orain arte ez nuen artikulatu”. Hori miresgarria iruditzen zait. Baina egia da, idazleok asko idatzi izan dugula idazteaz, azken finean idatzi egiten baitugu. Egunean ofizio horretaz hitz egiten ordu asko igarotzen badituzu,  oso lanpostu isolatua denez, normala da idazteaz hitz egitea. Beraz, mitifikazio horren errua izango dugu agian. Hortik datoz blokeoa,  inspirazioarena eta abar. Mediku batek ez du esaten: gaur ez dut operatuko blokeatuta nagoelako.

Esan izan duzu txikitan izugarri idatzi arren, gero gaztaroan halako blokeo bat izan zenuela…

Nik hala gogoratzen dut, nahiz eta memoria ere fikzioa den. Txikia nintzenean asko idazten nuen, ez bakarrik idatzi, baita marrazkiak edota plastilina eraikuntzak egin. Buruan kritiko bat sortzen zaigun unetik, horri sekulako boterea ematen diogu, eta barruan dugun beste sortzaile hori egurtzen dugu. Nik orain ez dut marrazten adibidez, eta nahiz eta ongi ez egin, asko gozatu dut egin dudanetan. Idaztearekin beldur guztiak etorri zitzaizkidan gainera: dena idatzita dagoela, bizipenetatik abiatu behar dela sinesgarria izateko…

Geroago berreskuratu nuen, argitaratzearena, gainontzekoek pentsatuko zuketena eta antzekoak  burutik kenduz. Kazetaritzak ere lagundu zidan berriz idazten haste horretan.

Bada aipatzen duenik, gaur egun elite kultura ikusgarriagoa denez, belaunaldi berriok gure ignorantziaren autokontzientzia oso garatua dugula. Eta horrek idazle berrien agerpena oztopatzen omen du. 

Hori izan liteke arrazoi bat, baina beste asko ere egon litezke. Lehen batzuk eta orain beste batzuk. Lehen pentsatzen dut jendeak oso urruti ikusten zuela argitaratzearen ariketa. Nik etxean bizi izan dudanez, desberdina izan da. Gaur egun blogen bidez ez duzu peajerik ordaindu behar, ez iragazkirik pasa behar, baina beste beldur batzuk sortzen ditu. Adibidez twitteren mezu barregarriak jarri behar horrek jendea atzera bota dezakeela iruditzen zait, maila emango ez duelakoan edo. Ingenio konstantea eskatzen du, eta ariketa konplikatua da hori, paralisira eraman dezakeena.  Badu bertsolaritzarekin zerikusirik, oso bat-batekoa da, eta ez baduzu azkar erantzuten badirudi galdu egin duzula. Tentsioa sortzen du horrek.

Irati Jimenezen idazteko gomendioak:

  • Idazteko gogoz bazabiltza seinale gozatzen duzula, edo gozatu izan duzula. Ez ahaztu. Goizero edo astean behin jartzen zarenean, gogoratu hori.
  • Idaztea ez da gertatzen parkean zaudela, nahiz eta hori, edo lagunekin ibiltzea, idaztea baino garrantzitsuagoa den. Baina idatzi nahi baduzu, espazio fisiko bat, eta batez ere, zure bizitzan leku bat, eman behar diozu. Ez du zertan handia izan, baina leku bat. Diziplina behar da, beste edozein lanbidetan bezala.
  • Hartu aiztoa, baina kontuz. Askotan aiztoarekin gure buruari egiten diogu min. Erabili hitzak mozteko, baina ez zure burua zauritzeko. Gozatu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irati Jimenez
2011-12-16
‘Nabarra’ aldizkariak argitaratzeari utzi dio arazo ekonomikoak direla eta

Nabarra aldizkariak ez du zenbaki gehiagorik kaleratuko diru arazoen eraginez. "Ezin izan dugu Bizkaian jarraitu Nafarroan sortu zen aldizkariarekin, egoera ekonomikoak eta diru laguntzen kudeaketa sistemak itota", adierazi dute argitalpenaren arduradunek ohar baten... [+]


2011-11-14
Telesail anglosaxoien gaineko gogoetak, Txalapartaren eskutik

Txalaparta argitaletxeak Telezailak. Nork esan zuen telebistak tontotu egiten duela? argitaratu du, kalitatezko telesail anglosaxoien gainean Katixa Agirrek, Koldo Almandozek, Harkaitz Canok, Irati Jimenezek, Goizalde Landabasok eta Xabier Mendiguren Elizegik idatzitako... [+]


2011-04-23
“Ze-neke!” belaunaldia

DNA aipatu duzu José Luis, eta literaturan taxuzko DNA edukitzeko beti da komenigarri belaunaldi baten parte izatea. Errealismo magikoaren adibidea bera hortxe dugu. “Boom latino-amerikarra” delakoak plazaratzeko parada ederra eskaini zien hainbat idazleri,... [+]


2010-07-25
Irati Jimenez: “Moralistegia da gizartea eta moralistegiak gara denok”

Irati Jimenezen Waterloo eta Zatitu arte ipuinak ekarriko dizkizu Argiak datorren astean opari. Hori aprobetxatuz idazlearekin hitz egin dugu, udaz, haurtzaroaz, tabuez, iraultza txikiez...


Eguneraketa berriak daude