EH Bildu agintean dagoen udalak gaztetxearen etorkizuna ziurtatzeko aterabide bat adosteari "uko" egin diola salatu du Burlatako Gazte Asanbladak. Beste hainbat gaztek udaletxe kanpoan kanpatu dute, eta goizean zehar bertara hurbiltzeko dei egin dute.
Hilabeteak dira Burlatako (Nafarroa) Gazte Asanbladaren eta udalaren arteko desadostasunak gaztetxearen etorkizuna jopuntuan ezarri duenetik: "edozein unetan desalojatu" zezakeketela ohartarazi zuen Gazte Asanbladak ostiralean, udaletxeak hurrengo egunean, martxoaren 15ean ezarri baitzuen gaztetxea husteko epea. Desalojoari aurre egiteko "euren indar eta baliabide guztiak" bideratuko zituztela adierazi zuten gaztetxeko kideek, eta astelehenean ekintza bat burutu dute: bi gazte udaletxera kateatu dira, "gaztetxearen defentsan", eta bertan igaro dute gaua.
Eguerdi aldera kateatu ziren bi gazteak, eta berehala hurbildu zen jendea udaletxera babesa helaraztera. Kateatuta ez zeuden pertsonak udaletxetik bota bazituzten ere, GEDAR hedabidearen arabera, Berta Arizkun alkateak esan zien bi gazteei gaua bertan igaro zezaketela. Udaletxe inguruko hainbat errepide moztu zituzten arratsaldean Gazte Asanbladako kideek, eta Espainiako Polizia bertaratu zen hori saihestera. Ondorioz, udalak ez ohiko udalbatzarra deitu zuen, eta bertan erabaki zuten kateatutako bi gazteek gaua udaletxean igaroko zutela.
Albiste hau osatzerako orduan, kateatu jarraitzen dute bi gaztek, eta beste hainbat gaztek kanpatuta igaro dute gaua udaletxe kanpoan, Goizeko 9:00etatik aurrera auzolana egingo dutela jakinarazi dute, "gaztetxearen aldeko borroka defendatzeko", eta laguntzera eta kateatuei babesa helarazteko hurbiltzera dei egin dute.
"Borondaterik ez" gaztetxearen biziraupena bermatzeko
Ostiralean argitaratutako oharrean, Burlatako Gazte Asanbladak jakinarazi zuen egun batzuk lehenago "azken saiakera" bat egin zuela EH Bildu buru duen udalarekin adostasun batera heltzeko. Saiakera horretan, gaztetxearen biziraupena bermatzeko "ezinbesteko minimoak" mahiagaineratu zituen, baina udalaren "borondate eza" ez zen aldatu. Azken honek egoitza gisa erabiltzeko lokal bat eta biltegi izateko espazio bat eskaini diela jakitera eman zuen, baina gaztetxekoek ez zutela onartu.
Udalak lokal hori "oso epe motzerako" utzi nahi ziela salatu zuen Gazte Asanbladak oharrean, eta behin epe hori amaituta, aukera uzten zuela gazteak bertatik kanporatzeko, eta espazioa "proiektu alternatibo" bat gabe utzi. Udalaren bertsioaren arabera, ez dute gaztetxea "indarrez" hustuko. Espazioa eraisteko arrazoi nagusia ere aipatu dute: Nogalera 2025 proiektua aurrera eramatea "oztopatzen" duela, uholdeei aurre egiteko plana.
Iruñerrian bat egin dute hainbat Gazte Asanbladak, Burlatako Gaztetxearen alde. Etxarriren desalojoa gelditzera deitzeko, bestalde, manifestazio bat antolatu dute Bilbon hilaren 28rako.
Prentsaurrekoa egin dute gaztetxeko kideek, gaztetxearen egoera azaldu eta haren kontra Burlatako PSNk eta Navarra Sumak izan duten jarrera salatzeko.
Gaztetxearen erabileraren gaineko "muga arbitrarioak" ezarri dizkietela salatzearekin batera, espazio publikoetarako sarbidea ere ukatu dietela nabarmendu dute Burlatako Gaztetxeko kideek, ehunka lagunen babesean egindako manifestazioan: "Ezinbestekoa zaigu... [+]
Irailaren 2an ospatuko dute Burlatako gaztetxearen inagurazioa, lau hilabetez auzolanean atontzen egon ostean. Goizeko hamar t'erdietatik aurrera egun osoko egitaraua antolatu dute bertako kideek.
Margoketa faxistak egiteaz gain, kalte haundiak eragin dituzte erasotzaileek. Ostegun arratsaldean asanblada bat egin dute erasoaren aurrean zer egin erabakitzeko.