Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

  • Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi gazteak infalizatzeko" egin dituzten saiakerak salatu ditu. Udalak adierazi du uholdeen ondorioak gutxitzeko "beharrezkoa" dela gaztetxea eraistea.


2025eko martxoaren 20an - 16:57
Azken eguneraketa: 18:36
Burlatako gaztetxeko kideek udalaren aurrean eginiko agerraldia, asteartean. Burlatako gaztetxea
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hitzetatik ekintzetara pasatu zen Burlatako Gazte Asanblada astelehenean: hiruzpalau hilabetez gaztetxearen etorkizunaz ohartarazten igaro ondoren, bi gazte udaletxean kateatu ziren goizean. 24 ordu igaro zituzten horrela, suhiltzaileak bertaratu eta kateak moztu zizkieten arte, eurek deituta. Oihan Bengoetxea gaztetxeko bozeramaileak sareetan azaldu duenez, "udaletxearen hautua" izan zen bi kateatuek gaua bertan igarotzea. 

Udalak –EH Bildu, Zurekin Aldatu eta Geroa Bai daude agintean–, ordea, gaitzetsi egin du Gazte Asanbladak leporatutako "borondate eza", eta ziurtatu du egoitza gisa erabiltzeko lokal bat eta biltegi bat eskaini dietela. Ostegunean kazetarien aurrean eginiko agerraldian Berta Arizkun alkateak onartu du ezin direla kontzertuak antolatu espazio horretan. Egungo gunea ez dutela "indarrez" desalojatuko ere adierazi du, baina "beharrezkoa" dela hori eraistea uholdeen eraginak gutxitzeko. Izan ere, Nogalera 2025 planaren obrak apirilean hasiko ditu udalak, "Arga ibaiaren aterabide handien aurrean Burlatako hiriaren zaurgarritasuna gutxitzeko", eta proiektu hori aurrera erameteko gaztetxea botatzea "ezinbestekoa" dela azaldu du Arizkunek.

Bengoetxeak argitu du Gazte Asanbladak ez duela salatzen udalaren elkartzeko borondate eza, "proiektuari benetako alternatiba bat emateko borondatea" baizik. Haren hitzetan, udalak eta gaztetxeko kideek eginiko azkeneko bileran alkateordeak honako hauek esan zituen: "Ez dago borondaterik proiektuak zuen hitzetan dituen beharrak asetzeko" eta "udalak ez du inolako betebeharrik gaztetxearen arazoa konpontzeko". Gazte Asanbladaren exijentziak ere zerrendatu ditu: eskainitako espazioan "egonkortasun minimo bat" edukitzea –udalak proposatzen duen bi urteko epea baino luzeagoa–, gaztetxearen propaganda jarduera baldintzatzeko klausula kentzea eta "hainbat urtetik hona aurrera eramandako egitaraua" gauzatzeko bermeak izatea –Gazte Eguna, jaietan edukitako txoznagunea eta gabonak aipatu ditu–.

"Gaztetxearen eraisketa saihestezina da"

Burlatako alkateak adierazi du oraindik garaiz daudela gaztetxearen arazoari "irtenbide adostu bat" emateko, baina gaztetxearen eraisketa "saihestezina" dela gaineratu du. Juantxo Valle Nogalera 2025 proiektuaren arduradunetako bat da, eta, haren arabera, gaztetxea dagoen tokia "arazo bat" da, Arga ibaiaren fluxuan turbulentziak sortzen dituelako, eta, beraz, hori eragozteko bidean eraikina eraistea "ezinbestekoa" dute.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Burlatako gaztetxea
Burlatako udaletxean kateatuta igaro dute gaua bi gaztek, gaztetxearen desalojoaren aurka

EH Bildu agintean dagoen udalak gaztetxearen etorkizuna ziurtatzeko aterabide bat adosteari "uko" egin diola salatu du Burlatako Gazte Asanbladak. Beste hainbat gaztek udaletxe kanpoan kanpatu dute, eta goizean zehar bertara hurbiltzeko dei egin dute.


2025-03-11 | Gedar
Burlatako eta Errekaldeko gaztetxeen defentsan, indarrak batzera deitzen ari dira

Iruñerrian bat egin dute hainbat Gazte Asanbladak, Burlatako Gaztetxearen alde. Etxarriren desalojoa gelditzera deitzeko, bestalde, manifestazio bat antolatu dute Bilbon hilaren 28rako.


Burlatako gaztetxea arriskuan dagoela salatu dute

Prentsaurrekoa egin dute gaztetxeko kideek, gaztetxearen egoera azaldu eta haren kontra Burlatako PSNk eta Navarra Sumak izan duten jarrera salatzeko.


2021-06-22 | Gedar
Ehunka lagunek salatu dute Burlatako Gaztetxearen eta askatasun politikoen aurkako erasoaldia

Gaztetxearen erabileraren gaineko "muga arbitrarioak" ezarri dizkietela salatzearekin batera, espazio publikoetarako sarbidea ere ukatu dietela nabarmendu dute Burlatako Gaztetxeko kideek, ehunka lagunen babesean egindako manifestazioan: "Ezinbestekoa zaigu... [+]


2018-08-30 | Topatu.eus
Burlatako gaztetxea inauguratuko dute igandean

Irailaren 2an ospatuko dute Burlatako gaztetxearen inagurazioa, lau hilabetez auzolanean atontzen egon ostean. Goizeko hamar t'erdietatik aurrera egun osoko egitaraua antolatu dute bertako kideek.


2018-08-10 | Ahotsa.info
Burlatako gaztetxe berriari eraso egin diote

Margoketa faxistak egiteaz gain, kalte haundiak eragin dituzte erasotzaileek. Ostegun arratsaldean asanblada bat egin dute erasoaren aurrean zer egin erabakitzeko.


Eguneraketa berriak daude