Brezhoneg Bretainiako borrokan? Ez

  • Uda honetan Bretainian ibili ginen. Bereiziki, famatu bilakatzen ari den Notre-Dame-des-Landes-eko ZAD-an(1). Han, mundu osoko lagun anitz topatu ahal izan genituen. Gainera, proiektu zehatz batentzat Euskal Herriko hainbat jenderekin ZAD-an elkartu ginen : leku intergalaktiko bat sortzeko.


2017ko urriaren 09an - 16:17

Historiaz

Bretainia « historikoa » Brest hiritik Clisson edo Naoned(2) arte hedatzen den lurralde bat da. Bretainiak, Estatu frantsesak martxan jarritako kolonizazioa jasan zuen, Ipar Euskal Herriak ezagutu duen asimilazio kultural gisan. III. Errepublikaren garaian, brezhoneg(3) hizkuntzaren aurkako errepresio handia izan zen, frantses hizkuntzak nazioaren batasuna bermatu behar izan zuelako. XIX. mendearen erditsuan frantses instituzioek eskola publikoaren bidez bere errepresio linguistikoa aplikatzen hasi zuten, brezhoneg hizkuntza eskolan debekatuz eta zigortuz. Horrez gain, hizkuntza baliogabetzeko abereen hizkuntza bezala kontsideratua izanen da. Prozesu hori Ipar Euskal Herriak bizi izan zuen euskararekiko.

Aldiz, borrokaren ikuspegitik euskara eta brezhoneg-aren bilakaerak ezberdinak izan ziren. Gaur egun Bretainian guttiengo bat bretoieraz borrokatzen da, horien artean Breizhistance(4) mugimendua eta 44 Breizh(5) kolektiboak nagusitzen dira. Zergatik?

Alde batetik, Bretainiako jendeari leporatzen zaio II. GM alemandarrekin kolaborazioan parte hartu izatea. Aitzaki hau baliatzen da erraiteko brezhoneg-ez mintzatzen denari eskuin muturrekoa dela. Beste alde batetik, publikoki « Bretagne » historikoa berreskuratu duen jendeak marka bat sortzeko egin zuen. « Produit en Bretagne »(6) lelopean Auchan, E. Leclerc (7), enpresa handiek, konparazione Bretainiako edozoin produktu (gehienetan industriala) saltzeko. Honek Bretainiaren lurraldetasuna kapitalismoari lotzen lortzen du beste mugimendu zabalago batek ez duelako lurraldetasun historiko hori eskatzen.

Bi fenomeno horiek azaldu zizkiguten, Bretainiaren lurraldetasuna eta Brezhoneg hizkuntzaren egoera hobeki ulertzeko. Bada.

Hizkuntzaz

Brezhoneg hizkuntzaren egoera larrialdi egoeran da. «Ofiz publik Ar Brezhoneg» (8) erakundeak zenbaki beldurgarriak helarazi zituen. Izan ere 2007. urtean, 206 000 mintzazaile zituen bretoierak, jakinez Bretainiak 3 milioi baino gehiagoko biztanleria zuela. Ipar Euskal Herrian(9), 2016an 51 200 mintzazaile ziren, 249 440-eko biztanleria batentzat. Bretainian, espazio oso guttik brezhonegez funtzionatzen du « Diwan » (10) eskolak aparte. Lagun batek kondatzen zaukun bretoiera entzutea ostatu batean, edari bat manatzeko bakarrik, iraultzailea zela, pentsa! Praktikarako leku gutti garatu ziren eta gaur egun, ezkertiar mugimenduak eramaiten dituen borroketan hizkuntza ez da gehiago ageri; eta nahikeri gutti da hizkuntza honen alde altxatzeko, ohitura linguistikoak irauliz.

Hain zuzen, Notre-Dames-des-Landes-eko ZAD-an bretoiera ez da entzuten. Are gehiago, leku aske sinboliko hontan brezhoneg hizkuntzaren alde ez da borrokatzen. Alderantziz, ZADera joan ginen lehen aldietan hizkuntza minorizatuetaz ari ginelarik, ondoan entzuten genituen ohar gehienak ziren: “nazionalistak”, “hetsiak” etab. Nolaz hizkuntza ezberdin bat mintzatzeagatik hetsiak kontsideratzen gintuzten zadistek? Jakinez, gehienek anitz hizkuntza ezberdin ezagutzen eta menperatzen genituela, ezkertiar iraultzaile hauen kezkak ez genituen ulertzen. Edo bai. Betiko frantses sistema zapaltzailearen eta nazionalistaren eragina ZADen ziren jende ezkertiar eta iraultzaileen burumuinetan. Harritzekoa?! Sistematik kanpo, Nazio Estatuaren zepoan erori ziren.

Glotofobiaz

Orain arte, hizkuntzen errepresioa kalifikatzeko hitz edo erranmolde bat eskas zen. Argi da kolonizazio prozesuaren barne den elementu bat izan zela frantses hizkuntzaren asimilazioa (Frantses estatuan; gaztelera izan zen bezala Espainiar estatuan), baina nola laburbildu daiteke egunerokotasunean hizkuntza minorizatu bat erabiltzen dugunok bizi dugun diskriminazio hori? 1998. urtetik goiti Philippe Blanchet-ek(11) glotofobia-ren (12) kontzeptua asmatu eta erabiltzen hasi zen. Glotofobia zer da? Oroitaraziz hizkuntzak mendekotasun eta botere joko eta bideak direla. Blanchet-ek « praktika espontaneoak » eta arau preskrituen arteko diferentzia ikertzen du (13). Kontzeptu horiek argitzeko adibideak emanen ditugu. Praktika espontaneoak, hain zuzen, arauetan sartzen ez diren praktikak dira konparazione “r” hau Euskal Herrian ezberdinki ahoskatzen dugularik, baita ere Frantzia Iparreko azentuak ez dira arauetan sartzen; horiek hizkuntzaren praktika espontaneoak deitzen ditu. Alderantziz, arau preskrituetan -frantsesez edo gazteleraz egiten duten- irratien hizkuntza da. Ikerlariarentzat azken arau horiek botere eta menpekotasun harremanak finkatzen dituzte.

Glotofobia, zilegitasunik gabeko hizkuntzen diskriminazioa da. Kontzeptu berri hau hizkuntza minorizatuentzat baliatua da. Horrez gain, hizkuntzak aipatzen dituelarik, Blanchet-ek hizkuntza bera baita azentuak ere bai analisatzen ditu.

Ikerlariak hizkuntzen diskriminaziotik pertsonen diskriminaziora pausoa egin nahi izan zuen. Zergatik? Blanchet-ek kontsideratzen duelako jendeek jasaiten dutela hainbat eraso konparazione mespretxua, herra edo baztertzea. Bukatzeko, lan hori glotofobiaren aurkako borroka bat eramaiteko egina izan zen. Horrez gain, elementu anitz ekartzen dauzkigu hizkuntza edo azentuak baliogabetzen dituztenei buruz. Gehiago jakin nahi bada France culture-n egin zuen emankizuna podcast gisa deskargatzen ahal da(14) eta bistan dena, liburu dendak berriz hornituko direlarik gomendatzen dut bere liburua irakurtzea.

ZAD-en adibidez, zer erantzunen dute erranen diegularik gure hizkuntz baliogabetzea diskriminazioa dela?

Oin-oharrak:

1) ZAD : Estatu frantsesarentzat « Zone d’Aménagement Différé » (Gerorako Antolamendu Gunea). Gobernu frantsesak aireportu bat eraikitzeko proiektu bat « babestu » zuen gunea. Borrokak zentzu berri bat eman dio gune honi « Zone À Défendre » (Defendatu Beharreko Gunea) deituz.

2)Frantsesez « Nantes ».

3) Euskaraz « bretoiera »

4) http://www.breizhistance.tv

5) https://44breizh.com

6) Itzulpena: Bretainian ekoiztua

7) http://www.produitenbretagne.bzh/annuaire-des-membres?field_company_profile_head_cp_value=&title=&page=4

8) Frantziak sortu duen hizkuntza minorizatuen instituzioa Bretainian. Ipar Euskal Herrian, Euskararen Erakunde Publikoa deitzen da.

9) Euskararen Erakunde Publikoaren arabera : http://files.eke.eus/pdf/enquetes-sociolinguistiques-bachoc.pdf

10) Murgiltze ereduzko brezhoneg-eko eskolak – Euskal Herriko « Ikastolak ».

11) Hizkuntzalaria eta Soziolinguista, erakaslea Rennes II Unibertsitatean, Bretainian.

12) Frantsesetik iltzulia : « Glottophobie ».

13) BLANCHET, Philippe, Discriminations : combattre la glottophobie, Paris, Textuel, Petite encyclopédie critique arg., 2016, 192 p.

14) https://www.franceculture.fr/conferences/universite-bretagne-loire/discrimination-par-le-langage-une-violence-meconnue

 

Iritzi hau topatu.eus webgunean argitaratu da eta CC by-sa lizentzia baliatu dugu ARGIAra ekartzeko

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: bretoiera
2022-05-19 | Leire Artola Arin
Gaur hasiko da Bretainiako Korrika Ar Redadeg

Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.


‘Etnozidioa: Frantziako Tabua’ jardunaldietako kronika

ELEN Europako hizkuntzen berdintasunerako sareak eta Kevre Breizh Bertainieraren aldeko erakundeen kontseiluak Etnozidioa: Frantziako Tabua izenburuko jardunaldia antolatu zuten pasa den martxoaren 19an, Bretainiako Gwened herrian. Bertan izan zen Haizpea Abrisketa... [+]


Bretoieraren aldeko ‘Korrika’ ostiral honetan abiatuko da Finistèretik

Bi urtez jarraian ez egitea “eutsiezina” zela iritzita, Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketa kalera ateratzea erabaki dute, osasun neurri zorrotzak betez. Euskal Herriko Korrikan oinarritua, 2008an hasi zuten ekimena Bretainian.


2021-03-16 | Ixone Arana
Lehen familia liburu elebiduna eman diote Nanteseko bikote bati

Familia liburua bretoieraz eta frantsesez izatea lortu du bikote batek Nantes hirian. 


Marc'harid Bouffaut-Merdy. Bretoierazko ikastetxeko zuzendaria
“Ikasleen gurasoen %90 ez da bretoiera hiztuna”

Marc’harid Bouffaut-Merdy zuzendari da Bretainiako Kemperle-ko Diwan ikastetxean. Bretoiera bizirik mantentzeko ahaleginean dihardu. Ez da erraza. Etena izugarria da. Zaharrenek dakite bretoiera, eta haur batzuek; tarteko belaunaldiek galdua dute. Bouffaut-Merdyk kontatu... [+]


Ismael Morvan, Bretainiako Diwan eskolako ikaslea
“Bretoiera bizi publikoan sartu nahi dugu”

Diwan lizeoetako 15 ikaslek erabaki zuten baxoaren matematika proba bretoieraz egitea, nota apalena ukateko arriskua harturik.


Helmugara iritsi da Redadeg, bretainiar “Korrika”

Maiatzaren 13an iritsi zen bere helmugara bosgarrenez bretainiar korrika. Kemperretik (Penn-ar-Bed) maiatzaren 4an aterata, 10 egunetan bete zituen bere 1.800 kilometroak. Aurtengo gaia: "Bretoieraren mila koloreak". Izan ere, denetariko formak hartzen ditu hizkuntza... [+]


2018-05-07 | ARGIA
Ar Redadeg bretoieraren aldeko “Korrikak” utzitako argazki eta bideoak

Abian da Ar Redadeg bretoieraren aldeko Korrika. Maiatzaren 4an hasi zen Kemperretik eta hilaren 12an bukatuko da Plougernen, 1.800 kilometro egin ostean. Hemen lasterketak orain arte utzitako bideo eta argazkien bilduma.


2018-05-04 | ARGIA
Ar Redadeg bretoieraren aldeko korrika ostiralean hasiko da

Ar Redadeg bretoieraren aldeko Korrika maiatzaren 4an hasiko da Kemperretik eta hilaren 12an bukatuko da Plougernen, 1.800 kilometro egin ostean. 2008an sortu zen Bretainiako korrika; aurten, beraz, hamargarren urteurrena ospatuko dute.


Eguneraketa berriak daude