Brasilgo Senatuak gizateriaren aurkako krimenak leporatu nahi dizkio Bolsonarori

  • Senatuko pandemiaren inguruko ikerketa batzordeak txostena aurkeztu du eta presidenteari egotzi dio “apropos” utzi izana COVID-19aren osasun-larrialdia okertzen. Bederatzi delituren erantzuletzat jo dute.


2021eko urriaren 22an - 08:40
Azken eguneraketa: 10:44
Jair Bolsonarori pandemiari lotutako bederatzi delitu egotzi nahi dizkiote. / Argazkia: Marcos Correa, Zumapress.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Azken sei hilabeteetan Brasilgo Senatuko ikerketa batzorde bat lanean aritu da, aztertzeko nor izan den COVID-19aren pandemia herrialdean hainbeste hedatzea erraztu duena. Asteazkenean aurkeztutako ia 1.200 orrialdeko txostenaren arabera, Jair Bolsonaro eskuin muturreko presidentea da erantzuleetako bat eta gizateriaren aurkako krimenak egotzi nahi dizkiote, osasun-larrialdia geldiarazteko neurriak ez zituelako hartu "apropos" eta gobernuak "mantso" jardun zuelako "nahita". Urriaren 26an bozkatuko dute txostena onartu ala ez, beraz, ez da ziurra epaituko dutela.

Batzordeak salatu du erabaki politikoa izan zela: helburua zen talde immunitatea ahalik eta azkarren lortzea, lehenbailehen ekonomia suspertzeko. Beste 65 lagun ere jo dituzte erantzuletzat, horietatik lau ministroak direnak eta beste hiru Bolsonaroren semeak. Guztira bederatzi delitu egotzi nahi dizkiote presidenteari, hala nola osasun publikoaren aurka jardutea, prebarikazioa, dokumentuen faltsutzea, diru publikoaren erabilera okerra, hitzontzikeria mediatikoa eta informazio faltsua emanez herritarrak delituak egitera bultzatzea.

Pandemia hasi zenetik Brasilen gutxienez 600.000 herritar hil dira koronabirusaren eraginez; biztanle kopuruarekin proportzioan heriotza gehien izan duen munduko zazpigarren herrialdea da. Ikerketa taldeak ondorioztatu du heriotza horien erdiak saihestu zitezkeela. Gizateriaren aurkako krimenak egozteko arrazoi nagusietako batzuk izan dira txertoak lehenago erosi ez izana eta COVID-19rako eraginkortasunik ez zuten sendagaiak (hidroxiklorokina) sustatu izana. Txostenak dio Brasilgo Gobernuak zenbait hilabetez atzeratu zuela Pfizer txertoaren banaketa; horren ordez, ontzat eman gabeko Indiako txertoa erostea erabaki zuen, baina beranduago hitzarmena hautsi zuen eroskeria susmoengatik.

Tentsioa eta desadostasunak

Jair Bolsonaro babesa galtzen ari da herrialdean, bereziki pandemia hasi zenez geroztik atera diren eskandaluengatik. Senatuak aurkeztutako txostenak areago harrotu du Brasilgo egoera politikoa eta tentsioak handitu ditu. Horren erakusle da azken momentuan batzordeak baztertu izana hasiera batean leporatu nahi zizkion bi delitu: "erailketa masiboa" eta Amazoniako indigenen aurkako "genozidioa". Izan ere, COVID-19ak bereziki gogor jo ditu jatorrizko herriak eta Bolsonarori egotzi diote haiek txertaketa planetik kanpo uztea eta "sarraskia" eragitea. Halere, Senatuko kide batzuk aitortu zuten akusazioak "urrunegi" joan zirela eta desadostasunak piztu ziren batzordean. Horregatik utzi dituzte bertan behera bi delitu horiek.

Presidenteak salatu du bere aurkako "azpijokoa" dela salaketa eta ziurtatu du Brasilgo Gobernua ez dela "ezertxoren errudun". Ukatu egin du pandemian irregulartasunak egin izana. Zaila izango da Bolsonaro epaitzea eta kartzelara joatea, herrialdeko fiskal nagusia presidentearen aldekoa delako. Dena dela, ikerketa batzordearen akusazioek haren aurkako ahotsak areagotu dituzte Brasilen nahiz nazioartean, eta 2022ko hauteskunde orokorrei begira ziurrena da nagusitasuna galtzea, Lula da Silva ezkertiarraren mesedetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Abortua homizidio bilakatu nahi duen lege proiektuaren aurka kalera atera dira Brasilen

Ehunka emakume irten dira manifestatzera ostegunean, Brasilgo Sao Paulo eta Rio de Janeiroko kaleetara. Partidu Liberalak legea proposatu du, abortua 22. astetik aurrera homizidio arrunta bezala epaitua izateko. Lege horren arabera bortxatua izan den emakume batek, denbora epe... [+]


Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Europan debekaturiko pestizidak erabiltzen dituzte Brasilen Coca-Cola eta Nestlé multinazionalek

Reporter Brasil eta Lighthouse Reports eragileek egindako ikerketak eman du eskandaluaren berri. Pestizida horien eraginez hainbat eritasun, intoxikazio eta min pairatzen dituzte Sao Pauloko herritarrek.


Urre meatzari ilegalak kanporatzen ari da Brasil, Amazoniako Yanomamien lurraldetik

Brasilen, legez kanpoko ia meatzaritza operazio guztiak gerarazi ditu Lula da Silvaren gobernuak, Amazonian bizi den jatorrizko Yanomami herriaren lurretatik, eta egunotan enpresa gehiago kanporatzea espero da, Democracy Now gunean jaso dutenez.


2023-01-27 | A Planeta
Meatzaritzaren aurka, Yanomami indigenen bizitzaren alde

Hemen erreproduzitzen dugu Brasilgo MABek (Urtegiek Kaltetuakoen Mugimendua) Yanomami herriaren egoera dramatikoaren inguruan egindako salaketa, besteak beste, bere lurraldean legez kanpoko meatzaritzak eragindakoa: 2016tik 2020ra %3.350ko hazkundea. Beste erantzule nagusia... [+]


Facebookek heriotza mehatxuak eta biolentziarako deia egiten duten iragarkiak onartu ditu Brasilen

Eskuin kolpistak gobernuaren eraikin nagusiak eraso zituenean, biolentzia sustatzen zuten edukiak blokeatzen ari zela esan zuen Facebookek. Hala ere, giza eskubideen aldeko Global Witness erakundeak egindako probetan “Heriotza Lularen boto-emaileen umeei” edo... [+]


2023-01-09 | Leire Artola Arin
Bolsonaro zaleen kanpamentuak desegiten ari da Brasilgo armada, Gorenaren aginduz

Kolpea sustatu duten eskuin muturreko jarraitzaileak atxilotzen ari da Polizia, eta Auzitegi Gorenak exijitu die Bolsonaro zaleen kanpamentuak desegiteko 24 orduan. Gutxienez 1.200 lagun atxilotu dituzte. Bolsonaroren jarraitzaileak armadaren kuartel aurrean daude kanpatuta... [+]


2023-01-09 | Leire Artola Arin
Latinoamerikako eta nazioarteko ordezkarien babesa jaso du Lulak

Nazioarteko agintari gehienek gaitzespen mezuak zabaldu dituzte sare sozialetan, eta babesa adierazi diote Lula da Silva presidenteari. Jair Bolsonaro defendatu duten eskuineko kargudun batzuek ere salatu dute kolpea.


Eguneraketa berriak daude