Borroken topagune, utopien biderkatzaile

  • Asteazkenetik igandera bitartean ospatu da Artean (Bizkaia) Iraultza Txikien Akanpadaren bigarren edizio arrakastatsua. Ehunka militante eta herri mugimendu anitzen topagune bihurtu da. Bost egunez elkarrekin hausnartu, borrokatu, eraiki eta gozatu dute, autoantolakuntza oinarri, Ongi Bizitzea praktikan jartzen saiatuz. Intentsitate handiko egun horien kronika duzue hurrengo lerroetan.


2021eko abuztuaren 30ean - 13:34
Azken eguneraketa: 15:55
Argazkia: Dani Blanco

"Utopiak batu gaitu”, dio hizlarietako batek harrera ekitaldian. Basoa Defendatzaileen Etxean gaude. Beren militantziaren ondorioz sorterritik ihes egin behar izan duten ekintzaileentzako aterpea da Basoa proiektua, eta aktibismoa birpentsatzeko gunea. Hiru solairuko eraikin handiak hainbat hektareako belardia eta basoa ditu inguruan. Asteazkeneko 17:00ak dira, eta Iraultza Txikien Akanpadarako (ITA) prestaketa lanak aspaldi hasi baziren ere, kanpaldia orain hasi da ofizialki. Aurretik, gozamenerako eta borrokarako bost egun, eta une bakoitza zukutu ahal izateko oinarri sendoak: egitarau mardula –50 jarduera baino gehiago dozenaka eragile eta artisten ekarpenekin–, azpiegitura zabala –Basoa etxea, hainbat karpa, txosna, kanpatzeko espazioa, igerilekua! eta erreka, dena naturaren erdian–; eguraldi bikaina iragarria; egun bakoitzeko 300 pertsona inguru aurrez izena emanda.

Hitzaldiak eta eztabaidak ardatz

Ekitaldia amaituta, astirik galdu gabe, hiru guneetan banatu da jendea, kanpaldiko lehenbiziko eztabaida eta hausnarketetan parte hartzeko. Afaldu ostean Ane eta Maddi kantautoreek goxatu dute gaua 150 lagun ingururen aurrean.

"Hitzaldi eta eztabaidak dira egitarauaren bizkarrezurra (30 orotara), eta horien bila bertaratu da jendea"

Ostegunean goizeko 8:00etan hasi dira gosaltzen goiztiarrenak, etxe atzealdeko zuhaizpean 30 bat lagunek luzaketak eta arnasketak egiten dituzten bitartean. Asanblada dago deituta egunero gosari osterako, eguneko beharrei eta egitarauari errepasoa eman eta kanpaldia guztien artean aurrera ateratzeko asmoz. Erdizka bete du bere funtzioa, 9:00etarako jendearen gehiengoa nagiak astintzen ari baita oraindik kafea eskuan eta ogi txigortua ahoan, eta gutxiengoa dira zirkulua osatu dutenak. Hurrengo egunetan indartuko den joera, nekea pilatu eta gau giroa alaitu ahala. “Ongi Bizitzea presarik gabe esnatzea ere bada”, pentsatuko zuen egunotan batek baino gehiagok.

Hitzaldi eta eztabaidak dira egitarauaren bizkarrezurra (30 orotara), eta horien bila bertaratu da jendea. Saioen bitartean bada beti inor bainu bat hartzen, lagunekin berriketan txosnan edo belardian, edo siesta indarberritzailea egiten. Baina gehiengoa hitzaldiz hitzaldi aritu da, batera joateagatik bestea galtzearen penaz, maiz. Ezin guztiak aipatu, eta Eneritz Arzallus lankideak bideoan grabatutakoen amu-laburpentxoak biltzera mugatuko gara.

Argazkia: Dani Blanco

Krisi ekologikoaren inguruko saioan, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok azpimarratu du energetikoa beste krisi askorekin gurutzatzen dela, eta “lurrikara horren lehen dardarak” sufritzen hasiak garela. Hainbat datu eman ondoren, Emilio Santiago Muiñoren aipu batekin laburbildu du egoera: “Baliabideak gutxitzen doazen jendarte batean, edo inoiz ez bezala partekatzen ikasten dugu, edo inoiz ez bezala hilko dugu elkar”. Bere ustez, jendarte osoarentzako proiektu askatzaile bat adostea da erronka. Ekologistak Martxan mugimenduko Isa Álvarezek enpleguan oinarritutako lan banaketarekin apurtzeko beharra defendatu du, besteak beste errenta unibertsala ezarrita. Ekonomia feministarekin bat eginez, ekonomia kapitalistaren lehentasunak iraultzea proposatu du: Natura-Zaintza-Komunitatea-Estatua-Merkatua. Sukar Horia mugimenduko Hodei Rodríguez krisiaren aspektu politikoaz mintzatu da. Suitzako Aldaketa Klimatikoaren Legearen inguruko erreferenduma abiapuntutzat hartuta aztertu ditu Europako ezkerrean eta eskuinean atzeman daitezkeen joera nagusiak, eta ilun marraztu duen etorkizunari begira errazionamenduaren gisako muturreko neurriak proposatu ditu.

Militanteen bilgune

Militanteei egin die gonbita bereziki ITAk, askotariko herri mugimenduen topagune bilakatzea xede, nork beretik elkarrekin gogoetatu, borrokatu eta eraikitzeko. Eta militanteak dira Basoara hurbildu diren lagun gehienak. Besarkadetan eta “aspaldiko!”-etan nabari da, konplizitate eta konfiantza giroan, egiteko eta egoteko moduetan. Askotariko borroka esparru eta mugimendutako militanteak. Euskal Herri osotik etorriak, nahiz eta Nafarroako eta Iparraldeko lagunen presentzia urriagoa ematen duen –distantziak izango du zerikusirik, ziurrenik–. “Gazte asko daude”, entzun diet zenbait ez hain gazteri, pozez. Adin aniztasuna handia da. Arratian gaude, eta eskualdetik pertsona gutxitxo hurbildu direla dio bertako bizilagun batek; aipua entzun duen ondokoa ez dago ados.

"Militanteak dira Basoara hurbildu diren lagun gehienak. Besarkadetan eta 'aspaldiko!'-etan nabari da, konplizitate eta konfiantza giroan, egiteko eta egoteko moduetan"

Sendabelarren sekretuak partekatu ditu entzuleekin Garbiñe Larreak ostegun arratsaldean. Jakintza eta jario harrigarria erakutsiz, “bide bazterretan” aurkitu daitezkeen hamabi sendabelarren hamaikana propietate aletu ditu: asuna, azeri buztana, plantilla belarra, txikoria, pasmo belarra, berbena... Zertarako diren egokiak (edo arriskutsuak), nola, zenbat denboran eta zein dosian hartu. Belarrekin nola esperimentatu eta modu autogestionatuan ikasi, jakintza herrikoia baliatuz industria farmazeutikoarekiko menpekotasunetik askatzeko. Pasmo belarra “izugarri toxikoa” izanik ere, infusio “minimalistan” hartuta airez transmititzen diren gaixotasun kutsakorren –“pista ematen ari naiz”– aurkako babesa ematen du. Plantilla belarra ligamenduak eta zaintiratuak osatzeko bikaina izateaz gain arnasketa hobetzeko aproposa baita: “Farmazietan eskaintzen dituzten 20 jarabetatik 15ek plantilla belarra dute, eta batzuk belar hori soilik”.

Haurrak ez dira asko, baina beren jolas, oihu eta korrikaldiekin nabarmentzen dira. “Lur poz-pozik dago, umeen jarduerak gidatzen dituzten pertsonak bikainak dira”, dio Gasteizko Estherrek. Alabagatik pozik, eta pozik aukera duelako hitzaldiez gozatzeko edo txandaren bat egiteko. Ez da kasu bakarra. Programatutako jardueretan ez ezik, haurrak ikusten dira elkarrekin jolasean, inongo helduren beharrik gabe.

Euskara eta ustelkeria

ITAk euskarari eman dio lehentasuna, baita hizlariak bilatzeko orduan ere, baina euskara hutsezko saioak grabatzeko erabakiak erdira baino gutxiagora murriztu ditu gure aukerak. Hara, gure hizkuntzaren egoera. Hain zuzen ere, euskalgintzako proiektuak eta borrokak aztertu dituzte ostiral goizean Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Gartzen Garaiok, Errigorako Peru Aranburuk eta Ipar Euskal Herriko ikasle mugimenduko Oneka Arteagak eta Aitzol Gil de San Vicentek.

Arratsaldeko ustelkeriaren inguruko saioan, ikertu eta salatu zituen bi kasu nagusiak aletu ditu Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioko presidente ohi Ainhoa Intxaurrandietak. Ez sinesteko moduko kontakizuna: legez kanpoko kontratuak, enpresa pribatuen milioi eurotako proiektuak egitera behartutako funtzionarioak –ondoren enpresa pribatuek fakturatzeko lana–, dokumentuen lapurretak, lapurraren bahiketa eta tortura salaketa faltsuak lapurreta salatu zuen Intxaurrandietaren aurka, eta askoz gehiago. Gurean eta gaur gertatutakoak, EAJren, enpresarien eta bankuen eskutik. Zelaietak azaldu du fiskaltzek, poliziek edo legebiltzarrek ustelkeriaren aurka borrokatzeko baliabide falta interesatua dutela, izebergaren punta soilik ikusten dugula. Ustelkeriaren aurkako ADI! Elkarteko Unai Mendizabalen ustez arazoa halere ez da –soilik– EAJ, arazoa da boterea eta publikoa zertarako erabiltzen den gure jendartean oro har: herritarren dirua esku pribatuetara bideratzeko. Pasa dira erraustegia, Bidegi, De Miguel, Epsilon, Alonsotegi... eta Euskal Oasiaren kontakizuna ez da pitzatu. Ezinezko helburua? Ez, Zelaietaren ustetan. Gauden tokitik kilometro gutxira dagoen Lemoan, “jeltzaleen feudo historikoan”, ustelkeria “gogor” salatu zuten herritarrek, eta EAJk alkatetza galdu du azken bi legegintzalditan.

Gorputza eta espazio informalak

Kontzertuak, folkaraokea, bertso saioa, antzerkia... Bazkal eta afalosteko ikuskizunetan giro ederra sortu da frontoiko agertokiaren inguruan. Programazioa amaituta, gauero bildu dira dozenaka lagun bafleen ondora, dantza gosez, musika jartzaile inprobisatuen erritmoan. Gozatu egiten dute, inguruan kietoparao daudenak ere gozatzen dute haiei begira. Hain da handia gosea, ostiral eta larunbatean ‘prozesio klandestinoak’ irten direla ondoko poligonora ordu txikitan, parrandari jarraipena emateko.

Larunbat goizean, Literatura eta euskal gatazka saioan, Laura Mintegik euskal literaturaren, idazleen eta borroka armatuaren arteko erlazio historikoaz hitz egin du. Distantziamendu prozesu bat marraztu du. 70eko hamarkadan, ETAn ez sartzearen erruduntasuna kudeatzeko, borrokarekin lotu zuten beren lana idazle askok, “modu ekidinezinean”. 2000. urteko idazleentzat, aldiz, gatazka aipatu ere ez egitea aukera bat zen. Iraganeko eztabaidak hartu ditu gogoan: artearen funtzio etikoa vs estetikoa; literatura Euskal Herriaren aldeko borrokaren zerbitzura –Txillardegi– edo jarduera autonomo gisa –Atxaga–. Kurioski, azkenaldian berpiztu diren eztabaida eta ikusmoldeak.

Ekhi Eizagirrek eta Mikel Antzak pertsonaletik heldu diote gaiari. Biek al biek esan dute literaturak bizitza salbatu diela bizitzaren une mingarri edo zaurgarrienetan, eta bereziki espetxealdian. Eizagirrek nagusiki poesia idatzi zuen ziegan, barrenak askatzeko, osatzeko, ez gaixotzeko, arnasteko. Intimitatea oinarri. Hasiera batean berarentzako, gerora publikatzea buruan, eta argitaratzeak ahalduntzea eskatu zion, eta erabaki bat hartzea: “Intimitatea politizatzea”. Intimitate “interbenitua”, edonola, idatzitakoa epaileek, kartzela funtzionarioek edota Poliziak irakurriko baitzuten.

Txillardegi-Atxaga eztabaidan “atxagista” dela adierazi du Antzak, gatazka eta literatura banatuta bizi dituela. Batetik, praktikan, sasian egon den urteetan ez baitu idatzi. Bestetik, ulerkeran: “Gatazkan min eman dut eta min hartu dut; literaturan gozatu nahi dut, eta gozarazi”. Kontraesana aitortu du: espetxeratu zutenez geroztik idatzi duen guztiak gatazkarekin lotura zuzena du, besteak beste transmisioaz eta errelatoaz arduratuta. Ziklo hori ixteko nahia azaldu du, halere.

Marta asteazkenetik dago Basoan, bizitzen ari denarekin pozarren. “Baina”-ren bat jartzekotan, dio lagunen artean komentatu dutela gorputzari arreta gehixeago jarri beharko litzaiokeela. “Luzaketa eta arnasketa saioak bi egunez soilik eta oso goiz izan dira, eztabaida saioen metodologia parte hartzailea bai, baina nahasketarako eta ezagutzarako aukera gutxitxo eman du”. Azken horretarako larunbat goizeko Arratiako borroken kontaketa ibiltaria oso aproposa izan dela erantzun dio Pilik, eta txandetan ere ezagutzen ari dela jende asko. Sukaldean, umeen gunean, garbiketan, harrera gunean egunero dozenaka lagunek egin dituzte txandak, izan dituzte solasaldiak, ezagutu dituzte ondokoaren militantziak, egin dute barre. Saretu eta komunitatea egiteari begira altxor ukigaitz bezain garrantzizkoa.

Argazkia: Dani Blanco

Mobilizazioa

Antolatzaileei kexuren bat heldu zaie janariaren “gehiegizko” prezioagatik, ekonomikoki zaurgarrienek ordaintzeko zailtasunak izan dituztela adierazita. Eguneko hiru otorduak 20 euro; hiru egunetakoak 50; kanpaldiko egun guztiengatik 60. Elikagai gehienak bertako produktore txikiei erositakoak dira. Txanponaren beste aldea da prezioak orientagarriak direla: propio adierazi da zuloa ez egitea bilatuz jarri direla zenbatekoak, baina nork bere ahalaren eta borondatearen arabera ordaindu dezakeela gehiago, gutxiago, edo ezer ere ez. Oraindik ere, ordea, errazagoa zaigu proposatutakoaren gainetik ordaintzea kontrakoa egitea baino. Korapilo interesgarria aurrera begira, prekarizazio eta pobretze garaiotan.

Tokiko borroka bati loturiko mobilizazioa egin da bigarren ITAn ere: 2018an, Zubietan, martxa desobedientea egin zen erraustegira; Arratiako honetan, eukaliptoaren aurkako eta haritzaren aldeko mendi ibilaldia antolatu dute herritar batzuek. Lehen pinua bezala orain eukaliptoa ari baita eskualdea inbaditzen, lurra pobretuz eta poltsiko gutxi batzuk aberastuz. Arantzazuko plazatik mendialdera irten dira goizeko hamarretan ehun bat lagun, arazoa bertatik bertara ezagutzeko eta bidean haritz kimu batzuk landatzeko. Bidean ezusteko ederra jaso dute –irakurri ekintza zuzenaren kronika–. Bitartean Basoan hainbat eskuk, bereziki haurrenak, murala margotu dute frontoiaren hormaren atzealdean: “Bizirik gaude”. Beste esku batzuk kanpaldiaren desmuntaketa lanak aurreratzen hasi dira goizetik. Agur giroa usaintzen hasi da.

"Iraultza Txikien Akanpada elkar ezagutzeko, gozatzeko eta elikatzeko topagune bilakatu da. Indarberrituta nor bere herrira eta borroketara bueltatzeko unea da orain, utopia azken bazterreraino barreiatzeko"

Batu, indartu, sakabanatu

Bizi dugun egoeraz eta datorkigunaz ezkor hitz egin dute egunotan hizlari gehienek –argudio sendoekin, tamalez–. Baina ez etsipenez, borrokarako grinez baizik. Proposatu dira askotariko kolapsoei aurre egiteko neurri politiko, ekologiko eta komunitarioak; proposatu dira gatazkak modu punitiboan ez kudeatzeko bideak feminismotik eta espetxearen arkako mugimendutik; eskaini dira antolaketa eta militantzia ereduak zein desobedientziarako erremintak; azaldu dira martxan dauden proiektu askatzaileak euskalgintzan, elikadura burujabetzan edo ekonomia sozial eraldatzailean; prekarizatuenek beren autoantolaketa eta borroka esperientziak jarri dituzte mahai gainean; arrazializatuek aliantzetarako zein pribilegioak lantzeko gonbitak luzatu dituzte; eztabaidatu dira informazio burujabetzan sakontzeko urratsak. Hori guztia modu komunitarioan eraiki eta kudeatu den espazio batean gertatu da, bizipozak blaitutako giro gozagarrian. “Giroaren polita”, izan da erantzun errepikatuena jendeari kanpaldiaren sentsazioaz galdetzean.

Utopiak elkartu ditu ehunka militante eta mugimendu bost egunez. Iraultza Txikien Akanpada elkar ezagutzeko, gozatzeko eta elikatzeko topagune bilakatu da. Indarberrituta nor bere herrira eta borroketara bueltatzeko unea da orain, utopia azken bazterreraino barreiatzeko.

 

(Erreportajea PDFn irakurtzeko, sakatu hemen)

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du apirilak 6rako Baionan

Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


2025-02-04 | Gedar
Hilaren 21ean epaituko dituzte hiru lagun Gasteizen, etxegabetze bati aurre egiteagatik

Lau urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak eta 25.000 eurorainoko isunak eskatzen dituzte auzipetuentzat. Duela lau urte, etxe-kaleratze bat gelditzen saiatu ziren Herrandarren kalean.


Nafarroako zubiak betetzera deitu du Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako, euskararen alde

"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".


2025-02-03 | ARGIA
160.000 pertsona baino gehiago irten dira kalera Berlinen, eskuin muturrari “suhesia” jartzea aldarrikatzeko

Larunbatean hamarnaka milaka herritar manifestatu dira Berlinen eta Alemania osoan. Otsailaren 23ko hauteskunde orokorren atarian, gainontzeko alderdiei eta bereziki CDU alderdi kontserbadoreari exijitu diete AfD eskuin muturreko alderdiarekin harreman oro eteteko.


2025-02-03 | Ahotsa.info
Arrotxapeak aurre egin dio ultraeskuinaren probokazioari

Vox alderdi faxistak Iruñeko Arrotxapea auzoan "informazio-mahai" bat jartzeko asmoa iragarri zuen, eta "kaleetan faxistarik nahi ez duen" langile-auzo anitz baten gaitzespenarekin egin dute topo. Berriozarren ere izan dira VOXekoak, eta bertan ere... [+]


2025-02-03 | Gedar
Azaroan Astrabuduan desalojatutako etxea, berreskuratua

70 urteko emakume bat eta bere biloba bota zituzten euren etxetik, baina hura bereganatu dute berriz. Etxea defendatzeko konpromisoa azaldu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.


2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


Eguneraketa berriak daude