“Borondatezko metodoak bere topea du, eta tope horrekin ezinezkoa da araudia ere betetzea”

  • Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara heltzen diren bakarrak dira. Laster, kuadrillako herri gehiagotara zabalduko dute sistema. Arabako Errioxako esperientziaren lorpenez zein erronkez, eta oro har hondakinen bilketaren argi-itzalez hitz egin du ARGIAk Kuadrillako Ingurumen teknikari Aitor Senar Enekotegirekin. “Etxez etxeko bilketa deitu genion, atez atekoa hitzak duen zamagatik Gipuzkoako esperientziaren ostean”, azaldu digu, besteak beste.

ARGIA CC BY SA

2024ko azaroaren 11n - 07:00

2017an hasi zenuten bidea Arabako Errioxan.

Auzo konpostaje guneekin Samaniegon eta Lantziegon hasi ginen, eta ondoren inguruko beste herri batzuetan. Planteamendua boluntarioa zen, norberak eraman behar zuen organikoa konpostagailura. Ondo funtzionatzen zuen, baina borondatezko metodoak bere topea du, eta tope horrekin ezinezkoa da araudia ere betetzea. Europak ezarri dituen mugez ari naiz: 2020rako hondakinen %50 gaika biltzea, 2025erako %55, 2030erako %60 eta 2035erako %65. Hori betetzeko erabaki zorrotzagoak hartu behar dira.

Derrigortasun eredu batera egin zenuten aldaketa.

2019an eskualdeko ordenantza atera genuen, eta hor jada aurreikusten zen atez atekoa ezartzekotan derrigorrezkoa izan behar zuela. Kripanen ezarri genuen lehenbizi. Udalarekin auzo konpostaje gunea herritik aldentzea adostu genuen, jendearen kexak baitzeuden, baina derrigorrezko atez atekoa ezarrita. Ideia bat egiteko, orotara 20 metro koadro inguru okupatzen dituzten konpostaje guneez ari gara.

Horrekin batera, errefusaren edukiontzia giltzaz ixtea ere erabaki genuen. Azken batean, errefus edukiontzia zabalik izatea etxe ondoan zabortegi txiki bat izatearen parekoa da, kontzientziatuta ez dagoenak dena bertara botatzen jarraitzen du. Argi genuen errefusarena ixteak ahalbidetuko zigula beste dena hobeto jasotzen, ontziak, organikoa... Errefusarena ostiral eta igandetan soilik zabaldu dezake etxe bakoitzak, bere giltzarekin.

Eta zer emaitza eman zuen?

Oso ona: batetik, jasotako organikoa oso garbi zegoen; eta bestetik, kopurua gero eta handiagoa zen. Organikoa asko igo zen, eta errefusa asko jaitsi. Kripanen, errefusaren edukiontzia astean hirutan jasotzetik bitan jasotzera pasa gara, eta alkateak dio gutxiagotan ere egin daitekeela gaur egun. Aldundiak datu orokorrak ematen ditu Arabako Hondakinen Behatokian, eta Kripanek %87ko bilketa bereizitua du.

"2023an, Eltziegon hondakinen %64 bildu zuten bereizita %61eko birziklatze tasarekin. Kripanen hondakinen %87 jaso zuten gaika, %85eko birziklatze tasarekin"

Hurrengo herria Eltziego izan zen.

Eltziego erronka handia zen, handiagoa delako [Kripanek 200 bat biztanle ditu, mila inguru Eltziegok], baina batez ere ostalaritza asko duelako, tartean Marqués de Riscalen bost izarreko hotela, hainbat taberna eta jatetxe dituen makroazpiegitura. Herri osoak sortzen dituen hondakinen %40 sortzen du ostalaritzak. Sei konpostaje gune jartzea erabaki genuen. Herritarrek aukera dute, atez ate jasotzen den egunetan ez badute atera, nor bere kabuz joateko konpostagailura, txartelarekin irekita. Kripanen zein Eltziegon, konpostatzen den organikoa bertako lurretan erabiltzen da.

Eltziegoko datuak onak dira, baina ez Kripangoak beste.

Ez hainbeste. 2023an, Eltziegon hondakinen %64 bildu zuten bereizita %61eko birziklatze tasarekin. Kripanen hondakinen %87 jaso zuten gaika, %85eko birziklatze tasarekin. Nik uste Eltziegon ostalaritzak oraindik gehiago egin dezakeela. Horrez gain, turismo asko dagoen lekuetan zailagoa da eta udan datuak okertzen dira.

Eta orain Burgelu eta Lantziego.

Burgelun hasi dira, baina beste kuadrilla bat da, Arabako Lautada. Gurean, azaroaren azken astean hasiko gara Lantziegon. Dena dugu prest.

Atez ate hondakin organikoak jasotzen, Kripanen. Argazkia: Arabako Errioxako Kuadrilla

Derrigorrezkotasunean jarri duzu gako nagusia. Beti sortzen da eztabaida, horrela izan behar duen edo ez. Aipatu herrietan nola jaso zuten herritarrek?

Hasieran etxez etxeko bilketa deitu genion, ez atez atekoa. Marketin estrategia izan zen, atez ateko hitzak duen zamagatik Gipuzkoako esperientziaren ostean. Gure erronka handiena hori zen, Gipuzkoan gertatutakoaren ostean horri nola egin aurre, ez zen erronka erraza.

Jendeari ikusarazi behar diozu dena oso ondo azalduz, xehe-xehe. Pertsona bakoitzari bere kuboa eman eta hitzaldi batzuk antolatzen ditugu. Baina horrez gain, azalpen pertsonalizatuak ematen ditugu. Adibidez Eltziegon kale bakoitzak zuen egun jakin bat kuboa jaso eta bertan norbere zalantzak edo kezkak botatzeko. Lehen egunean zenbait kaletan egin genuen eta ni ahotsik gabe geratu nintzen, literalki. Galdera tipikoak: "Jogurtaren tapa ze edukiontzira doa?"; "zergatik itxi behar dira edukiontziak?"; "zergatik ez da egiten beste herrietan?".

"2018an Araban ontzi kopuru bikoitza jaso zen errefusaren edukiontzietan, ontzienetan baino. Hobetzen goaz, iaz kopurua berdindu egin zen. Baina datu izugarria da"

Erresistentzia handiak egon ziren?

Egon ziren. Egia da bizpahiru irteten direla protestaka kuboak banatzean, igual 100etik hiru dira, berez ez da ezer, baina zarata handia ateratzen dute. Badago gizartearen zati bat negazionista dena, horrekin ezer gutxi egin dezakegu, baina erdibidean daudenak, oraindik zaborra bereizten ez dutenak, horiek errazak dira zuzentzen eta hor dago gakoa, populazio horretan.

Argi dago gizartea ez dagoela oraindik prest jauzi ekosozial hori emateko. Aldundiaren datuek hori diote: 2018an ontzi kopuru bikoitza jaso zen errefusaren edukiontzietan, ontzienetan baino. Hobetzen goaz, iaz kopurua berdindu egin zen. Baina datu izugarria da, hogei urte daramatzagu edukiontzi horiarekin kalean! Ez duenak banaketa hori egiten ez da ez dakielako. Orduan, tamalez, errepideetara radarrak iritsi zirenean bezala, argi genuen hemen ere zorroztasun puntu bat ezarri behar zela. Gauzak bestela izatea nahiko nuke, baina jendearen atzetik egon behar dugu gauzak ongi egin ditzan.

Behartuta edo ez, eguneroko ohiturak aldatu dituzte Kripanen eta Eltziegon. Jendearen baloreetan edo jarreretan aldaketarik sumatu duzue?

Aldaketa sozial hori ez dugu antzeman. Hasieran jendeak kezkaz hartzen du, bere ohituretan aldaketa bat ekarriko diolako, baina gero egun batetik bestera aldaketa dator eta oso eroso egiten dute. Aipatu negazionistak, egin nahi ez dutenak, joango dira ondoko herrira, edo Logroñora, edo bilatuko dute atzeko ate bat gaizki egiteko.

Eltziegoko datuak uda partean okertzen direla esan duzu, urtea kanpoan eta uda herrian ematen duten eltziegotarren eta turismoaren ondorioz da?

Bai, hor zailtzen da kontua, baina berdin egin dezakete, konpostaje gunea zabalik dago. Uda garaian erlaxatu egiten gara.

Konpostaje gunea Kripanen. Argazkia: Arabako Errioxako Kuadrilla

Hor gako garrantzitsu bat dugu orduan oro har, Euskal Herrian udan turistez betetzen diren herriak asko dira.

Erronka bat dago hor, bai. Jende bati konpostaje gune batera hurbiltzeak atzeraka ematen dio. Baina aukera badute. Batzuk joango dira beste herri batera, edo bidean beste edukiontzi bat aurkitu eta bertan botako dute dena... Hala ere, nik uste pixkana, udalerri gehiago batu ahala, hori ere hobetzen joango garela.

Zeintzuk dira atez atekoa ezarriko duten Arabako Errioxako hurrengo herriak?

Hurrengo bi urteetan hasiko dira Moreta, Yecora eta Samaniego, eta Guardian ostalaritzarentzako atez ateko bat abiatuko dute. Gustatuko litzaiguke azkarrago joatea, poliki goaz, baina urratsak sendoak dira.

Solasaldian atzera eginez, harritu naiz esan duzunean hainbeste urteren ostean Arabako Errioxan ez duzuela atez ateko hitza erabiltzen Gipuzkoako esperientziaren ondorioz zama negatiboa duelako.

Bai, bai, hamar bat urte pasa dira baina oraindik ere zama hori dugu. Ez dakit konparaziorako egokia den, baina Madrilen oraindik ere batzuk ETA erabiltzen dute beren kanpainetarako, ba hemen beste batzuk Gipuzkoako atez atekoa berenentzako.

Zuk zer balorazio egiten duzu Gipuzkoako hondakinen gatazkaz?

Uste dut ausartak izan zirela, eztabaidaezina da sistemarik onena dela emaitzetan, baina azkarregi joan zirela. Lehen esan dudan moduan gizartea ez dago jauzi ekosoziala emateko prest, eta zerotik ehunera egiten saiatu ziren. Horrek ahalbidetu zuen batzuek politikoki erabiltzea beren intereserako, nola ez. Batzuek garesti ordaindu zuten, politikoki beren buruarekin ere, baina sentsibilizazio kanpaina bikaina izan zen eta herritarrak sentsibilizatuta daude. Gaur da eguna herri asko daudena atez atekoarekin, Oñati, Itsasondo, Usurbil, Hernani eta beste.

Ezin duguna egin da kalean edukiontzi batzuk jartzearekin dena konponduta dagoela pentsatu. Erraztasunak eman behar zaizkio jendeari, baina neurri batzuk ere ezarri behar dira. Jendeak pentsatzen du bere zaborrak kontrolatuta ditugula, "ikusiko dute zer ateratzen dudan etxetik", eta horregatik irteten da dena garbi-garbi-garbi, pena ematen dit horrela hitz egiteak baina horrela da.

"Gustatuko litzaiguke azkarrago joatea, poliki goaz, baina urratsak sendoak dira"

Arabako Errioxan herri txikiez eta herritarren etxebizitzez ari gara, zaborren produkzioaren portzentaje osoan kopuru hutsala. Nola eraman zuen esperientzia hiri handietara?

Hirietan erronka da populazio gehiago eta pilatuagoa dagoela. Adibidez, etxebizitza blokeetan arazo logistikoa dago, ez dago espazio komunik kuboak uzteko. Baina egin daiteke. Italiako Milanen atez atekoa egiten dute [Italiako bigarren hiri populatuena da Milan, hiriak 1.308.735 biztanle ditu eta hiriguneak 4.280.820], espazio komunak dituzte zaborra uzteko, atarietan edo kalean hesitutako txoko batean. Kataluniako Vic herriak ere atez atekoa du, eta 40.000 biztanle ditu.

Kubo horiek guztiak kalera ateratzea erronka handia da, baina egin egin daiteke, gauza da joan behar dugula pixkana. Pixkanaka ohituko dira toki batzuetan eskegitzeko lekuak ikustera, edo, Nafarroako zenbait herritan bezala, baita kamerak ere. Autoaren azeleragailua sakatzeari utzi genion pentsatzean agian kamera bat egon zitekeela, hau antzeko zerbait da.

Hondakinekin ez al da tranpa egiten hainbat botere guneetatik, fokua eta erantzukizun ia guztia herritar arrunten gainean jarrita?

Egia da industriak pisu handia duela, herritarrok sortzen duguna baino gehiago. Egia da ere administrazioek, gurean Jaurlaritzak, gehiago egin dezaketela. Kontrol gehiago, ikusten dugulako fluxu industrial askok udalen edukiontzietan amaitzen dutela. Horretan zalantzarik ez. Baina guk ere herritar gisa asko dugu egiteko, eta asko dugu industriari eskatzeko, gure kontsumo ereduagatik, eta abar. Betikoa, "zer da nik egin dezakedana arazoa hain handia denean?". Hondar ale bakoitzak egiten du bere ekarpena, eta ale askok ekarpen handia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Araban
2022-01-10 | Hala Bedi
Iosu Aranberri, Gasteiz Zero Zabor
“Gasteizen zaborraren %34a soilik birziklatzen da”

Multinazionalak, errauskailuak, zabortegiak, pirolisi plantak… Honetaz eta gehiago mintzatu gara Gasteizeko Zero Zabor taldeko Iosu Aranberrirekin.


2021-06-08 | ARGIA
Zabortegiak handitu eta berriak ireki nahi dituzte EAEn

Zabortegien edukiera bikoiztu egin beharko da EAEn 2030 urtera arteko epean, Eusko Jaurlaritzak aitortu duenez. Horri aurre egiteko hainbat proiektu daude mahai gainean, egungo zabortegiak handitu eta berriak irekitzeko, hala jaso du Berria egunkariak.


2021-03-25 | ARGIA
Derrigorrezko atez ateko hondakin-organikoaren bilketa ezarriko du Kripango Udalak

Arabako Errioxan dagoen Kripan herrian bio-hondakinak etxez etxe biltzeko sistema abiaraziko dute. Azaldu dutenez organikoaren bilketa modu horretan eskaintzen duen "Arabako lehen udalerria" izango da.


2021-02-02 | Mikel Zurbano
Zor publikoaren zama

Next Generation EU programak 750.000 miloi euro aurreikusten ditu datozen zazpi urtetarako. Eta aldi horretarako Europar Batasuneko (EB) aurrekontua 1,074 biloi eurokoa da. Bi hanka hauek erabiliko ditu nagusiki EBk Covid-19ak eragindako hondamendiari aurre egiteko,... [+]


Hurrengo belaunaldiei zorretan utziko dieguna

Europar Batasuneko herrialdeek dirutza mugiaraziko dute koronabirusaren pandemiari aurre egiteko. 750.000 milioi euroko aurrekontua duen Next Generation EU deituriko planaren bidez, trantsizio ekologiko eta digitala bideratu nahi da. Baina aurkeztutako proiektuek ba al dute... [+]


2020-11-27 | Zero Zabor
Araban erraustegi bat eraiki nahi dute Europako funtsekin, salatu du Gasteiz Zero Zaborrek

Gasteiz Zero Zabor elkarteak ostiralean, azaroak 27, salatu duenez Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiak lurralde honetan hiri hondakinen erraustegi berri bat eraiki nahi dute, horretarako erabiliz Next Generation EU Europako Funtsa. Antza, hiri hondakinak... [+]


2020-07-06 | ARGIA
Bigarren igandez sutea piztu da Gasteizko Gardelegi zabortegian

Bi igandez jarraian su hartu du Gardelegi zabortegiak. Sute horien nondik-norakoak ikertzeko espedientea zabaltzea eskatu du Eguzki talde ekologistak.


2020-06-29 | ARGIA
Gasteizko Gardelegi zabortegiak su hartu du ekainaren 28an

Gasteizko Gardelegi zabortegiak su hartu du ekainaren 28 eguerdian. Eguzki talde ekologistak ohartarazi du bertako plastikoak erretzeak osasunarentzat toxikoak diren partikulak sortu ditzakeela eta espediente bat irekitzeko eskatu du, sutearen nondik norakoak eta hondakinen... [+]


Gasteizko zabortegian 15.000 tona zabor botatzeko baimena eskatu dute zortzi enpresa arabarrek

Zaldibarko zabortegiko istripuaz geroztik, beste zabortegi batzuetan banatu dituzte zenbait enpresetako isurketak. Gasteizko Gardelegi zabortegiak ia 2.000 tona jaso ditu orain arte, eta 15.000 tona zabor isurtzeko eskaria egin dute Arabako zortzi enpresak. Gasteizko udalak... [+]


2020-03-10 | ARGIA
Zorroza enpresan teilatutik erorita hil zen langilea, oraindik bizirik zela lekuz mugitzeko agindu zuen gerenteak, LABek salatu duenez

LAB sindikatuak asteartean publikoki salatu du Zorroza Gestión de Residuos enpresako gerenteak hainbat langile behartu zituela hildako langilea istripuaren lekutik bere ohiko lanpostura mugitzera, oraindik bizirik zela. Langile bat inputatuta dago ustezko estaltze... [+]


Zorrozako langile ohiak, beste istripu baten harira
“Furgoneta batean sartu eta txakur bat bezala eraman zuten hanka zulatua zuen langilea”

Gauza ugari leporatu dizkiote beharginek enpresako zuzendaritzari: langileak gaizki tratatzea, formazio dokumentuak beharginen izenean sinatzea, lan istripuak modu desegokian kudeatzea... Aiaraldea hedabidea zuzendariarekin jarri da harremanetan, baina momentuz ez du erantzunik... [+]


Zorroza enpresak baimenik gabe hainbat hondakin tratatu eta pilatu ditu

Zorrozak “arau hauste oso larria” egin zuen, udal arkitektoaren txosten baten arabera. Enpresak hiru aldiz ukatu zien sarbidea udaleko zerbitzu teknikoei.


2020-02-11 | ARGIA
Gorpu bat aurkitu dute Gasteizko biokonpost plantan

Gorpu bat aurkitu dute astearte goizean Jundizeko biokonpost plantan. Langileek Udaltzaingoa ohartarazi dute. Planta behin behinean itxi ostean, Polizia Judiziala bertan da gertatua ikertzen, Gasteiz Hoy hedabidean irakur daitekeenez.


2018-10-05 | Arabako Alea
Arabako hondakinen kudeaketa, Europako irizpideetatik oso urrun

Murriztu, birziklatu eta berrerabili. Hiru printzipio horietan oinarritu du Europako Batzordeak etorkizunerako hondakinen politika. Mahai-gainean dagoen Arabako Hiri-Hondakinen Planak erronka zaila du aurretik.


2018-05-22 | Arabako Alea
FCC auzian lege-iruzurra egitea leporatu dio EH Bilduk Urtarani

Orain zabaldutako txosten juridiko batek dio hiriak FCC enpresarekin duen hitzarmena bertan behera uzteko arrazoi nahikorik ez dagoela.


Eguneraketa berriak daude