Bolivia: benetako erronkak

  • Boliviako Estatu Plurinazionalean urriaren 18ko hauteskundeetan sektore herrikoiek egin zuten indar, antolaketa eta mobilizazio erakustaldiak eskuinaren balizko iruzurra eginezin bilakatu zuen. Izan ere, hori zen eskuinaren aukera bakarra: bigarren bueltara joatea MASen kontrako botoak hautagai bakar batean biltzeko. Baina MASek irabazi zuen, era argian gainera, erabateko gehiengoarekin (% 55a, MAS gobernura heldu zeneko 2005eko emaitzak berdinduz) eta diputatu zein senatu ganberetan gehiengoa lortuz.

Igandean jatorrizko herrien whipala bandera osatu zuten Gasteizen, estatu kolpearen porrota ospatzeko. Argazkia: Askapena.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Garaipen irmo honek hainbat alderdi agerian utzi du

Herriaren mobilizazioa gakoa izan da: hasiera batean boterean hiru hilabete baino ez zen egongo gobernu kolpistak aitzakia topatu zuen pandemian hauteskundeak hiru aldiz atzeratzeko. Antolatutako herriak nahikoa zela esan zuen arte. Izan ere, abuztuan herrialdearen errepide eta komunikazio bideak moztu zituzten hauteskundeetarako datak legez ezarri arte. Milaka boliviarrek, sindikatu, nekazal zein jendarte erakundeetan antolatuta, hauteskundeak egitera behartu zuten gobernua. Eta, ondoren, urte bat lehenago botere politikoa lapurtu zien jukutri makiavelikoa garaitu zuten hauteskundeetan. Honek irakaspena ematen dio ezkerrari: hauteskunde-garaipenak posibleak dira aurretik indar erreakzionarioak kalean eta mobilizazioarekin garaituak badira.

MAS-IPSP alderdiak bizirik jarraitzen du: hauteskundeetarako mezua ekonomia hobetzeko eta klase ertaina deritzonaren botoak jasotzeko helburuan zentratua egon bada ere, MAS-IPSP-k erakutsi du herri boliviarraren gehiengoa ordezkatzen jarraitzen duen indarra dela. Zein irudi ezberdina duela urte bat kolpisten propagandak erakusten zigunarekin alderatuta, non sektore zabalek MAS laidoztatzen zuten! Hauteskunde hartako ustezko iruzurrak erortzen bukatu du. Hain argia izan da garaipena, muntaia hori garatu eta babestu zutenek –Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) presidente Luis Almagrok eta Boliviako eskuinaren liderrek–, Arce eta Choquehuanca zoriondu beste erremediorik ez dutela izan.

"Hauteskunde-garaipenak posibleak dira aurretik indar erreakzionarioak kalean eta mobilizazioarekin garaituak badira"

Garaipenak mugak zeharkatzen ditu: MASek gobernua berreskuratzea AEEk, Limako taldeak eta AEBetako administrazioak bultzatutako estrategia inperial eta autoritariorako oztopo handia da. Aldi berean, Abya Yalak erdietsitakoa munduko gainontzeko herrientzat da lorpen bat. Taularen beste pieza bat pertsonak eta natura ustiatzen dituen inperialismoaren aurkako etengabeko borrokan: integrazio latinoamerikarrerako arnas berria dena, eta herrien eta sektore xumeen interesen alde jokatzen duena.

Garaipenaren eduki dekoloniala: ez dago zalantzarik jatorrizko herrien kontrako indarkeria fisiko eta sinbolikoak eragina izan duela aymarak, quechuak eta beste sektore zabalak mobilizatzeko. Indarkeria hori Sacaba eta Senkata-ko sarraskietan, wiphala erretzean, hauteskundeak eskatzen zituztenak “basatiak” izendatzean, Bibliaren inposizioan edota jatorrizko herrien kosmobisioa ukatzen duten mezu ebangelizatzaileetan irudikatu zen. Oraingo hauteskunde-erakustaldiarekin argi erakutsi dute ez daudela prest elite kolpisten estatu kolonialera bueltatzeko.

Erreleboaren beharra: Evo eta Álvaro García Lineraren zalantzarik gabeko lidergo-ezaugarriez harago, laugarren agintaldirako aurkeztea ez zen ziurrenez aukerarik onena. Hautagai berriek, salbuespeneko baldintzetan, aurreko hauteskundeetan galdutako boto asko berreskuratzea lortu dute. Buruzagi berrien formazioa eta sustapena aldaketa prozesuetarako bermea da, bereziki buruzagitza kolektiboena, non ezinbesteko liderrik ez dagoen. Bolivian eta gainontzeko tokietan. Herri boliviarrak erakutsi du ez duela sostengatzen pertsona bat, baizik eta jatorrizko herri eta sektore herrikoien aldeko burujabetze proiektu politiko bat.

“Klase ertain” gorabeheratsua: oso probablea da 2019an MAS bozkatu ez zuen klase ertaina deritzonaren zati batek oraingoan MAS bozkatu izana. Arrazoiak? Seguru aski elementu batzuen nahasketa bat: mediatikoki higatutako Evo-García Linera binomioa ordezkatzera etorri den hautagaitzarekiko beste jarrera bat, eskuina eta botere faktikoak benetan zer diren hobeto ulertu izana, edota Jeanine Áñezen gobernuaren kudeaketa asturugaitz eta ustelarekin alderatuta MASek egindako kudeaketa hobeto balioztatzea. Izaten denaren eta izan nahi denaren arteko amaigabeko kontraesanak, klase-kontzientzia faltak eta mentalitate kolonizatuak bihurtzen dituzte sektore hauek subjektu zalantzati, momentu zehatz batzuetan gakoa ere izan daitekeena.

Era berean, irekitzen den agertoki berriak zalantza eta erronka batzuk planteatzen ditu, pandemiari, osasun eta ekonomia krisiari aurre egiteko moduaz haratago doazenak

Demokrazia ez da berreskuratu: azken egunetan adierazpen hau maiz erabili bada ere, berreskuratu dena (oraindik kargu hartzea gauzatzeko…) botere politikoa izan da. Baina hau ez da, berez, demokraziaren sinonimoa. Botere ekonomikoa oligarkia kolpistaren eskuetan mantenduko da neurri handi batean, eta, ekoizpen-baliabideen herri kontrolik ez badago, estatua ahula da oso gertagarria den sabotaje ekonomikoaren aurrean. Zentzu horretan, MASek lehentasuna eman beharko dio ekonomia komunitarioari, baita Konstituzioan jasotako sektore gakoen kontrol estatalari. Era berean, estatu kolpearen eragilea izan den nekazaritza-industriako oligarkiarekin zituen itunak alboratu beharko ditu ere.

Hedabide nagusiek, kolpea gauzatzeko eta Añezen gobernuari zilegitasuna emateko ezinbestekoak izan zirenak, esku pribatuetan diraute. Informazioaren benetako demokratizaziorik gabe oso zaila da egiazko demokraziarantz abiatzea.

Eta zer esan estatuaren indarkeria antolatuari buruz! Gobernuaren kontra matxinatu ziren polizien eta Evo uko egitera ‘gonbidatu’ zuten militarren eskuetan jarraitzen dute armek. Duela urte bat argi geratu zen botere politikoa izatea eta estatua kontrolatzea kontu ezberdinak direla. Nola saiatu indar-korrelazioa aldatzen mentalitate kolonial eta arrazistaz blai dauden erakunde armatuen barruan? Nola egin bertoko botere oligarkikoaren babesleak diren eta inperialismo yankiaren aurrean otzanak diren instituzio armatu hauek aldatzeko, aurreko hamabost urteetan lortu ez bazen? Ziurrenez hori izango da gobernu berriaren erronka nagusia. Zentzu horretan, herri-milizien sorrera nolabaiteko kontrapisua izan daiteke.

"Ikusteko dago MASek aldaketa prozesua bizkortzea bilatuko duen ala, aldiz, jatorrizko herrien eta mugimendu sozialen eskubideak sustatzen dituen estatu asistentzialista leheneratzetik ez den pasatuko"

Justizia eta erreparazioa egongo da?: kolpearen erantzuleak prozesatuko al dituzte? Eta behin-behineko gobernu bati ez dagozkion erabakiak hartu zituztenak (enpresa publikoen pribatizazioa, enbaxadoreak aldatu, mediku kubatarrak kanporatu…)? Eta Sacaba eta Senkatako sarraskien zein beste hilketa, espetxeratze eta jazarpenen erantzuleak? Batasun eta errekontziliaziorako deiek ezin dute zigorgabetasuna ekarri. Bere herriaren aurrean gobernu berriak bete behar duen justizia, duintasun eta sinesgarritasun zeregin bat da.

Onartuko dute beren porrota?: hauteskundeetan jasotako kolpeak zurtuta eta ahulduta utzi baditu ere, Boliviako elite ekonomikoak eta AEBetako administrazioak ez dute onartuko herriak bere etorkizunaren jabe izatea. Nahiz eta gobernu berria formalki onartu, gaurdanik saiatuko dira higatzen, ziurrenez gerra hibridoaren bidez, eraso ekonomikoak, mediatikoak eta psikologikoak konbinatuz eta polizia eta indar armatuen barruko taldeak gobernua desegonkortzeko erabiliz. Venezuelan aspaldi egiten ari diren bezala. Aldaketa prozesua geldiarazteko eta Bolivia kontrolpean hartzeko estatu kolpe bat burutu bazuten, ezin dugu pentsatu hauteskundeen emaitza era demokratikoan onartuko dutenik. Herrien Historia ikasterik baino ez dago.

Autokritika eta tentsioa ezinbestekoak dira: azken urte honetan Bolivian gertatutakoak MASen gobernu berriaren ekimenak halabeharrez baldintzatuko ditu. Gobernutik hartuko diren neurrien erradikaltasun maila ezagutzeko, itxarotea ezinbestekoa izango da. Ikusteko dago ea aldaketa prozesua bizkortzea bilatuko duen ala, aldiz, jatorrizko herrien eta mugimendu sozialen eskubideak sustatzen dituen estatu asistentzialista leheneratzetik ez den pasatuko; egiturazko aldaketa nabarmenik egin gabe, burgesiarekiko eta berari lotutako botereekiko talka ekiditen saiatuz eta marra gorri batzuk ez zeharkatuz (kolpeari loturiko politikari eta funtzionarioen prozesatzea, interes ekonomikoen eta hedabide batzuen kontrako interbentzioa, aginte polizial eta militarren kargugabetze sakona…). Izan ere, indar armatuen eta poliziaren mehatxuak, elite ekonomikoekin eta beren talka-talde paramilitarrekin batera, gobernu berriak hartu beharreko neurriak baldintza ditzakete, Evo eta García Lineraren gobernuen bertsio light batera eramanez. Zentzu horretan, ezinbestekoa da etengabeko autokritika ariketa, baita tentsioa mantentzea MASen oinarri eta egituretan, hasierako asmotik eta ordezkatzen dituen sektoreen beharretatik desbideraketarik ez egoteko. Agerikoa da Ekuadorren Morenorekin geratu dena ez dela Bolivian gertatuko (MAS-IPSP-k ez du ezer ikusirik Alianza País alderdiaren egitura eta antolaketa moduarekin). Baina beharrezkoa izango da erne egotea, botere burgesaren eta inperialismoaren, eta langileriaren eta herrien arteko ekidinezinezko borroka saihestu gabe.

Urte bat beranduago, leku berara bueltatzen gara? Bai eta ez. Galdera hauei emango zaien erantzunak baldintzatuko du Boliviako herriak, baita Abya Yala eta munduko herriek behar duten aldaketaren sendotzea.

 

*Iñaki Etaio eta René Behoteguy Askapenako militanteak dira


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
2024-06-27 | ARGIA
Estatu kolpea ematen saiatu da Bolivian komandante militar ohi bat, eta porrot egin du

Luis Arce Boliviako presidenteak armadaren "mugimendu irregularrak" salatu ditu. Komandante ohi bat La Paz hiriburuan dagoen Quemado jauregia hartzen saiatu da hainbat ibilgailurekin, baina inork ez dio babesik eman eta azkenean atxilotu egin dute.


2024-06-19 | Reyes Ilintxeta
Elena Quispe Tincuta eta Cecilia Llusco Alaña
“Bizitzan dena ezin da gailurra izan”

Maiatzean Elena Quispe Tincuta (El Alto, La Paz, Bolivia, 1998) eta Cecilia Llusco Alaña (El Alto, La Paz, Bolivia, 1985) txolita eskalatzaileak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan ziren Cholitas dokumentala aurkezten Alboan, Entreculturas eta Oxfam GKEen ekimenez... [+]


“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


2021-03-15 | ARGIA
Añez Boliviako presidente ohia espetxean sartu dute estatu kolpeagatik

Igandean eman du epaia Boliviako Regina Santa Cruz epaileak. Sei hilabetez prebentziozko espetxealdia bete beharko du presidente ohiak 2019ko estatu kolpean sedizio, terrorismo eta konspirazio delituak egotzita.


2020-11-09 | ARGIA
Evo Morales Bolivian da berriz ere, oinez sartu da herrialdera

Astelehen arratsaldean Argentina eta Bolivia arteko muga oinez zeharkatu du, estatu kolpearen ondorioz herrialdetik ihes egin zuenetik lehenbiziko aldiz. Bolivian sartu aurretik ekitaldia egin dute Moralesek eta Argentinako presidente Alberto Fernándezek elkarrekin... [+]


2020-10-19 | ARGIA
Moralesen alderdiko Arcek irabazi bide ditu Boliviako hauteskundeak, kontaketa azkarraren arabera

Boliviako Unitel telebistak egindako kontaketa azkarraren arabera, Evo Moralesen MAS alderdiko Luis Arcek irabazi izango lituzke hauteskundeak, botoen %52,4rekin. Bigarren geratutako Carlos Mesak %31,5 aterako lituzke. Datu hauek ez dira ofizialak, baina urtebetez presidente... [+]


MAS alderdia igandeko hauteskundeak irabazteko faborito, “demokrazia berrezartzeko” dei egin du

Animoak pil-pilean daude Bolivian, Evo Moralesen aurkako kolpetik urtebetera. Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte igandean, urriak 18. Inkesten arabera, Moralesen MAS alderdiko Luis Arce Catacora hautagaia da faboritoa.


2020-08-21 | Z. Oleaga
Bolivian sindikalisten eta herri mugimenduen aurkako jazarpena gogortzen ari dela salatu dute

Gobernu kolpistaren fiskaltzak 33 lider sindikalen aurka prozesu penala abiatzeko eskaerak jaso dituela jakinarazi du. Aurreko astean dinamitaz eraso zieten La Pazen bi sindikaturen egoitzei. Urriaren 18rako daude aurreikusiak hauteskundeak Bolivian.

 

 


Eguneraketa berriak daude