Iazko azaroan Ezpala tabernak jaso zuen erasoa leporatzen zaie atxilotuei. Boixos Nois taldea FC Bartzelonako zale erradikal ultraeskuindarren taldea da, eta Ezpala taberna Osasunako jarraitzaileen topagune ohia.
Boixos Nois talde ultraeskuindarreko hamabi kide atxilotu dituzte, duela zazpi hilabete Iturrama auzoko Ezpala tabernari egindako erasoa egotzita. Kataluniako hainbat herritan atxilotu dituzte futbolzale erradikalak.
Ezpala taberna Osasunako zaletuen topaleku ohikoa da, Indar Gorrikoena. Erasoa iazko azaroan gertatu zen, Osasuna eta Bartzelona futbol taldeen partiduaren aurretik, arratsaldeko 17:00ak aldera, Indar Gorriko kideak iritsi baino lehen. 20-30 pertsona elkartu ziren, beltzez jantzita, makilekin eta bengalekin. Minutu gutxi iraun zuen eta hiru pertsona zauritu zituzten.
Iturramako bizilagunek gertakaria gaitzetsi zuten, “Iturraman faxismoari ez!” lelopean.