Lan baldintza duinak eskatzeko, herriz herrizko martxa abiatu dute Bizkaiko Erresidentzietako langileek. Urriaren 17tik 21era iraungo dute protestek. Jada, 350 egun daramatzate greban, eta nabarmendu dute patronalaren jarrera ezkorra ari dela izaten.
Bost etapa izango ditu martxak: besteak beste, Ezkerraldean, Durangaldean eta Bilboko kaleetan ibiliko dira. Behingoagatik, adostasun batera iristea espero dute eta aldarrikatzen dituzten eskaerak beteko direla: 30 orduko lanaldia, langile gehiago kontratatzea, kalitate hobeagoa, eta 1.200 euroko soldata hilean, esaterako.
GESCA patronalarekin nolabaiteko adostasunera iritsi diren arren, ELA sindikatuak LARES eta ELBE patronalei leporatzen diete egoerari “soluziorik bilatu nahi ez izatea”. LARES irabazi asmorik gabeko fundazio talde bat da, baita Bizkaiko hainbat egoitza handienen jabe ere. Urtean milioi bat euroko irabaziak izaten ditu, eta orotara, zahar etxe guztien %80ko okupazioa bere gain dago. Negoziaketetan jarrera ezkorra izan duela adierazi dute langileek eta egoeraren aurrean Bizkaiko Diputazioak ezer ez egin izana ere salatu dute.
Gainera, patronalen bazkideen artean, hainbat herritako alkate eta politikariak daudela esan du Bizkaiko zahar etxeetako langileen ordezkariak: “Bizkaiko Diputazioak ez du ezer egin behar konponbiderik nahi ez duten arduradunekin? Beraiena ere bada erantzukizuna”.
Bizkaiko Zahar Etxeetako langileek dei egin diete herritarren martxan parte hartu dezaten.
.jpg)