EH Bilduk asteazkenean iragarri du Itziar Garamendi, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Diputatuaren kontrako zentsura mozioa aurkeztuko duela azaroaren 3an, baldin eta aurretik Aldundiaren eta Bizkaibuseko langileen arteko gatazkari konponbidea emateko gai ez bada.
Urriaren 31n dira biltzekoak sindikatuak eta Aldundia, aurreko egunetako ika-mikak eta gero.
Bizkaibuseko greba mugagabearen hirugarren egunean jakinarazi du EH Bilduk bere erabakia, Irune Soto eta Aitor Torre Bizkaiko batzarkideek emandako prentsaurrekoan.
“Dei argi eta ozena egin nahi diogu Bizkaiko Foru Aldundiari eta, bereziki, Itziar Garamendi diputatuari”, adierazi dute, “eseri dadila negoziatzera inolako aitzakiarik gabe eta minutu bakar bat ere galdu gabe. Ez dadila mahaitik altxa Bizkaian garraio zerbitzua bermatu dezakeen arte, duela urte bete Garamendik berak sinatu zuen baldintzetan”.
"Irtenbiderik baldin badaukate ipin dezatela mahai gainean"
EH Bilduko ordezkari biek gehitu dute astelehenean bertan Garamendiren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dutela hark gatazkari irtenbidea eman ezean.
Urriaren 31ko bilera izan daiteke horretarako aukera, baina ez dirudi samurra izango denik. Aste oso bat bildu gabe eman eta gero, sindikatuek zalantzan jarri dute Bizkaiko Foru Aldundiak gatazka gainditzeko benetako proposamenik ba ote duten.
“Irtenbiderik baldin badaukate ipin dezatela mahai gainean, horrela lortuko da grebak dakarren sufrimendua saihestea”, azaldu du ELAko Iñaki San Andresek.
Sindikatuek berretsi egin dute harridura handia sortu diela elkarrekin biltzeko Aldundiak jarritako baldintzak: greba bertan behera uztea, zati bat besterik ez bada ere.
Ez dago eskaria ulertzerik, diote, urriaren 31ko bilera baldintzarik gabekoa izango dela kontuan izanda.
LABeko Alberto Kurtoren esanetan, “gatazka alferrik luzatzen ari dira, gizartearen aurrean borondate oneko keinuak agertuz baina egoera desblokeatzeko benetako proposamenik egin gabe”.
Foru Aldundiak asteazkenerako ere emana zuen baldintzapeko hitzordua, baina sindikatuek “antzerki horretan parte ez hartzea” erabaki zuten, asteartean Aldundiko erakinera joan eta segurtasun guardiek sartzea galarazi ostean.
Aldundiak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaraino iritsi zena, baina ez sartzeko asmoz, asteazken arratsaldean Bihotz Sakratu plazatik abiatutako 3.000 laguneko manifestazioa izan zen.
Sindikatuek Bizkaiko herritar orori parte hartzeko deia egin zieten, Aldundiak Bizkaibusekiko dituen planek, langileei ez ezik, jendarte osoari kalte egiten dietela argudiatuta.
Ostegun eta ostiralerako beste manifestazio bana dago deituta, biak goizeko 10:00etan eta EiTBren egoitzatik abiatuta.
Gipuzkoan egin dute gehien gora manifestazioek, 2017an baino %27,6. Bizkaian %9 egin dute gora, eta Araban berriz, %5,3 behera.
Bizkaibuseko Ezkerraldea Meatzaldea Bus, Pesalur eta Gam Txorierri enpresetako eta Bilbobuseko 2.000 langile daude grebara deituta. 250.000 erabiltzaile ingururi eragiten ari zaie greba deialdiak.
Gutxien espero zen unean eta moduan eman zaio konponbidea Bizkaibuseko gatazkari. Arratsaldeko seietan, handik ordubetera bilera egiteko deialdia jaso dute sindikatuek Bizkaiko Foru Aldunditik (BFA); oraingoan, greba bertan behera uzteko baldintzarik gabe. Iluntzeko... [+]
Astearte arratsaldean ziren biltzekoak Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaibuseko sindikatuak, baina ez da bilerarik izan Aldundiak hizketan hasi aurretik "neurri batean" greba bertan behera uzteko eskatzen duelako.
ELA, LAB, CCOO, UGT eta LSB sindikatuek greba mugagabera deitu dituzte Bizkaibuseko langileak, ez baitute akordiorik lortu Bizkaiko Foru Aldundiarekin.