Bizkaia Irratia 25. urteurrena ari da ospatzen

  • 1990ean sortu zuen Bilboko Elizbarrutiak bizkaiera hutsean diharduen irratia. 25 orduko zuzeneko emisio jarraituarekin ospatuko ditu 25 urteak. Gaur 11:00etan ekin dio irrati maratoiari eta bihar goizeko gosari-topaketan emango dio amaiera, eguerdiko 12:00etan. Programazio berezia prestatu dute eta sorrerako langileek, 1990eko musikak eta entzuleek leku berezia izango dute.


2015eko urriaren 30ean - 10:43
Bizkaia Irratiko zuzendari Jabi Onaindia, emisioan. Bizkaia Irratiko zuzendari Jabi Onaindia, emisioan.

Bizkaia Irratiak bere 25. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egin dituzte urtean zehar, tartean, entzuleen bazkaria: 180 lagun elkartu ziren ekainean, "zorion-egurrak" saioko entzuleak gehienak. 25 orduko irrati maratoi hau izango da ekitaldi nagusia.

25 ordutarako programazio berezia

Irratiaren sorreran aritu ziren gehienak batuz abiatuko dute gaur maratoia: hasierako urratsak eta bizipenak ekarriko dituzte gogora. Eguerdi-arratsaldean, euskal musikari eskainitako "Musikea Atseginez" saioan, 1990etik igarotako urte bakoitzeko euskal kanta bat entzungo da eta "Kantuka eta Kontuka" saioan, orain dela 25 urteko musika izango da ardatza. Iluntzean Bilboko Eleiz museotik egingo da ordu pare bateko emanaldia, bertan banatuko direlako Elizbarrutiko Kultur Erakundeek antolatutako “Karmelo Etxenagusia” Ohorezko Aitamenak. Ondoren orain 25 urte kirolaren puntaren puntan egon ziren kirolariak batuko dira estudioan: Jose Ramon Uriarte “Katxin” zestalaria, Genar Andrinua futbolaria, Marino Lejarreta eta Miguel Madariaga txirrindulariak… Horiez gain, musika kontzertu akustikoak egingo dituzte estudioan ia orduero: Roberto eta Kepa trikitilariak, Kupela taldea, Sei urte, Gontzal Mendibil, Rafa Rueda, Xabi Aburruzaga eta Jon Andoni Urrutia, Seiren, Xaibor, Bost Enbor eta Kherau. Eta kultur munduko jendea ere pasako da estudiotik: Laura Mintegi, Jon Arretxe, Gotzon Barandiaran eta Yolanda Arrieta idazleak; Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariak…eta horrez gain zuzeneko konexinoak Diasporako Euskal Etxeekin, atzerrian bizi diren bizkaitarrekin, gaueko beharginekin… Entzuleak direnez irratiaren arima, 25 orduetan zehar telefonoa zabalik izango dute entzuleek parte hartu dezaten.

Aspaldiko audioen digitalizazioa

Larunbatean Hesperia Bilbao hotelean egingo duten gosari-topaketarekin amaituko da 25 orduko emisinoa, azken irratsaioa bertatik eginda. Bertan azalduko dute zertan den Bizkaia Irratiaren aspaldiko audio grabazioen digitalizazioa. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, kasette eta revox formatoetan dauden grabazioak berreskuratzen ari dira. Ondare hori berreskuratzea du Bizkaia Irratiak helburu, materiala galdu ez daiten. Material hori guztia entzun ondoren, hautatutako materiala denon eskura jarriko dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaia Irratia
Eguneraketa berriak daude