Bizirik iritsi da ARGIA 2020 amaierara

  • Urte gogorra izan da ARGIA egiten dugunontzat ere. Historiaren gurpila azkartzen sentitu dugu eta lurralde ezezagunera garamatzan fenomeno erraldoi hau periodistikoki jorratzen galtza bete lan izan dugu. Hala ere, ezin dugu ahaztu kazetaritza independentea egiteko aukera badugu, hori denon artean ARGIA ekonomikoki bideragarri egiten asmatzen dugulako dela.

    Puska Dezagun Izotza Solasaldi zikloaren lehen bideo honetan, gardentasun ariketa gisa, ARGIA pandemia eta krisi urte honen amaierara nola heldu den azaldu digute Bego Zuza, Urko Apaolaza eta Lander Arbelaitzek. Bideoaz gain, podcast formatuan ere entzun dezakezue lotura honetan.


2020ko azaroaren 28an - 17:13

Formatua aldatuta dator 55. Durangoko Azoka eta ez da erakusmahairik egongo. Urriaren 8a da eta Gerediaga Elkartearen erabakiaren berri irakur daiteke gure webgunean. Urtez urte ARGIAren erakusleihora fidel hurbiltzen diren komunitateko lagunak agurtu, elkar ezagutu, solastu, eskertu eta azken batean, aurrez aurrekoak dakarren energiarik gabe ere utziko gaitu 2020 honek, beste gauza askoren artean.  Pena da, egia esan.

Durangoko albisteak, baina, badu euskal kulturan dabilen jendea kezkatu duen beste alderdi pragmatikoago bat ere. Euskal Herriko proiektu askorentzat urteko salmenta gune garrantzitsuena da Durangoko plaza eta Gerediaga Elkarteak webgune baten bidez erosketak bideratuko dituela iragarri arren, ziurgabetasuna da nagusi eragileen artean, inork ez baitaki nola erantzungo duen azokara joan ohi den herritarrak, lehen aldia izaki halako planteamendua egiten dela. Zaila dirudi aurreko urteetako joerak mantentzea eta hobe gerra ekonomiarako prestatzea.

Zenbat diru eman erabakitzea libre utzi denetik, finko zuen prezioa baino gehiago jartzen dute kideek batez beste

Panorama ikusita, ARGIAko lantaldea ez dago besoak gurutzatuta geratzeko, eta urte amaierari propio eusteko lantalde berezi bat osatzea erabaki dute. Aurreko urteetan Durangon eskuratu zen babes ekonomikoa beste bide batzuetatik lortzea ezinezkoa izango dela jakin arren, borrokatzeko grina gailentzen da.

Salmenta guneen garrantzia

Lantalde horren lan nagusia, Gabonetako oparietarako ARGIAren produktuak erosteak ekintza militantetik asko duela azaltzea da. Liburuak, egutegiak, agendak, jantziak, poltsak eta beste aurkituko du opari bila dabilenak –27. orriko koadroan informazio gehiago produktuei buruz–. Arrakasta berezia izaten ari da Jakoba Errekondoren Etxerako Landareak liburu ederra, hilabetean 2.500 ale saldu ondoren, bigarren edizioa prest duena.

Bestetik, Durangoko Azokaren webgune berezian aurkituko ditu herritarrak gure produktu guztiak; eta aldi berean, ARGIAren online denda edo Azoka berritu dugu, webgunea txukunagoa izateaz gain, antolaketa sinplifikatu eta mugikorretako nabigazioa hobetuz. Azken aldian arrakasta handia duen Instagram plataformaren bidezko salmentak bideratzeko prestatu da lantaldea.

Azkenik, salmenta leku fisikoei dagokionez, merkataritza txikiaren aldeko apustu politikoa berresten du ARGIAk. Herrien bizitzarako eta burujabetzarako ezinbestekoak diren dendariei panorama nola ari zaien belzten ikusita, alfonbra gorria jarri dieten multinazionalen oldarraldiaren aurrean, Herrian erosi kanpaina abiatuko du ARGIAk, gabonak amaitu arte gutxienez. Auzo eta herrietako saltokiak denon artean defendatu eta eutsi behar ditugula modu irekian aldarrikatzea izango da xedea.

ARGIAn bilerak kalean egiten hasi da lantaldea, aurrez aurreko harremanak erraztu asmoz, baina osasun neurriak lehen lerroan jarriz. (Dani Blanco)

Aldarrikapen hau erabat loturik dago azken urteetan lantzen ari garen bide batekin: ARGIAren banaketa sare propioa. Gutxitan hitz egiten bada ere informazioaren katebegi honi buruz, informazio burujabetzarekin lotura zuzena duen gaia da, informazioa sortzen dugunetik herritarrengana heltzen den bitarteko prozesuaren parte delako. ARGIAn sartzen den langileak prozesuaren katearen kontrola eskuratzea estrategikoa dela jasoko du etxeko beteranoen eskutik. Logika honetatik ulertzen da aurreko hamarkadetan aldizkariaren inguruan antolatu diren Antza inprenta, Adur software eta Iametza komunikazio enpresak, edo berrikiago, bizikleta bidez eta langileen duintasuna errespetatuz aldizkarien banaketa egiteko Eraman kooperatibarekin abiatu dugun zerbitzua.

Gaur egun gure produktuak aurki daitezke Euskal Herriko ehunka kiosko, liburu-denda, papertegi, jostailu denda, denda ekologiko, nekazarien kooperatiba, pentsu denda, loradenda edo belar dendetan. Euskal Herrian bizitzeko eskubidea eta paperak ongi merezi dituzten Bilboko kale-saltzaileekin ere elkarlan eskeman ari gara lanean duela bi urtetik, Mikel Garciaren erreportaje baten hariari tiraka abitutako harremanean.

ARGIAko produktuak saltzeko dendak identifikatzen laguntza eskatzera gatoz. Zure auzo edo herrian gustuko duzun denda horretan gure materialek kabida dutela uste baduzu eta dendariari edo guri esaten badiguzu –679 81 73 54 edo okorta@argia.eus–, berarekin harremanetan jarri, diru kontuak adostu eta ziztu bizian bidaliko diogu materiala.

Ezin dugu onartu COVID-19 izurritearen irabazle nagusia Amazon izatea, tokiko ekonomiaren eta langileen eskubideen bizkar. Pello Zubiriaren irakurle fidelek 2013an dagoeneko irakurria zuten enpresa honen jukutriari buruz, ondorengo izenburua zeraman erreportajean: Amazonen kazetari gazteak aurkitu zuen usina orwelldarra. Aurreko astean informatu dugu Bizi!-ko militanteek Baionan salatu dutela multinazional honek bultzatzen dituela prekarietatea, munduaren alde batetik bestera produktuak garraio kutsagarriak baliatuz eramatea eta tokiko saltegi txikiak suntsitzea, gehiegizko kontsumoa bultzatzearekin batera. Argi esan nahi dugu: ARGIA ez dago Amazonen, edo ez egotea erabaki du. Gure sorpresarako ARGIAren produktuak bertan eskaintzen dituztenekin harremanetan jarri gara ken ditzaten, eta erakundeetatik eta gizartetik neurriak hartu behar direla ikusten dugu, milaka komertzioren gainetik urakan bat bezala pasatzea nahi ez badugu behintzat. Are gehiago, gurean banaketa zentro bat antolatuko duela iragarri berri duten honetan.

Hitzaldi zikloa

Etxean ordu asko igarotzen ditugula eta internet bidez ikus-entzunezko produktu dotoreak egiteko moduan gaudela ikusita, hitzaldi zikloa antolatu du ARGIAk, bere agenda propioaren araberako gogoetak sustatu asmoz. Euskaratik posible delako komunitatea beste balio, beste ikuspegi eta beste jarrera batzuekin eraikitzea, orain hilabete batzuk ARGIAko kide egin berri zen Donostiako Beñatek adierazi zigun bezala. “Are gehiago, hori delako herri hau etorkizunean euskaraz bizi dadin dagoen modu bakarra”, borobiltzen zuen berak.

Astean hiru solasaldi sareratuko ditugu, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Gaiak, oso anitzak: bioaniztasunaren galera, Inor Ez Da Ilegala proiektua, ekonomia sozial eraldatzailea, etxebizitza eredu berriak, informazio burujabetza, landareen zaintza, agroekologia... Egitarau osoa lotura hontean daukazue.

'Puska dezagun izotza' hitzaldi zikloa.

Eta hitzaldi zikloa prestatzeak ekarri du ARGIAk bere egoitzan telebista plato bat izatea aurrerantzean. Egun batetik bestera, pintura granatea eskuratu, bilera zabalak egiteko erabiltzen zen gelako pareta bat margotu, bigarren eskuko besaulki polit bat erosi, argiztapena eta dekorazioa antolatu, eta horratx solasaldi eta elkarrizketak grabatzeko estudioa. 100 asteren ostean Beranduegi web telebista egiteari utzi zitzaionetik ez da Lasarte-Oriako egoitzan telebistarako platorik izan, eta aurrera begira helburua izango da honi zukua ateratzea, Eneritz Arzallusen gidaritzapean.

Edozein iturritatik edaten duzu?
2013. urtetik ARGIAko komunitatea etenik gabe hazi da, ia %35 guztira

Urte amaieraren errepasoak ezinbestean garamatza harpidetzez hitz egitera. Edozein proiektu bultza duenak badaki zein zaila den dirua jartzeko prest dagoen jendea lortzea. ARGIAk bere historiako 101 urteetan gorabehera handiak bizi izan ditu, eta horrek are eta balore gehiago ematen dio azken urteetan izandako emaitzei. Zenbat Gara? prozesuaren amaierara heltzen ari gara, zenbat pertsonako komunitatea osatzen dugun jakin asmo duen lanketa. Jarraian harpidetza edo komunitateaz titular batzuk, joerak azaltzeko balio dutelakoan.

  • 2013. urtetik, zazpi urtez jarraian ARGIAko komunitatea etenik gabe hazi da, ia %35 guztira.
  • Kide berrien kopuruari dagokionez, 2019an egin genuen inoizko markarik onena. Aurten dagoeneko gainditu da kide berrien kopuru hori eta urtea amaitzeko hilabeteren falta da.
  • Proiektuarekin bat egiten duten pertsonen kopuruak urtez urte gora egiten duen bezala, harpidetza eteten du jende askok, baina bajen kopurua azken 10 urteetako txikiena izaten ari da 2020an.
  • ARGIAren harpidetzari prezioa kendu eta eredua aldatzea proposatu zen unean, lantaldean zenbait beldur mahai gaineratu ziren arren – "eta jende guztiak aldizkaria doan jaso nahi duela eskatzne badu?"–emaitzek arrazoia eman diote erabakiari.
  • Zenbat diru eman erabakitzea norberaren esku utzi denetik, harpidetzak ezarrita izaten zuen prezioa baino gehiago jartzen dute kideek batez beste kideek proiektuaren alde.
  • Doan jasotzen duten kolektibo eta pertsonak ere geroz eta gehiago dira, eta komunitatea gai izaten ari da kide hauen informatzeko eskubidea bermatzeko.
  • Norberak nahi eta ahal duena jartzeaz gain, bakoitzak bueltan jaso nahi duena pertsonalizatuta eskatzeko aukerak, ARGIAko “harpidedun” izateko modu ugari ekarri ditu, guztiak interesgarriak eta norberaren gustuetara egokitua.
  • Azken 10 urtean mugimendu handia izan da ARGIA ekonomikoki eusten duen komunitatean, eta ikerketa sakonago bat merezi lukeen arren, esan dezakegu belaunaldi aldaketa potente bat gauzatu izanaren zantzu handiak ikusten direla datuetan. Baita, duelta urte askotatik ARGIAko harpidedun fidelek gure alboan jarraitzne dutela ere.

ARGIAko historiako emaitza onenak izan arren, kezkaz bizi dugu gainean dugun krisi ekonomiko eta soziala, eta azken aldian horren froga gordinak lehen eskutik jasotzea tokatzen ari zaigu, pertsiana jaitsi behar izan duten komertzioen edo ostalarien etete mezuekin. “Lehendik ere ezin nuen aldizkaria bezeroen artean partekatu, eta orain negozioa itxi behar izan dudanez, baja emateko idazten dut”, adierazi digu aurreko astean kide batek. Arrazoi ekonomikoak dira nagusi mezuotan, horregatik ari gara azken berriro errepikatzen inork ez duela zertan ARGIArik gabe geratu arrazoia ekonomikoa bada. Eta behin hau esanik, bigarren aldiz hunkitu gaituzte, egoera zaurgarriagoan daudenekin elkartasunez mugitzen diren komunitateko kideek.

ARGIAkoa egiteko arrazoiak publiko egiteko baimena ematen diguten kideen mezuak irakur daitezke Twitterren @ArgiaJ kontuan. Izan euskara bultzatzeko edo kazetaritza independentea –bi horiek izaten dira arrazoi nagusiak–, edo nahi den arrazoiagatik, komeni da esatea ARGIAko kidetza egitea dela proiektu hau bultzatzeko era estrategikoena guretzat. Eta oraindik arrazoi on baten bila bazabiltza, ea zer iruditzen Baionako Jean-Dominiquen hau: “Ez dut edozein iturritik edaten”.

Zenbat denboraz...

...egin daiteke aldizkari zorrotz bat kazetari bakoitza bere etxean sartuta dela? Hiru hilabetez? Sei? Urtebete? Ez dakigu, baina konfinamenduak ikusarazi digu ARGIA harremanetatik –era guztietakoetatik, batez ere gure artekotik– elikatzen dela, lantokian sortutako elkarrizketa informaletan ateratako gai, kezka eta ikuspuntuak direla gero argitaratuko diren erreportaje, elkarrizketa, analisi edo albisteen abiapuntuak.

'Nola gorpuztu dugu COVID-19a?' galderari taldean erantzuteko dinamika prestatzen Lasarteko egoitzaren ondoko parkean. (Lander Arbelaitz)

Martxoan langile guztiak etxera joan ginen eta aldizkaria paperean argitaratzeari utzi genion, gure inprentako edo postako langileen osasuna beste gauza guztien gainetik jarri asmoz. Telelana ez zen praktika berria izan gurean, aurretik ere, ARGIAko langileok izan baitugu aukera etxetik lan egiteko, Euskal Herri zabalean bizi garen langile taldea baikara.

Webgunea eta sare sozialak ARGIAko kazetari guztiok erabiltzen ikastea eta trebatzea duela urte batzuk hartutako erabaki estrategikoa izan zenez, astekaria utzi eta hedabide digital bilakatu genuen ARGIA, eta kazetari bakoitzak etxeko zaintza-lanekin uztartzeko bere lan-ordutegia aukeratzeari esker, lehen aldiz astelehenetik igandera, 06:00etatik 22:00 bitarte eguneratzen genuen informazioa. Emaitza: Webgunean ohiko bisitak hirukoiztea, ordura arteko gure bisitari errekorak birrinduz.

Denborarekin, ordea, aldatzen joan dira gaitzaren aurrean ezarritako babes-neurriak eta ezagutza. Konfinatu gabe ahalik eta bizitzarik bizigarrienak egiteko aukera politikoa aldarrikatzen du ARGIAk. Udazken honetan langileen gehiengoa batez ere etxetik ari bada ere, elkartzeari balorea aitortu eta lan eredu mixtoa praktikatzea erabaki dugu. Osasun neurriak zorrotz hartuz –leihoak etengabe zabalik, bazkaria eta bilerak kalera ateratzen den mahaian–, elkar egoteko moduak bilatzea izan da erabakia, batzuk astean bitan edo hirutan, eta guztiok gutxienez astean behin elkarrekin egotea bilatuz bilera finkoen bidez. Interakzioaren bizitasuna berriro ere piztu da hala, eta espero dugu azken aldizkarietan nabaritu dela. Poztuko ginateke kanpotik sumatuko balitz lantaldeak asko eztabaidatzen duela argitaratzen diren gaiei buruz, kazetaritza egiteko irizpide serioei eusten diela, eta batez ere, bizi-bizirik helduko dela laster 102 urte betetzera.

Urtea borobildu behar

“Azken hilabetea gora edo behera egiteko arrisku unea izaten da eta oraindik ez dakigu nola amaituko den urtea –dio Bego Zuza ARGIAko kideak–. Iaz Durangon egin genuen salmenta ez dugu egingo. Hala ere, gure aurreikuspenak jaitsita ere, lan ongi eginez gero, par egin eta urtea salbatzeko moduan gaudela uste dut”.

Azken hamar urteetan ARGIAren komunitatean belaunaldi aldaketa gauzatu da

Zuzak dena den, argi du gurea gisako enpresak espezie bereziak direla: biziraupenera ohituak. Diru irabazi asmorik gabe, urtez urte biziraupena bermatzea da lehentasuna, gero gerokoak. “Iaz mendeurrena izan zen, urte ona egin genuen eta aurten langileok bi paga extrak ordaintzea aurreikusi genuen urte hasieran; pandemia iritsi zenean, ordea, zuzenean kendu genituen bi ordainsari hauek –inori ez zaio burutik ere pasa kobratuko genituenik–, eta erabaki horrek ondorio zuzena du urtea ekonomikoki ongi amaitzearekin. Hori ere bada langileok proiektuaren alde jartzen duguna, gardentasunagatik ere esaten dugunez”.

Emaitza ekonomikoa azaltzeko beste lau faktore erabakior ikusten ditu: “Harpidetzen igoera, hiru urtetarako finkatutako diru laguntzen bermea; publizitate instituzionalaren erorketa, eta dibertsifikazio lerroek –Bizi Baratzea, Inor Ez Da Ilegala, Lurra Herriari Deika...– egin duten konpentsazio lana. Oso urte potentea izan da”.

Aurrera begira, Azokako produktuak saltzen asmatzearekin batera, harpidetzak lantzen eta komunitatea handitzen jarraitzea estrategikoa dela uste du. Gauza bat argi izan behar da bere ustez: zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta baliabide gehiago egun egiten dugun kazetaritza hobetzeko, ekipo humanoa handitzeko, gaur egun lantaldea iristen ez den esparruetara heltzeko, eguneko orduek fisikoki ematen ez duten lan horiei hobeto erantzuteko. “Ateratzen den diru guztia kazetaritza hobea egiteko inbertituko da, ea gai garen gure independentzian sakontzen jarraitzeko”.

“Pandemiak aldaketa handiak ekarri ditu bai gure bizitzetara, baita ARGIAra ere, baina azken urteetan proiektuan langileok egiten joan garen berrantolaketa eta berregokitzeekin, aurrean dugun erronkari aurre egiteko prest harrapatu gaitu”, diosku Estitxu Eizagirre kazetariak. “Azken batean, pandemia hau ez al da ba bakoitzaren oinarriei pasatzen zaien froga ezin gogorragoa? Gu prest harrapatu gaitu. Orain urtea ongi amaitzera”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Puska dezagun izotza solasaldi zikloa
2020-12-18 | ARGIA
Tarana Karim: “Emakume eta immigrante bezala askotariko diskriminazioak jasaten ditugu”

Ikastetaz abokatua, aktibista nekaezina da Tarana Karim. Azerbaijanen jaio zen eta Hernialden bizi da duela urte batzuetatik. Inor Ez Da Ilegala proiektuaren baitan, emakume migratzaileek Euskal Herrian jasaten dituzten biolentziez mintzatu zaigu. Bideoaz gain, solasaldia... [+]


2020-12-17 | ARGIA
Beñat Irasuegi: “Kapitalismoak baztertutako jendeei alternatiba eskaini behar diegu ekonomia sozial eraldatzailetik”

Beñat Irasuegi ekonomia sozial eraldatzailearen Olatukoop sareko kide da, eta gai horretan aurrera begira ikusten dituen erronkak azaldu ditu. Testu honetan laburtu egin dugu, baina eduki guztia, bideoan dago ikus-entzungai.

Hona, bada, Irasuegik azaldutako bost erronka,... [+]


2020-12-14 | ARGIA
Abaraska: Jabetza kolektiboa, etxebizitza eskubidea bermatuko duen eredua

Ana Almandoz eta Maite Leturia Abaraska etxebizitza elkarteko kideak dira eta baita Juntura kooperatibako arkitektoak ere. Komunitatean bizi liburuaren harira, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibei buruzko solasaldia eman dute. Etxebizitzaren oinarria ere izan baitaitake... [+]


2020-12-11 | ARGIA
Jakoba Errekondo: “Etxeko landareen hamarretik bederatzi ur gaindosiagatik hiltzen da”

Jakoba Errekondok Etxeko landareak liburua atera du. Hitzaldi honetan landareak begiratzeko eta hauek tratatzeko modua aldatuko diguten hainbat ideia eman ditu: "Landareengana hurbildu aurretik, pentsatu gu baino askoz azkarragoak direla". Ba al dakizu nondik datozen... [+]


2020-12-09 | ARGIA
Agroekologia: COVIDak denbora beste era batera erabiltzearen garrantzia erakutsi digu

COVIDak elikadura zaintzeko dugun moduan ekarritako aldaketez, agroekologiaren egoeraz eta aurrera begirako erronkez mintzatu dira Mikela Untsain Azkaineko erlezaina, Ane Gorosabel bergarako ortuzaina eta Miren Saiz Getxokoa, Bizilur elkarteko kidea. Hirurak dira agroekologia... [+]


2020-12-07 | ARGIA
Bouba Diouf: “Elkartasunaren indarra behar dugu, inor atzean ez uzteko”

Migratzaileek pandemia garaian bizi dituzten zailtasunez, paperik ez izateak duen eraginaz eta zaurgarrienak jomugan dituen lege eta politikez aritu da Bouba Diouf: “Giza eskubideek denaren gainetik egon beharko lukete”. Bilboko kale saltzaile senegaldarren Mbolo... [+]


2020-12-04 | ARGIA
Jakoba Errekondo: “Euskal kulturak ilargiaren zikloa bi fasetan ikusten du, latinizatutako kulturek lautan”

Jakoba Errekondok hitzaldi honetan azaldu du ilargiaren zikloa ezberdin ikusten dugula euskaldunok eta kultura latindarrek: euskal kulturan bi fase ditu ilargiaren zikloak, kultura latindarretan lau. Errekondoren aburuz, lehen egutegiak egiteari ekin zioten bertako eliz-gizonak... [+]


2020-12-02 | ARGIA
Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue: Biodibertsitatea eta ingurumen ezagutza euskal gizartean

COVID19ak eta ingurumenak duten harreman estua, biodibertsitatearen gainbehera, eta Euskal Herrian dugun ingurumenaren ezagutza. “Etorkizunera begira, zergatik bultzatu beharko genuke ezagutza hori?”. Gako horiek jaso ditu bere hitzaldian Iñaki Sanz-Azkuek,... [+]


Eguneraketa berriak daude