Badira zazpi hilabete azkenekoz Hezkuntza Sailarekin bildu ginela, Arartekoaren bitartekaritzari esker. Ordiziako eskolen artean eta herrian, jatorriaren eta egoera sozioekonomikoa baitan, dagoen desoreka larria bideratzeko Hezkuntza Sailaren neurriak ezagutu eta iritziak trukatzea izan genuen helburu.
Bost urte dira, jada, Eusko Jaurlaritzak aurrez Ordizian larria zen desoreka nabarmen areagotu zuen matrikulazio irregulartasunak onartu zituela. Irregulartasunak onartu eta planifikatu gabeko gela esleitu. Harrezkero egoera okertu besterik ez da egin eta arazoa bideratzeko ez da beharrezko neurririk hartu.
Ordiziak Euskal Herriko migrazio tasa altuenetarikoa du, %19, alegia. Haur Hezkuntzan eta derrigorrezko eskolatze adinean dauden ikasleen familien herenak atzerrian du jatorria. Ikasle horien hamarretik ia bederatzi Eskola Publikoan daude matrikulatuta. Ordizian edo Euskal Herrian jatorria dutenetatik, aldiz, erdiak baina gutxiagok ikasten dute Eskola Publikoan. Desoreka are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Eta azken urteetan desoreka areagotu besterik ez da egin.
Desoreka eta segregazio handiko testuinguru honetan, Jaurlaritzaren proposamenak posible egingo du eskola
publikoak gelak edota lerroak galtzea itunduriko ikastetxeen alde
2019an Arartekoak Hezkuntza Sailari Ordizian hartutako plangintza-neurrien inpaktua ebaluatzea eskatu zion, baita ikasleen banaketa orekatuagoa lortzeko neurri zuzentzaileak hartzea ere. Hiru urteren ondoren, ordea, herri-defendatzailearen urteko txostenean jasotzen da Hezkuntza Sailak ez diela oraindik eskakizunei erantzunik eman.
Bost aldiz bildu gara Hezkuntza Saileko goi arduradunekin Ordiziako egoerari buruz hitz egin eta irtenbideak bilatzeko. Jaurlaritzak onartzen du egoeraren larritasuna. Kasua lantzen eta neurriak prestatzen ari direla helarazi digute, pazientzia eta konfiantza izateko. Itxaron, itxaron dugu, baina neurririk ez da etorri. Hain zuzen ere, azken bileran, batetik, Sailari eskatu genizkion Ordiziako eta gure eskolako matrikulazio eremuaren definizioa eta horren inguruko xehetasunak; bestetik, Ordizian ezarriko den zaurgarritasun-indize zehatza eta eskola bakoitzean planifikatuko diren gela eta ikas-lerroak; eta azkenik, Ordiziako egoera bideratzeko ezarriko diren neurriak eta horien garapena denboran.
Uda ondoren, berriro biltzeko konpromisoa gauzatzen ez zen heinean, Arartekoak errekerimendua egin zion Hezkuntza Sailari, eta bere bidez jaso dugu erantzuna. Jaurlaritzaren idatziak, baina, ez die inola ere erantzuten gure eskaera eta xehetasunei. Izan ere, erantzuna mugatzen da jada Aldizkari ofizialean argitaraturiko bi dekretuei erreferentzia orokorra egitera, baina Ordiziarako zehaztapenik gabe.
Ezinbestekoak iruditzen zaizkigun xehetasunak ez emateaz gain, Arartekoari bidalitako idatziak larritu gaitu. Izan ere, idatziaren arabera, ikastetxe bakoitzean eskainiko diren ikaspostuak eta, ondorioz, ikas-lerroak, eskariaren baitakoak izango dira. Hau da, badirudi Hezkuntza Sailak ez duela inongo asmorik eskola publikoa lehenetsi edo, gutxienez, babestuko duen planifikazioa egiteko. Hezkuntza publikoa babestu, indartu eta bultzatu beharko lukeen administrazio publiko batek hau egitea larria bada, are larriagoa da aintzat hartzen badugu segregazio egoerak matrikulazioan eta ikastetxe aukeraketan duen eragina, eta honek eskola publikoari egiten dion kaltea. Izan ere, desoreka eta segregazio handiko testuinguru honetan, Jaurlaritzaren proposamenak posible egingo du, urte bakoitzean egiten den eskariaren baitan, eskola publikoak gelak edota lerroak galtzea itunduriko ikastetxeen alde.
Desorekaren arrazoia ezin da jarri jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan edo zaurgarriak diren ikasle edo familiengan
Dena den, ez da hor amaitzen idatziaren larritasuna. Bereziki kezkatzen gaitu Ordiziarako “zaurgarritasun indizearen” zehaztapen ezak desorekan izan dezakeen eragina. Hezkuntza Sailak dio Ordiziako bi ikastetxeek gutxienez %10ean hurbildu beharko dutela Ordiziari esleitzen zaion zaurgarritasun indizera. Ez da zehazten, ordea, zein izan daitekeen balizko indize hori. Eta indize horri ematen zaion balioak erabat baldintza dezake neurrien eraginkortasuna desorekak murrizteko, mantentzeko edota are gehiago handitzeko. Era berean, balizko “oreka” eta “zaurgarritasun indize” horretara gerturatzeko eperik ere ez da aipatzen.
Eta, hori guztia airean izanda, plangintza ofizioz aldatzeko aukera ere irekita uzten duela adierazten du Hezkuntza Sailak. Hau da, eskola publikoaren ikaspostu, gela eta ikas-lerroak ziurtatu eta lehenetsi gabe, orekarako neurriak zehaztu eta bermatu gabe, ofizioz eta nahi duenean, itunpeko ikastetxeetako ikaspostuak, gelak eta ikas-lerroak handitzeko aukera irekiko omen du, lantzen ari den dekretu eta aginduen bidez. Erabaki hori justifikatzen du ikasturtea hasita datozen ikasleak itunpeko ikastetxeetara bideratzeko aukera izatearekin.
Behin eta berriro esan dugu desorekaren arrazoia ezin dela jarri jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan edo zaurgarriak diren ikasle edo familiengan. Diskriminatzaileak izateaz gain, neurriok hezkuntza publikoa jasotzeko duten eskubidea urratzen dute, eta ez dute eragin esanguratsurik desoreka handia den errealitateetan. Kontrara, proportzioan gehiago diren heinean, Euskal Herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiagoa du desorekan eta, ondorioz, orekan. Bestalde, ikasturtea hasita eskolatzen diren ikasleen banaketak, jada eskolatuak direnekiko askoz ere gutxiago diren heinean, oso eragin eskasa du desoreka handiak diren kasuetan.
Ordizian hain larria den desorekak apenas egingo duen onera, edota betikotu egingo da eta ikasleak Eskola Publikotik itunpekora desbideratzeko atea irekiko da parez pare
Hezkuntza Sailak proposatutako zaurgarritasun indizearen araberako ikastetxekako ikasleen banaketak desoreka bideratzen lagun dezakeela uste dugu. Baina, horretarako, bermatu behar da: 1) Eskola Publikoa lehenetsi, babestu eta bermatuko duen planifikazioa ongi egitea; 2) zaurgarritasun indizeak toki bakoitzean jatorriaren, indize sozioekonomikoaren, hizkuntza ezagutzaren eta beste zaurgarritasun adierazleen baitako errealitatea modu egokian jasotzea; 3) ikasle zaurgarri eta ez zaurgarriak ikastetxeen artean modu egoki eta proportzionalean banatzea, herriko ikastetxeak Ordiziako errealitatearen isla izan daitezen; eta 4) orekara iristeko epe onargarriak ezartzea.
Bestelako tokian tokiko zehaztapenik gabe, Hezkuntza Sailaren proposamenak ez ditu zerrendatutako alderdiak ziurtatzen. Eta gainera, Eskola Publikoa lehenetsi, babestu eta bermatu gabe planifikazioa eskarira lotzen du, eta ofizioz eta nahi duenean itunduriko ikaspostuak, gelak eta ikas-lerroak handitzeko aukera irekitzen du. Hori horrela gertatzen bada, ondorioa garbia da: Ordizian hain larria den desorekak apenas egingo duen onera, edota betikotu egingo da eta ikasleak Eskola Publikotik itunpekora desbideratzeko atea irekiko da parez pare.
Hezkuntza Sailari Ordiziako egoera bideratuko duten erantzunak eta neurri zehatzak eskatzen dizkiogu. Ez dugu onartuko egoera bere horretan utzi edo okertuko duten neurririk. Ordizian, Eskola Publikoaren oraina eta etorkizuna daude jokoan, baita Ordiziako elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea ere.
Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren komunitatea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Azkar! Azkar! Adi egon, ez daukat astirik eta! Ohartarazi behar zaitut, denborak agian ez baitit uzt… Pipipipi-pipipipi! Pipipipi-pipipipi!
Goiz jaiki, eguneratuta egoteko irratia piztu, dutxa hartu, ilea lehortu, orraztu, bizarra kendu edota makillatu, kafea egiten den... [+]
Ez da berria, lehen ere ezagutu ditugu horrelako egoerak. Bere garaian hartutako erabakiaren emaitzak okertzen doazenean, zuzentzeko nahiko denbora balego bezala, eta ez da egia.
Hitz politak, itxaropentsuak, euskal gizartean pozik entzuten direnak, bai, baina badut beldurra,... [+]
Azpeitiko Udalak etxebizitza hutsei ezarritako kanona abian jarri berritan –eta Euskadi osora zabal daitekeela jakinda–, etxebizitza horien jabeen eta eskuineko alderdien kexak irakurtzen eta entzuten hasiko gara. Jabetzarako Eskubidearen inguruko mantra horiek... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Martxoaren 13an lau urte bete dira Fran Balda arbizuarra istripuz hil zela. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde egin zuen lan, eta haren bost kidek idatzi diote gutun hau.
Zinez txalogarria, eskolako irakasle talde jakin baten borondatez, eta zenbait gurasoren inplikazioz, A ereduko ikastetxe estigmatizatu bat D ereduko eskola bilakatzeko abian jarri duten prozesua Gasteizko Judimendi auzoan. Honela, posible egiten ari dira Araba, Bizkaia eta... [+]
2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina hasi baino bi aste lehenago, Hezkuntza Saileko arduradunengana jo genuen, itunpeko eskoletako gelen ituntze maila ez delako egokitzen demografiaren jaitsierara eta indarrean dagoen lege esparrura.
Hiri gehienetan arazo orokorra... [+]
Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar... [+]
Azterketak amaitzearekin batera ohikoak bihurtu dira ikasleriaren artean, urteko garai honetan merkeak diren hegaldiak hartu eta adiskideekin bidaiatzea. Horrela egin dut neuk ere eta Londresera joateko aukera izan dut. Ildo beretik, bertan “euskaldun” pilarekin egin... [+]
Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]
“Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.
Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]
Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.
11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]
MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]
Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]