Azkenaldian nabarmen areagotu dira kutsu arrazistadun mezuak San Inazio auzoko Facebook taldean. Kalean lapurretak ugaritu ei direla-eta, auzokideen erantzuna bazterketa eta miseria egoeran daudenak kriminalizatzea, polizia gehiago eskatzea eta auzoko segurtasun brigadak antolatzea izan da. Arazoaren erroa fokutik kenduta, gorroto diskurtso atzerakoiek zabal-zabalik uzten diote atea jendartearen faxistizazioari.
Auzoko argazki zaharren artean nahasten dira kristal hautsia duten kotxeenak San Inazioko Facebook taldean. Galdutako txakur eta txorien irudien artean atzo indarrez egindako azken lapurretaren inguruko xehetasunak. Jendearen haserre eta neke mezuen artean aise hasi dira iruzkin arrazistak zabaltzen eta egoera iraultzeko zerbait egiteko beharra aldarrikatu dute hainbat erabiltzailek.
Arin-arin hasi dira hedatzen kale gorrian bizi diren pertsona arrazializatuak kriminalizatzen dituzten gorroto iruzkinak. Pertsona hauen miseria-egoeraren jatorria zein den ahaztu eta lapurretara zerk bultzatzen dituen alde batera utzita, kasik euren bazterketa justifikatzen amaitu dute eskatutako konponbideekin.
Batzuk poliziaren jarrera “pasiboa” kritikatzen dute, eta haren presentzia handitzea nahiko lukete gure kaleetan. Hain justu, miseriaren eta bazterketa sozialaren eragile den sistema kapitalista eusteko estatuak duen indar armatuaren presentzia areagotzea ari dira eskatzen. Beste batzuk, etsita, nahiago dute justizia euren gain hartu eta beren kabuz bete indar errepresiboen papera auzokide-patruilen bidez. Bat-batean, auzoko kontuak komentatzeko sortutako talde bat ideia faxisten hazitegi bihurtzeko bidean da, mezu erreakzionarioen bidez jendarteak zeharo baztertu dituen horiek kriminalizatu eta arazo ororen erantzule egiten dituzten bitartean.
Ez da erraza egoera bideratzea, inori ez baitzaio gustatzen lapurtua izatea; baina, zinez ez zait horren zaila iruditzen begirada apur bat altxatu eta perspektiba handitzea, arazoaren erroa urrunago dagoela jabetu eta auzokideon erantzuna horren arabera antolatzeko. Lapurretak egiten dituztenen jatorria azpimarratzen duten mezu arrazista eta klasisten atzean hainbat ideia arriskutsu ezkutatzen dira, hala nola migratzaileak direla “bertakoen” bizi-baldintzak okertzearen errudunak, horien aurka auzokideak antolatzeko beharra dagoela edo poliziaren presentziak handiagoa beharko lukeela. Jatorri desberdinetako auzokide langileon arteko etsaitasuna piztu eta fokua benetan eragiten gaituzten arazoetatik urruntzeaz gain —etxebizitza eskubidea kasu—, sinesmen horiek auzoan tentsioa, beldurra eta indarkeria handitu baino ez dute egiten.
Izan ere, ezin dugu ahaztu kale eta miseria gorrian biziagatik ere pertsona horiek guztiak gure auzokideak direla. Ezin dugu ahaztu egoera horretara bultzatu dituen gizarte-antolaketa eredua gu geu zapaltzen eta jazartzen gaituen eta berez biolentoa den sistema kapitalista bera dela. Ezin dugu ahaztu potentzia inperialistak direla kanpoan gerra eta pobrezia eragin eta egoera horretatik ihesean datozen migratzaileei ateak ixten dizkietenak. Ezin ditugu ahaztu Bilboko udaltzainen eguneroko praktika xenofoboak eta manteroen aurka uda guztietan indartzen duten oldarraldia. Ezin dugu ahaztu klase elkartasunik gabeko auzo antolakuntzak langileon arteko etsaitasuna eta gure interesen kontrako borroka baino ez dituela sustatzen.
Langileon pobretzea gero eta handiagoa eta nabarmenagoa den garaiotan, azkar hedatzen hasi dira ideia atzerakoi eta faxistak gure inguruan. Krisi eta miseria egoerak ideologia faxistaren hazitegi bikaina dira. Ikusi ditugu pertsona migratuen aurkako manifestazioak Donostian eta Pasaian, Soilik herriak salba dezake herria aldarria desitxuratu eta horren pean Iruñean egindako elkarretaratze faxista, pintaketa xenofobo faxistak Hondarribian, eta sare sozialetan oldarraldi erreakzionarioa nonahi.
Donostian argi geratu zen instituzioen jarrera Kaleko Afari Solidarioak debekatu eta segurtasunaren izenean manifestazioan atera zirenak babestu zituztenean. EHUk behartuta kanporatu zuen mezu matxista eta faxistak zabaltzen zituen irakaslea, eta zer esanik ez etxebizitzaren arazoa jasanezina bihurtu den honetan han eta hemen hedatzen hasi diren desokupazio enpresen ideologiaren eta jarduteko moduaren inguruan.
Faxismoaren adierazpen horien guztien atzean eskuineko alderdiak, eskuin muturra eta talde faxistak daude, krisi egoerak probesten dituztenak segurtasunaren izenean mezu arrazista eta xenofoboak hedatzeko. Gure kale eta auzoetan faxismoari zirrikitu guztiak ixteko ezinbestekoa da langileon arteko elkartasuna eta antolakuntza sustatzea, gorroto mezuei aurre egin eta bazterkeriaren eta arrazakeriaren kontrako jarrera irmoa defendatzea.
Hala, San Inazioko zenbait auzokide hasi dira ideia horiek zabaltzeko lanean, Ez erori arrazakeriaren zuloan lelopean. “Ideia antifaxistak, arrazakeriaren kontrakoak eta integrazioaren aldekoak” sustatzearen alde agertu dira, eta egoerari irtenbidea emateko arreta arazoaren erroan jartzearen garrantzia azpimarratu dute, hots, “pobrezian eta hura sortzen duen sisteman”. Hala, etorkinen kolektiboa etsaitzat hartu beharrean, auzoko dinamiketan integratu, konfiantzazko harremanak sortu eta elkarrekin “langile guztion bizi baldintzak hobetzeko” borrokatzeko prestutasuna agertu dute, “ez bakarrik hemen jaio garenonak, baizik eta pobreziarengandik ihesi datozen etorkinenak ere bai”.
Antzeko dinamika abiarazi zuten iragan uztailean Algortako bizilagunek: Ez Irentsi Arrazakeriaren Amua plataforma aurkeztu zuten jarrera arrazisten aurka antolatzeko. Aurkezpenean aldarrikatu zuten “sektore zapalduekiko diskriminaziorik egon ez dadin eta guztiok bizi-baldintza berdinak izan ditzagun” borrokatuko zirela eta argi utzi zuten “langileok pairatzen ditugun eta pertsona migratu eta arrazializatuek are modu bortitzagoan bizi dituzten miseriazko bizi-baldintzak borrokatzea” beste irtenbiderik ez dagoela.
Laburbilduz, auzoan arrazakeriari eta faxismoari ate guztiak ixteko ezinbestekoa da auzokideon antolakuntza formak gorroto ideietatik aldentzea eta guztion bizi-baldintzak hobetzeko elkarlana sustatzea.
Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.
Arrigorriagako Udalak elkarretaratzea egin du igandean udaletxeko plazan, ostiralean txinatar jatorriko merkatari batek bere dendan jasandako erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea antolatu du... [+]
Badatoz urteko asterik magikoenak, edo hobe esanda, kontsumistenak. Askori gustatuko litzaieke opariak Olentzeroren zakutik jasotzea, zerutik erorita bezala, baina errealitatea da Gabonetan gure zakutxoak direla gehien sufritzen dutenak, poltsikoak hustuta hasten dugula urtea... [+]
Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]
Kasua auzitegietara eramateko aukera aztertzen ari dira.
Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]
2018ko maiatzean Getxoko Ertzaintzaren komisarian jipoitu zuten Silvia emakume migratu eta arrazializatua, bidegabeki atxilotu ostean. Epaiketan zigor arinak ezarri zizkioten ertzain bati, baina emakumea ere zigortu zuten desobedientzia leporatuta. Silviak Espainiako Epaitegi... [+]
Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]
Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]
Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.
Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Bestalde, Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek auzotik irten eta Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan... [+]
Lo Que no te Cuentan de Vitoria eta Lo Que no te Cuentan de Pamplona Telegram taldeak sortu ditu Lo Que no te Cuentan de Donosti taldearen administratzaileetako batek berriki. Gasteizko kontuak ez du jarduerarik momentuz, baina Iruñekoak 500 jarraitzailetik gora ditu eta... [+]
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.