Zinemaldiko egutegia egin nuenean, aukeratu nuen lehen filma Parthenope izan zen. Zeren inguruan zen jakin gabe, sinopsia bera irakurri aurretik, banekien ikusi behar nuela, Paolo Sorrentino zuzendariarena zelako. Nire pisukide eta lagunak beti esaten dit “emozionatu” hutsa naizela zuzendari horrekin, eta arrazoi du, baina ikusi ditudan bere film guztiak maisulanak iruditzen zaizkit. Youth (Gaztetasuna) eta La grande bellezza (Edertasun gorena), batez ere, beste maila bateko lanak dira, nire iritziz. Parthenope ere zuzendariaren estiloari guztiz atxikitako pelikula da; besteak gustatu bazaizkizu, hau ere gustatuko zaizu.
Filmean Parthenoperen (Celeste Dalla Porta) bizitza erakusten da, 1950ean jaio eta zahar egiten den arte. Hala ere, zuzendariaren lanetan ohikoa denez, istorioak garrantzia izan beharrean, gai orokorragoen gaineko disertazio gisa planteatu dut nik filma. Batik bat, edertasunaren inguruan mintzatzen da Parthenope: gizakiaren edertasunaren inguruan, protagonista inoizko emakumerik ederrena balitz bezala aurkezten zaigulako, eta horrek bere inguruan eragiten duen efektua aztertzen da. Bestalde, gainerako gaien artean daude Napoli (Parthenope izena zuena bere sorreran), erlijioa, aberastasuna eta pobrezia, gizakiaren jokabidea eta beste asko.
Lanaren inguruan bi ideia azpimarratu nahi nituzke. Lehenik, batzuetan iruditzen zait gehiegi zentratzen dela emakumearen sexualizazioan, eta deseroso izatera iristen da. Oso zaila da begirada maskulinoaren analisi zuzena eta zintzoa egitea, eta duda handiak ditut, zenbaitetan marra pasatzen ez ote duen: analisitik, fetitxismora. Bigarren, Sorrentinoren ahalmen izugarria aipatu nahi nuke ikusleari absolutuetan sinetsarazteko: Parthenope munduko emakumerik ederrena dela erakusteko erabiltzen dituen trikimailu zinematografikoek ez dute adierazten ederra dela soilik, ez, munduko ederrena dela sinetsarazten dute, nahiz eta hori errealitatean ez den existitzen, noski. Absolutuaren aipamena oso ohikoa izan ohi da zuzendariaren filmetan, adibidez, La grande bellezzako protagonistak jada idatzi du bere bizitzako libururik onena, eta ez da gai inspirazioa bilatzeko ezta aurreko arrakastari dion beldurra gainditzeko ere.
Estetikoki bikaina, eta elkarrizketetan oso aurreratua da pelikula hau. Are gehiago, esango nuke ez naizela gai izan zati handi baten intentzioa ulertzeko, eta, filmetik atera ondoren, oso sentsazio arraroa utzi dit, beti gertatzen zaidan bezala. Artikulutxo bat baino gehiago, filma ikusi duen lagunen batekin elkarrizketa luze bat beharko nuke ideiak ordenatu eta forma emateko: hortxe gonbidapena, norbait animatzen bazait. Baina sentsazio esplikagaitz hori hor agertu da, berriz, eta horregatik da oraingoz ikusi ditudan filmetatik kuttunena.
Neguko hotza: pertsonala eta apala
Arratsaldeko saioan, Kursaalean Hiver à Sokcho (Negua Sokchon) ikusi dugu, zuzendari eta taldearekin batera, horren bereziak diren saio horietako batean. Liburu homonimoaren egokitzapena da, Koya Kamura zuzendariaren lehen luzemetraia. Goizeko filmak sortutako emozio indartsuak pixka bat baretu ondoren, oso ondo etorri zait pelikula hau, lasaiagoa eta xumeagoa.
Soo-Ha (Bella Kim) Sokchon, Hego Korean, bizi den 25 urteko neska gaztea da, aita inoiz ezagutu ez duena, arrantzale frantsesa zelako. Lan bidaia batean ama ezagutu, eta haurdun utzi zuen, jakin gabe. Ondoren, Frantziara bueltatu zen, eta ez zuten harrezkero ezer jakin. Soo-Hak ostatu txiki batean egiten du lan, sukaldari eta zerbitzari lanetan, eta bat-batean turista frantses bat iritsiko da. Inspirazio bila Sokchora iritsi da Yan Kerrand (Roschdy Zem) komikilari eta margolaria, eta Soo-Hak, frantsesa dakienez, hiria erakutsiko dio, negu hotzean. Bien arteko erlazioa ikusi dugu ikusleok, eta garrantzitsua izango da Yan Kerranden eta Soo-Haren aita galduaren arteko paralelismoa.
Esan bezala, pelikula hau ez da handikeriatan ibiltzen den horietakoa. Produkzio txikiagoa da, ohiko bizitza baten margolana erakusten diguna, gorabehera arruntagoekin. Soo-Ha eta bere bikotekidearen arteko harremana, edo amarekin duena, besteak beste. Sinpletasun horretan, ordea, gai serioak lantzen dira: abandonua, bakardadea, presio soziala eta elikadura-nahasteak... Gainera, momentu batzuetan, eskuz egindako animazio oso ederrek laguntzen dute istorioaren alde abstraktuenak kontatzen, musika eder batekin batera.
Ez zait iruditu pelikula izugarria, bai, ordea, polita eta intimoa. Sentsazio hori areagotu egin da, gainera, pelikula osteko hizketaldian, Bella Kim protagonistak eta Koya Kamura zuzendariak proiektuaz hitz egin dutenean, konexio pertsonalagoak azaltzean, hala nola nazionalitate bikoitza izatea edo elikadura-nahasteekin izandako esperientzia.
Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]
Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.
Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]
Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]
Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]
Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.