Bigarren matxinada abian da

  • Kataluniako buruzagi politikoen aurkako epaia atera zen egunean abiatu ginen Kataluniara, zuzenean El Prat aireportu blokeatura. Bidean hurrengo egunetan ikusiko genuenari buruzko galdera mordoa. Astebeteren ostean itzuli gara, bizipenez gainezka, galdera berriak airean, eta sentipen batekin: Kataluniako prozesuaren bigarren matxinada hasi da.

Milaka lagunek Bartzelonako nazioarteko aireportua blokeatu zuten urriaren 14an, Tsunami Democràtic mugimenduak deituta. (Victor Serri / La Directa)

Lider independentisten aurkako epaiarekin hasi zen urriaren 14ko astean ehunka ekimen egin dituzte kataluniarrek. Ezinezkoa da guztiak zerrendatzea: dozenaka errepide mozketa egunero, sabotajeak trenbideetan, El Prat nazioarteko aireportuaren blokeoa, mobilizazioak, eserialdiak, Madrilgo Barajas aireportuaren blokeo saiakera, Askatasunaren Ibilaldiak bost zutabetan Katalunian barrena, faxistekin borrokaldiak, CDRek antolatutako herri olinpiadak, greba orokorra, istilu gogorrak... Dozenaka milaka herritar egunero kalean.

Borroka herritarrak gainezka egin die protagonistei eurei ere bai.

Begietan, aldartean, jarreretan, 2017ko erabakimen eta ilusio galduaren berreskuratzea antzematen da. Oraingoan, baina, irribarre gutxiago eta haserre handiagoarekin.

Jarraikortasunak eta hausturak

Independentismo katalanak Procés osoan garatutako zenbait ezaugarri mantendu ditu aste honetan: kalearen okupazio masiboa, irudimena deialdietan, umorea, baita komunikazio eta antolaketa gaitasun ikusgarria ere, besteak beste. Suak eta polizien oldarraldi ikusgarriek −hedabideek hauspotuta− arreta handia bereganatu dute, baina oinarriak bera izaten jarraitzen du. Zehazkiago, 2017ko erreferendumaren bueltako matxinada eta oraingoa lotzen duen haririk ere bada: komunikatu gabeko mobilizazioen edo errepide mozketen moduko “lege urraketen” normalizatzea, garraiobideen blokeoen garrantzia, herri eta auzoetan modu espontaneoan biderkatzen diren ekimenak, eta desobedientzia ez-biolentoa, besteak beste.

Dani Blanco

Hori guztia modu masiboan. Une batzuetan estatu oso baten kontrol eta errepresio ahalmenari gaina hartu diote manifestariek. Katalunia bezalako lur eremu zabalean gertatu da hori, ez soilik Bartzelonan. XXI. mendeko Europa honetan, ez da, inondik inora, gutxiestekoa. Nahikoa izatetik urrun jarraitzen du, ordea.

Baina bada eraldaketarik, etenik, hausturarik ere. Garrantzi eta sakontasun handikoak gainera, Kataluniako prozesuaren egiturazko ezaugarriei eragiten diete. Aste honetan eztanda egin badute ere, gehienak bi urteotan joan dira egosten.

Agur irribarreen iraultzari

2017ko urriko matxinadan herritarrak, herri mugimenduak, Kataluniako erakundeak eta alderdi independentistak, oro har eta tentsio uneak ahaztu gabe, eskutik joan ziren. Aste honetan erakundeek eta alderdi politikoek nahasmendua erakutsi dute, kalearekiko urruntzea, baita gaitasun eza ere. Alderdi independentistak ez dira gai izan legebiltzarrean sententziari erantzun komuna adosteko. Urriaren 17ko ez-ohiko osoko bilkuran Quim Torra presidenteak legegintzaldi honetan autodeterminazioa gauzatzeko konpromisoa agertu zuen bat-batean, eta ERC eta CUP ekimenetik aldendu ziren jarraian. Inprobisazio itxura du denak. Generalitateak gobernu burujabearen plantak egiten jarraitzen du; herritar gehienen begietara aldiz errepresioaren beldurrez ari dira politika egiten. “Gobernu autozentsuratua” dutela adierazi du urriaren 18ko greba egunean ANCko presidente Elisenda Paluziek. “Gidaritza politikoa hutsik dago” entzun dugu kalean egunotan hainbat aldiz. Klase politikoak oro har sinesgarritasun krisi sakona bizi du.

Gazteen agerpenak eta jarrerak
ezustean harrapatu
du sektore independentista

“Hau da gure Polizia”, oihukatzen zieten independentista gehienek Esquadra Mossoei 2017ko erreferendumean, estatuko segurtasun indarrekin alderatuz; “Ez duzue merezi daramazuen bandera” da orain entzuten duten mezurik goxoena. Josep Lluís Traperok Espainiako Auzitegi Gorenean esan zuen Carles Puigdemont atxilotzeko prest zeudela mossoak, lilurarekin hautsiz. Egunotan Espainiako Poliziarekin batera eta haien pare ari dira mossoak errepresio lanetan, zinez gogor, gorrotoa elikatuz. Herritarrak haien aurka ere oldartu dira. Bitartean, Generalitateko Barne kontseilari Miquel Butchek Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskarekin bilerak egin ditu elkarlana goraipatuz.

Milioi bat eta erdi lagun batu ziren greba orokorraren egunean Bartzelonan, Askatasunaren Ibilaldiak bertara iritsi ostean. (Dani Blanco)

“Irribarreen iraultza” Espainiako Poliziaren biolentziak birrindu zuen 2017ko urrian. Bai praktikan, baita herritarren iruditerian ere. Etsipena ekarri du horrek luzaroan, baita bide berrien bilatzea ere. Batetik, Poliziarekin enfrentamenduak, bestetik, desobedientziaren bidean sakontzeko ahalegina. Bide desobedienteari dagokionez Tsunami Democràtic mugimendua da erakusgarri nagusia, baina eragile denen ahotan dago jarrera hau aspaldian. Horren adibide da ANCk orain hilabete batzuk abiatutako “kontsumo estrategikoa” kanpaina IBEX 35 enpresetatik “deskonexioa” sustatzeko, edo CDRek egiten duten desobedientziaren aldarri garbia. Espainiako Gobernuaz gain botere ekonomikoak jarri dituzte jomugan denek, eta eskubide sozialekin lotu dute desobedientzia.

Argi mugitu da prozesu independentistaren ardatza aste honetan: ezkerrera, behera eta kalera. Erakundeak eta alderdi politikoak jokoz kanpo geratu dira; herritarrek eta herri mugimenduek lidergo argia eskuratu dute etengabeko mobilizazioetan; desobedientzia eta enfrentamenduak ia egunero izan dira polizia indarrekin.

Hala ere, elkarren aliatu izan behar duten indar politikoen eta herritarren arteko arrakalak zabaldu egin dira.

Istilu masiboak eta gazteak

“Ez gara ari erasoan, geure burua defendatzen baizik”. Aste honetan istilu larriak izan dira, ez Bartzelonan bakarrik, Kataluniako leku ugaritan baizik. “Horrela bakarrik lortuko dugu presoak askatzea eta erreferenduma egitea”. Lehen aldiz, Poliziari aktiboki erantzun diote herritarrek modu orokortuan. “Orain arte bezala ez goazela inora ikusi dugu”, adierazi diote ARGIAri istiluetan parte hartzen ari diren 20 urtetik beherako gazteek.

Poliziaren eta manifestarien artean borrokaldi handiak bizi izan dira egunotan, batez ere Bartzelonan. (Dani Blanco)

Barrikadak altxatu eta suak piztu dituzte gazteek. Nagusiki jarrera defentsiboa izan da, baina Poliziari eraso egitera ere heldu dira. Pertsona oso gazteak nabarmendu dira istiluen lehen lerroetan. Gazteen agerpenak eta jarrerak ezustean harrapatu dute sektore independentista osoa: “Nondik agertu dira?”, entzun dugu ingurune militanteetan ere, herri mugimenduen ohiko sareekin lotura zuzenik ez dutela agerian utziz.

Eztabaidak sortu dituzte istiluek independentismoaren barnean. Barrikadetan ika-mikak izan dira gazteen eta beste herritarren artean. Tentsioa bai, egokitasunaren inguruko elkarrizketak ere bai, momentuz baina, ez dute hausturarik sortu mugimenduaren barnean, ezta gaitasun mobilizatzailearen beherakadarik ere. Gauez istiluak gertatu ostean, hurrengo egunetan dozenaka milaka lagunek kalera ateratzen jarraitu zuten. Askatasunaren Ibilaldiak abian izateak lagundu du horretan, ezbairik gabe.

Astebetean 600 zauritu, 194 atxilotu eta 28 preso gehiago; lau lagunek ikusmena galdu dute pilotakaden ondorioz eta manifestari bat larri dago ospitalean

Kataluniako herritar gehienek −baita Kataluniako hedabide ez espainolistek ere− Poliziari egotzi diote biolentziaren erantzukizuna. Gazteek jauzi bat egin dute, Poliziak ez du txikiagoa egin. Izua zabaldu dute indar errepresiboek Katalunia osoan, eta horrekin batera amorrua ere bai.

Astearen balantzea oso gordina da: 600 herritar zauritu, 194 atxilotu, 28 preso politiko gehiago, lau lagunek galdu dute ikusmena begi batetik Poliziaren pilotakaden ondorioz eta erreportaje hau ixteko orduan, manifestari bat larri dago ospitalean.

Batzuek zuzenean begi onez ikusten dute gazteak egiten ari direna, eta ados ez dauden askoren artean, ulerkortasuna handia da. Urteotako jipoi, umiliazio, espetxeratze, kriminalizazio eta bide ez-biolento hutsen antzutasunaren aurreko erreakzio bezala ikusi dute. “Gazte horiek urteak eman dituzte gurasoekin mobilizatzen batera eta bestera, “Som gent de pau”, “onean dena da posible” eta “nazioarteko komunitateak ez du onartuko Espainiaren jarrera” entzuten, eta hala ere, herritarrak espetxera eraman dituztela ikusirik, beste ondorio batzuetara heldu dira gazteak. Helduek hasiera batean kontrakotasun handiagoa agertu badute ere, egunak aurrera egin ahala, Poliziaren bortizkeria ikusita, babes handiagoa irabazi dute”, azaldu digu herritar batek.

Victor Serri / La Directa

Independentismoaren oinarrien eta politikarien arteko haustura hemen ere geratu da agerian. Torrak “biolentoak isolatzeko” deia egin du lehen egunetan, Gabriel Rufianek “basati” izendatu ditu, Miquel Buchek “egiazko katalanak” larunbatean “biolentoen” eta Poliziaren artean kokatu ziren herritarrak direla adierazi du. Aldiz, tartean jartzeko deia egin zuten kolektiboek −Bombers per la República, Opens Arms edo Sindicats de Manters, besteak beste− “gure gazteen protesta eskubidea defendatzeko eta tentsioa beheratzeko” egin zuten deia, bide batez “zenbait agintari politikok” ekimenaz egin duten bereganatzea deitoratuz. Mares Per la República ekimena sortu dute, Errepublikaren Aldeko Amak, atxilotu berri dituzten gazteen amek osatuta, “gure seme-alabak ez ukitu” aldarriarekin. ANCko presidente Elisenda Paluziek adierazi du “urgentziazkoa” dela atxilotutako gazteen “babeserako sarea” artikulatzea eta defentsa legalerako gastuei aurre egiteko beren Elkartasun Kutxa baliatzea proposatu du. Omnium Culturaleko presidente Marcel Maurik berehala txiokatu du Paluziek adierazitakoa “oso garrantzitsua” dela.

Orain artean desobedientzia ez-biolentoaren eta pazifismoaren artean zorrotz mantendu den mugimendu batean elementu berri garrantzitsua dira aste honetako istiluak. Zer ekarriko duen aurreikusteko goiz da oraindik. Geratzeko heldu den borroka molde baten aurrean gaude, edo salbuespenean geratuko da? Erantzunean zerikusia izango dute bestelako bideen eta eragileen proposamenek erakusten duten eraginkortasunak, Tsunamiaren ildo desobediente ez-biolentoa kasu. Gazteen eta horiek babesten dituztenen nahiez gain, noski.

Tsunami Democràtic, sorpresa faktorea

“Denak aireportura!” mezua jaso dute milaka lagunek sakelako telefonoan. Batzuk trenean, besteak metroan, busetan, autoz, motoz... Bartzelonako El Prat nazioarteko aireportua blokeatzera doaz. 155 hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, AENAri kalte ekonomiko eta buruhauste izugarriak eraginez.

“16:00etan hasten naiz berez lanean, eta gaur 18:30ean iritsi naiz, autopistatik oinez etorri behar izan dut”, esan digu aireportuko terminal barruan bidaiariei kafeak eta ogitartekoak saltzen dizkien langileak.

Milaka lagunek Bartzelonako nazioarteko aireportua blokeatu zuten urriaren 14an, Tsunami Democràtic mugimenduak deituta.

“Epaia ateratzen denean, egiten ari garena utzi eta berehalako mobilizazioa deitzen dugu”, iragarria zuten Tsunami Democràtic izeneko ekimen misteriotsutik. Inork ez zekien nor zegoen atzean eta zein zen plana. Indarrak mugikorreko Telegram aplikazioko kanala sustatzen jarri zituzten eta olatua hortik sortu zuten. Emaitza: ekintza politikora zuzendutako talde honetan 360.000 lagun daude izena emanda. Mundu osoan ez da parekorik. Baina nor dago Tsunami Democràtic ekimenaren atzean? Independentismoaren sekretu gorena da.

“Tsunamiren webgunearen domeinua uztailetik zegoen erregistratuta. Mugikorretarako prestatu duten aplikazioa ez da bi egunetan egiten. Hilabeteak zeramatzaten hau prestatzen. Lan egiteko daukaten maila sofistikatuagatik, eta proposatzen dituzten soluzio teknologikoengatik, ondorio bakarrera hel naiteke: 2017ko urriaren 1a planifikatzeaz arduratu zirenak daude Tsunami Democràticen atzean. Hau aurrez ikusia dugu”. Enric Luján segurtasun digital kontuetan aditua da, Cripticako kidea eta Resistencia Digital liburuaren egileetako bat da. Bere ustez, Espainiako Poliziaren muturren aurrean 7.000 hautesontzi banatu eta gordetzeko operazioaren antz handia du Tsunamiren lan egiteko moduak. “Soluzio teknikoak bertikalki kudeatzen ditu elite tekniko klandestino batek, oso kualifikatuak dira, agian ez dira Espainian ere bizi, eta ondoren sozializatu egiten dituzte gainontzekoon artean”.

Eldiario.es hedabideko Arturo Puente kazetariak Tsunamikoekin mintzatzea lortu du. Bi aireportu kolapsatzen saiatzeko hiru hilabeteko itzalpeko lana artikuluan argitaratu duenez, mugimendu sozialetan eta ezkerreko independentismoan ibilbide ekintzailea egin duten herritar talde baten ekimena da Tsunamia, eta erabateko sekretismoan ari dira lanean. Dozena erdi bat hasi ziren lanean uda hasieran, epaiari eman beharreko erantzuna manifestazio batetik harago joan behar zela uste baitzuten.

Behin Tsunamiaren marka prest zeukatela, gainontzeko alderdi eta eragile subiranistei aurkeztu zieten. Denei adierazi zieten ekintza ez-biolentoen kate bat egingo zutela. Independentziaren aurkako rol aktiboa jokatu zuten enpresen aurka egin behar dela defendatzen dute, baita ekonomiaren edo komunikazioen puntu estrategikoak boikoteatu behar direla ere. Bilera horietan egondako pertsona batek Puente kazetariari adierazi dionez, “alderdiek babesa eman zioten, zegoen gauza bakarra zelako, epaiari eman beharreko erantzuna pentsatzen ari ziren bakarrak zirelako”. Mugimenduaren helburua: Kataluniarentzat autodeterminazioa eta preso politikoen askatasuna. Egingo zituzten ekimenen xehetasun guztiak jakin ez arren, eta abisatuta egon arren ziurrenik gauza batzuk ez zitzaizkiela gustatuko, sare sozialetan bultzada eman zioten irailaren 2an Carles Puigdemont, Oriol Junqueras, Anna Gabriel, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixartek, batzuk aipatzearren.

Dani Blanco

Urriaren 14an epaia atera zen egunean, milaka lagunek El Prat aireportua blokeatuta zeukatela, Pep Guardiola jarri zuten BBCn hizketan mugimenduaren izenean. Ondoren, ekimena amaitutzat eman zutenean, infiltrazioak ekiditeko pentsatu duten aplikazioa jarri zuten jendearen eskura, hurrengo ekimenak horren bidez egingo dituztela jakinaraziz. Konfiantza sareen bidez zabaltzen ari diren QR kodeen bidez aktibatzen da aplikazioa eta ekintzaileentzat dago pentsatua.

Zenbat denboraz eutsiko diote mobilizazio maila honi herritarrek?
Zer bilakaera izango du moduetan?

Aplikazioaren diseinua maisulana dela uste du aurrez aipatu dugun segurtasun digitalean aditu Enric Lujánek. “Errepideen mozketak eta azpiegiturak gerarazteko abisuak soilik bertan daudenei helduko zaizkie, geolokalizazio datuei esker. Gainontzeko erabiltzaileei ez zaie ezer helduko”. Aplikazioaren arduradunek argi eta garbi jakingo dute zenbat jende dabilen non. Poliziak aplikazioa jaitsiz infiltratzen saiatzea alferrikakoa izango da, soilik informazioaren parte txiki batera izango baitute sarbidea.

Bartzelonan gauetan izan diren istiluek askoz ere lerroburu gehiago eragin badituzte ere, arduradun politiko espainiarrak Tsunami Democràtic gerarazten saiatzen ari dira. Horren erakusle dira Marlaska barne ministroak agindu izana mugimenduaren atzean nor dauden ikertzea, baita epaitegiek beren webguneak blokeatzea ere. Internet ezin da zentsuratu ordea, eta dagoeneko erreplikak atera dira, pedrosanchez.cat adibidez.

“Tsunami aplikazioa milaka lagunek instalatzen dutenean, elite politiko eta teknologiko txiki batek, gaitasun operatiboa izango du herrialdea gerarazteko, deialdi deszentralizatuak eginez denbora errealean, erabateko opakutasunetik”, borobildu du Lujanek.

Espainiak ez du barkatzen

Urriaren 1eko erreferenduma antolatu zutenen aurkako epaiak izugarrizko lurrikara ekarri badu ere, epaiketa gehiago daude zerumugan: azaro amaieran Carme Forcadell buru zen Parlamentuko mahaiaren aurkakoa, desobedientzia egotzita; 2020ko urtarriletik aurrera Trapero eta Esquadra Mossoen arduradun ohiak epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean matxinadagatik; ondoren, Quim Torra presidentearen txanda izango da Generalitateko leihoan jarritako lazo horiagatik desobedientzia leporatuta; Oriol Junquerasen bigarrena zen Josep Maria Jovéri urriaren 1aren antolaketa logistikoa egozten diote; 30 goi kargu, kazetari eta enpresari ere epaituko dituzte Bartzelonako instrukzio epaitegietan erreferenduma antolatzeaz akusatuta; eta Independentziaren Aldeko Udalerriak elkarteko 16 alkatek ere epailearen aurretik pasa beharko dute erreferenduma prestatzen laguntzea egotzita.

(Argazkia Victor Serri / La Directa)

Espainiak ez du barkatu 2017ko matxinada, eta ez du barkatuko urriaren 14an hasitakoa ere. Jada jipoitu, atxilotu eta espetxeratutako ehunka herritarrez gain, epe laburrean sarekadak, mugimenduen kriminalizazioak eta legez kanporatzeak ezin dira baztertu. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluarekin Kataluniako autonomia bertan behera uztea, 162.a edo Segurtasun Nazionalerako legea aktibatzea baztertu gabe. Horretan ere trebatzen ari dira, ordea, kataluniarrak: Tsunamiak ez du aurpegi fisiko ikusgarririk, eta kalean uneoro egonagatik ere CDRek aspaldian ez dute “aurpegirik”.

Aurkakotasunetik helburu partekatuetara

Zenbat denboraz eutsiko diote mobilizazio maila honi herritarrek? Jarraitzekotan, zer bilakaera izango du moduetan? Orain arteko jarrerei eutsiko diete alderdi independentistek eta Kataluniako erakundeek? Noraino sakonduko du estatuak errepresioan eta zer eragin izango du horrek? Epe laburreko galderak dira horiek, epe ertain eta luzerako agertokiak baldintzatuko dituzte erantzunek.

Epe ertainari eta luzeari heltzea ezinbestekoa zaio independentismoari. Erreferendumaren arduradun politiko eta sozial nagusien aurkako epaiak piztu du azken matxinada, eta azken egunetan errepresioaren aurkako aldarriek pisua irabazi dute. Baina aurkakotasunetik proposamenak egitera igarotzeko beharra ikusten dute askok, matxinada ez dadin bere horretan ito.Gutxieneko aldarrikapenak jasoko lituzkeen programa bat adostea izan daiteke aukeretako bat. CUPek hiru puntu aurkeztu ditu, ekintza batasuna helburu: errepresioaren amaiera eta amnistia osoa; politika sozial eta ekonomikoak garatzeko askatasuna estatuaren inposaketarik gabe; eta autodeterminazio eskubidea. Mobilizazioa iraunkorra eta masiboa bai, baina jendearentzat luzarora sostengarria egitea ere gakoa izango da. Desobedientziaren arloan, Tsunamiak dio “hilabete eta urteetako” ikuspegiarekin ari dela lanean. Bada proposamenik, beraz.

Victor Serri / La Directa

Epe luzerako estrategia eta helburu partekatuak lortzeak are zailagoa ematen du, baina nahitaezkoa izango da erresistentziatik harago joan nahi badute. Korapilo asko ditu independentismoak askatzeke zentzu horretan. Ahaztu gabe aurrean batasun nazionala eta autoritarismoa zainetan daramatzan Espainiako Estatua duela, Euskal Herrian ikusi dugu noraino hel daitekeen. Eta ez gaitezen engaina: estatua ahul egon daiteke argudioetan, baina indartsu dago oso gaitasun errepresiboan, eta horrekin nahikoa du. Izugarria da azken urteotan independentismo katalanak egindakoa, baina askoz gehiago egin beharko du bere askatasunak irabazteko. Eta herritar gehiagoren parte hartzearekin. Urriaren 14an hasitako astean independentistek haien burua indartu dute nabarmen, baina ziurrenik ez dute jende berri askorik erakarri kausara.

Ziklo berria zabaldu dute katalanek. Zer ezaugarri zehatz izango duen aurreikusteko goiz da, baina atzera bueltarik gabeko urrats praktiko eta emozionalak egin dituzte berriz ere herritar askok. Borroka lezio gogoangarria eskaintzen ari da Katalunia bigarren matxinada honetan. Edozer gauza gerta liteke datozen asteetan, baina ikusiak ikusi, baliteke onena iristear egotea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


Jesús Rodríguez. Tsunami Democràtic auzia
“Zergatik erori da orain auzi osoa, akatsa egin eta hiru urtera?”

Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


‘La Directa’ babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: “Kazetaritza ez da terrorismoa”

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere “terrorismoagatik” inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


Eguneraketa berriak daude