Bidezko Merkataritzaren XIII. Astea, azaroaren 15era arte Bilbon

  • Bidezko Merkataritzaren Bilboko XIII. Astea egingo da azaroaren 12tik 15era, Bizkaiko hiriburuko Areatzako kaian. Ohi denez, Bilboko Udalak antolatu du ekimena, nazioarteko elkartasunaren eta garapen-lankidetzaren alorrean lanean diharduten hainbat GKEren laguntzaz.


2015eko azaroaren 11n - 22:48
Iazko edizioko irudi bat (Arg.: Iñigo Azkona).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bidezko merkataritza “ohiko merkataritzaren alternatiba bat da, Hegoaldeko produktuak Iparraldeko merkatuetara eraman nahi dituena, pertsonak eta ingurumena errespetatuz, bitartekariak kenduz eta trukerako bidezko harremanak sustatuz”, diote sustatzaileek.

Arropa Garbia: ehungintza sektoreko esplotazio larriaren aurka

Aurten berebiziko garrantzia eman diote ehungintza sektorearen egoerari. Hala, Arropa Garbia kanpaina sustatzeko baliatuko dute Bidezko Merkataritzaren Astea, besteak beste. “Enpresen deslokalizazioak eta Hegoan tailerrak azpikontratatzeak lan-merkatu prekarioa ekarri du, eta merkatu horretan enpresek, askotan, langileekiko abusuak egiten dituzte”, irakur daiteke ekimenaren webgunean.

Janzten dugun arropa gehiena egiten dutenen soslaia egunero 12-14 orduz lan egiten duen emakume asiar gazte batena da. Lan jardunaldi amaigabeak jasaten dituzte, baldintza txar eta batzuetan arriskutsuetan, oinarrizko beharrizanak asetzeko ere aski ez diren miseriazko soldaten truke. Sektorean ematen diren eskubide urraketen artean, umeei lan eginaraztea da bat.

Ekonomia solidarioaren arloan lan egiten duen REAS elkartearen esanetan, “sektoreak 34.000 milioi euro mugitzen ditu egunero Europan”.

Lau egunetako egitarau osoa hemen.  


Eguneraketa berriak daude