Ikastetaz abokatua, aktibista nekaezina da Tarana Karim. Azerbaijanen jaio zen eta Hernialden bizi da duela urte batzuetatik. Inor Ez Da Ilegala proiektuaren baitan, emakume migratzaileek Euskal Herrian jasaten dituzten biolentziez mintzatu zaigu. Bideoaz gain, solasaldia podcast formatuan ere entzun dezakezue lotura honetan.
“Euskal Herrian immigrante izateak, tamalez, alde txar gehiago ditu onak baino. Hasteko, kanpotik etortzen garen guztioi ez zaigu etiketa hori jartzen, Europar Batasunetik datozenak atzerritarrak baitira, baina hortik kanpo eta klase altuko ez garenoi immigrante etiketa jartzen zaigu”, abiatu du solasaldia Karimek. “Zapalkuntza eta diskriminazioa arlo askotan jasotzen dugu, gure sustraiengatik, erlijioagatik, azalaren koloreagatik…”.
Nabarmendu du kalean arrazakeria poliziala handia ikusten ari garela pandemia garaian, bereziki arabiar jatorria duten edo beltzak diren gizonengan, baina emakumeek bestelako espazioetan sufritzen dutela arrazakeria hori. Adibidez, migratzaileak atxikitzeko CIES zentroetan: “Immigranteentzako kartzelak dira, eta gainera instituzioek justifikatzen dituzte”.
“Ni musulmana naiz eta espazio publikoetan jasotzen dugun islamofobia handia da, kalean islatzen da hedabideetan, sare sozialetan, interneteko bideoetan… elikatutako islamofobia”. Berdin lan munduan: ateak erraz ixten dizkietela dio, tituluak titulu zalantzan jartzen dela euren gaitasuna, eta zapia beti dela gatazka iturri: “Lan munduan kentzeko eskatzen zaigu edo enplegua eskuratzeko zailtasun bihurtzen da zapia”.
Zaintza munduan aritzen diren emakumeen esplotazioa gogoratu nahi izan du Karimek: “Gurean zaintza munduan ari direnen %80-90 Latinoamerikako emakumeak dira eta dituzten lan eskubideak urriak dira: inongo legetan sartzen ez den ereduan dabiltza (aste osoan egun guztian lan egin eta igandean ordu pare bat baino ez libre) eta 1.000 eurora iristen ez den soldatagatik. Emakume asko eta asko ari dira zaintza lanak euren bizkar hartzen eta gizarteak beste aldera begiratzen du, emakume hauek etxeko zaintza egiten dutela atera zaitezkeelako lan egitera, horretan oinarritzen da bertako ekonomia”. Langile hauei baldintza duinetan eta gutxieneko eskubideekin aritzea bermatu behar zaiela aldarrikatu du eta gogoratu du etxeko langileak ari direla dagoeneko borrokan, egoera hobetzeko helburuz.
"Prostituzioari lana deitzen diote, baina esklabotza da"
Prostituzio eta sexu salerosketa munduan dabilen emakumeen %97 inguru kanpotarrak direla nabarmendu du ondoren, eta kolektibo esklabizatua dela. “Lana deitzen dioten arren, esklabotza delako. Negozio hauek sortzen duten dirua asko da eta horregatik politikariei ez zaie interesatzen debekatzea eta kontsumitzaileei isunak jartzea. Kontsumitzaileak direlako arduradun nagusiak, gure gizarte kapitalista eta patriarkal honetan gizonezko askok uste baitu diruarekin edozer gauza egin dezakeela, eta arlo honetan zehazki, emakumearen gorputzarekin edozer egin dezakeela, ordainduz gero. Lan sexuala dela defendatzen du gizartearen zati batek, baina ez da lan bat, egitura honi interesatzen zaiolako deitzen zaio lana, baina bertan ari den edozein pertsonarekin hitz eginez gero konturatzen zara gehiago duela esklabotzatik”.
Migratzaileek sufritzen duten beste zapalketa instituzional bat legea bera dela ohartarazi du Tarana Karimek: migrazio politika. “Hiru urtez ilegal aritu behar duzu hemen, paperik gabe lanean… Nola bizi daiteke pertsona bat dokumentaziorik gabe? Duintasunez bizitzeko eskubidea kentzen diote pertsonari: etxebizitza bat erosteko eskubidea, lana modu legalean egitekoa, kotizatzekoa…”.
“Pertsonak leku batetik bestera mugitzen garenean mugitzen gara gure eta gure familiaren ekonomia eta egoera hobetzeko, lan egin eta etorkizun hobeagoaren bila. Immigranteon eskubideen alde egiten bada, ekonomiak eta gizarteak berak irabaziko du migrazioarekin”, azpimarratu du. Kolektiboki borrokan jarraituko dutela argi du, “hau guztia aldatzeko eta gure eskubideak babestuta egon daitezen”.