COVID19ak eta ingurumenak duten harreman estua, biodibertsitatearen gainbehera, eta Euskal Herrian dugun ingurumenaren ezagutza. “Etorkizunera begira, zergatik bultzatu beharko genuke ezagutza hori?”. Gako horiek jaso ditu bere hitzaldian Iñaki Sanz-Azkuek, bertako animaliak hobeto ezagutzeko XAPOKETAN karta-jokoaren egileak. Bideoaz gain, podcast formatuan ere entzun dezakezue lotura honetan.
Sanz-Azkuek gogoratu du konfinamendu garaian gogoeta bat orokortu zela: natura hirietara gerturatzen ari zen. “Baina itxialdia bukatu eta beste gai batzuek hartu zuten lehentasuna: batez ere ekonomia eta osasun gaiek”. Hain juxtu, nabarmendu du hizlariak, ingurumena zeharo lotuta dago ekonomia eta osasunarekin: izan ere, biodibertsitatea murrizteak, biodibertsitatearen gainbeherak, pandemia berriak sortzen lagunduko du etorkizunean. “Biodibertsitatea kontuan hartzen ez badugu, gure osasunean eta gure ekonomian guztiz eragingo du. Hala diote ikerketek”. Biodibertsitatea funtsezko gaia den arren, klimari eta klima aldaketari buruz asko hitz egiten dela baina biodibertsitatearekin ez dela hala gertatzen dio Sanz-Azkuek. “Ondorioz, askoz gutxiago ezagutzen da”.
Gure planetan dauden espezieen, ekosistemen eta geneen aldaerek eta aldakortasunek osatzen dute biodibertsitatea, baita euren artean sortzen diren erlazioek ere. Laburrean, fauna, flora eta beren bizitokiak. Gizakiaren ongizaterako funtsezkoak dira biodibertsitateak, zerbitzu ekosistemikoak ematen dituztelako: ura, hondakin toxikoen neutralizazioa, oxigenoa… baina egungo gizarte gero eta hiritartuagoan, ez dugu ikusten elikagaiak nondik datozen ere, erosi egiten ditugu, eta ez ditugu lotzen haien jatorriarekin.
“Biodibertsitatea kontuan hartzen ez badugu, gure osasunean eta ekonomian guztiz eragingo du. Funtsezko gaia den arren, klimari buruz asko hitz egiten da baina biodibertsitateaz oso gutxi”
Denboran atzera egiten badugu, herritarren artean ingurumenaren ezagutza askoz handiagoa zela konturatzen gara. Hainbat adibide eman ditu Iñaki Sanzek, tartean Burbunak eta etsayak proiektua: Hernaniko 60-90 urte arteko hamar pertsonari egindako landare ezagutzari buruzko elkarrizketetan, batez beste inguruko 68 landare belarkara –zuhaitzak eta zuhaixkak kontuan izan gabe– izendatu zituzten, etxetik jasotako ezagutza zutelako. “Gaur egun zenbat izendatzeko gauza izango ginateke?”, galdetu digu Sanz-Azkuek.
Ikerketek diote ingurumenarekiko ezagutza asko jaitsi dela, nagusiki bizimodua aldatu eta hiritartu egin delako, ondorioz naturarekin dugun kontaktua murriztu egin delako –aisialdiarekin lotzen dugu gehienbat– eta belaunaldien arteko transmisio guneak eten egin direlako. “Eta ezagutzen ez duguna ez dugu ikusiko eta pentsatuko dugu ez dela existitzen”.
Euskal Herrian hiriburuetako ikasleek sabanako edo oihan tropikaleko animalia gehiago ezagutzen dituzte bertakoak baino –ekosistemen kasuan berdin, hobeto ezagutzen dute oihan tropikala, bertako basoa baino–. Horra Argian ezagutzera eman genuen ikerketan ateratako ondorio garbia. Sakontzeko, irakurri Ezagutzen al dituzte umeek bertako animalia arruntenak?
Bertako animalien ezagutza txikia bada, landareen kasuan zuzenean itsutasuna dago, hala diote ikerketek. Sakontzeko, irakurri Argian argitaratu genuen ikerketa: Aurrean ditugun arren ez ditugu ikusten.
Ezezagutzaren ondorioak. Horri buelta emateko garaiz gaude
Ezezagutza horrek ondorioak dituela ohartarazi digu Iñaki Sanzek: bertako espezieak ez dira existitzen, horri lotuta bertako ekosistema eta espezieak ez ditugu baloratzen –klima aldaketagatik ezaguna dugun hartz zuria desagertzear dagoela esanda gizarteak haren alde egiteko duen jarrera handiagoa izango da desagertzear dagoen bertako espezie baten aldekoa baino, ez duelako bertakoa ezagutzen–. Bertako espezieen aldeko neurriak hartzeko beharrik ez da ikusten, ez baitira ezagutzen; kanpoko espezieen alde egingo dira diru-inbertsioak.
Ezagutzak, ordea, espezieekiko tolerantzia eta jarrera alda dezake. Ikerketek diote ezagutza handitzeak organismoekiko interesa pizten duela eta hobeto ulertzen direla biodibertsitatea, ingurumen arazoak eta jasangarritasuna bezalako kontzeptuak, eta ondorioz, ingurumena babesteko neurrietan ere eragina duela.
“Sustatu dezagun ezagutza, sustatu dezagun ingurumenaren kultura, jolasaren bidez, naturara gerturatuz, bilaketaren eta behaketaren bidez, esperimentatuz…”
“Sustatu dezagun ezagutza, sustatu dezagun ingurumenaren kultura, jolasaren bidez, naturara gerturatuz, bilaketaren eta behaketaren bidez, esperimentatuz…”, gomendatu digu Iñaki Sanzek. Horretarako, inportanteak dira gai honen inguruko ikerketak, dibulgazioa eta formakuntza, eta jakina, ingurumena lantzeko baliabideak, tartean Argiak ateratako XAPOKETAN karta-jokoa.
Ikastetaz abokatua, aktibista nekaezina da Tarana Karim. Azerbaijanen jaio zen eta Hernialden bizi da duela urte batzuetatik. Inor Ez Da Ilegala proiektuaren baitan, emakume migratzaileek Euskal Herrian jasaten dituzten biolentziez mintzatu zaigu. Bideoaz gain, solasaldia... [+]
Ana Almandoz eta Maite Leturia Abaraska etxebizitza elkarteko kideak dira eta baita Juntura kooperatibako arkitektoak ere. Komunitatean bizi liburuaren harira, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibei buruzko solasaldia eman dute. Etxebizitzaren oinarria ere izan baitaitake... [+]
Jakoba Errekondok Etxeko landareak liburua atera du. Hitzaldi honetan landareak begiratzeko eta hauek tratatzeko modua aldatuko diguten hainbat ideia eman ditu: "Landareengana hurbildu aurretik, pentsatu gu baino askoz azkarragoak direla". Ba al dakizu nondik datozen... [+]
COVIDak elikadura zaintzeko dugun moduan ekarritako aldaketez, agroekologiaren egoeraz eta aurrera begirako erronkez mintzatu dira Mikela Untsain Azkaineko erlezaina, Ane Gorosabel bergarako ortuzaina eta Miren Saiz Getxokoa, Bizilur elkarteko kidea. Hirurak dira agroekologia... [+]
Migratzaileek pandemia garaian bizi dituzten zailtasunez, paperik ez izateak duen eraginaz eta zaurgarrienak jomugan dituen lege eta politikez aritu da Bouba Diouf: “Giza eskubideek denaren gainetik egon beharko lukete”. Bilboko kale saltzaile senegaldarren Mbolo... [+]
Jakoba Errekondok hitzaldi honetan azaldu du ilargiaren zikloa ezberdin ikusten dugula euskaldunok eta kultura latindarrek: euskal kulturan bi fase ditu ilargiaren zikloak, kultura latindarretan lau. Errekondoren aburuz, lehen egutegiak egiteari ekin zioten bertako eliz-gizonak... [+]
Urte gogorra izan da ARGIA egiten dugunontzat ere. Historiaren gurpila azkartzen sentitu dugu eta lurralde ezezagunera garamatzan fenomeno erraldoi hau periodistikoki jorratzen galtza bete lan izan dugu. Hala ere, ezin dugu ahaztu kazetaritza independentea egiteko aukera badugu,... [+]