Irailaren 22an Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean Bi arnas filma eman dute. Bertan izan dira filmaren zuzendari eta gidoilari Jon Mikel Fernandez, produktore Kima Arzuaga eta protagonista Mari Nieves Díaz, Nekane Txapartegi eta Paco Etxeberria, protagonista nagusi Iratxe Sorzabal Estremerako kartzelan dagoela gogoratuz. Filma ikusi aurretik eta ostean egileek egindako solasaldian azaldu dute lan hau egiterakoan izan dituzten hiru erronka artistikoak, jotako ateetan jasotako erantzunak... eta galdera honi nork bere erantzuna eman dio: gaia tortura izanik, zergatik ez du filmak eztabaidarik ez zalapartarik piztu?
Bi arnas-en zuzendari eta gidoilari Jon Mikel Fernandezek azaldu zuen gaia tortura duen film honen berezitasuna dela ama-alaben begiradatik kontatua izatea. "Erronka hirukoitza" izan zutela dio: "Batetik, Iratxe eta Mari Nievesen zauria azalera ekarriko zuen filmak, ordura arte ez baitzioten elkarri torturari buruz hitz egin. Lehen erronka, beraz, mimoz eta pertsonaiak zainduz egitea zen". Bigarren erronka "zinematografikoa" izan zela esan zuen jarraian Fernandezek, hau da, nola egin kontakizuna pantailaren joko-arauetan, eta itsasoa hartu zuela kontakizunerako bidailagun, itsasoak berekin baitu askatasun zentzua, baina baita itorlarriarena eta arnasarena ere. Eta hirugarren erronka, Fernandezen hitzetan: "Ez genuen panfleto bat egin nahi, nahiz eta panfletoen alde nagoen. Tortura beste era batera salatu nahi genuen, egun presente dagoen zauri bat dela azalduz, ez dela iraganeko kontua, egun bere ondorioak pairatzen jarraitzen baitugu".
Kima Arzuagak xume eta argi hitz egin zuen filma ikusi aurretik: "Berriak gara mundu honetan. Inongo diru-laguntza publikorik gabe egin dugu, baina zientoka jendek jarri du dirua eta horrek lagundu digu. Eskerrik asko arlo teknikoan aritu direnei eta eskerrak haien jakintza, bihotza eta esperientzia jarri dituzten protagonistei. Besarkada bat hemen egon ezin den Iratxeri".
Eta filma ikusi ostean, lehen galdera berari egin zion publikoak, ea zein ate jo zituzten baliabide bila eta zer erantzun jaso zituzten. Arzuagak esan zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza batera aurkeztu zuten proiektua baina ez zuen laguntzarik jaso, eta ETBri eskatu zioten bere artxiboko irudiak erabiltzeagatik ez ordaindu behar izatea. "Gure proiektuarekin ez duela bat egiten erantzun zigun". Datozen asteetan negoziatuko dute ea telebista publikoak emango duen film hau, eta zein baldintzatan. Arzuagak umorez bota zuen Fernandezi begira: "Ateak jotakoan ere, ez genuen izenik zinemaren munduan. Honek ezagunago egin zaitu, agian hurrengo baterako...".
Fernandezek azaldu zuen filma egiten hasi zirenean ez zutela modurik Sorzabalek parte hartu zezan. Baina jada azken-azken fasean zirenean, kartzelan egin zuten antzerki parte-hartzaile bat tarteko, Sorzabalek bere bizipenak azaltzen zituen testua eta honen irakurketa grabatua bidali zien (filmaren bukaeran agertzen dena). Hau entzun zuenean, Mari Nievesek gutun bat idaztea erabaki zuen, eta gutun honek zabaltzen du filma.
Horrez gain, filma egiten ari zirela jakin zuenean, Asier Arizeta egileekin jarri zen harremanetan, eta berak aspaldi Sorzabali egin zion elkarrizketaren bideoa pasatu zien. Beraz, Sorzabalek publikoari begietara begira hitz egiten dio filman.
Filmaren estreinaldian ere bilatu zuen Sorzabalek herritarrekin bat egiteko modua: Irunen eman zen egun eta ordu berean ikusi zuen presoak ere estreinakoz filma, espetxeko pantailan.
Tortura sistema oso bat dela nabarmendu zuten hitza hartu zuten denek. "Tortura praktikatzen duena katebegi bat da, poliziatik epaileraino doan sistema oso batena. Beraz, berau bukatzeko maila politikoan hartu behar da erabakia" esan zuen Fernandezek. Publikoari erantzunez, esan zuen hedabideetan ia ez duela espaziorik torturaren gaiak. Eta hausnarketarako galdera hau utzi zuen airean: "Zergatik ez du Bi arnas filmak debaterik sortu? Bi hipotesi datozkit burura. Bata, dagoeneko estali ezina edo ukaezina delako torturaren errealitatea. Eta bigarrena, indiferentzia. Hori larriagoa litzateke".
Paco Etxeberriak hartu zuen hitza solasaldiaren amaieran: "Zure bi hipotesien artean, ukaezina izatearekin geratzen naiz. 20 urteko gazteen artean egindako inkesta batek dio %80ak erantzun zuela baietz, torturatu dela 'eta asko'. La pelota vasca filma eman zenean sekulako zalaparta piztu zen, torturaren gaia aipatzen zen bertan eta izan zen ez erakustea eskatu zuenik. Esan duzuen moduan, tortura ez da iraganeko gai bat, egungo arazoa baizik: torturatuak izan direnen %7ak sekuelak ditu eta artatzea behar dute. Torturatu kopurua ikusita, horrek esan nahi du ehunka pertsona direla egun kalean egonik ere, gizartearen errespetuarekin batera laguntza espezifikoa behar dutenak, eta hori bermatu egin behar da".
Nekane Txapartegiren hitzek itxi zuten solasaldia, eta ordura arte aipatuak izan ziren gaiez bere ikuspegia eman zuen:
"Torturaren alde edo kontra zaude, ez dago erdibiderik. Erantzuten ez duena, badakigu non dagoen.
Torturatuok hildako bizidunak gara. Txikitu gintuzten, gero bakoitzak bere baliabideak ditu osatzeko, baina artatzeaz gain aitortza politikoa behar dugu berriz suntsituak izan ez gaitezen.
Tortura sistematikoa da, bai, eta bere parte da polizia, filman ikusten da bestaldera begiratzen duten medikuak eta epaileak ere hala direla... baina aparato horren parte da jendartea ere, urte askoan jende batek ez duelako ikusi nahi izan, eta tortura kasuak bakan bezala hartu nahi izan dituzte. Torturaren aurka egitea gizarte osoaren eginbeharra da: guk estradizio eskaerak kalean egindako presioarekin gelditu genituen, Suitzako Gobernuari zail egin zitzaiolako torturatzen duen estatu baten konplize bihurtzea. Izan ere, ni 'terrorista' izendatzetik 'torturatu' izendatzera pasa ziren hango hedabideak.
Nik salaketa egitea hartu dut terapia kolektibo bezala. Bost egun horietan torturatzaileek erabaki zuten nire bizitzaz, orain ez diet utzi nahi haiei erabakitzen. Aukera dudan guztietan mikroa hartzen jarraituko dut, gaur hemen bezala, salaketa kolektiboa egiten jarraituko dudalako, denek ez dutelako aukera hori izan. Baina nik ez diet tortura kontatu nahi sinesten nautenei, maite nautenei mina aurreztu nahi baitiet. Nik ozen hitz egin nahi diet, tortura gordetzen saiatzen direnei eta berau legitimatzen dutenei".
Bukatzeko, "ama guztiak" ekarri zituen gogora: "Gure ama duela hilabete hil da. Aske ikusi nau, baina ez du torturaren aitortza politikoa ezagutu. Haien seme-alabak aske ikustea eta torturatuak izan zirela politikoki aitortuta ezagutzea nahi dut Iratxe eta Mari Nievesentzat, eta torturapean autoinkulpatutako preso eta ama denentzat".
Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.
Nazioarteko... [+]
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]
Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi berri dela azaldu du antolakuntzak. Nafarroako torturaren biktimen lehen aitortza ofiziala aurtengo apirilean egin zen, eta oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]
Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak esan du gardentasuna dagoela segurtasun nazionalaren menpe, eta behin eta berriz hala nabarmendu du, Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko auzia ez desklasifikatzeko. Auziaren eta segurtasun nazionalaren arteko lotura, baina,... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera,... [+]
Altsasuko Iortia Kultur Guneko Areto Nagusiaren harmailak jendez beteta zeudela egin da asteazkenean Arg(h)itzen dokumentalaren estreinaldiko emanaldia. Torturak Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna da film hau, eta egun aproposa aukeratu dute lehen aldiz publikoki... [+]
Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]
Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.