“Energia berriztagarriekin prezio egokiak izatea lortuko dela saltzen digute eta ez da egia”

  • Sustrai Erakuntzako kidea den Pablo Lorente elkarrizketatu dute Eguzki irratian, urtarrilaren 11n. Nafarroako Horizonte 2030 plan energetikoa izan dute mintzagai, eta CO2 emisioak gutxitzeko nolako gizarte, ekonomia eta energia eredurantz jo behar litzatekeen azaldu du. Kapitalismo berdeaz ohartarazi du: "Energiaren sektoreko enpresa horiek beren negozio ereduaren trantsizioa egiten ari dira, ez gizartearen trantsizioa". Hemen entzun daiteke elkarrizketa osorik gazteleraz, 41. minututik aurrera.


2023ko urtarrilaren 25ean - 06:32
Azken eguneraketa: 11:50
Sustrai Erakuntzako kide Pablo Lorente. Argazkia: Eneko Arzuaga.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nafarroako Gobernua egiten ari den Horizonte 2030 plan energetikoa nola baloratzen duzue?

Energia Plan berri honen zirriborroak lehengo lepotik du burua. Aurreko planak bezalakoa da, ez du kontsumo altuko eta xahutze handiko egungo eredu hau ordezkatuko duen beste eredurik planifikatzen. Eta ez du asetu beharreko oinarrizko beharrizanen araberako planifikazio demokratiko bat planteatzen. Plan hau iraganeko akatsetan erortzen da: hazkundean pentsatzen jarraitzen du, eta inongo momentutan ez da mintzo kontsumo energetikoa gutxitzeaz.

Plan energetiko bat ez da soilik elektrizitatea eta gasa, askoz gauza gehiago ere bada: ekoizpen eredu bat da, garraio eredu bat, elikadura ekoizpen eredu bat... eta hori guztia ez da ia ukitu ere egiten plan honetan. Egiten duena da, egiten uztea, batez ere energia oligopolioko enpresa handiei.

Zein energia ereduri jarraitzen dio plan honek?

Kapitalismo berdea, Green New Deal hori, kapital handiaren propaganda hutsa da, eta orain oinarritzen da energia berriztagarriek duten “onarpen” olatua aprobetxatzean, batez ere eolikoan eta eguzki-energian

Kapitalismo berdeari jarraitzen dio, Green New Deal horri, zeina kapital handiaren propaganda hutsa den, orain oinarritzen dena energia berriztagarriek duten “onarpen” olatua aprobetxatzean, batez ere eolikoan eta eguzki-energian. Hori dena bideratuta dago energiaren sektorearekin lotutako enpresen negozio-marjina handitzera: enpresa horiek beren negozio ereduaren trantsizioa egiten ari dira, ez gizartearen trantsizioa, zeina oinarrituko litzatekeen energia garbietan eta bioaniztasunaren eta lurraldearen errespetuan. Horizonte 2030 planak ere horixe garatzen du. Horregatik ez du planteatzen toperik ez energiaren ekoizpenean ez kontsumoan. Energia eolikoaren kasuan, ez du ezer planteatzen eta egun dagoeneko aurkeztuta dauden poligono eoliko eta eguzkikoen proiektu eskaera guztiekin, praktikan lortuko litzateke planak 2030erako helburuetan jarri duen jatorri berriztagarriko argindar kopurua, eta oraindik 2023an gaude! Hau doan martxan, planteamendu produktibista eta kontsumistak dagoeneko gaindituak izango dira errealitatean, plana bukatu baino bost urte lehenago.

Garraioaren gaian ez du garraio publikoaren aldeko apustu egiten, ahalik gehien gutxitu daitezen merkantzien eta garraio pribatuaren negutegi efektuko emisioak. Emisio horiek dira kutsaduraren eta aldaketa klimatikoaren erantzule, eta termino horrek batzuetan katapulta moduan balio die beraien helburu desarrollistetarako. Gobernuak jarraitzen du apustu egiten AHTren moduko ereduen alde, zeinak oso kutsakorrak diren ez soilik energia modu masiboan behar dutelako eta energia hori ekoizteak dakartzan emisioengatik, baita ere proiektu hauek ekoizteko prozesu osoak estraktibismoan oinarrituta daudelako: makinaria pisutsua behar da lur pila horiek mugitzeko. Hori guztia abiadura handia lortzeko, dagoeneko badugunean trenbide bat; egin behar den bakarra tren publiko eta sozialaren alde egitea da, dagoeneko eginda dauden azpiegitura gehienak baliatuta.

Plan honek duen beste kontraesan bat da garraioa elektrifikatzearen alde egin beharrean auto elektrikoaren alde egiten duela. Mugikortasunaren arazorako ez dira irtenbide auto elektrikoak

Eta plan honek duen beste kontraesan bat da garraioa elektrifikatzearen alde egin beharrean auto elektrikoaren alde egiten duela. Mugikortasunaren arazorako ez dira irtenbide ez auto elektrikoak, ez norbanakoen eguneroko erabilerarako autoak. Beste bide bat landu behar da, lortu nahi badugu garraioak gutxiago kutsatzea eta inpaktu txikiagoa izatea lurraldean eta bioaniztasunean. Baina hemen autogintzako sektorera lotutako multinazional batzuekiko betebeharrak daude; eta egia den bezala milaka lanpostu sortzen dituztela, baita ere egia da ez dela irtenbidea izango. Ikusten ari gara, eta auto marka handietako munduko CEO handiek ere dagoeneko esaten dute gero eta auto gutxiago ekoiztuko direla eta garestiago. Beraz, autogintzan zentratutako alorbakarreko industria eredu produktibista baten alde egiten jarraitzea, auto hori elektrikoa izan edo ez, akatsa da, ez soilik energia alorrean, eta ez soilik ingurumen alorrean, baita alor ekonomikoan eta lan munduan ere.

Mugikortasuna korapilo handia da...

Ez da apustu egin mugikortasuna murrizteko: horrek eskatzen du zerbitzuak eta administrazioa herritarrengana hurbiltzea, batez ere landa eremuan. Ez da eredu bat sustatzen zeinetan oinarrizkoa den ulertzea garraioak ezinbesteko gauzetarako soilik izan behar duela. Alderantziz, sustatzen jarraitzen diren kontsumo ereduak internet bidezko erosketetan oinarrituta daude, edo merkatal zentro handietan, beraz, mugikortasun garapen handia behar dute salgaien banaketarako edo herritarrak merkatalgune horietara joateko.

Elikaduraren alorrean ez da apustu egiten kilometro 0 eta ekoizpen ekologikoko produktuen alde. Jarraitzen dute apustu egiten makrogranjak eraikitzeko erraztasunak ematearen alde, edo modu alegal edo baita ilegalean egindakoak handitzearen alde egiten da. Ez da apustu egiten lehen sektore bizi baten alde, populazioa herri txikietan mantenduko lukeena.

Kolapsatzen ari den eredu batean indar egiten jarraitzen dute eta horrek ekarriko du poligono handiak jartzea eolikorako eta eguzki energiarako, eta hauek kapital handiari soilik egingo diote mesede

Ez da apustu egiten energia bezalako sektore estrategiko bat birpublifikatzeko edo nazionalizatzeko. Bere ekoizpenak, banaketak eta komertzializazioak esku publikoetan egon behar du, besteak beste, energia merkatuaren gora-beherak saihesteko, horiek eragiten ari baitira enpresa txiki-ertainak sufritzen egotea eta batez ere herritarrei etxebizitzako argindarraren prezioak hainbeste igotzea. Kontuan izan behar da Espainiako Estatuan inoiz baino argindar gehiago sortzen dela energia berriztagarriekin eta inoiz baino garestiago dagoela argindarra. Beti saltzen diguten leloa da energia berriztagarriekin, gai berdearen afera guztiarekin batera, batez ere lortuko zela prezio egokiak izatea herritarrek sarbidea izan zezaten argindarrera. Eta gezurra da: inoiz baino argindar gehiago sortzen da energia berriztagarriekin, inoiz baino garestiago egon da argindarraren prezioa eta bitartean, oligopolio elektrikoko eta hidrokarburoetako sektoreetakoak milaka milioi euroko irabaziak izaten ari dira.

Funtsean, izaera demokratikoko eredu energetiko baten alde egin beharrean, planifikazio demokratiko batekin, izaera publiko eta unibertsala izango lukeena, deszentralizatua eta deskontzentratua... Erabat alderantzizko zerbait egiten da, eta horregatik diogu kolapsatzen ari den eredu batean indar egiten jarraitzea dela eta horrek ekarriko duela poligono handiak jartzea eolikorako eta eguzki energiarako, eta hauek kapital handiari soilik egingo diote mesede: horren froga da poligono horietako askoren atzean daudenak oligopolio energetikoarekin batera inbertsio funtsak direla. Nekazaritzarako emankorrak diren eremu asko atzerriko esku pribatuetan geratzen ari dira eta horrek dakar gero eta subiranotasun txikiagoa dugula energian eta elikaduran. Eta subiranotasun horiek oinarrizkoak dira gizarte garatu bat izateko, gizarte justu, orekatu eta ahalik berdinzaleena izateko. Eta energia plan honek ez du hori bultzatzen eta mesede gutxi egiten dio.

Negutegi efektuko gasen isurketen murrizketan ere ez du aurrera egiten plan honek.

Nafarroan baditugu negutegi efektuko gasen ekoizle oso handi batzuk: Castejongo zentral termikoak, Olaztiko zementera eta Zubiriko Magna enpresa

Bai, Nafarroan baditugu negutegi efektuko gasen ekoizle oso handi batzuk, erregai fosilaz dabilen errepideko garraioaz aparte, eta hauek dira: batetik, Castejongo hiru zentral termikoak, bere garaian modu ilegalean egin zirenak. Plan honek ez ditu aipatu ere egiten eta hidrogenoa ekoizteko konbertituko dituzte ura eta gasa uztartuz eta noski, eredu horrekin lortutako hidrogenoa ez da jatorri berriztagarrikoa. Negutegi efektuko gasen beste ekoizle handi bat Olaztiko zementera da eta Zubiriko Magna enpresa. Enpresa handi horiek laguntza publikoa jasotzen jarraituko dute emisio batzuk gutxitzeko moduak garatu ditzaten. Hauekin, eta abeltzaintza intentsiboa bultzatuta, eta aire libreko mehatzea zabalduz Baztango Erdizen (honek ingurumenean efektu asko eragingo ditu) magnesita ekoizteko, eredu bera sustatzen ari dira. Edo lur mugimendu handia eta zemento asko behar dituzten azpiegiturak eraikiz, AHT bezala.

Horiek guztiak erabat kontraesanean daude esaten dutenarekin, negutegi efektuko gasak gutxiago isurtzearekin, beste eredu batez eta ekonomia zirkularraz hitz egitearekin... Dena da kontu hutsa eta kapitalismo berdeari egiten zaion publizitatea, komunikabideen bidez irentsiarazten ari zaizkiguna. Eta sortzen ari diren iruditegi kolektibo horretan, gainera badirudi dagoen irtenbide bakarra hau dela, eta hori ez da egia. Irtenbide hau betikoentzako irtenbidea da, betikoentzako negozioa izan dadin.

Argindar lineak sustatzen ari dira Nafarroan eta ezinegona sortzen ari dira herritarren artean.

Egin nahi diren poligono eoliko eta eguzkikoen boomarekin, arazoa ez da sortzen soilik hauek ezartzen diren nekazal eremuko lurretan, arazoa da energia hori eraman egin behar dela, ez delako bertako biztanleen onurarako egiten. Azpiegitura horiek egiten dira argindarra Espainiako sare elektrikoan sartzeko, negozio gisa. Halako argindar lineen azpiegiturak ez dira zalantzan jartzen, ezta, adibidez, Nafarroa EAErantz zeharkatuko duen linearen kasuan ere, azkenik bukatu dezan argindarra itsaspeko linearen bidez Frantziara edo Ingalaterrara eramaten. Linea horrek inpaktu handiagoa du egungo tentsio altuko lineek baino.

Azpiegitura horiek oso arriskutsuak dira bioaniztasunarentzako eta gainera lur komunalak okupatzen ditu, abeltzaintzarako baliagarriak direnak. Elikagaiak herritar guztiei bermatu nahi bazaizkie, patata edo zereal ale bat jan egiten da, baina voltio bat ez. Eta eredu horren alde egiten ari dira, zeinak oso izaera espekulatiboa eta negoziozkoa duen. Eta ez da subiranotasuna handitzearen alde egiten, ez elikaduran ez energian.

Aldarrikatzen duzuen ereduak publikoa izan beharko luke...

Lehen sektorean beharrezkoa da proiektu txikiak babestea eta makrogranjak ezabatzea, zeinak negutegi efektuko gasen isurle handiak diren

Eredu publikoa izan beharko luke, baina gizarte eredu bati eta ekonomia eredu bati lotua. Adibidez, lehen sektorean beharrezkoa da proiektu txikiak babestea, lurraldeari lotuta daudenak eta ekoizpen ekologikorantz doazenak, eta beharrezkoa da makrogranjak ezabatzea, zeinak negutegi efektuko gasen isurle handiak diren. Plan honen arabera, Odieta makrogranja biogas ekoizle bihurtzea nahi dute eta beraz, gainera dirulaguntzak lortuko lituzke bere negozio eredua indartzeko.

Garraio publikoaren alde ere egin beharko litzateke, batez ere trenaren alde eginez eta ahalik gehien garraio pribatua ezabatuz, berdin dio auto hori erregai fosilekoa edo elektrikoa izan.

Eta garrantzitsua da hau guztia plangintza batekin egitea, emisioen murriztea batez ere oinarritu dadin kontsumoen murrizketan. Horretarako ez da beharrezkoa bioaniztasuneko eremuetan poligono eoliko gehiago ekoiztea, ezta poligono fotovoltaiko gehiago ere. Berriztagarriak ezarri behar diren kasuetan, apustu egin behar da jada gizakiak bereganatutako espazioak okupatzearen alde eta energia komunitateak sustatzearen alde. Baina ez ezarri nahi dituzten energia komunitate horiek, azkenean “salba ezazu zure burua” bultzatzen dutenak, baizik, modu kolektiboan izan behar du, ulertuz horiek ez daudela negozioa egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia berriztagarriak
2025-03-07 | Aiaraldea
Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak zabaldu ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
Francisco Vaquero
“Euskal Herria makroproiektu berriztagarrien aurka borroka gehien egiten ari den lurraldea da”

Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]


Labrazaren defentsan
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"

Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


2025-02-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?

Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure artean. Esan dezakegu alarmaren eskala osoa kurritu dutela iruzkinek: munduko handiena... [+]


2025-02-04 | Estitxu Eizagirre
"Trantsizio energetikoa eztabaidan"
Mikel Otero eta Aitziber Saroberen arteko mahai-ingurua asteazkenean Donostian

Otsailaren 5ean Donostian "Trantsizio energetikoa eztabaidan: aukerak eta arriskuak" izenburua duen mahai-inguruan parte hartuko dute Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikorako arduradunak eta Aitziber Sarobe natur kontserbazionistak. Ekitaldi hau lau talde... [+]


2025-02-03 | Estitxu Eizagirre
Ezkeltzun ez dutela eolikorik jarriko jakinarazi dio enpresak Zizurkilgo Udalari

Green Capital enpresak ahoz jakinarazi dio Zizurkilgo Udalari Ezkeltzuko proiektua "behin betiko bertan behera uzteko erabakia". Udalak positibotzat jo du erabakia, "zalantza handiak sortzen baitzituen ingurumenari, paisaiari eta ondareari eragingo lizkiokeen... [+]


2025-01-27 | Julene Flamarique
Energia berriztagarriak fosilei gailendu zaizkie EBko energia elektrikoaren sorkuntzan 2024an

Gasetik sortutako elektrizitate ekoizpena bosgarren urtez jaitsi da, eta jatorri fosileko elektrizitate sorkuntza orokorra minimo historikoan dago, Ember erakundearen European Electricity Review txostenaren arabera.


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-17 | Usurbilgo Noaua
Parke eolikorik ez momentuz, Usurbil eta Zizurkil arteko Ezkeltzu mendian

Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala... [+]


2024-12-10 | Leire Ibar
74.000 paneleko zentral fotovoltaiko berri bat eraikitzen hasi dira Nafarroan

GES-Global Energy Services enpresak eguzki bidezko energia sortzeko proiektua hasi du Erriberrin, Euskal Herriko handienetakoa. 50 MWp-ko potentzia izango du, eta 74.000 eguzki panel izango ditu guztira, instalazioak datorren urtea amaitu baino lehen martxan jartzea aurreikusten... [+]


2024-12-05 | Estitxu Eizagirre
Beste bederatzi makro-eoliko eraiki nahi dituzte, oraingoan Gipuzkoako Beizaman eta Bidania-Goiatzen

Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, 229,5 metrokoa bakoitza, guztien artean 45-50 MWko potentzia izango luketenak. Haize-erroten artean sei errepide eraikiko lituzkete eta horrek Errezilgo lurrak ere hartuko lituzke. Beizama eta... [+]


Meaka-Irimo herri plataformaren urtebetea

Batzuetan, mehatxua behar izaten dugu arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta mehatxu horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruan sentitzen dugun indarra. Konturatu orduko, zeure burua ikusten duzu lanean, buru-belarri, galtzeko arriskuan... [+]


Eguneraketa berriak daude