“Beti gainerakoei jartzen diegu oxigeno maskara, eta denbora badago, norberari”

  • Krisi egoeran idatzitako gogoetak eta lagungarri egin zaizkion tresnak jasotzen ditu Iratxe Etxebarria kazetariaren 7.300 miligramo eszitalopram liburuak.


2024ko urriaren 18an - 07:00

Laneko estresak gaixotuta 2022an lan baimena hartu behar izan zuen Iratxe Etxebarria kazetariak (Dima, Bizkaia, 1979). Orduan, EITBko zuzendaritzan ardura postuak zituen. Egun, burn out sindromea pairatzen duten pertsonei coaching edo entrenamendu emozionala eskaintzen die. 7.300 miligramo eszitalopram liburuan, bizitako prozesua eta lagungarri egin zaizkion gauzak partekatu ditu.

Zer moduz zaude?

Ondo nago. Sendatuta nago buruko gaixotasunak ere sendatzen direlako beste gaixotasun batzuk sendatzen diren bezala. Beraz, sendatuta eta oso pozik liburuak izan duen oihartzunarekin eta batez ere, komunikabideek eta gizarteak oro har liburuari egin dioten harrera onarekin. 

Noiz eta nola heldu zinen burn out sindromea zer zen jakitera eta bizitzera?

Hasiera-hasieratik argi eduki nuen laneko estres mailagatik gaixotu nintzela. Gaixoaldian nengoenean laneko osasunean aditua den lagun batek azaldu zidan zer gertatzen zitzaidan. Esan zidan normalean pasio handiko ofizioak ditugun profesionalei gertatzen zaigula. Horren ostean, irakurtzen hasi nintzen eta Belgikako profesionalekin harremanetan jarri nintzen oso garatuta dagoelako burn outaren inguruko zaintza.

Zergatik uste duzu eragiten diola gehiago pasio handiko ofizioak dituen jendeari?

Ez dut horren inguruan horrenbeste gogoetatu, baina agian izan daiteke lan bat gustuko duzunean igual neurriz kanpoko entrega egiten duzulako. Nik dena bizi dut pasioz, baina maila batetik aurrera gaixotasuna da edo izan daiteke. Bizitza honetan denak behar du neurria. Askotan pasioa bi aldeko txanpona izan daiteke: ‘Hainbeste gustatzen zait, hain gustura egiten dut…’. Eta?

Zein da muga? Zerk piztu zuen zure alarma?

Medikuari deitu orduko gauzak sentitzen nituen, baina uste nuen normala zela, ardura postu batean nengoelako. Uste nuen lanpostu batzuek estres hori berezkoa zutela. Abiapuntua izan zen oporrak hartu, erritmoa jaitsi, eta nire burua ez zenean gai erritmoa jaistea. Ez neukan laneko gauzarik konpontzeko, baina nire buruan momentu horretan zentzurik ez zeukaten kezkak eta beldurrak sortzen hasi ziren. Hamabost egun pasa nituen oporretan, eta ez nintzen gai itzultzeko. Burua eta bihotza gaizki sentitzen nituen; horregatik, medikuari deitu nion laguntza eske. Medikuak lo egin eta atseden hartu behar nuela esan, eta gaixo agiria eman zidan.

Azpimarratzen duzu edonork ezin duela egin zuk egindako prozesua.

Zorioneko pertsona naiz, gaixo agiria lortzeko pribilegioa, eskubidea eta aukera izan dudalako. Gaixoaldian oso baldintza onak izan ditut inguruan. Psikoterapia egiteko eta terapeuten laguntza izateko baldintza ekonomikoak ere izan ditut. Azpimarratu nahi dut, uste dudalako asko garela bizitzako momenturen batean buruko gaixotasunak eduki ditugunak, baina ez garelako asko nik egin dudan prozesua edo tratamendua jarraitzeko aukera dutenak.

Terapia egin duzu. Bide publikotik saiatu zinen?

Medikuari profesional baten laguntza behar nuela esan nion, baina esan zidan neure kabuz bilatu beharko nuela, ez nengoelako egoera larri batean eta Osakidetzan oso profesional gutxi daudenez itxaron zerrenda luzea delako. Zer da egoera larrian egotea? Zeure buruaz beste egiten saiatzea. Ni ez naiz inoiz neure buruaz beste egiten saiatu, baina niretzat momentu horretan burua oso egoera larrian zegoen. Antza, muturrera iritsi behar duzu norbaitek urgentziaz ikusi zaitzan sare publikoan. Mendian kolpe bat hartzen badut ospitalean artatuko naute, baina igartzen badut badaukadala zerbait buruan, ez dago zerbitzurik. Horrek asko esan nahi du.

"Antza, muturrera iritsi behar duzu norbaitek urgentziaz ikusi zaitzan sare publikoan"

Prozesuan lagundu dizuten hiru ardatz aipatzen dituzu: irakurri, ibili eta idatzi. Nola heldu zinen horietara?

Musika ere, ibili beti musikarekin. Dena berezkoa izan da. Hasieran asko irakurtzen nuen, nire burua toki batean enfokatzeko modu bakarra zelako. Nire kasuan ez da erraza esatea zer sentitzen dudan. Hortaz, idazten hasi nintzen neure buruarekin hitz egiteko, ulertzeko eta neure buruari aurrez aurre begiratzeko. Goizero idazten nuen. Gero asko ibiltzen hasi nintzen ariketa fisikoak berezko indarra ematen zidalako. Musikarekin ibiltzen nintzen: baxuago nengoenean lasaiago jartzen nuen eta indartsuago nengoenean rock-and-rolla edo zerbait gogorragoa. Oraindik egiten dut.

Hortik heldu da gogoetei liburu forma emateko ideia edo beharra?

Bidaia bat egin nuen Jerusalemera, eta liburuak eraman nituen, irakurtzeko, baita koadernoa ere. Bakarrik joan nintzen eta pila bat idatzi nuen. Pentsatu nuen igual liburu forma izan zezakeela. Hala ere, modu terapeutikoan idatzi nuen hasieran. Neurozientziaren inguruan ikasi dudana azaldu nezakeela pentsatu nuen. Nik neure liburua irakurri izan banu, igual ez nintzateke iritsiko heldu nintzen mugara . Gainera, kazetaria edo komunikatzailea izanik, azaltzeko beharra nuen. Azkenean, hau izan da niri balio izan didan formula.

Nola heldu zenion lanaren itzulerari?

Oso astiro. Gizarte Segurantzak alta eman zidan hemezortzi hilabetera, baina ez nuenez nire burua gai ikusten itzultzeko, eszedentzia eskatu nuen. Ostean, coach emozionala izatea erabaki dut, beste pertsona batzuei niri lagungarria egin zaidan formula erakutsi nahi diedalako. Nik kudeatzen dudan lan bat da, nik neurtzen dut zenbat egin dezakedan eta zenbateraino. Beste modu batean bizi naiz eta nire denbora eta esfortzua beste modu batean kudeatzen ditut.

Prozesuak ere mugak jartzen ikasten lagundu dizu?

Bai. Askotan oraindik estropezu egiten dut eta itzultzen naiz lehengo dinamiketara, baina asko ikasi dut. Ikasketa prozesua oso intentsua eta gogorra izan da. Banekien zulo horretatik aterako nintzela. Horrek ez du esan nahi tuneletik ateratzeko egunero indarrez eta adorez esnatzen nintzenik. Batzuetan ezin nuen, eta geldirik egoten nintzen. Indartsuago nengoenean aldiz, argia ikusten nuen. Oso babestuta sentitu naiz, eusten ninduen jendea neukalako.

"Banekien zulo horretatik aterako nintzela. Horrek ez du esan nahi tuneletik ateratzeko egunero indarrez eta adorez esnatzen nintzenik"

Zer gehiago ikasi duzu?

Lanak gure bizitzan bere lekua izan behar duela. Denak jaio eta hiltzen gara, eta bitartean gure zeregin bakarra bizitzea da. Horretarako nork bere burua zaindu behar du. Hau da, gorputzari atsedena eman, buruari bakea eta bihotzari bizipoza. Askotan hegazkinetan esaten dute zerbait gertatzen bada lehenengo guk jartzeko oxigeno maskara, baina egunerokoan ez dugu horrela funtzionatzen. Beti gainerakoei jartzen diegu oxigeno maskara, eta denbora badago, norberari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Buru osasuna
2025-01-08 | ARGIA
Buruko nahasmendua dutenentzako lan aukerak eskatu dituzte Nafarroako Parlamentuan

Arazo mentalak dituztenen kopurua haziz doa, oraindik ere estigma sozial handia dute atzean eta, horri aurre egiteko, buruko nahasmenduren bat dutenak lan mundura bideratzen saiatzen da Elkarkide, Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Lan horretan jarraitzeko laguntza eskatu du.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Bortxaketa salaketa kendu dut”

Hori esan zidan ikasle ohiak, asko kostata jarri zuen salaketa hilabeteak pasata ez aurrera ez atzera zegoela epaitegian eta, psikologoak aholkatuta, bortxaketa salaketa kendu egin zuela. Eta ni isilik, ezin asmatu zer esan oraindik ere antsietate zantzuak zituen gazteari... [+]


“Hiperproduktibitatea barneratua dugu, kostatzen zaigu mugak jartzea”

Estresa, nekea, antsietatea eta beste dira sisifemiak eragiten dituen zenbait ondorio.  Esanahiaz, jatorriaz eta prebentzio neurriez mintzatu da Ziortza Karranza psikologoa.


Biolentzia psikiatrikoa salatuko dute Bilbon, Espainiako Estatu osoko Harro Zoro Erradikalek

EAEk du elektroshockaren praktika tasarik altuena Espainiako Estatuan; Nafarroan berriz, pazienteen euste mekanikoa ohikoa da ospitale psikiatrikoko unitateetan. Psikiatrikoetako indarkeria eta gehiegizko medikazioa salatzeko, Estatuko Harro Zoro Erradikalen manifestazioa Bilbon... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Autolesioak ugaritu egin dira nerabeen artean

Ez dute asmo suizidarik eta ez dute zertan buruko gaitzen bat izan: autolesionatzea min emozionala gestionatzeko modua da hainbatentzat. Adin txikikoen %20ak bere buruari min fisikoa eragin dio edo eragiten dio, eta nerabeek dituzten bost osasun arazo nagusien artean dago jada,... [+]


Elikadura nahasmenduak, buruko osasunaren erronka nagusietakoa

Haur eta nerabeen artean (bereziki 12 eta 21 urteen artean), elikadura nahasmenduak lehentasunezko gaitz mental bilakatu dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Pandemian nabarmen egin zuten gora elikadura nahasmenduek neska gazteen artean, muturreko kasuak areagotu egin... [+]


Zer egin eta zer ez, norbaitek esaten badizu suizidatu nahi duela

Lagundu nahi eta kontrakoa eragin dezakegu, ez badakigu gestionatzen zer esan eta egin, gertuko norbaitek aitortzen digunean egoerak gain hartu diola eta bere buruaz beste egingo duela. Jarraibide erraz batzuk eman ditu Pablo R. Coca psikologoak, hain egoera konplexuari aurre... [+]


Irati Beorlegi Goñi. Oztopoz gaindi
“Ez dut lehiarako premiarik sentitzen orain, egia esan ez dakit itzuliko ote naizen”

Baleta, hipika, atletismoa… Denetarik probatzeko aukera izan du Irati Beorlegi Goñi bidasotarrak txikia zenetik. 21 urte zituela ordea, telebistako El Conquistador del Mundo saioan parte hartu zuela ezagutu zuen oztopo lasterketa. Txapelketaz txapelketa igaro ditu... [+]


Suizidio arriskuagatik 613 protokolo aktibatu dituzte EAEko ikastetxeetan

Eskolan suizidioa prebenitu eta esku hartzeko protokoloa 613 aldiz abiatu dute EAEn, protokoloa martxan jarri den lehen ikasturtean. Bai irakasleak, bai ikasleak gaian trebatzea da helburua, buruko osasun arazoak ikasleen artean ere arazo larri bihurtu diren garaiotan.


Azken zazpi urteetan bikoiztu egin dira buru osasunagatik hartutako bajak Espainiako Estatuan

Gazteen artean izan da nabarmenena igoera: 2019tik %91 hazi da baja kopurua. Emakumezkoen bajak, berriz, ia bikoitza izan dira gizonezkoekin alderatuta. Konfinamenduan jo zuen goia buru osasunagatiko baja kopuruak, baina aurtengo maiatzean kopuru hori gainditu egin da.


Eguneraketa berriak daude